L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Plazara. 12 zkia. (1989-udazkena) —Hurrengo artikulua




 

 

—Hitz lauz—

 

Ni naiz hura

 

Xabier Mendiguren

 

I

Zoruan biribilean eserita zeudenen artetik altxatu zen gizona, eta biribila osatzen zuten guztiei zorrozki begietara so egin ondoren begirada urruneko ezerezean finko zuela, denen buruak adi adi beregana zuzenduak, horrela hitz egin zuen.

        — Ni naiz hura zeinaz esan baitzuen profetak: "iritsiko da gizon bat zeinak bazterrak erraustuko baititu, aziendak galdu, etxeak birrindu, ondasunak ebatsi, gizakumeak hil eta erregeak makurrerazi; eta ez da inor ausartuko haren kontra eskua altxatzera, zeren hura hilen duena madarikatua izanen da sekulako eta madarikatua bere askazia menderen mendetan".

        Hitzok esan bezain laister, biribila osatzen zutenak, izua aurpegian, altxatu egin ziren eta, inork aditzen ez zituen aitzakiak marmarka, arineketan urrundu ziren, atzera begiraka eta txilabaren barrenak eskuez altxatuta, haizeen arrosak erakusten dituen norabide guztietara.

        Bere bidean gainezka zegoen zokoan zebiltzan erosle eta saltzaileekin egiten zuten topo eta, ezagunei mesede bat egitearren, ezezagunei bere korrika saioan emandako muturrekoa barka ziezaieten areagatik edo gurdi hori enbarazotik lehenbailehen kentzeko, belarrira esaten zizkieten hitz bi gizona zegoen aldera zuzentzen zituztela begiak, eta honen ondoren berria jasotako gizasemea ere esku artean zuen erosketa utzi eta pardel eta oihalak bizkarrean hartuta korrika txikian abiatzen zen izkutatuko zuen lekuren baterantz, berak ere beste batzuri esaten ziela entzundako albiste ikaragarria.

        Horrela, horren azkar barreiatutako hitzei esker, hutsik geratu zen berehalaxe zokoa ospatzen zeneko plaza, pisu haundiko martxandisak zituzten dendari zekenak, bildurrak aldean, tupinak eta saskiak asto gainean jartzen ari zirela ahalbait azkarren handik ospa egiteko.

        Handik piska batera, aintxintxiketan ihes egindako guztien sandaliek harrotutako hautsa besterik ez zen mugitzen janari hondarrez eta presaka alde egindakoek jaso gabe utzitako piltzarrez betetako plaza zabalean. Gizona zutik zegoen oraino hitzak esan zituen leku berean, mugitzeke. Eguzkipeko isiltasun eta baretasun osoak nagusi egin zirenean berriz ere, gizonak eskuez bere txilaba zarpailduari erantsitako hautsak kentzen ihardun zuen, eta ondoren eguzkiak irteten zuen alderantz abiatu zen, hoberik ezean.

 

 

II

Bidean aurkitu zuen lehen laguna hanka bakarraren gainean bi makulurekin zihoan elbarri bat izan zen. Gizona ikusi orduko, urrun bazen ere, oihuka hasi zen elbarria.

        — Ez, ez, ez nazazu hil, ez mesedez, ez nazazu hik, ez!

        Gizona mantso zebilen baina ikararen ikaraz bide ertzean iltzaturik geratutako elbarriaren parera iristeko ez zuen denbora askorik behar izan.

        — Ez, ez, ez nazazu hil, arren. Nere diru guztiak emango dizkizut. Tori, tori. Zuretzat dira baina ez nazazu hil.

        Eta hori esatean larru koipeztatuzko zorro bat luzatzen zion gizonari, beso hartan zeraman makulua lurrean erortzen utziz. Pena ematen zion gizagaiso hark. Baina ez: hain zen nazkagarria, hain zen okaztagarria erruki eske malkotan urtzen zen aurpegi legendun hura... Xorroa hartu eta elbarriari esker oneko zurikerietan hasteko astirik eman gabe beste besoko makulua kendu eta kolokan geratutako agure zirtzilari egundoko makulukada emanez, arekan utzi zuen botata, sekula santan berriro ez altxatzeko moduan.

