Hitz lauz
Einer
Felipe Juaristi
Nik, aintzinean gerlari sutsu eta bipil, haritz bihotzeko, burnizko kaska distirantaren eramaile, etsaien hainbat bihotz erdibitu dituen beso indartsuak, Einer ezpatadunaren abenturen lekuko bakarrak zuen aurrean belaunikatu behar dut eta eskuetako pitxer ardoetatik erortzen zaizkizuen tantoak lurrean mihiztu eta barrungo egarri sua asetzeko irrikan egon, baso batez baldin bada ere. Amaiera triste eta hitsa jaio den inork ikusi ez dituen balentriei iraun dienarentzat; erdi etzanik, sorterriaren mugak, itsaso ezagunaren olatuak inoiz gainditu ez dituzuenon azpian, bizitako istorioak kontatzen edariaren truke. Eta atsegin baduzue Einerrena, Norvegiako lurrak eman duen landarerik lerdenenaren, buruzagirik adoretsu, ausartienarena kontatuko dizuet.
Itsaso handiak, Odinen mantu luzeak, hamar urte gehiago ditu bere azal zimurrean. Halaber nire memoriak, Einer gogorrak, ahantzian forjatutako ezpatadunak, Olaf Gorriaren semeak, Sigurd Orein Bularrekoaren bilobak eta bere tripulaziokook, gerrarako atarramenduz horniturik Norvegiatik alde egin genuenetik, Einerren arimari sosegu eman ziezaiokeen mendeku ahiezinaren zapore garratzaren bila. Hamar urte eta denborak, amarauna balitz bezala, eragozten die nire oroitzapenei isur daitezen.
Mendekua baztergarri eta gorrotagarria dela diote uraz bestaldetik etorritako erlijio berriaren zerbitzariek, baina Thor eta Odin gure ugazaba eta zaintzaile zirenean ohoredun guztiek ontzat zuten, familia eta odolaren lokarri eta legeek agintzen bait zuten. Mendekuak gizona noble egiten zuen, Idramil lizarraren itzalaz gozatzekoa, Vaihallan Vaikiriekin edari goxoez horditzekoa eta mendekurik ezak koldar, dohakabe, Loke Jainkoaren begiradapean egotekoa, piztien tamainokoa.
Einerrek branka Islandiaruntz ipini zuen egun batetan haize etsaiek jo zituzten. Ilargia hirutan ikusi zuten jaio eta hiltzen eta tenperaturaren beherakadaz, ur gainekaldearen lehentasunaz soilik hegoaldera zihoazela jakin ahal izan zuten marinel haiek, arriskuen garretan sarri goritutakoek eta kalatxoriek beren lili zurizko presentziaz itsasegiaren hurbiltasuna azaldu zienean beren gihar guztiak tenk jarri ziren. Harmek diztira gorriez diztiratu zuten. Einer lehena izan zen lehorreratzen. Berehala entzun ziren guda oihuak; eta gizonei, gorputzak birrintzean, hezurrak txikitzean altzairuaren eraginez, irteten zaizkien txilioz bete zen airea. Lastozko etxeak, ke habearen jostailu bihurtu ziren, Ostotsaren Jainkoarentzako sakrifizio gisan. Einer lehena izan zen harresiak gainditzen, bere arma aurrenekoa apurtzen borrokaren arruman. Gaztelua beraiena egin zuten. Arpegi eman zuten soldadu atzerritarrak aiztoz hil zituzten. Ez zuten jabearen bizitza ere errespetatu. Zerbitzari eta mirabeen atzetik kendu zioten. Ilunabarrean sotoetan aurkitutako ardoaz mozkorturik, emakumeek entregatu ahal duten plazera dastatu zuten. Jabearen emaztearen ganbara Einerren usainaz busti zen. Gaueko izarren argia hil zenean ez zen gazteluan biziaz hustutako isiltasuna baizik geratzen. Urrun bela bat ikusten zen itsaso urratuan gaindi.
Egunaste berean gila estrainodun untzia itsasoratzen zen Sajoniarako haizeak bilatu nahiean. Atzean lastozko etxeen errautsak; kosta gainean altxatzen zen erresistentziarik presentatu ez zuen gaztelu desolatua, hondamenez eta odolez eraikitako ikusmira monotonoa. Einerren emazteak, Gudrid liraina, begiak itsas kolorezkoak, ileak sagar zoriak bezalakoak, zegoeneko aireratua zuen bere azken hatsa, ezezagun baten gorputz pisua gainean sentitu zuen ondoren.
