L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 5 zkia. (1986) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz neurtuak—

 

Iparraldeko poesigintza

 

Miren Ihausterizar

 

Iparraldean, olerkigintza eta bertsolaritza, biak, intimoki lotuak agertzen zaizkigu. Lokarririk adierazgarriena, Urepeleko Xalbador dugu. Baina, poesia xoilik aztertzen atrebitzen bagina? Orduan, gauza harrigarriak agertzen zaizkigu, hala nola, 1945etik orain arte, poesiak eraman dituen pausoak, doi bat laizizatzeko. Poemak oro, otoitzak baldin badira, ez duke horrek erran nahi, otoitz guztiak balizkako jainko bati zuzenduak izaten direla. Emeki emeki ohartuko gara, zein bide luzea den Iratzederren eta Jon Casenave gaztearen artean, biek poesi inspiratuak idatzi arren.

        Lehenik, aipa dezagun, Beloken fraile den aita Iratzeder, Jean Diharce, 1920ean sortua da, Donibane Lohitzunen. Gerla garaian, "Aintzina"' errebista kulturalean, parte hartu zuen, eta ordukoak dira bere haserako poemak. Lau edo bost poema bilduma kaleratu ditu gaur arte. Denek gai berdina dute: gizonak Jainkoarekin daukan koropiloa, koropilo mistikoa. Hizkuntza mailan, ez zuen Iratzederrek, poesi burgesa egiten, hitzak eguneroko bizitzako solasetan bilatzen eta aurkitzen bait zituen. Erants dezagun ere, Iratzederren olerki asko musikatuak izan direla, eta igandetako mezetan, euskaldun frangok, konturatu gabe, ahoa beteka kantatzen dituztela. Destinua...

        Gero, hona, hegoaldean, garai batean behintzat hainbat arrakasta zuen, Jon Mirande, Parisen bizi zen euskaldunberria. Miranden poesiek beste gai baten inguruan kolokatzen ziren: Jainkoa bazterturik, gizonaren baitan zeukan Mirandek bere sineste osoa. Baina, egokiago zitzaizkion jainko herrikoiak laudatzeko beharra sentitu zuen, nonbait. Mirandek erabiltzen duen hizkuntzak ez dauka oihartzunik, iparraldeko mintzairan, piskat artifiziala dirudi, errealitatetik kanpo eraikia. Ez ote da funtsean, errealitatea gainditzeko modu bat, poesia? Nork daki. Finitzeko erran dezakegu, Jon Miranden poesi bakoitza, bizitzaren zati minberatsuak direla, beren heinean tragedia batzuk. Honen lan askok, arrazoin desberdinekin, musikaratuak izaten segitzen dute...

        Enfin, menziona dezagun, Bankan sortu eta Uztaritzen bizi den Marixan Minaberri anderea. Poeta hau ahantzia da, antologi ugaritan, ordea badu mende erdi bat baino gehiago, haurrentzat eta helduentzat, olerkiak idazten dihardula. Gizartea galdezkatzen du, ingurua deskribitzen arras xumeki eta arras gozoki. Errebista frangotan parte hartu du, izen ospetsuagoen itzalean, beti lanean arizanez...

        Beste belaunaldi heroika batetara heltzen ari gara. 1955etik goiti, euskalduntasuna sartzen da, poeten kezketan. Momentu berdinean, berek abesten dituzte berek idatzi poemak. Garai hartako poesiak errebendikatzeko moldatuak ziren: euskal nortasunaren eske zabiltzan poetak, eta ez bakarrik kultural mailan, baita ere politikal mailan. Kantautore zenbait zerrenda ditzazkegu: Labeguerie, Etxamendi, Manex Pagola, Sarasola, Roger Idiart, etab... Abestiek gehienetan poesi gutxi zekarten, baina oso efikazak izateko meritua zeukaten, batez ere melodien aldetik. Aireak, behin entzun eta gero, kasko zokoan dantzan zabiltzan, edo oraindik dabiltza. Kantagile horien bitartez, euskal poesiak, herrietako plazak konkistatu dituzte. Originalenak eta sentimendutsuenak, Labeguerie eta Etxamendi zitezkeen.

        Belaunaldi berean, herriaren eskakizunak bere poesietan agertzen zituen Manex Erdozainzi, frantxixkotar fraileak. Poesia soziala eginez, gizarteari tranzendentzia bat eman dio. Manex Erdozainzi, ixiltasunarekin jostatu da, hitz arruntenei balio unibertsala eskainiz. Bere baitatik asko utzi du, Manex Erdozainzik euskal letretan.

