Literatur lehiaketa
Gogorapenak
Patxi Larretxea "Assura"
Oraingo honetan, hauexek dira sarituak:
IPUINA: Patxi LARRETXEA LAZCANO, 27 urte, Arantzakoa (Nafarroa). Bere lana, "Gogorapenak".
POESIA: Estibalitz GALARDl KUÑADO, 15 urte, Irungoa. Bere lana, "Itxaropena ote?".
Ene burua ardi bat naizela sentitu dut. Udazkenean ohi diren egun arro haizetsu horietako batetan pago ohian amai ezinean pagotxa jaten ari naiz, patxadatsu... lasaitasun osoan. Tripa ongi beterik, zuhaitz erraldoi baten gerizpean eulien zurrumurru errabigarriei ihes eginez etzan naizenean, zakurnabar sakona jabetu da nitaz. Pentsatzeari ekin diot. Oroitzapenei atea zabaldu diedanean, ene ardi izaeraren gertakizunak ikusi izan ahal ditut begi aurrean, pelikula bat ikusten ari bainitzan...
Ardiak gure bizian ez dugu gora behera handirik, lasai bizi gara. Pozik! Geure eginkizun nagusia gosea baretzea da, egunen egunerako jana lortzea. Gainerako denbora gehiena atsegiten iragaiten dugu, eta batzutan lagunekin solasean, ze ardiak ere baditugu lagunak eta elkarrekin hitzegin dezakegu. Bai horixe! Sarritan, Antxudia eta biok solasaldi luzeak izaten ditugu. Antxudia ni baino urte bi zaharragoa da eta historio anitz dakizki. Ez da hemen jaioa, kanpotik erosia baizik. Horregatik, guretzako ezezagunak diren gertaerak kontatzen dizkigu, historio sinesgaitzak. Izugarrizko gari zelaiak dauden parajetan ibilia dela dio, batez ere negu partean, gero, udan urrun eramaten omen zuten mendi belartsuetara. Antxudia ene lagun mina da eta sinetsi nahi diot, baina zaila egiten ze garia zer den ere ez baitakit. Guztiz mundu motza dudalako izanen da!
Gu, uda partean oso gustora bizitzen gara, gure erara, inork ez bait gaitu behartzen ezer egitera. Aro honetan gorputza liluragarriago bilakatzen zaigu, maitalearekin egoteko gogo deskriba ezina jabetzen delarik gugan. Desio hori ordea, egun batzu barru, guztiz alderantzizkoa bilakatzen da eta orduan bakardadea dugu ametsarik gogozkoena. Ardiak guztiz bakartiak gara maila horretan eta ezinezkoa izango litzaiguke bikotearekin elkarbizitzea. Elur eta eguraldi txarrak heltzen direnean, nagusiak mendietatik jeisten gaitu, horretarako prestatuak dituen belarsoroetara. Akabo gure lasaitasuna! Urtaro honetan goxokiak jan ahal izaten ditugu, nagusiak esprexki ganbelean ematen bait dizkigu, baina ez gu pozik egoteko esne gehiago eta ume ederragoak egiteko baizik. Umeak! Gogoratzen naizen bakoitzean negargura sortzen zait. Iaz umetxo zoragarria izan nuen, ama batek erratekoa ez bada ere, inoiz baino politagoa. Beti pozik eta alai, bera zen artaldeko zoriona. Eta ba al dakizu zer egin zidaten? Ilunabar batetan, belarsorotik ikulura iritsi nintzenean, ez zegoen bertan ene maitetxoa. Zelako atsekabea! Inork ez daki zer den ama batentzako bihotzeko umea galtzea. Bizitzeko gogoa joan zitzaidan, eta ezertarako gehiago ez nintzela gai izanen pentsatu ere. Gainera, gau hartan jeiztera etorri zitzaizkidan, gertatutakoa aski ez balitz! Bildotxa kenduz gero, goiz arratsaldez jeizten gaituzte eta une horri diot amorrorik gehiena, txakurra atzetik ematen digutenarekin batera. Ba al dago eskubiderik dugun guztia kendu eta gisa horretan ordaintzeko...?
Antxudi lagunak, kontu guzti hauetaz badauka iritzi berezia. Anitzetan burua berotzen aritzen zait honelako hau edo beste hori egin beharko genukeela erranez. Antxudiari egin dituen ume guztiak kendu dizkiote eta erraten duenez, ez omen dago prest gehiago galtzeko. Antxudiak ikusi bide ditu mendian berekasa bizi diren ardiak, ez omen dute nagusirik, beraz, inork ez die agintzen. Nik ezinezkoa dela hori erraiten diot, neguan geratuz gero hilgo ginatekeela gosez edo bestela elurpean. Antxudi lagunak, ezagutzen dituela lurralde hobeak eta hamabost egun ibiliz gero iritsiko ginatekeela erantzuten dit, baina... ni ez naiz ausartzen. Agian, hemen jaioa naizelako eta sendiak bertan ditudalako izanen da, ez dakit... Behin horrela azaldu nion Antxudiari eta zinez aserratu zitzaidan, koldar bat nintzela erranez. Agian arrazoia du, beharbada koldarra ninteke. Horregatik zin egin diot lagunari, beste umea kentzen badidate, ihes eginen dudala eta...
