Hitz lauz
Mendi majikoa
Felipe Juaristi
Norbaitek gaztaroa definitzeko larrosaren irudia erabili izan du. Bai bata eta bai bestearen zikloa laburra delako baina efimerotasun horretan beraien diztira eta edertasuna nagusitu egiten direlako. Aro zoriontsua da horrela pentsatzen duenarentzat, paregabea oso. Beste batzuek horrenbeste poesiarik ez dute izaten gaztaroaren irudia gogora ekartzerakoan: emakume baten izena aipatzen dute nostalgikoenek Gizondutakoek soldadutza garaia, markatzen duen zeinuaren gisan.
Ez nekien ezertxo ere bizitzaz soldadu eraman nindutenean. Neskatilak sagar gozoen modukoak zirela, txikiak, matrail gorridunak eta borobilak. Dakidanaren neurrian nirekin ibiltzen zirenek bazuten halako tankera. Harrez gero ikusi ez ditudan arren espero dut beraien mesedetarako aldatuak egotea. Ez ziren itsusiak, baina forma bigunak zituzten. Begiak itxita dardar egiten zuten musukatzean eta hori niretzat zeruak eztanda egingo balu bezalakoa zen. Orduak pasako nituzkeen horrela ezpainak bata bestearen kontra eta nobeletan irakurriak nituen esaldi ponposo eta enpalagosoak belarrira xuxurlatzen. Ez ginen handiagotan sekula hasi. Nirekin aspertzen ziren antza denez eta guztiek utzi ninduten zozotzat harturik eta koadrilako beste batekin harrapatzen nituen pinudiko bidea hartzen. Aitortzen dut horrek mintzen ninduela hasera batetan baina fantasiara okertuta nengoenez azkenean ez zitzaidan ajolarik, nirea heroien tamainako balentriatzat hartzen bait nuen. Liburuetan izan ezik non ikusi duzue zuek bada pertsona batek bere andregaiari horren erraz alde egiten uztea? Bestetan bezala gehiegi eta neurri gabe irakurtzea izan zen horren errudun. Abenturazkoak batez ere ziren gustoen dastatzen nituenak. Horregatik edozein ekintzaren atzetik alderdi majiko eta berebizikoa ikusten nuen. Ez nuen errealitatea zen bezala ezagutzen, nire irakurketen filtrotik baizik. Neure burua zaldun ibiltari edo Far West-eko pistolero haien gisara kontsideratzen nuen, idealez mukurru beterik, ona egiteko beti prest.
Nire esperientzia kaskarra zen suposatu dezakezuenez. Ikasketa, familia eta lagunek osatzen zuten trianguloan galtzen zen erremediorik gabe.
Hala ere negar egin nuen koarteleko lehendabiziko arratsean. Eguzkia sartzen ari zela korapilo bat egin zitzaidan urdailaren ahoan. Bilarreko bola gorria zirudien ondoko mendien arteko zuloan galtzen ari zela. Zoragarria zen ilunabar hura. Turistei saltzen dizkieten postal horietako baten antzekoa. Sobran sentitu nuen neure burua, bazter guztietatik hanka egiten zidan traje haren moduan. Kanpoko paisaiaren edertasuna ez zetorren bat barnekoarekin. Ez zegoen han neri hainbat gustatu eta liluratu ninduten istorietarako aukerarik. Prosaikoa zen egoera hura, prosaiko hitzak zentzurik badu behintzat. Nola adieraziko nizueke bada? Egun euritsuak ederrak dira lehorte baten ondoren, baina ohitura bihurtzen direnean tristeak eta monotonoak dira.
"Horrela izango duk urte luze eta osoan" esaten nuen neure artean eta orduantxe denboraldi hura ahalik eta azkarren igarotzeko prestatzen hastea erabaki nuen. Muraila moduko bat eraiki nuen neure nortasuna protejitzeko asmotan. Ezertaz ez kezkatzea. Inondik ere nabarmena ez izatea eta noski zigorretik ihes egitea. Horiexek ziren nire mandamenduak, soldadutzan beterano zirenek emandako kontseiluen arauera.