        Bidean aurrera egin eta ostatu bat aurkitu zuen hurrena. Han ere bazuten zeredozer entzuna, hertsirik baitzituzten ateak oro, baina tximinitik ateratzen zen ke hariak salatzen zuen han norbait bazegoena. Ateraino joan eta ukabilez jo zuen bertan. Ez zen arraposturik izan. Berriz ere jo egin zuen. Eta hirugarrenez, indar haundiagoz. Azkenik ateak zuen leihotxo sareztatu baten atzekaldean gizon mendre baten begitartea agertu zen.

        — Nor zaitugu?

        Gizonaren erantzunik eza izan bide zen ostalariarentzako erantzun betea, atzera eginez eta boza erabat asaldaturik erreguka hasi baitzitzaion.

        — Jauna, erruki zakizkigu! Gure etxean ez duzu aberastasunik kausituko eta segi ezazu zeure bidetik.

        Gizonak ixilik jarraitzen zuen, eta mututasun horrek erabat izutu zuen ostatuko gizona, hainbesteraino non atea zabaldu baitzion eta sukalderako bidea erakutsi. Hantxe zeuden, batzuk besteen gainean kixkurtuta, ostalariaren andrea, bi seme eta alaba bakarra.

        — Ikustazu, hemen pobreak gara eta hobe zenuke aurrera egitea. Begira, zaldi bat ere badugu, zahar samarra bada ere, eta pozik utziko dizugu, zaldiz egin dezazun zure bidaia.

        Gizona geldi zegoen baina ostalaria gero eta aztoratuago; esku artegez alaba amaren altzotik heldu eta aurrean jarri zion gizonari.

        — Hara, guk ez dugu ezertxo ere, baina dena zurea da. Har ezazu gure alaba, gure alaba bakar eta maitea eta eramazu zurekin, baina utzi itzazu nere andrea eta bi semeak, lanerako behar baititut.

        Nexka gaztea zen ostalariaren alaba, hamahiru bat urtetakoa; egundoko lotsa eta areagoko bildurra nabari zitezkeen haren begietan eta gorputza makurtzeko eran. Aitak, herabe, harengana bultzatu zuen eta gizonak eskua luzatu eta ondora ekarri zuen. Amaren begietatik behera malko bat edo beste irristatu zen baina inork ez zuen ahoa zabaldu neskaren alde ez elkarri lotuta zituzten behatzak askatu ere. Guztien aurpegiak ilunak ziren, areago bere bildurragatik senti zezaketen penagatik baino. Gizonak izugarrizko higuina sentitu zuen, eta antzeman bide zioten, zeren azkar asko esan baitzion ostalariak:

        — Eskuineko atetik sartuta joaten da ikuilura. Hantxe dago gure zaldia, eraman nahi baduzu.

        Gizonak neskari eskutik helduta alde egin zuen, hitzik esateke, eta ikuilura joan. Han ardai mutur bat atera zuen eta lastoa bazter guztietan ahalik eta gehiena zabaldu ondoren su ematen hasi zitzaion, oraino zotinka zirauen neska begiak zabal zabal eginda begina ari zitzaiola.

        Zaldia hartu zuen eta neskak sandaliarik ez zuela oharturik, bere aurrean jarri zuen, zelaren muturrean. Zaldia, neska eta hirurak areapabadan joan ziren handik, baina izan zuten betarik sugarrek habe zaharrak nola igurtzen eta estutzen zituzten ikusteko. Zamaria eta zamalzainak, akiturik, arbola baten ondoan gelditu zirenean, atzera begiratu eta zerurantz igotzen zuten ke beltzetako litsak ikusi zituzten.

