Mila berrehun eta zazpigarrenean, martxoak hamazazpi, jaio zen Baztango herritxo baten dorretxean, ez naiz oroitzen non, Joanes Harizpide Zozaya.
Txiki-txikitandik borrokarako abilidade berezia erakutsi zuen, auzoko mutil koxkor guztiak harrikadaz eta ukabilkadaz begiokertu eta burukonkortzen baitzituen, eta, beraz, jaidura eta joera nabarmen haren aurrean erabaki zuten aita-amek, herriko apaizaren baimenarekin, har zezala armadarako ofizioa, eta horretarako behar ziren ikasketak Iruñeako gortean egin zitzala.
Prestatu zion, bada, aitak kutxa zahar batetik ateratako ezpata erdi erdoitu bat, eta hantxe joan zen erresumako hiribururantz mandotzar baten gainean, bidelagun Baionatik zetorren Joanes Undiano ardosaltzailea egokitu zitzaiolarik. Honek berekin zeramatzen hiru asto zamez eta zahagiz ia leherturik, berea zaldi zuri eder batek zeraman bitartean.
Bazihoazen patsadatsu berriketa irrigarri batekin ardosaltzaileak Lapurdi aldeko ostalersen hamaika kontu lizun kontari, Haizpea deitu hestura batean hiru bide-lapur gaineratu zitzaizkienean. Hantxe joan ziren denak lurrera zilipurdika, baina Joanes Harizpidek berehala menderatu zuen bere kontrarioa ezpata odol beroz gorriztatzen zuela. Ondoren, joan zen jauzika ardosaltzailea laguntzera, baina hau zauri larriz hil-zorian baitzen ezina izan zitzaion laguntzea, halere, beste bi lapurrak hantxe bertan utzi zituen zerraldo odol putzutan igeri.
Inguratu zitzaion, bada, Undianori eta honek arnasa hestuz arren eskatu zion zaldia, astoak eta zamak Iruñeako parte zaharreko ostatu ezagun batetara zuzen zitzala eta bertako alarguna ongi zaindu zezala.
Denbora laburraren buruan, berehalaxe, fama handia hartu zuen KATTALINENEA ostatuko mutil gazte hark, ez baitzen gaurik igarotzen bertako sesio eta haserren ondorioz, Kattalinen edertasuna aitzaki, norbait muturrak hautsita eta begiondo ubelez bertatik atera gabe, azkenean beti Kattalin arartekosa lanak egin beharrean aurkitzen zelarik.
Hala bada, behin Thibaud Laugarrena gurutzadetarako prestatzen ari zelarik, Kattalinen ostatutik pasatzerakoan ezagutu nahi izan zuen gure Joanes. Nafar ardo gorria txarrotik edaten zuela zurrutada luzez, hain gogoko iruditu zitzaion baztandar sendo hura esan ziola:
Nahi al duk nerekin Orientera abiatu, Jerusalen moroetatik libratzera?
Bai, jauna, berorrek agintzen duena da nere gogo eta nahia.
Prest egon hadi, bada, bihar goizalban partituko gara eta.
Mila berrehun eta hogeitahirugarrena zen eta apirilaren hogeitahamaika bizkarra eman ziotenean hiriko murrailari, eta aste bateko bidea egin. Ondoren iritsi ziren Baionako portura.
Bertan arraza eta hizkuntza ezberdineko jende multzo izugarria zebilen batetik bestera. Goiti eta beheiti, kupelak, zaldiak, janari zakuak igo eta jeitsi, ohiu eta karrasi, kaietatik itsas-untzietara, zenbait arraunlariren arraun eraginez bateletan inguratzen zirelarik.
ZARRANTZAKO AMA deitu belari handi batera igo zirenean hantxe zegoen kontramaisua bertako mutilei oihuka eta galdezka:
Hi, Martie, behatu al dituk goiko sokak?
Bai, nausi, ongi soegin diegu goiti-beheitiei.
Ongi al zeudek, bada?
Bai, belak eta tilazpiak ondo tenk lotuak gelditu dira.
Eta gaztelu partea?
Baitare.
Badakik ez zaukula komeni deus ahazterik.
Sotoa eta ganbarak ikustatu ditit ere eta ez da deusere falta, dena ziok bere lekuan.
Eta aingurak?
Bistan ditiagu, garbi eta prest bere kate eta guzti.
Beraz, dena ongi arakatu eta ikertu duka?
Bai, jauna, bisitatu ditiak zoko guztiak eta partitzeko moduan giaudek.
Kapitanaren ordenarekin batera belak hanpatu zirelarik itsasoaren azal urdina ebakiz kostarik urruntzen joan zen gurutzatuen itsas-untzia beste zenbait lagun zituela. Irteteko mementoan Joanesek ezpata tente ipini zuen ekaitzaren aurka errezo eta juramentua eginez ogia, ardoa, eta gatzaren gainean:
Ogi, ardo eta gatz hauen gainean juratzen dizut, zeruetako jauna, bizirik itzultzen banaiz Aralarrera igoko naizela belauniko eta bertan urrezko bi ontza eskainiko. Beraz, finean bidaia ona egiteko grazia egidazu uhinen manatzaile handia! Amen.