Gartzia tenientea genuen gure kargu. Afrikako kolonietako gerra pribatuan parte hartutakoa. Artean ez zen zaharra. Ustez gogorra zen. Disziplina militarrik sendoenean hezitakoa. Garbi uzten zuen meritoengatik zegoela zegoen tokian. Soldaduek ahots gora ziotenez mairu pilo bat akatutakoa. Ahots apalean bere krueldadearen xehetasunak esplikatzen zizkiguten.
Zuek ondo pasatzera etorri zarete hona, baina arduratuko naiz nahi duzuen bezala gerta ez dadin esan zigun instrukzioa egitera atera ginen aurrenekoan.
Egunak joaten zitzaizkigun bata bestearen antzean, bizkien parekotasunaz. Bioleta sorten modukoak ziren. Denak berdinak. Gartzia tenientea saiatzen zen bere promesa betetzen eta ez zigun deskantsutik ematen: martxak, instrukzioa, beti zerbait agintzen zigun egiteko.
Aisia da soldaduaren etsairik nagusia errepikatzen zigun holako edo halakoa egiteko agintzen zigun bitartean. Apurtuta, unatuta, deskontsolatuta iristen ginen gelara. Zer nahi duzue nik kontatzea soldaduen kidetasun eta kamaraderiaz? Mitifikatuegi dagoela deritzot. Nahiko lan zuen bakoitzak aurrera ateratzen ahal zuen eta uzten zioten moduan. Biltzen ginen urriak ziren atsedenaldietan. Ez genuen elkarrekin gehiegi hitzegiten. Nik ez behinepein. Murailak babesten ninduen. Janaria eta edaria konpartitzen genituen. Eta ondorengo mozkorra eta mozkor ondoko arrenkura.
Maniobratan tiroak botatzera joaten ginen hurreko mendira. Gogoratzen dut izar erdibituaren forma zuela. Lur mortuaren gainean altxatzen zen harria. Sorgindua zegoela iruditu zitzaidan. Ez dakit ondo zergatik. Brilo metalikoa zuen, intentsoa eta bizia. Eguna hiltzean, azken izpiek halako itxura ematen zioten, zilarrezkoa zirudiena.
Egun horien zai egoten ginen, koarteleko errutina nekagarria baztertzeko. Haietako batez guardian nengoela zarata txiki bat entzun nuen, arrastaka zebilen animaliarena edo. Ahots sendo batek eman zizkidan eskatu nizkion santo eta seña duda mudarik gabe.
Dena ondo soldadu? galdetu zidan.
Bai, teniente jauna erantzun nion zertxobait urduri, ez bait nekien zein intentziorekin hurbildu zitzaidan.
Zigarro bat piztu zuen. Eseri eta nire harridurako hizpide honi eman zion hasera:
"Gazteok ez dakizue zein altxor duzuen gazte izateagatik. Ez diozue garrantzirik ematen eta igarotzen zaizue abiada handian. Eta ez zarete inora ere iristen. Arriskurik ezagutu ez duzuelako. Horixe da gaztaroa. Bizitza joko-mahaiean jartzea eta behin ere ez hiltzea."
Isilune bat egin zen. Ez nintzen erantzuten ausartu. Apur bat geroago jarraitu egin zuen.
"Ni ere zuek bezalakoa nintzen. Bizitzaren alderdi axaleko eta friboloa maite nuen. Berbenako musika zaratatsua bezala. Txorien arintasuna nuen. Saiatzen nintzen orduan gozatzen, egunen aparretan bainatzen, pitxilora bat banintz bezala argiaren garbitasunaz pozten... Milizia ariketa erraza eta era berean abentura paregabea izango zelakoan Saharara joan nintzen boluntario.
"Basamortua da gizonaren tenplea ederkien neurtzen dakiena. Balienteenak kobarde bihurtzen ditu eta kobardeenak baliente. Zelatan egon behar duzu gau eta egun, alde guztietatik perilik handienak zai dauzkazulako. Ez nengoen inongo sakrifiziorik egiten ohituta eta hantxe sentitu. Mingotsa da, galdutako ardoa bezala. Inork ezin dezake hori jakin bertan egon arte. Gau ixilean zaude adibidez eta bapatean parre bat entzuten duzu, pertsonen ahots-kordek sortutakoa ez dirudiena. Soinu misterioso eta majikoa da, zorabiatzen zaituena. Fenomeno guztiz naturala da hala ere."
