L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-11 (1986-urtarrila) —Hurrengo artikulua




 

 

Joyceri omenaldia

 

Malkaitz

 

"Hau duzue geure O'Connell: gaztea da, arras katolikoa eta futbolen badaki. Joseba Andoni duzue Mendebaldeko Irlandak sortu duen garaiko gizona".

        Eta ganderailuen artean, bereterren esku txilin sagaratua eta gurutze eta labairuak aintzinaz, hurbildu zen kardinale, artzapizpiku, kalonje, apez, fraile eta serora andana; Benedicto Spoletoren premuak, Astigarribikoak, Beloke eta Lazkaokoak, Izurzungo lekaimeak, San Brunoren kartuxoak, Urdazubi eta Gaztelugatxetik Alberto Xantenekoaren premostratenseak, Jeronimo sainduaren jarraikileak Toloñotik; Robert de Molesmesekoaren lekaide xuriak, bidaia luzea eginik, Kaskoin eta Autxerritik Fitero, Sajazaharra eta Beruelara, Irantzu eta —lekaimeak— Tulebrasera eta Zistereraino baino pur-purragoak, Trapenseak, don Onofre apez beneragarriaren laguntzaz, La Olibaren jabeak, San Raimundo, fiteroarra, Calatravako orden militarraren fundatzailea eta bertze; Herreratik Kamaldulenseak, Berrizetik Maturana eta bertze Merzedelakoak, Badaiatik, San Agustin sainduaren kalonjeak, Azpilikuetako Martin buruan, San Pedro Nolascoarenak, Algortako Felix eta Iturrate hirukoiztarrak, Leireko lekaide beltzak, eta Santutxutik Elias profetaren tropa, Alberto apezpikua, Juan Bixente, Patxi eta Auseliano zorundunak, Teresa Avilakoa gidari, Karmelo mendikoak, oinutsik eta zapatadunak —karidadeko karmeldarsak, Maturanako Eleonor Barna; eta ñabarrak, Frantzizko dohakabearen seme-alabak, Lekarotzeko kaputxinoak (S. Frantsesi jarrai gaizkiok), uzeitarrak, sokadunak, apal eta ñimiñoak, urre, zilar, zakur, makila eta soineko aldatzekoez gabetuak, Cordeliers karrikan ibiltari, "Aita Malet", dominikanoen prioraren hiltzailea soinean zeramatela eta hauen lagun proximoenak; Montau eta Sorhoetako klarisak; Silosetik Dominikaren fraile predikariak, Napoleonen soldadoek profana ez zetzaten, samats artean gorde Sabin eta Santa Oriaren gorpuzkondoen begirale, eta endaiarrak Bitxintxoren gibeletik, Sakramentoko anaiak eta Lohiolako erren sainduaren semeak Garate, Patxi, Haranburu, Azpeitiko Xabier "sacerdos in aeternun", Eutegerri, Deus-Town eta bertze komentutatik jinak, Joxe Juan eta bertze lasalletarrak, Iratxe eta Bilboko Eskolapioak:&&&&& eta kristauen anaiartea, Larzabaleko Betiri, eliza gizon gurgarria, gidari. Zumalaren beso harmatu inkorroptuaren eta ondoren, saindu eta martiriak, birjina eta konfesbre guziak: S. Sinplizio, S. Isidro laborari, Agate, Kanuto eta Onesimo deunak, Andredena Guziz Garbia, Españako Infanteriaren Patroinsa, Done Jakue eta Zierraspaña, Pilareko Ama, Goardiazibilitikoen patroinsa, Julen deuna zinopa, San Frantzizkok, pobre eta lepradunekin ibiltzea baino plazerra haundiagorik ezagutzen ez zuenak, Santa Rodia eta San Numilo, San Abundio eta kontseiluko hamasei gizon sanduak, San Birila Tiermasekoa, San Fermin, inperatoreen etsai higuingarria, San Pakomio tebatarra eta San' Patrizio