L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pamiela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pamiela-12 (1986-uda) —<pami1200>




 

 

Hondorik gabeko liburu baten xarma

 

Bixente Serrano Izko

 

Zertaz mintzatzen zen mila aldiz irakurritako liburu hura errateko gauza ez zen. Hala ere, benetan xarmantgarri zeritzon.

        Haren orrialdeetan barna mugiltzen zen bakoitzean, arnasa galdu eta pulunpariaren zirrara sentitzen zuen, oxigeno gabeziaz uraren motelduriko gardentasuna, beita, misterio eta biziaren arrazoia bihurtzen zaionean.

        Bertso haiek, irudi eta sentsazioez segida hark, erritmo eta soinuen irristatze hark, kolore joku hark, hutsarte eta hitz antolaketa hark, mundu bat osatzen zuten eta han bertzerik ez zuen bere burua bizirik aurkitzen. Ulergaitz gertatzen zitzaion, baina guztiz konprenigarri. Adimenduarentzat ezer garbirik ez eskuratu arren, zerbait zegoen liburu hartan burmuinaren zehar zebilkiona eta bizitasunaren mail sakon batetaraino iristen zitzaiona.

        Gero eta bultzada haundiagoak eramaten zuen hondorik gabeko urmahel hartan sakontzera. Birjinar itsasoaren labarra miazkatzen duten ur fresko eta gardenetan bezala, begiak kliskatu erazten zizkion liburuko itxurak, argiaren dirdira eta errainuek beharturik. Liluramendu hartatik hasita gero, han murgiltzea, begiak berriro irekitzea, nola ezarian ezarian hasierako gardentasun dizdizaria maitagarriago izanez zihoakion ikustea, nola kanpoko kolore mingarriak begirada eratzeko ohe konfortagarria bihurtzen zitzaizkion ohartzea, nola hotsak, uraz bustita, irristakorrago gertatzen zitzaizkion nabaritzea bertzerik ezin zuen egin. Orrialdez orrialde, ur metroz ur metro, igeri egiten zuen gero eta sakonagorantz, oreka ulergaitz baina xurgakari hark eramaten utziz.

        Hasieran, laister gelditzen zen arnasarik gabe. Gero konturatu zen ez zuela arnasa galtzen kanpoko eguratsa uzteagatik, aurkituz zihoan sentsazio berrien zirraragatik baizik. Eta hainbertzetan kanpora ateratzeak pena merezi ez zuelako ondoriora ailegatu zen. Gero eta luzeago izenez joan ziren, beraz, murgilaldiak liburuaren urmahelean... Zenbat eta pulunpaldi luzeago lortzen bait zuen, hainbat eta gehiago ohartzen zen bizitasuna, sakontasun hartan, moteldu eta maitagarri barneko gardentasun hartan, areagotzen zitzaiola.

        Eta ikusi bide zuen non zegoen mundua, berarentzakoa gutxienez. Kanpoko mundua bezain ulergaitza, noski, baina askoz orekatuago, askoz konprenigarriago, askoz barnekidetuago. Poliki poliki, "-ago" hoik, kanpoko munduaren aldean gonbaraketa hoik baztertuz joan zen eta ordurarte liburuaren mundu hari onena baldin bazeritzon, gero mundu bakartzat hartu zuen.

        Ez zion axola dagoeneko zertaz mintzatzen zen liburua errateko gauza ez izateak. Inori ez zion adierazi beharko. Bertze mundu batere ez bait zegoen, ezta bertze munduko biztanlerik ere. Bere mundua lorturik zuen, bertzeek lortutakoa bezain ulergaitza beharrez, baina txit berari egokitzen zitzaiona, konprenigarria beraz eta, batez ere, berarekin bat egina. Bere mundu hartan, galdetzekorik ez zegoen, bizi, sentitu, poliki eramaten utzi behar zuen bertzerik gabe.

        Liburuko azalan agertzen ziren itsas uretan arraina bezala.

        Bigarren argitarapenak eskaintza berezia zekarren:

 

                "Maialeni,

                ur hauetan ito egin zitzaiguna".

 

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.