Pentsatzen geratu zen une batez. Ondoren jarraitu zuen:
"Mendi haietan aspaldi zilar bila ibili ziren. Meategi handiak zeuden, lurraren barrenean zabaltzen zirenak laberinto moduan. Erabat zulatuta zegoen mendi haien azala. Horregatik haizeak jotzen duenean txistu marabiloso batetik joko balu bezala da. Hortik ateratzen da soinu hori. Meatzariak erotuz joan ziren berehala eta elkar tiroka hiltzen ez zutenean beraien buruari ematen zioten amaiera. Mairuek diotenez mendiaren mengaizoa da barrukoa ateratzeagatik. Zilarraren gaitza deitzen diote eromen klase horri. Meategiak orain abandonatuta daude.
"Nik ez nekien horretaz ezer destakamendu baten buru hara bidali nindutenean, etsaiek leku hartatik eraso bat burutu zezaketela jakin bait zuen gure ejertzitoko jeneralak. Kanpamendua montatu genuen mendi haien magalean. Egunez dena ondo joan zitzaigun, berririk gabe. Gauez gertatu zen berebizi inpresionatu eta markatu nauena. Guardia egiteko agindua eman eta dendara erretiratu nintzen deskantsatzera. Erdi lo erdi esna nengoela izugarrizko zalaparta batek atera ninduen ohetik. Soldaduak korrika zebiltzaten batetik bestera norbait atzetik balute bezala. Eta soinu hura entzuten zen, amaitu gabea, tematsua. Hortzak itxi nituen. Belarriak estali. Alperrik hala ere. Hurrengo egunean erreleboko destakamenduak aurkitu ninduen, konortea galduta baina bizirik. Nire soldaduak hilik zeuden. Haiekin batera mairu ugari. Ez nintzen gauza gertatutakoa adierazteko. Hospitalera bidali ninduten. Handik aterata kondekoratu. Inor baino ausartago egin nintzen harrez gero. Neure burua eskeintzen nuen misiorik zailenak egiteko, arriskuaren zentzazioa dastatzeko. Misio haietako batzuk ia suizidak ziren. Hala ere ni beti bizirik atera nintzen.
"Ez naiz gaztea dagoeneko. Basamortuan geratu zen adin hori mendi haietan ezkutatuta aspaldiko zilarra bezala."
Zigarroa amatatu eta alde egin zuen.
Goiz joan ginen biharamunean tiroak botatzera. Konpainia batek huts bat egin zuen tiroak okertuz. Su eman zion mendiari eta bi egun eman genituen hura itzaltzen. Bukatutakoan mendiak lehen zuena baino itxura siniestroagoa zuen.
Guardia izan nuen berriro sua itzali genuen gauean. Gogoetetan murgildurik nengoen. Garrek eragindako espektakuloa, tenientearen hitzak, presente nituen dantza geldigaitz batez. Bijilatu baino gehiago amestu egiten nuen: basamortuko parreaz; niretzat majikoa zen mendi hartaz, erabat biluztuta zegoenaz; zilarraren gaitzaz. Tenientearen konportamendu arraroan bazuela zer ikusirik iruditzen zitzaidan. Gaitz horrekin adierazi zitekeela zuen gogorkeria eta guganako mespretxua. Heriotzaren bila zebilen sendatzeko. Horixe pasa zen nire burutik.
Pauso batzuek entzun nituen. Nire onera ekarri ninduten. Berehala ezagutu nuen santo eta seña eman zizkidan ahotsa. Gartzia tenientearena zen.
Zein da zure izena soldadu? galdetu zidan. Estuasunen bat zuela somatu nuen.
Imanol. Imanol Martinez, teniente jauna erantzun nion era berean koadratuz, bere presentziagatik asaldaturik
-Bada, etorri zaitez nirekin. Azkar! agindu zidan.
Ez nintzen mogitu.
Utzi postua eta nirekin etortzeko agindu dizut. Parrea entzun dut!
