Usaian, ifarraldeko ibar hezeak, baserri eta bazterretxeak, txistu eta danbolina eta halako beste Euskararen ohakotzat, Euskalerriaren ezaugarri nagusitzat, euskaldungoaren eredu propio eta bakartzat hartu izan ohi dira. Eta horiek, araiz, gure herriaren bihotzean dira, haren barne muineko eskualde, giro eta kultur motak dira. Kanpo alderago dauden eskualdeetan hala ohi dute euskaldungoa irudikatzen eta, harat buruz higitzen diren ber, sinbolo eredu haiei dira bermatzen, haren bitartez beren buruaz birjabetuko baitliran.
Hori dena, hein batetan, egia date; Euskara hizkuntza bera ere inguru horiei atxikirik bait-dager, aspaldi huntako denboretan bedere. Bainan hein batetan soilik.
Ikusmolde hortatik datorke eta usuegi ohi da etortzen barne eskualdeko jendeak besteetarat ereduen saltzerat joatea eta are euskaldungoaren erro eta zentzuaren irakasterat; holako irudirik gabeko eskualdetakoak, behin eta berriz, "bazter" egotearen mezuarekin utziz. Halatan da gutienez mende huntan gertatu eta, besteak beste, hargatik dauku hain kukurruku eskasa jo oilarrak.
Erromatarrak lurralde hauetarat urbildu zirenean fite ziren Euskalherriak orai baino zabalagoa zituen bi alderdi nagusiei ohartu: ager vasconum deitua, gari, olo, olibondo eta halako beste bihien landatzeko eremu zabal eta emankorrak (Araba eta Nafarroako hegoaldeak, Larrioxa, Gaskuña, bai eta Burgos eta Soriako ifarraldeak eta Zaragozako sartaldea ere), eta bestetik saltus vasconum, oihan eta menditako lurralde hezeak, itsas hegikoak eta Pirinietako eta ondoko mendikateei urbilagotik lotuak (Araba eta Nafarroako ifarraldeak, Baxenabarre, Bizkaia, Gipuzkoa, Lapurdi eta Zuberoa, orobat Biarno eta Jazetania). Biak ziren vasconen lurraldeak; biak dira, gauza aunitz desitxuratu baldin badira ere, vasconenak egungo egunean. Lurralde horietan, jendeak jatorri bereko edo bertsukoak izaki, aunitz eta sakonak dira amankomuneko haztura eta ohitura: hizkuntz arloan (deiturak, toki izenak, mintzo diren erromantzeen berezitasunak), jaiaren zentzuan, zezenaren inguruko errito, joko eta bestetan, musika eta dantzetan, jokoetan (bereziki pilota; pilotaren egungo berezko eremuak atzoko Euskalerriarenak direla erran daiteke) eta oraino ere beste arlotan.
Baserria (dagozkion berezitasun guztiekin), beraz, ez daiteke euskaldungoaren irudi bakarra izan; euskaldungoak, nahiz orai sinbolo batzuk propioagoak iduri, adierazpen eta eredu zabalagoak zituen eta, biziko bada, badituzke.
Hunek ez du erran nahi kanpo alderagoko lurraldeak higatuagoak izan ez direnik; ez bakarrik hori: sarbide erraz eta zabal horietan oldarrak, migrazioneak, gatazkak, nahasteak maizago eta aiseago, eta lehenago, gertatu ez direnik. Holakoetan agudo lekutuaraziak izan ohi direnen artean hizkuntza-kultur propioa lehenengoetarikoa izan ohi da. Goiz zateken, beraz, Euskara eskualde horietarik suntsitua, agian beste gauza aunitzekin baterat (gizarte antolamendua, sendia, emakumeen eginkizun eta itzala, eta halako beste). Dena den, historiaurreko denborak zein luzeak izan diren ohartzen bagara gure arorik oparo eta nasaiena, Euskara sortu eta mamitu zenekoa baita, propioagoa zateken erratea, oraiko kalenderaren arauera, aunitzez milaka urte gehiago emanik dela gure hizkuntza, hain segur, eskualde horietan bizirik.
Erran nahi baita, gure herriaren berezitasunik nabarmenetakoa den Euskara euskaldungoaren izan dadin ageren ala saltusen izate oinarria da, jatorrizko hizkuntza; huntan behiala lekutua izanak ez du muntarik. Auzia orai sort daiteke, eskubideak eta obligazioneak ez bait daitezke "prinzipioz" soilik mami, baldin eta haien aldeko nahia gizartetzen ez bada. Eta hortan, ager delakoan Euskararen arrapizteko loratzen den lehia ez litzateke saltus delakoaren mota eta ereduekin itsu-itsu obratu behar; hein batetan bai, daudenak direlakotz eta, gainerat, are amankomunak askotan; gainerakoan, ager egoerari dagozkion gisa eta irudiak asmoz, jakitez eta zentzuz sortu eta egokitu beharrak dira. Eta hori, erran gabe doa, hastekotz eta bat bertakoei da; nagusiki bertako euskaldungoaren aldarrikatzaileen eginkizuna da.
Helburu hunen betetzea, bide hunen urratzea, ezinago interesgarri eta bizigarri izatez landarat, baitaezpadakoa da Euskalherriaren zinezko osatzeaz ari bagara, hunela baitago osaturik; bestela, sekula ez duke bere duen maila osoa erdietsiko.