        Lo egiteko bertan gelditzea erabaki zuen gizonak eta zalditik jeitsi; gauza bera egin zuen neskak. Polita zen, edo polita izateko bidean zegoen. Errukarria bere besoetan hartzeko gogoa izan zuen, eta beharbada neskak ez zuen errefusatuko. Baina hori ez zen bere bidea.

        Ez zegoen hotzak eta harriturik ikusi zuen nola neska bere gorputza kiribilaturik bil-bil eginda zegoen. Harengana joan, soinekoa eskuzartada batez urratu eta basatiki bortxatu zuen. Neskak ez zuen hitzik esateko kemenik ere izan. Gizonari ez zitzaion ondoren ere logura etorri eta esnai egon zen neskaren negar zotina isildu eta arnasestua baretu zitzaion arte. Jeiki, arbolaren adar tente bat ebaki eta neska lokartuarengana joan zen. Besoez estaltzen zuen gaisoak bular biluzia eta ilargipean haren aurpegi lasai eta ederra ikusita inork ez zukeen asmatuko zer gertatu zitzaion, ezta zer gertatu behar zitzaion ere.

        Kupida amaigabea sentitu zuen gizonak. Hura bai neska maitagarria, bere guraso eta senide mixerable, mesprezagarrien aldean... Adar zorrotza buru gainetik altxatu eta indar guztiez sartu zion sabelean barrena. Neskak garraisi ito bat egin zuen, ahotik irten zion odolak galerazi baitzion hitzik egitea. Gehiago sufri ez zezan behin eta berriz zulatu zion sabelaldea, erraiak oro iretargipean utzirik.

 

 

III

Handik egun batzutara iritsi zen hiriburura, kontatzea ere merezi ez duten hainbat pasadizo gertatu eta gero. Zurrumurruak iritsiak ziren bertara eta ate guzietan soldadu andanak ezarri zituzten, zaindariek susmagarri izan zitekeen edonori pasatzen ez uzteko agindua zutelarik.

        Gizona zaldi gainean iritsi zenean, zaindari batek bularraren kontra jarri zion lantza.

        — Nondik hator?

        Gizona begira geratu zitzaion eta ez zuen ezar esan. Zaindaria urduri jarri zen baina ez zuen badaezpada lantza gehiago estutu.

        — Nor haiz hi?

        Gizonak finkoago begiratu zion, zaindaria eta haren itauna izugarri bitxiak bailiran. Zaindaria oraingoan kokildu egin zen eta atzera egin. Gizonak iragateko baimentzat hartu zuen keinu hori eta aurrera egin zuen mantso mantso bere zaldiarekin. Soldadu guztiek bere lantzak altxatu zituzten baina inor ez zen ausartu gizonarengana gehiegi hurbiltzera, ondokoek egingo zutelakoan, eta hala, ohorezko sarrera modukoa egin zioten guztien lantzen arkupean pasatzen zela.

        Izuikara izurria baino azkarrago hedatu zen hiri osoan eta laister gizonak ez zuen gizakumerik kausitu kaleetan zehar. Beharrik ere ez. Baina eginbehar bat zuen eta hura bete egin behar zuen. Karriketan gora abiarazi zuen zaldia era horretan gaztelura iritsiko zelakoan, eta bere ustea ez zen ustel suertatu.

        Jauregiko atea eta leihoak hertsirik zeuden. Gizona jeitsi zen zalditik, hau askatu, eta harri kantoin baten gainean jarrita zain geratu zen, ate nagusiari so. Gizonak ikusten ez zuena ordea, almena eta gortina guztien atzekaldean han begira zegoen begi piloa zen. Gizonak ez zuen presarik eta han eman zuen egun osoa, eta gaua ere bai. Goizeko argiak iratzarri zuenean bere ondoan kausitu zituen fatuen indarra bere alde eduki nahi zuenen batek utzitako pitxarra eta janariak. Beste egun oso bat pasatu zen bere gauarekin, eta biharamonean esnatzean aldamenean zituen pitxarra eta janariak bezperakoak baino ugari eta galantagoak ziren. Gizona lasai bazegoen, gaztelu barrukoak gero eta estuago, urritzen zihoazkien jatekoengatik baino, bizkarrezurrean sentitzen zuten larritasunagatik. Hirugarren gauean, gizona ate aurrean lo zetzala, esku herabeor baten ukipena sentitu zuen besoan. Burua jaso eta soldadu jantzia zuen gazte bixardun bat ikusi zuen, dardarka eta totelka mintzo zitzaiona:

        — Ni e... nik... nik badakit gaztelura sartzeko bide bat non dagoen, eta nahi baduzu erakutsiko dizut, neri... neri jarraitu besterik ez duzu.