Presaka abiatu ginen. Tomilo eta espliego usaina zegoen gau hartan errearen artean. Lainoek ilargia ezkutatzen ziguten.
Haruntzago, haruntzago! esaten zidan tenienteak oihu bizian.
Nik segitzen nion beraren menpean nengoelako eta ikusmin sendo batek zulatzen ninduelako. Zuriune batetara iritsi ginen. Mendiaren tontorrera. Lautada osoa genuen gure oinetan, gelditasun batez itoa, kanpamendua.
Entzuten al duzu basamortuko parrea Martinez?
Basamortuko parrea, nire tenientea?
Bai, heriotza dakarren parrea. Baina ez nau harrapatuko. Horixe erantzun zidan. Ondoren dena azkar-azkar gertatu zen. Parre moduko soinua entzun nuen, txistukari eta sublimea. Gizakiena ez zena. Teniente eta biok belarriak estali genituen eskuekin haseran. Ondoren, ez genuen ezer egin. Kieto geratu ginen soinuak blaitzen gintuen bitartean. Ondoren...
Hurrengo egunean aurkitu gintuzten mendiaren erdian. Tenientea hilik etzanda. Bala batek zulatu zion burua. Nire fusilean falta zen balak hain zuzen eta horregatik leporatu zidaten tenientearen hilketa. Juzgatu ninduten eta bizi osorako presidiora kondenatu. Ezin izan nuen ezer argudiatu alde, ez bait nintzen gogoratzen mendi tontorrean gertatutakoaz.
Nire abokatuek epaiaren berrikusketa eta lortu zuten azkenean, atxiloturik bost urte neramatzanean. Gartzia tenienteak behin kontatu zidana adierazi nien, Saharan berak bizitakoa. Sikiatra baten testimonioa ekarri zuten ero nengoela frogatu zedin. Inork ez zuen sinisten parrearena ordea. Hospital militarrera eraman ninduten sendatu nendin. Hor beste bost urte igaro ditut. Libre nago.
Mendiko gertaerari buruz lortu dut interpretazio bat denboraren poderioz, nahiz eta jakin garai honetan ezertarako balioko ez didala. Inork ere sinistuko ez didala. Erosioagatik edo hartako harria arrailduta dago aspalditik. Arraildura horri lagundu diote ejertzitoaren maniobrek, hara joaten bait da maniobretan tiroak botatzera. Landaretzak estaltzen zuen eta horregatik haizeak jotzen zuenean ez zen soinua entzuten. Hala ere tenientea hilik suertatu zen egun hartan suteak arbola guztiak eta xara gehiena kiskali zituen harri gorria bistan utzirik. Haizeak jotzean aterako zuen orduan gu erotu gintuen soinua, ez bait dut zalantza izpirik erotu ginela esatean. Gainera Saharako mendiak eta mendi hori antzekoak dira. Biek barruan zilar-harria dute. Horregatik, nik haseran somatu nion diztira eta haseran nire fantasiaren fruitu iruditu zitzaidana. Sahara mendietako eta hango soinua antzekoa zen. Hori uste dut. Zilarrezko soinua. Horrekin tenientea obsesionatuta zegoenez gainetik kendu ezin zuelako bere burua hil zuen horretarako nire fusila erabiliaz. Neri gertatu zitzaidanaz ordea ez ditut gauzak argi. Baliteke konortea galtzea beldurra eta inpresioagatik. Baliteke ere itsu-itsuan neuk hiltzea tenientea. Behin ere ez da egia ezagutuko.
Istorio hau bukatzera doan neurrian pentsatzen dut galdetuko duzuela erabat sendatuta al nagoen. Erantzungo dizuet gaitz horretaz ezin dela. Hil arte torturatuz laguntzen zaitu. Bizitzak ez du inongo traszendentzia eta inportantziarik. Sakrifiziorako gauza zara. Gartzia tenientea arriskura eta heroismora bultzatzen zuen. Ni, bakardadera. Ez zait nere burua inporta. Ezta besteena ere. Aspaldi urtu ziren gaztaroko urteak. Eta oraindik ez dut ulertzen adin horren esanahia. Nire hondoan zukua balitz bezala tristura dago. Jaten nauena.
|