"Nonahi ezkutatu ere bilatuko dut. Odolaren zorra odolez ordaintzen da", esan zuen Einerrek Gudriden gorpuaren aurrean eta Sigrid Sibilari deitu zion irekitzen zitzaion gero lainotsuaren berri zehatzik eman ziezaion.
"Zure bideak ez dira Norvegiara zuzentzen. Begietan gaua eta adatsean zilarra duten gizonengandik gorde zaitez", izan zen haren erantzuna, hunkigarria. Biharamunean itsasora egin zuen Einerrek hogei gizon librerekin, bere etorkizuna haizearen esku utziaz.
Horizontea lerro gorria besterik ez zenean begiratu zuen atzera, inoiz itzuliko ez zelako begiratu lehor eta saminik gabekoaz. Denok beldur, urduri geunden, imajinagaitzaren aurrean izan ohi den izu hezeaz astindurik; Sibilaren hitzak, gogoan fresko genituenak, egia izan zitekeenaz. Zabaldu genituen belak Thorri lagun ziezagun eskatzen genion bitartean. Inork ez zekien nora joan gintezkeen, non egon zitekeen gure helmuga. Nik beti izan dut dohain berezi bat, nire ama zena, sorgin ospea zuen, sibila izana bait zen. Harengandik ikasi nuen zeruetako seinaleak irakurtzen, baita augurioak egiten ere, gero hala edo hola betetzen direnak. Gu eta gure nazio artean likido infinitoa hedatzen ari zenean, aurresentipen bortitza izan nuen, ez genuela bakerik izango Einer kementsua bere andrearekin, Gudrid ederrarekin, hilik ala bizirik, berriz elkartu arte.
Ilargia bitan ikusi genuen sortzen eta hiltzen eta zeruko karroa behinere ez genuen galdu bistatik. Halako batetan urrutian itsasbazterraren forma harkaitzuagatik Irlanda ezagutu genuen. Egunetan zelatan egon ginen, begiak erne, hango bakardade handi artean bizitza izpirik somatzen ote genuen. Herrixka bat ikusi eta ustegabean harrapatzeko zertxobait hurbilago zegoen hondartza txiki batetan lehorreratu ginen, gauaren seguritatepean. Lotan zeudelakoan herria hartu genuenean gizaki bakarrak geu ginela konturatu ginen. Airaturik, garaipenaren ondorioaren fruitu zaporetsua ahotik kendu zitzaigulako, su eman genion ondoan genuenari. Berehala ontziratu ginen benturak zer paratuko ote zigun begiztatzeko asmoz.
Beti nabigatzen ginen kostako arraia hurrean utzirik eta dibisatzen genituen herrietan sartzen ginen, inor ez aurkitzeko. Hain desolatu, bakarti agertzen zitzaizkigun, iparreko desertuez, Groenlandiako lurralde izoztuez gogoratzen bait ginen. Egunen batetan abade kristau bat erori zen gure eskuetan, gure belak ikusi ahala ezkutatu zen arren.
"Zuen etorrera baino lehenago gizon gaiztoak heldu ziren, pirata sajoniarrak. Haien bezalako untzien oroipenik ez zuen inork. Etxeak suntsitu, gazteak hil. Horrelako aztarna utzi ziguten. Jainkoak gorde gaitzala horien antzeko gizonengandik. Buru egiten zuena, zilar kolorezko adats luzea zuena, basatien portatu zen. Kristori errogatzen diogu horrelako gizonik gure bidean topa ez dezagun. Azkenean desagertu ziren, badira horregatik hilabeteak, emakume guztiak beraiekin bahiturik eramanaz gainera. Zuek agertzean, itzultzen zirela pentsatuz, jendeak alde egin du, barruko gotorlekuetara", kontatu zion Einerri mesfidantzaz eta dardaraz galdetu zionean inguruko jenderik ezaren zergatia. Bizirik utzi genuen, jainko arrotzen sumina ez gureganatzearren.
