| 
 
 
Hitz neurtuak
 
 
 
Poema bat eta hiru bertso, negu mineko
 
 
 
Patxi Perurena
 
 
 
Mahasti zaharrok idortzean
 
 
 
                                                        Txoko zenari
 
 
 
Bohemiako karrikak baino laketago hituen 
 
Sagastitik Larreara bitarteko ostatu ilunok. 
 
Gaulehenean, hilargi emaztea lagun 
 
hontzekin batera ateratzen hintzen 
 
hire gordeleku ezkututik gaua maitatzera. 
 
Lami eta sorgin amoltsuen solasean 
 
paradisu urrunak erakusten zizkian gauak 
 
bere hatzapar ilunaz ekialderuntz seinalatuaz. 
 
Gauak eskaini zian mahatsaren nektar gozoa 
 
gauak, Jainko lotsati ororen odol noblea 
 
gauak, cognaca gorrantza ezinago hobeak. 
 
Gaua izan duk hire gidari zintzoa 
 
bere begi bakar haundiz, hire ametsen urgazlea. 
 
Baina ezustean, egunargia etorri huen 
 
hire amets birjinak kolpatzera.
 
Hertsiak hituen ordurako ardandegiak oro, 
 
eta arnorik ez den lekuan Venus hotz izakio. 
 
Baina hil, ez duk deus hiltzen, ametsetan hago. 
 
Baldin bizitza amets luze bat bada, iratzarri zertako? 
 
Eska ezak zeruan arno, hor badukek haboro, 
 
hordi hadi betirako, eta egin ezak lolo. 
 
Mundu krudel honetako ostatuak hertsi orduko 
 
horma joanak dituk Jaunik ohoragarrienak 
 
Joyce, Meagher eta auskalo zenbat Enperadore. 
 
Hik ez duka bada, haiek bezainbat ohore? 
 
Ihes egin zian Jon adiskideak ere 
 
Pigalleko mahastiak ahortu zirenean. 
 
Li Po-k ere horditurik partitu omen zian.
 
 
 
Mendi otzanok beren gabardina zuria erantzi dutenean 
 
ibar ilunotan barrena errekak behiti zihoazek 
 
hik hain maite hituen itsas kaio zuristak:
 
etsipenaren hegitik adieraziz hemen dela ekia 
 
bere ezpata leinuru zorrotzez urre gorriz jantzia. 
 
Ikaraz utzi dut gure soina, herio amets goibelez, 
 
mahasti zaharrok idortzera ote doazen bildurrez.
 
Ez hadi esna faborez, bela hor gaituk eta nektar gozoaren galdez. 
 
Eska ezak zeruan arno, hor badukek haboro
 
hordi hadi betirako, eta egin ezak lolo.
 
 
 
 
 |