Baratxe, poliki, mendi urdinen lerroa fintzen, urruntzen, ezkutatzen joan zen, barku multzoa bakarrak gelditu zelarik zeru-uren artean orratza eta goi izartzatua zituztelarik gidari bakarrak.
Bela hedatuak, kaio xuri zenbaiten hegalak ziruditen, eta pilotua bozkarioz beterik ikusten zen uhinen kulunka ez baitzen beharrezkoa baino areagoa. Hiru ordutik hirurera guardia aldatzen zen gazteluan eta mutil berri bat igotzen untzi mastako saskira. Maprezeko mamutzarrak idekitzen zituen uhinak zilarrezko bidean, noizpehinka arrain jauzilari bat agertzen zelarik untzi ertzetan.
Hiru hilabeteren buruan iritsi ziren Damieta Jerusaleneko bidean porturik garrantzitsuena omen zen hiriaren aitzinera, eta hantxe gelditu beharrean aurkitu ziren denbora luzean. Mezulariek zioetenez Joanes Brienneko alabarekin, Yolanda ederrarekin ezkonduberria eta, beraz, hiri sainduko errege bilakatua zen Federiko enperadorea bidean zen eta hauen esperoan zeuden.
Denboraren iragaiteko eta ezpataren zorrotza frogatzeko erabaki zuten Thibaud Laugarenaren gerlariek eta beste erregeenak Damietaz jabetu behar zutela eta horrela, mila moro ezpataz pasa ondoren, haurrak, atsoak, agureak barne, hala nola neskato gazteak bortxatu ondoren, sartu ziren hirian.
Bertako jabe eta nagusi zirela iritsi zen enperadorea eta mila berrehun eta hogeitazortzigarren azaroaren hondarrean itxoiten zioten itsasuntziekin batera Jaffako porturantz abiatu zen.
Enperadorea, bakezale baitzen, itun batez Jerusalen, Bethleen, Nazareth, Saida eta Tibnineko gazteluaz jabetu zen odolik isuri gabe Hiri Sainduko mezkitak zeuden Haram ach-Charif-eko auzoa musulmanen eskutan gelditzen zen bitartean.
Enperadorea, arabezale baitzen, moroekin arabez mintzo zen, eta behin nola apaiz bat ebanjelioa eskuan mezkita batean sartu nahiean zegoen esan zion haserre handiz:
Zerk hakar hona? Jainkoaren izenean, zuetako bat nere baimenik gabe sartzera ausartzen bada begizuloak hustuko dizkiodala!
Apaiza erretiratu zen dardarti baina begiokerrez eta kopetilun.
Enperadorea, musikazale baitzen, beste batean nola Kadiaren aginduz gauean moezinak isilik egon ziren, biharamunean esan zion honi:
O, Kadi, ene lagun maitea, zergatik ez ditut bart moezinak entzun errezura deituz?
Nik debekatu ditut zure majestatearen errespetuz.
Erantzun zuen Kadiak, baina enperadoreak honela ihardetsi zion:
Gaizki egina, gaua hemen igaro badut, batipat moezinen gau kantua entzuteagatik izan da eta.
Enperadorea, artezale baitzen, bisita jauregi nagusiari egin zionean ikusirik kaiola bat atarian galdetu zuen ea zertarako zuten han hura, erantzun ziotelarik txoriak bertan sartzetik eragoztearren, honi erantzun ziolarik:
Bada jainkoak zerriei ateak idekita utzi dizkiela pentsatze hutsak sutan jartzen nau.
Noski, zerri franko haiek ez ziren batere pozik arabez eta ez giristinoz mintzatzen zen enperadore exkomunikatu harekin.
Ez beltzak eta ez txoriak konforme ez zeudenez pertsona baketiar eta kulto harekin, 1239. urtean an-Nasserren asaldamendu baten ondoren erretiratu behar izan zuten Orienteko parte hartatik enperadorea eta bere tropek.
Hala, hamazazpi urte atzerriko itsaso eta bideetatik iragan ondoren iritsi zen sorterrira Joanes Harizpide Thibaud Laugarrenaren ezkutaria, honen mila soldadoak hirurogeita bostetan urrituak zirela.
Iritsi zen bada KATTALINENEA ostatura, eta bertako etxeko andere zabalak ez zuen ezagutu mila zimur eta zaurien ildoa aurpegi bizardun haren jabea nor zen. Agureak putzu sakon batetik irteten zen ahots dardarti batez esplikatu zionean Joanes baztandarra zela besarkada luze etenezinean pausatu ziren.
Baina nola gazte garaiko harro aireak ez zitzaizkion ttipitu areagotu baizik, bere Afrika eta Asiako azainak kontu-kontari egotea laketago zuen ardo kupelak eta zahagiak sototik higitzea baino, ostaturatzen ziren bezeroak otordua bukatzear zenean geldatzen zioten.
Hi, txiribogin, kontaiguk nola hil hituan moro haiek Damietan.
Hi, matamoros, kantatzak moezinena.
Joanes Harizpide Matamoros, eztarria ardoxorta zenbaitez garbitu eta gero boza goraz hasten zen kantari: