L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz0500>— Plazara. 5 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Saioa—

 

Txintxin txintxin diruaren hotsa

 

Patxi Perurena

 

Sortu bazen sortu, gizonak, etengabeko bilakaera eraman izan du bere bizimoldean, eta bizi izan duen aldi bakoitzak bere ezaugarriak utzi izan ditu historian zehar. Honela, giza historiaren etapa desberdinak, Harri Aroaz, Burdin Aroaz eta beste aro aunitzez izendatu izan dira. Aroei gagozkiolarik, hara nola ematen dion azkena Txomin Peillenek Zuberoako Animismuaz ari den liburuxkari: "Burduintze mendean bizi gira eta dirutze mendean sartzen ari". Hau, duela berrehun urte inguru Egiategik igarri zuena da, baina, egun, esan dezakegu erdiz erdi azartatu zuela, bete betean eman zuela. Diru Aroa bait da, deus izatekotan, duela urte batzuz geroztik bizi dugun hau. Beraz, ez litzateke batere gaizki, diruaz, gizona aspaldidanik gatibuan dadukan sorkari honetaz, gogoeta mehe egitea. Euskaldunon arteko morrontzaren sinbolo izan diren txanpon zaharrak izanen ditugu beraz, ondoko lerrootan aipagai.

        Hasteko, kantu pollit bat ekarriko dugu gogora:

                Emaniko plazan

                iru atso dantzan;

                irurak etzuten

                ardit bana poltsan.

        Kanta edo kopla hau, Lehenengo Karlista Gerratekoa ote den dio Manuel Lekuonak, hernaniarren laidogarri sortua. Baliteke, baina, guri hemen ardura zaigun hitz bakarra, "ardit" hitza da. Ardita, txanpon moeta bat izan zen gure artean, XVI. mendetik XVII.era bitarte Katalunian erabili zena, eta XVII. mendean eta XVIII.enean, hemen, Nafarroan, txanpon gisa moldetu eta erabilia.

Iruñeko Ferietan deritzan nafar kanta zahar batetan ere ageri da arditaren aipamena:

                Han nintzan arrapatua

                aginduaz dolotua:

                urruntzeko izan banu

                hirur arditen lekua...,

                gizonez inguratua,

                iduri preso hartua.

        Hemen aipatzen den "izan banu hirur arditen lekua" esamoldeak "leku pittin bat izan banu" edo antzeko zerbait esan nahi du. Dudarik ez da, esamolde hau, ardita balio gutiko txanpona izatetik sorturiko lokuzioa dela. Gazteleraz ere "ardite" hitza erabili izan da balio gutiko gauzen metaforatzat.

        Beste txanpon moeta bat, gure artean ezaguna izan dena, ontza izan da; ontza, ontzekoa, edo hobeki esan, ontzeko urrea. Hamasei duro balio omen zuen ontzeko urre, edo ontzurre batek, eta, urrea estimatzen hasi zenean, Espainiako gobernuak arrapazka bildu omen zituen azken gerratean. Aldez aurretik, aipatua dugu Iruñeko Ferietan kanta, eta lehen, hirugarren bertsoa aipatu badugu, orain bigarrena eginen dugu. Hara zer dioen:

                Bat zen pikarta-xuria

                hartan bota dut begia.

                Andaluzak egin zautan

                bi untz-urheren galdia,

                eskain orduko erdia,

                "hartzak hire duk zaldia".

"Untz-urhe bi" horiek ontzeko urre bi esan nahi dute, hau da, gaurko hogei ta hamabi duro, doi doian. Erromatarren garaian libraren hogeitatik bat balio omen zuen, eta Erdi Aroan marko gaztelarraren zortzitik bat. Halere, izanen ziren, garain garaikoak, zenbat balio zuen halako zehaztasunez ez zekitenak. Behinola, Martioxe deitzen zen goizuetar bat Txukalde baserriaren errenta hausteko asmoz joan omen zen nagusiagana. Errenta erabaki zutenean berriro etxera itzuli eta, hala esan omen zion bere emazteari Martioxe zelakoak: "Hautsi dugu, bada, andrea, Txukalderen errenta ere. Nagusiak bi ontzeko eskatu dit, baina, nik, gehitxo izanen dela esan diot, urtean berrogei duroko horixe kuxka kuxka nere semearekin ateratzen badut nahikoa izanen dudala; eta azkenean nerera bildu da". Pozik ere eman ziezaiokeen amor, hain maizter abarrari!

        Gertakari xelebre honen ondoren, jo dezagun kanta bereko hamaikagarren bertsora, eta hauxe dio:

                "Horixe da behor txarra,

                eta beltzalde xaharra.

                Hortan gastatu dautazu

                familiako beharra?

                Bi sosetan sal nintzazke

                zaldia eta senarra."

        Honetan, "bi sosetan sal nintzazke" esaten denean, zaldiak nahiz senarrak deus gutti balio dutela esan nahi da. Izan ere, sosekoa eta bi sosekoa, duela guti arte moneda ezagunak izan dira gure artean. Gipuzkoa aldean "txakur txikia" esan ohi zitzaion bost xentimo zituen sosekoari, eta "txakur haundia", berriz, hamar xentimoko bi sosekoari. Bestalde, inoiz etxetik dirurik edo karterarik gabe inor ateratzen denean "sosik gabe atera nauk" esan ohi da, "txanponik gabe atera nauk" esan ohi den gisara. Txanpona bera, nahiz egungo egunean moneda metaliko oro izendatzeko zentzuan erabili, berez sei xentimoko euskal antigoaleko moneda izan da. Ikus honako kanta hau:

                Xanponian ezikan, arditian ere,

                Estellako kanpotan dozenaka daude!

                Dozenaka daude arditian ere.

        Hemen egiten den erkaketan, argi eta garbi geratzen da xanpona eta ardita diru monedak direla, eta arditak, xanponak baino askoz gutiago balioko zuela; oso oker ez bagaude, behintzat, xanponaren seitatik bat balio zuen arditak, hau da, xentimo bat. Baina, berriro, sosera itzuliaz, bada erran bat, ene gurasoei frangotan entzun izan diedana, eta hemen aipatu gabe utzi nahi ez nukeena. Hona: "bi sosen erresalbaziorik es duzue zuek". Alditik aldira xarmagarriago iruditu izan zaidan lokuzio hau, bizkaieraz "ganorabakoak zarete zuek" esanen litzatekeen zentzuan erabiltzen zuten (eta inoiz dute) gure gurasoek. Beraz, bi sosen erresalbaziorik ez ukaitea, inor burugabea edo fundamentu gabea izatea litzateke.

Sosarekin jarraituz, bada honen beste baliokide bat: marai, maraiko, edo herri xeheak mahiko izenaz ezagutzen duena da. Herri batzuetan sosekoa eta bi sosekoa deitu izan zaien monedei, besteetan lau mahiko eta zortzi mahiko deitu izan zaie. (Noski, hirumaiko eta seimaiko ere oso erabiliak izan dira.) Esate bateko, Leitzan oso guti erabili izan da sosa hitza, eta Goizuetan kasik ez da ezagutu ere izan mahiko hitza, hauda, lehenengoan zortzi mahiko eta lau mahiko esan zaionari, bigarrenean, bi soseko eta soseko esan izan zaio; eta Gipuzkoa aldean, berriz, txakur haundia eta txikia, aurrez esana dugun bezalaxe.

Goldarazko astoaren bertsoek ere, Nafarroan hagitz ezagunak izateaz gain, badakarte txanponik aipatzen deneko pasarterik. Hona zer esaten duen seigarrenak:

                Iñazio deitu nun

                        bela neregana,

                artuko ote giñun

                        biok erdi bana;

                etzela, ez, garesti

                        biok sueldo bana,

                bientzat izan zedin

                        batek zeramana.

        Hor ageri den "sueldo" hitza askotan entzuna dugu gutariko askok, orain dela urte batzu arte, behinik behin. Egia esan, ordea, guk gazteagook, "sueldoa" ez, baina, "bi xueldokoa" ezagunagoa izan dugu; haur ginela, bataioren batetan nikelezko erdian xulodun txanpon haietakoren bat eskuratuz gero, errege ginela uste izaten bait genuen. Baina, zer balio zuen sueldoak? galde egin lezake norbaitek. Hori jakiteko aski da sail bereko hamargarren bertsoan erreparatzea; honako honela bukatzen da:

                ..................

                gu gera sarian

                pastarako aberea

                pezterdi batian.

        Aurreko bertsoan biek sueldo bana jarri dutela esaten zen, eta honetan, guzira pezterdi bat balio duela; hortaz, aise iger daiteke sueldo batek hogeitabost xentimo balio zuela. Beraz, sueldoa eta erriala gauza bera izan dira, baina, nik esan behar banu, erriala erabiliagoa izan da Gipuzkoa edo mendebaldean, eta Nafarroa edo ekialdean berriz sueldoa. Eritzi honen alde, bada herriak erabili izan duen pasadizo bat ene belarriak jaso izan duena:

        Behin batean, Ezkurrako emakumeren bat Tolosako feriara joan omen zen, painuelo dotore bat erosi behar zuela eta. Painueloak ikusten ari zela, halako batean, aurkitu omen zuen bere gustokoa, eta hala egin omen zion galde jabeari:

        — Zenbat balio du painuelo honek?

        — Horrek, bi errial —argitu omen zion arropa saltzaileak—.

        — Bi errial! ez arraioa! —erantzun omen zion emakumeak— Ezkurran eroak baziren, lehen izango ziren, nik ez dizut pezta bat baino gehiago pagatuko.

        Ezkurrarrak ez zukeen errialaren berri haundirik, bestela, ez zatekeen bere etxea harrikatzen hain itsuki hasiko. Litekeena da ere ezkurrarren ero-fama benetakoa izatea.

        Gipuzkoa aldean, aitzitik, hagitz erabilia dela esan dugu erriala. Hona hauta genitzakeen milaka adibideetariko bat:

                Asi da sagardo berrya

                Oriyoko Sarobe baserriyan

                litroko errialiyan.

        Jendea mezatik irteterakoan atabala joaz honelaxeko bandoak ematen omen zituen almiranteak sagardo berria hasten zenean. Orduko, izaten omen ziren zazpirehun litro sagardo edaten ziren egunak. Bada zerbait. Hau egia bada, ez da kontu hutsa izanen Sarobe sagardotegiaren sona.

        Hainbeste sagardo edanez gero ezin ahaztu bertsoa, eta harako Xenpelarrek ostalariari pilota partidu batean irabazitako pezeta famatu hura datorkit gogora;

                Pezeta bat dek guziya

                ik neri irabaziya...!

                Orregatikan egiten al dek

                milla pantasiya?

                .......................

        Bertso hau, osoa, eta honen erantzuna ere, gazi-gezarik falta ez dutenak dira. Baina, eni "orregatikan egiten al dek milla pantasiya?" esamolde horrek eman dit atsegin berezia. Hemen, ordea, ez gara mintzoaren edertasunaz ari. Halere, badu errenteriarrak bederatzi puntuko bertso sail zoragarri bat, Betroiarenak deitu izan direnak; guztiz ezagunak dira bertso hauek, eta herriak maiz kantatu izan dituenak. Bikainak dira benetan, irudimen haundiz eginak eta agian, neurri berekoetan parekorik ez dutenak. Denetara hamabi dira, baina, guri dagokigunez, bigarren bertsoaren zati bat ekarriko dugu hona soil soilik:

                .........................

                betroi baten tratuba

                genduan egiñ

                Inaziyo saltzalle

                erostuna Permiñ,

                emeretzi ezkutu

                genion eragiñ,

                .........................

"Emeretzi ezkutu genion eragin" aipuak, betroia pagatua izan zeneko prezioa argitzen du. Emeretzi ezkutu, ez guti ez gehiago. Ezkutua ere, beraz, euskaldunen artean erabili izan den txanpon moeta dela dirudi. Jatorriz, Frantziatik datorrena da, Luis IX.enak sortua, eta Espainian XVI. mendean sartu zena. Isabelek 1848.ean dobloia zelakoa ezarri zuenean desagertu zen ezkutua hemen, baina, geroztik Txileko diru unitate ere izan zen, eta gaur egun, Portugalgo diru unitate ere bada.

        Beste herri kanta bat aitari inoiz entzun izan diodana honelatsu da:

                "Milla peseta para ditut pikuaren azpian,

                beste milla parako ditut urrengo astian."

        Lehengo batean, ixtorio honen beste bertsio batekin egin nuen topo Xaramela kantutegian (ITSUA ETA SASTREA, 170. orri.). Gure aitarenaren antzik haundiena duena hauxe da, zazpigarrena:

                "Iloba, gida nezak artoski bidean:

                zerbait badiat utziko, azken eginean:

                Ehun luis baitiat piko baten pean,

                bertze ehun emanen, bihar han berean."

        Bi bertsioak oso batera datoz, baina, ez nakike segurantziaz esateko, Dibarrartek bere bertsoak herri kanta honetako lejendan oinarrituta eginak dituen, edo aitzitik, herri kanta honen bertsio orijinala bere hamahiru bertso horietan jasotzen dena ote den. Ohartu baldin bazarete, Dibarrarten bertso horretan ere ageri da diru moeta bat, luisa, alegia. Izenak berak argibideak ematen dituenez Frantziako errege izan zen Louis XIII.ak ezarritako txanpona da hau, hogei franko balio zuen aintzinako urrezko txanpona.

        Hona hemen beste herri kanta bat, guztiz ezaguna, eta diru hotsa, benetan ozena dakarrena:

                Ameriketa joan nintzan

                xentimorik gabe.

                Handik etorri nintzan, maitia

                bost rnilloien jabe.

        Badu beste bertsio bat ere, kantu honek, aurreko hau ez bezain orijinala dirudiena:

                Nevadarat joan nintzan

                Dirurikan gabe,

                Handik-itzultzekotan, maitia,

                Bortz milliunen jabe.

        Hemen ere, nahi izanez gero, zerozer esan daiteke. Goian aipatzen den "dirurikan gabe" horrek egungo esanahi jenerala badu ere, dirua aintzinako txanpon moeta izana da, kobrezko txanpon moeta, oso oker ez banago. Honi buruzko xehetasunetan sartu gabe esan genezake gaztelenazko dinar, vellon, doblon, eta horiekin zerikusi estua zuela. Behar bada, oker nenbilke, dirua xentimoko moneda zela esatean, halabaina, aintzinako txanpon moeta hauen arteko konparaketa bihurri askoren ondoren diru bat eta xentimo bat baliokideak ote direneko ondorioetara heldua naiz. Baldin hala balitz, goiko bi bertsio hoeietako "xentimorik gabe" eta "dirurikan gabe" esapideak ere elkarren pare pareko lirateke.

        Ondoko haur kanta ezagun honen Zegaman jasotako bertsioak ere badakar diru aipamenik:

                Loa loa tuttulu mendi

                loa loa masusta.

                aita guria Bitorian da

                ama mandoan artuta.

                Eun dukatxo kastatu ditu

                Benta berrian sartuta.