Britaniako kostaldea ferekatu genuen zeruko ilargia osoa izateko ahalegintzen zenean eta begiratzen genuen begiratuak zehazturik gabe, zernahi berria aurki dezakeenaren esperantzaz; betirako eztizko ibaiak, hilgo bagina, edo edozein marinel deserroturentzat, eremuez gozatzen asperturik, beti desiragarriak izan diren lur berde, oparo eta emankorren jabetza. Aurreko lautadan herioaren errainu dizdizaria ikusi nuelakoan nago. Einerrek ezik, beste denok gure uretara bueltatu nahi genuen, desasosiego, ondoez hura abandonaturik, udan neguko soinekoak baztertzen diren bezala. Einer izan zen lehena lehorreratzen. Zerua lantza gorria, jaurtia izateko prest zirudiena zenean leku guztietatik eraso ziguten. Larruzko ezkutuez ahal bezainbat defendatu genituen gure altzairuzko gorputzak. Gure arteko bostek heroien gordelekurako bidea hartu zuten, ezpatak erasotzaileen armaduren kontra txikitu atzetik. Nekatu, etsipenez ahiturik ihesari eman genion. Harrez gero, itsasertzeko herriek ordaindu zuten, suzko tributua, Einerren haserrea. Sakeatu, erahil, bortxatu genuen inolako kupida, errukirik gabe, Gerrako jainkoak agintzen bezala. Jende armatu, zelatariez bete zen bistak estaltzen zuen espazioa. Badia hareatsuetan itsasuntziak somatu genituen. Einerren buruko obsesioa ez zen lasaitzen hala ere, ez, aurkitu behar zuena ez aurkitu arte. Hara eta hona ibili ginen olatuetan gaindi, hilen erresumatik etorri berriak baikinan. Ekaitzak lagundu zigun bere altzoan gordeaz. Ilargia mantxa zurbila besterik ez eta artizaria begi ninien parekoa zenean beste itsasbazterra genuen branka aurrean. Gure bidaiari mugarria ipiniko ziola jakin nuen orduan, norberaren azkena datorkigula erreparatzean bezain ziur.
Sibilak esana gertatu zen. Einerrek ez zuen gehiago Norvegiako zerupean otsorik ehizatuko, ez zen zaldiz mendi elurtsuetaruntz abiatuko, ez zuen semerik dititik edaten ikusiko, aspaldiko kontuak entzuten su ondoan familia bilduko, bago azpian maitasuna dastatuko, ez zuen bere ezpatak inor itsutuko. Besteok ere, ni izan ezik, aurki lagunduko zioten perla sotil baina ezinago ederren segizioa bezala, burruka gorrian azken hasperena botatzen dutenentzako saria bizitzera. Maiz nahiago nuke haietakoa izan banintz, hemen zuen farregarria, oroipena besterik ez dugunen pribilejioa, izan baino. Hala ere, Einer eta beste hamalauen fin gloriosoa nola izan zen jakin nahi baduzue, konbida nazazue beste pitxerra edatera, edo baso bat, egarri naizen arren, konformaerraza naiz eta.
Sajoniarrak itxoiten ari zitzaizkigun. Oinak apar artetik atera, arroketan jarri eta berehala inguratu gintuzten, haseran talde txikiak, gero gizon guztiak azalduz. Einer eta zilarrezko adatsa zuena aurrez-aurre geratu ziren, elkarri so, eskuan ezpata bana zutela. Guk ere armak erakutsi genituen.
Bada garaia zure bila nabilela. Elkar topatuko genuelako dudarik ez nuen. Une hau nire bizitzaren liburuan argi zegoen, nabigazio kartetan basamahasti eta basagari parajeetarainoko arruta marrazturik dagoen bezala.
Gu ere zuen zai geunden. Asteak dira noraezean antzeman zintuztegula. Iparreko gizonok gorrotatzen zaituztegu.
Zu eta ni burdinola berak moldatuak gara. Begira zaitez nire arpegiko ispiluan, begira zeharkatzen duten hamaika guda arrastoak. Begira zureak. Errepasatu zure bizitza. Loreen artean ikusgarriena, nire emaztea, hil zenuen. Haizea, uhinak, lur berdea ere ez ditut horrenbeste maite. Nik ere emakume politik akatu dut eta beharbada horregatik ere ordaindu beharko dut. Baina ez zaitu datorren goizargiak iratzarriko.
Nik Sajonian egiten ez badut, ez dut uste zuen sorterrian deskantsatuko duzuenik ere.
Jakinaren gainean gaude.
Has gaitezen lehenbaitlehen.
Einerren beso indartsuak eman zuen lehena. Sajoniarraren kaskoa arraildu egin zen, eta oinaze luze batek airea zarrapatu, zulatu zuen; gure larrua, gotorkeria eta minetara eginik geundela, laztu zen. Gezi batek Einerren bihotzaren erdi-erdian jo zuen. Zerraldo erori ziren, elkar madarikatzen zuten bitartean. Azken arnasarekin batera aintzineko garaietako imajina galdu zen betirako. Norvegia ez da ordudanik borrokalarien herria izan.
Badakit ni nola libratu nintzen galdetzen duzuela. Gaurkoz nire tamaina hartua dut eta zuen baimenarekin oheratzera noakizue. Hurrengoan kontatuko dizuet, betiko legez konbidatzen banauzue.
|