        Poesia zoziala aipatzen baitugu, ezin dugu zerrendatu gabe bazter, Daniel Landart. Honek, duela zenbait urte eta berritan "Maiatz" aldizkarian, langilearen poesiak agertu zituen. Olerki astunak, genio hurriz, hizkuntz biluzian eginak, pretenziorik ezean, duten balore xoila epoka baten lekukotasunak direlakoan datza. Harrigarria ere da, Landarten olerkietan, sumatzen den klerikal morala, sustut emakumeetaz mintzo denean. Menturaz hori zen abertzalismoaren hastapeneko egoeraren ondorioa...

        Morala, alde hortarik, Jean Louis Davant poeta berriari, zerbait gelditzen zaio, nahiz eta muga hori aspalditik pasatua duen dirudien, erabiltzen dituen gaiak ikusi eta. Emakumei buruz adibidez, hitzegiteko modu arkaiko, faltsuki pailardoa dauka. Horrek gaitu piskat geratzen, berez hizkuntza poetikoa ondo menperatzen duelarik. Naturaltasun gehiago balu...

        Orain, eta azken urteotako poesigintzak hartu dituen bideak, osoki erakargarriak direla iduritzen zaigu, alde batetik klerikalismoaren eta bestetik, abertzalismoaren morala gogorretatik askatzen saiatzen dira, iparraldeko poeta gazteak. Poesia askatasunaren alorra bihurtzen da, hitzen eta ekintzen esperintzi zelai, zintzotasun pertsonalaren eta fantasiaren mundua. Pionier bezala datorkigu Jon Casenave Lehuntzarra. Honen lanetan izatearen dimentsio humanoa sartu da. Lucien Etxezaharretaren olerkietan berdin, euriaren musikalitatea poesi materi bihurtu da. Etxezaharretak, bere lehen poemak 1965 garaietan zehar idatzi zituen. Eta nolaz ez aipa, krixton arrakasta biltzen ari den, Manex Lanathua garaztarra. Bakartasuna, maitasuna, barnebideen aurkitzea: horiek dira gehien tratatzen diren gaiak. Iduri luke, mistizizmo berri bat altxatzen ari dela...

        Ahantzi gabe, noski, emakume idazleak, hala nola: Mayi Pelot, Mari Ameztoi, Aureli Arkotxa besteak beste. Nostalgia, erromantizizmua, trixtura dira asko neurtuak diren ekaiak.

        Segidan irakurriko duzuen antologi laburrean beste firma frango ezagutzeko parada edukiko duzue. Zerrenda, bistan dena, ez da exaustiboa... Bukatzeko erran dezakegu, iparraldeko poesigintzak eboluzio aberatsa ukan duela, gerla denboratik orain arte. Poetak ez dira gehiago edo komentuetan, edo seminarioetan heziak, inguruko herrietako artegintzari irekiagoak dira, eta guzien arteko lotura komun bakarra, euskara da...

 

 

BIBLIOGRAFI KRONOLOGIKOA

 

        IRATZEDER

                "Ezkila eta tirola" 1951, Ezkila argitaletxea.

                "Harrapallu" 1956, Ezkila argitaletxea.

                "Zeru menditik" 1959, Ezkila argitaletxea.

                "Argiz argi (1947-1957)" 1969, Ezkila argitaletxea.

 

        MANEX ERDOZAINZI-ETXART

                "Hinki hanka" 1978, Elkar argitaletxea.

                "Herri honen erraietan" 1985, MAIATZ argitaletxea.

 

        MARIXAN MINABERRI

                "Xoria Kantari" 1965, Ikas argitaletxea.

 

        DANIEL LANDART

                "Hogei urte" 1969, Goiztiri argitaletxea.

 

        JON MIRANDE

                "Orhoituz" 1976, Kriseilu argitaletxea, Donostia.

 

        IRATZEDER (2)

                "Uhaineri nausi" 1972, Ezkila argitaletxea.

                "Nor da hor" 1975, Gordailu argitaletxea, Donostia.

 

        JEAN LOUIS DAVANT

                "Makila gorria" 1981, Elkar argitaletxea.

                "Denboraren aroak" 1983, Azkue saria, Bilboko Aurrezki Kutxak plazaratua.

                "Itsasoak iraultzan" 1986, MAIATZ argitaletxea.

 

        JON CASENAVE

                "Zutaz amoroski" 1978, Ustela saila, Hordago argitaletxea.

                "Ordu alferren segida" 1985, Elkar argitaletxea.

 

        MANEX LANATHUA

                "Hegaztegi urratua" egileak argitaratua, 1984

 

        Gaineratiko textoak, "Maiatz" aldizkarian aurki ditezke, batez ere, eta azken hogei urte

hauetan kaleratu diren diskoen gibeleko azaletan. Espero dugu, ez dugula, gure zerrendetan,

nehor ahantzi. Barkatu aurretik, eta esker onez hartu hemen idatziak direnak.

 

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.