Txakurra zaunka ari da atarian asotsa izugarria sortuz. Agian gaiztaleren bat aldendu nahi du. Ez dakit lortuko duen, baina ni esnaraztea bai behintzat. Ze ordu ote da? Azkenaldian zaila egiten zait tirada batean lo egitea. Urduritasunagatik izanen da. Tan... Tan.. Ta... Elizako erlojuaren danbadak dira. Hirurak! Ordu gutti geratzen zaizkit lotarako eta bihar egun neketsua dut zain. Honela ezinezkoa da lokartzea! Txakur hori isiltzen ez bada... xarbo! Hago isilik! Lehengoan Xantik erran zidan metodoa erabili beharko dut, entzuten diren soinu txikienari ere adi egon. Ontzak aberasten dirau... txakur alu hori... ezinezkoa! Hobe betikoa egiten badut. Kontatu. Bat... bi... hiru... lau... bost...
Bildurra jabetu da nigan. Urduritasuna sentitzen dut, ene gorputzaren azken muturra daldarka ari bailitzan. Ardi izaera galdu dut, orain pertsona bat naiz. Ikaragarria. Mundu beldurgarri eta erasokor batetan natza bakarrik, abandonaturik.. Milaka langile diharduten lantegi erraldoi batetan lanegiten dut. Batzu ezagutzen ditut, gehienak ez dakit non diren. Ene burua zenbaki bat bainitzan aurkitzen dut. Halere, ezezagunek ez naute arduratzen, lanegiten dudan bulegoko aintzindariak baizik. Gaur ere aurpegi txarra ekarriko du... bai, ziur baietz! Astelehenetan beti horrela etortzen da. Egunen batean, kristorenak erranen dizkiot, bai, burura datozkidan guztiak. Horrela ikasiko du norekin ari txantxetan! Zer uste du zerri horrek, nik ez dudala sentimendurik? A! Ezin diot deus erran. Nola erran niezaioke ezer, lanetik bidalduko nindukete eta? Lehengoan erran ziguten sekzioan bi sobra ginela, oraindik ez dakigu nor, baina seguruenik niri ez zait tokatuko. Andres eta Gerardo utziko dituzte lanik gabe. Bai, ziur baietz! Honek dira denborarik guttiena daramatenak.. Baina, nola pentsa nezake hain hotz eta lasai ene lagunen ogibidea zalantzan badago? Nirekoi mixerable bat besterik ez naiz, lotsa sentitu beharko nuke nirekiko. Baina zer egin nezake? Nirea al da horiek lanetik botatzearen errua? Ni ez naiz nagusia eta ez dago nire eskutan ezer egitea. Agian... denok elkartuko bagina, zerbait lor genezake... ez lituzkete kanporatuko. Ez da nire kontua. Hobe isilik geratu eta ene lanpostua mantentzen badut, denek hori egiten dute... Ba! Kontu hauek ahanztea hobe dut. Lanorduak bukatzean txirringaz ibiltzera joanen naiz, apur bat lasaitu eta gero, ederki afaldu eta maitearekin egotera. Itxarok bakarrik ulertzen nau behar bezala. Bai neska atsegina! Berari kontatuko dizkiot kezka guztiak Beti bezala ez da ados egonen baina ulertuko nau. Nola! Lehengoan ez genuela elkarrekin jarraituko erran zidan... Ezinezkoa da! Hainbeste urte iraun ondoren, ezin daitezke harremanak egun batetik bestera hautsi. Ziur konpontzen direla ustekabean. Ez gauzak garbi geratu ziren. Kontu horrek ez du itzulerarik, bukatu zen. Ez zuela nirekiko ezer sentitzen erran zidan, nire nortasuna ez zela erakargarria, zerbait desberdina bilatzen saiatu nahi zuela... Gurasoengana joan beharko dut egun batzu pasatzera...
Izerdi patsetan nago. Zer pasatzen da? Honelakorik ez zait inoiz gertatu, nor naizen ere ez baitakit. Aurrenik non nagoen asmatu behar dut. Iluntasuna. Ez da entzuten soinu izpirik ere inondik Zer gertatu zait? Ardia nintzen eta gizona bilakatu naiz? Beraz, egia ote hilda ondoren beste bizia badela eta gizona izan aurretik animaliak izanak garela? Eta alderantziz balitz? beharbada ardia ninteke... Ez! Ardia izatea ezinezkoa da. Ardiek ez dute pentsatzen. Bildur naiz... Ez dut hemendik mogitu behar. Argiarekin dena konponduko da. Ziur amets bat besterik ez dela hau dena. Edo... beharbada, hemen naizela ere gezurra da eta ene pentsakizun guztiak ez dira esistitzen. Agian, maitasuna, bildurra, gorrotoa, zoriona, amodioa eta bizitza bera ere amets luze bat besterik ez dira.
|