Plazara
1985-1992
 


 

Irungo Udaleko Euskara Kontseiluaren ekimenez (gero Euskara Batzordea deitua), 1985eko udaberrian abiatu zen Plazara aldizkaria. Itxura batean Bidasoaldeari lotutako agerkaria, berehala igartzen da hori baino gehiago dela. Bidasoaldeaz idatzitako atal finkoez gain (Mariano Izetaren kronikak, Loidi Bizkarrondoren toponimiari buruzko lanak, bailarako herri-kronikak), beste bi alorrek indar handia hartuko dute berehala: alde batetik, euskal kulturan eragile izandakoei egindako elkarrizketek eta, bestalde, literatur lanek, prosazkoek zein poesiazkoek. Ipuin edo poemaren bat argitaratutako idazleen zerrendak gure literatura ia bere zabaltasun osoan hartzen du, eta zenbaiten kasuan lehen agertokia izan da Plazara, zuzenean edo bere literatur lehiaketaren bidez. Plazara-k 20 zenbaki (bat bikoitza) atera zituen 7 urteko ibilbidean (1992ko udazkenekoa da azkena) hiru hileroko maiztasunarekin.
       Hona zenbait idazle: Inazio Mujika Iraola, Felipe Juaristi, Juan Kruz Igerabide, Joxerra Gartzia, Juan Garzia, Anjel Lertxundi, Juan Luis Zabala, Patziku Perurena, Itxaro Borda, Koldo Izagirre, Xabier Mendiguren, Juanra Madariaga, Jean Louis Davant, Pako Aristi, Joxean Sagastizabal...
       Bidasoaldeko lan talde finkoak (Junkal Motxaile, Pako Carrillo eta Larrukert aita-semeak arlo grafikoan; Jose Antonio Loidi, Txomin Sagartzazu, Txema Egiguren...) hasieratik bi arduradun izan zituen, eta era berean kazetari: Jorge Gimenez Bech eta Joxan Elosegi.


Literatur Aldizkarien Gordailua