        Gizona altxatu zen eta soldadu izutiaren atzetik joan. Gazteluaren hegaletako batean eskilara batzuk jeitsi ondoren bazen ate mehar bar. Soldadua han aritu zen zeredozertan eta lipar baten buruan atea zabaldu, bera sartu eta sartzeko keinua egin zion gizonari. Barruan lehentxeago piztutako zuzia zegoen, eta hau harturik gizonari eskeini zion soldaduak esaten ziola:

        — Hara, hemendik gora gazteluko dorrera zoaz zuzenean, eta hortik edozein gelatara. Espero dut ni e... ni ez nauzula ahaztuko, eta zure justizia samurra izango dela gutarrekin.

        Zuzi izekiaren argipean aho zabaldutik okotzeko bixarretan behera zerion ttua distiratsu agertzen zen, eta etengabe gora eta behera zebilen buru hura ezin izan zuen jasan. Begitartea erre zion suaz, eta ahoaren kontra jarri zion batipat zuzia, haren aharrantza ozen eta aspergarriak ixilerazteko.

        Eskilaretan gora igo zen mailarte zabal batera iritsi arte. Handik zenbait pasabide eta ate ikus zitezkeen, eta gizonak hausnarketa une labur baten ondoren biderik suntuosena hautatu zuen, hura erreginarenerakoa zelakoan edo.

        Ez zuen oraingoan ere hutsik egin. Ate pisutsu haundi hura zabaldu ostean bere begien aurrean agertu ziren gelako bazter guztietatik zeuden kandela eta kriseilu ugarien argipean, sapaitik zintzilik zeuden tapiz marrazki zoragarriak zituztenak, uraren jauziaren moduko mila bitxikeria egiten zituzten eskaiola apaingarriak, ispiluak baino distiratsuago ziren harri argitsuak, eta izenik ere ezagutzen ez zuen hainbat eta hainbat gauza harrigarri eta txundigarri.

        Zuzia itzalirik, liluraturik zegoen zera berezi haiei begira, eta aurrean zituen gizon indartsu eta kopetilunak ez zituen ikusi, ezta hauek eskuetan zeramatzaten zimitarra izugarri zorrotzak ere. Emakume ahots garratz batek atera zuen bere mirespenezko sorgorretik.

        — Hil ezazue, akaba ezazue behingoz zerri madarikatu hori!

        Gelaren bestaldean kuxin eta burusi lumatsuzko ohantze baten gainean zutik zegoen emakume bat zen deihadar zoro haiek egiten zituena. Harri bitxizko soinekoaren azpian teink eginda somatzen zitzaizkion gorputz atalak, eta garraisi egitean zetazko hari finez brodatutako zintak gurutzatzen zion kopeta haserrezko eta sumindurazko zimurrez betetzen zitzaion.

        — Akabatzeko esan dizuet! Hil ezazue errukirik gabe pizti nazkagarri malapartatu hori edo nik moztuko dizuet guztioi lepoa!

        Erreginaren zaindariek urrats abur eta izuti batzuk egin zituzten aurrerantz baina inork ez zuen eskuan gogor eutsitako zimitarra buru gainera altxatu. Atzera erreginari edo aurrera gizonari aurrez aurre begiratzeko budurrez zorura eramaten zituzten begiak soldadu sendo haiek, edo elkarrengana zuzendu, galdera mutu baina aski adierazkorra egingo bailioten batzuk besteei.