Kilpatrick, Eireko apostolua, eta eskuak elkarri, Sorazu eta Elhorrioko beatuak eta bide baten, San Mixel Garikoitz Betharramita eta protomartirak: Done Eztebe Baigorri eta MaldaErrekakoa, San Sebastian soldadua, San Kornelio senar engainatuen patroin, Santa Maria Egiptoa, Ezozia eta Eudozia santak, bekatorosa urrikituak, Santa Aneta birjina eta martiria, S. Gilen, Akitaniako dukea eta gazteria sainduaren hirur patroinak: S. Luis Gontzaga, S. Estanislao Kotskakoa eta S. Juan Berchman eta Gerbasio, Serbasio eta Bonifasio sainduak eta hauekin batera gaueko zaldunak Xabier, Periko, Villeneuf, Kapo, Luigi... eta alimali moeta. Eta orok zekartzaten palmak, harpak, ezpatak, aureolak eta olibondo-koroak beztituriko oihaletan, Gernikako haritzaren ostoak, Bazko irlako iduriak, ogi salutatuak, pegarrak, haizkora eta sugea, S. Migel arkaingerua arrano beltzan hegalari, mazustak, mairusak, arakatzak, basaranak, mertxikak, azal-aireko kristau zaharrak, tarsizioek hostiak bederazka milikatzen, bi mila urtez goitiko gizonin elezurik, nigar xipaka, ukabila altxata, zinkurinez ari, ni nauzue, ez beldur izan, ni nerau naiz hazta nazazue, ixil-mixilka erraten, hamar aldiz ehunetan hogoi jendakik sinestakor, gibel-beldurrak uxatuz, zain eta manin atxekiak,, odolkiak, puztkentzak, mondejuak, axuri-beltzak, zerrama ihausak, behorrak jelan, bizarrak, andere ttippiak, artobizarrak, bizardoak, bixarguriak, erlauntzak, baselina-untziak, ezkilak, makuluak, orein adarrak, gabiroiak, moldegaitzak, turuluak, edarikoiak, argizari kandelak, melontzi eta segapotoak, marisuge eta maritxuak, intsensontziak, hisopoak adar begi eta potrobakarrak. Eta Najako nasatik zuzentzen zioen ber Portu Zaharreko harbidetatik, lerro lerro, eta Epiphania Domini kantuaren ariora, Surge hasieran eta gero, ezti-eztiki, Omnes-en konpasean mirari sail ederra bete hala nola deabruak egoztea, hildakoak bizitzara itzul eraztea, ogiak ugaltzea, herbaildu eta itsuak sendatzea, galdutako gauzen kausitzea, Eskriturak entelega eta kunpli eraztea, profetizatzea. Azkenik urre oihal palium baten azpian Nemesio kalonje agurgarria zetorren, Mateo eta Joxemielek lagundua. Eta apezak, bozkariotan, joareak zintzilik, bere prediku eta paterrekin, erran lekura ailegatuak zirenean, Zoki grekaren haitzurdinezko ostatura, Henao karrikan, Bazter arnoaren eta Ortugoiko koinakaren saltzaile eta exportatzaileak, Garagarnoa, Txinbo Sherrya eta pattar liferent hainitz saltzeko baimenaz, zelebratzaileak benedikaru zuen etxea, intsentsatu habeek zatitu leihoak eta halaber aristak, zokoak eta kapitelak, frontisak, gangak, uztaiak, erlaizak, kupulak, orratzak apirikoak, harlanduak eta horien gauzen ataburuak ur benedikatuaz zipristinon eta Jainkoari _ erregutu zion etxe hori benedika zezen Abraham, Isaak eta Jakobena benedikatu zituen gisa hartan bizi izan litezen Argi aingeruak. Eta hara barnatuaz benedikatu zituen biandak eta edariak eta dohatsu ororen konpainiak ematen zioen arrapostu haren otoitzei.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.