Dukata edo erderazko ducado-a ere euskaldunen eskuetan erabilitako txanpon moeta dugu beraz, kanta goxo honek erakusten digunez. Ertaroko urrezko moneda izan zen dukata, izan ere.

        Honako "Andre Emili" deitzen den aspaldiko herri kanta zahar honetan, berriz, pizua aipatzen da. Noski, pizuak edo pisuak edo eta erdarazko peso delakoak, nahiz herri kanta honetan ageri izan, ez du derrigorrez euskal herrian erabilitakoa izan beharrik, honelako kantek inguru herrietako erdararen eragina begi bistakoa bait dute. Hortaz, euskal kanta batetan pizua edo beste edozein moneda ageri izateak ez du zergatik esan nahi moneda hori hemen erabilia izan denik.

        Koldo Izagirrek egina duen lokuzio bilketa mardulean ere, topa genezake aintzinako txanponen aztarrenik. Hona lehen aipatu direnez gainerako batzu:

                — Kornadu baten ajolik ez ukan

                — Lauziriko bat ez balio

                — Zuri bat ez balio.

        Ez oraintxe dela, maraiko erdia balio izan zuen moneda izan zen kornadua. "Kornadu baten ajolik ez ukan" eta lehen aipatu dugun "Bi sosen erresalbazborik ez ukan" elkarren kidetsuko esaldiak lirateke. Lauziriko batek, berriz, espainierazko "blanca"-rekin zerikusirik balukeela iruditzen zait. Goiko lokuzio horren korrespondentzia Koldorenean "no valer un real" dator, baina, huskeria bada ere, zuzenago ez ote litzateke "no valer una blanca". Zuri, ziri edo ziriko hitzei gagozkiolarik, ikus honako kantu satiriko hau:

                Jaz hil zitzaitan senarra

                Nik nahi nuen bezala!!

                        Itsutu zen,

                        maingutu zen,

                        konkortu zen:

                Zaharra zen, hil bedi!

                Etzuen balio lau ziri!

        Eta honela gairik agortu gabe segi genezake luzaroan. Baina, diruak denbora laburrean eman duen bilakaera erakusteko "Nevadarat joan nintzen xentimorik gabe" kantuan erreparatzea aski dugu. Atzo goizean, euskalduna Ameriketara partitu zenean dirua xentimoari zeritzon; egun, indianoa Ameriketatik itzuli denean dirua milioiei deritze, ez miloiari eh! milioei. Hau honela, galdera bat datorkit: Aintzinako diruak gatibatu ote zuen edo egungo diruak gatibatzen gizasemea gehienik? Galdera hutsala, baina libertadearen bila omen dabilen gizonari oraindik egin liezaiokeena.

        Ez zebilen, ez, oker, deserriko poeta hura: "Munduan gauza bakarra da erosten ez dena: DIRUA. Egunen batean ez du inork ezer erosiko: egunen batean guztiok izanen gara zoriontsuak. Dirurik ez den egunean ez da gizonik erosiko".

        Oso bestela mintzo ohi da libertadea imajinatzeko ere aukerarik eman ez dioten adineko langile unatua: "Txanpon batzuk, hasi zirenean, hasi ginen, gu ere, pixka bat, bizitzen...". Honelakoak, ordea, etenka etenka zatitutako esaldiak izan ohi dira. Koma horiek oinazea adierazten dute, finean isiltasunari leku emanez. Eten ilun horiek, galdu denaren nostalgia adierazten dute, libertadearen zipitzik ere gabe ahitzera doan gizonaren ahotik. Dirudun, baina, esku hutsik aurkitzen den gizasemearen barrunbe ilunetik. Horregatik begiratuko ditu bere esku traidoreak hil zorian denean. Erruduna nor izan den jakin nahi duelako. Berehala ohartuko da, aintzinako txanpon zahar haiek izan zirela Gerostikakoa, etengabeko akumulatzea baino ez dela izan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.