        Erregina jeitsi egin zen ohantzetik, eta bere zaindariengana abiatu.

        — Zeren bildur zarete? Ez al duzue ikusten gizon bat besterik ez dela? Harmarik ere ez duen koitadua. Horri al diozue bildurra, horri, zuek Erresumako gizon indartsu eta ausartenak?

        Mintzaldi sutsuak buru berotuta, morrosko haietan ikaragarriena gizonarengana joan zen zuzenean irrintzi lazgarria egiten zuela. Gizonak geldirik itxoin zion eta bere ondora iritsi zenean zaindariaren irrintzia intziri bihurtu zen; bere oinetara jausi zen negarrez eta otoika hasi.

        — Barka nazazu, jauna, arren. Nik ez nuen nahi, nik ez nuen nahi, barka nazazu, barka arren.

        Zimitarra jaso zuen gizonak morroskoaren esku otzanetik, bi besoekin heldu eta buru gainetik altxatu ondoren lepoa moztu zion bere sasoi guztiaz. Zimitarra odoldua eskuan, astiro astiro erreginagana zuzendu zituen bere pausoak, eta berak aurrera egin ahala atzera egiten zuen erreginak, bere ahotsean amorrazioak bildurrari eta errukigurari lekua egiten ziela.

        — Ez, ez! Geldi ezazue, geldi ezazue gizon hori, nik agintzen dizuet! Ez, ez, ez mesedez. Gelditu! Mesedez, ez nazazu hil, ez nazazu hil mesedez, nik ez dizut ezer egin; nahi duzuna emango dizut, eskatu besterik ez duzu. Ez, mesedez. Zer nahi duzu, dirua? Emango dizut. Urrea? pitxiak? joiak? Zure eskuetan jarrio ditut Erresumako guztiak. Mesedez, ez, ez nazazu hil. Emakumeak nahi dituzu? Ohoreak? Gaztelua? Dena, dena emango dizut, nahi duzun guztia baina ez nazazu hil, mesedez. Koroa ere emango dizut, zu izango zara errege...

        Gela luzearen azken muturreraino iritsi ziren horrela, zaindariek bere zimitarrak erreginaren hegaletako bideak ixteko erabiltzen zituztela. Erreginak paretaren kontra zabaldu zituen bi besoak eta aurpegia ere bazter batera alboratu zuen, ahots dardartiak hitz egitea ere galerazten ziola.

        — Ez, ez, ez, mesedez, ez hil, ez, ez, ez hil, mesedez, ez, ez hil, ez...

        Gizonak sekulako nekea sentitu zuen besoetan. Unadura gorputz osoan. Baina aurreko oiloari lagundu egin behar zion horrenbesteko sufrimendurik izan ez zezan. Esfortzu haundia eginez bihotzean sartu zion zimitarraren aho zorrotza, eta nekearen nekez erortzera zihoanean zaindari guztiek besoetan hartu, buru gainean altxatu eta koroa bat jarririk gazteluko leiho nagusira eraman zuten.

        Egunsentia heltzear zegoen. Ekialdetik argitasun eme batek urratzen zuen ortzearen iluna. Gaztelu aurreko enparantzan, jendetza zegoen bildurik, gizon-emakume, haur eta zahar samaleak, gizona leihoan agertu orduko pozez zoratzen builaka eta deihadarka hasi zirenak.

        Logura ikaragarria zuen. Txalo guzti haiek beste mundukoak iruditzen zitzaizkion. Jendearen alaitasun ergela lanbro batean bildurik somatzen zuen eta haien aho irriparretsuak laino estrainio baten lausotan.

        Zerbait esan nahi zuen. Ahoa zabaldu zuen baina burura zetozkion gogoeta guzti haietatik ez zien ezer adierazi. Geruza gero eta lodiagoek isolatzen zuten inguru gogaikarri hartatik eta lo gozoak bere menean hartu baino lehen pentsamendu bakarra izan zuen: "barkatu egin beharko diet, ez baitakite zer ari diren egiten".

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.