Menderen mendetan egungo eguneko Euskalherriko lurralde zabal horietan, Ebro ibarra eta ingurukoak bereziki, herri eta jende mota aunitz ibili da; ibili, borrokatu, elkartu, kokatu eta bizi. Hainbat non haiek gizarte mota, sineste, arraza eta kultur desberdinetako jendez mamituriko arragoa direla erran baitaiteke. Horiek, nor bederak berea, hameka gisako hatz eta ondorioak utzi dituzte: odolean, gizarte eraketan, sinesteetan, hizkuntza eta kulturetan. Hor badira, jatorrizko eta berantago joanikako vasconez landarat, ibero eta zelteen eraginak, erromatarrenak, bisigodoarenak, arabeenak, juduenak, okzitanoenak, espainiarrarenak...
Mediterraneoko eragina, bestalde, non nahi nabarmentzen da: geologia eta botanikatik haste zer zituak landatzen direneraino, sendi/gizarte mota eta pentsamoldetik kantatzeko eta dantzatzeko eraraino, gastronomian barna iraganez. Horiek denak, mendetan, jende eta toki horien espresiobideak bilakatu dira; herriaren izaeran sakonki erroturik daude. Ene aburuz, saltus saihetsa eta biak elkarren aberasgarri eta osagarri dira; hainbat non Euskalherria bi eredu nagusi horien ifartarra eta Mediterraneokoa arrago eta laket leku baita. Biren berezitasunak barnekoitasuna eta ludikotasun idekia aski nabarmenak dira euskal gizartean. Beharrik!
Euskaraz ikasteak, euskaldungoaren mailen errakuperatzeak ez du erran nahi adierazbide horiek aienatu eta baztertu behar direnik; aitzitik. Izaera eta espresiobide horien bitartez garatu behar da lehen aipatu ager delakoaren eredua. Besteak beste, garbi dago hura errespetoarena izan daitekeela, kultur eta sinesteen arteko arragoarena, kondairan barna hala izan da eta. Suerte hortaz, euskaldungoaren eremuak eta jomugak hedatzen eta aberasten dira bereak diren ibilbideetan barna; azken buruan, historia da berrirabazten dena. Ez baita ahuntzaren gauerdiko eztula, are munduarentzat, elkar hartzearen alorrean dauden arazoak ikusirik.
Aipatu aztarnen artean arabeenak nabarmendu nahi nituzke bereziki.
Oroit gaitezen Erdi aroko mende ilun (bainan orobat ludikoago) haietan argirik haundiena zientzia eta filosofian, Europako hegoaldean, Mediterraneo arroko Afrika eta Asian, arabeen mundutik zetorrela; bertan pentsamolde zabal eta aintzinatuagoak loratzen zirela. Kristau korteak, bitartean, haien kontrako gerla eta gatazketan, gurutzadetan, lerratuak eta emanak ziren, elizarekin baterat; gero eta elkarri lotuagoak, absolutismo, inkisizione eta joera menperatzaileen iturburu eta sostengu bilakatuko dira.
Arabeen zibilizazionea Europako hegoalderat iritsi zenean borroka eta liskar frango izan ziren, bainan bai eta hitzarmen eta bakealdiak ere. Kristau errege eta enperadoreek (Charlemagne eta Sacro Imperio Romano delakoa haste), beti ere arabeei beldur eta bekaitz, gurutzadak eragiten zituzten, haiek zituzten lurraldeak bereganatu beharrez. Nafarroako kortea ere, bereziki XI mendetik goiti, halatsu ibili zen; bainan lehenago, VIII mendetik XIrat, arabeekiko garrantziari goiz oharturik, hitzarmen eta odol loturetan trabatu zen. Eneko Arista bera Musa sendiaren ahaide zen; haren alaba bat, Assona, Tuterako Musa ibn Musarekin ezkondu zen. Gisa hortaz ahaidego mailak hedatu ziren (Tuteran Banu Qasi familia garatu eta jabetu zen, vascon aunitz islamizatu ziren, emazteki euskaldun frango Cordobako buruzagiekin ezkontzen ziren...).
Gure izaeraren saihets bat, beraz, arabeekiko loturetan mamitua da; gure herria hala da ere bai. Gure buruaren zinez ezagutzeko eta aberasteko baliagarri eta baitaezpadakoa delakoan nago.
Oroitzen bagara juduak ere han bizi zirela, orobat kristauak, garbi asko azaltzen da herri behera horien elkar hartzeko dohai eta ezaugarria. Hor duke euskaldungoak zitu on eta nasaien lur emankorra.
Eta nortasun hori duela mila urte baino gehiago euskaldunen lehenengo erregea liluratu eta bulkatu zuen ametsean azaltzen da jadanik.
Gure herriaren hegoalde luze eta zabaletan, beraz, arabe, judu eta bestelakotasun batzu aspaldi erantsi zaizkiote jatorrizko euskaldunari; eskualdeko oraiko herria gisa hortaz etorri da mendez mende mamitzen. Hori da haren ezaugarria, hori hango euskaldungoaren oinarri eta helburu. Horrela bakarrik osa daiteke euskal nazionea, horrela aberats eta hegan eman Euskararen hatsa.