L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Plazara aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<plaz1400>— Plazara. 14 zkia. (1990-udaberria) —Hurrengo artikulua




 

 

—Elkarrizketak—

 

Jexux Zabaleta; itzulpena eta estiloa

 

        Itzultzailea, azken urteotan gurean izugarri hazi den lanbide betikoa, ez berria, bai ordea nobedadea berarekin ekarri duena. Belarretan ohi bezala, denetarik aurki ditzakegu bazterretan, on eta txar, baita besterik gabekoak ere. Arazoa ez da erraza batere, euskara ukitzen duten guztien kasoan gertatu bezala. Itxura ederreneko zurak pipiak jandako mami ustela gorde lezakeen moduan, leku ofizial eta ez-ofizial askotako itzulpenak ere euskara gaixoaren egoera lastimosoaren aurrean halako errezela loratua aurkezten saiatzen dihardu.

        Baina guzti hori egia izanagatik, morrontza guztiak aitortuagatik, premiazko dugu itzulpena, beharrezko itzultzailea. Behar dugu sortu, behar dugu berritu, jakina, eta hori dugu helburu. Itzulpena bitarteko, hortakoz. Ez bakarra, eta neurrian. Gehiegikeriak nagusi, ordea, desmasiak nonnahi: guregandik apartexeago dauden hainbat Europako herritan zuzenbide terminologia, esaterako, errazteko ahaleginetan hasi diren honetan, gurean abokatuek ez beste inork ulertzen ez duen espainierazko sasi-hizkuntza administratibo eta judizialaren hitzez hitzezko itzulpen-egokitzapenari ekin diogu. Morrontza agerian dugu: zerbait berri egitekotan, zerbait sortzekotan, aldaketek hizkuntzaren esparrutik haratago jo beharko lukete, neurri batean bederen, ez baita gure hau hizkuntzen arteko gatazka soila. Ala, bai ote?

        Erreferentzia politikoa ezinbestekoa bada ere, hausnaur egin beza irakurleak berak arazo guzti horien gainean, interesgarri iruditu zaigu itzulpengintza bere barne-giroan ezagutzea, eta horretarako ekarri dugu orrialde hauetara Jexux Zabaleta, duela hamar urte pasa Donostiako Itzultzaile Eskola bultzatu eta hasi zuen itzultzaile eta irakaslea.

 

        — Hamar urte eskolan. Eskolari buruz, zein ziren hasierako helburuak eta zein dira gaurkoak? Alderik ba al dago?

        — Helburutan, seguraski, gauzak aldatu dira. Hasieran Euskaltzaindiak sortu zuen, ikusiz bazetorrela itzulpen premia handi bat; Administrazioa hasita zegoen, horrentzako itzulpen batzu egiten ziren, hiruzpalau bat Udaletxetan bazeuden itzultzaileak eta eskaria zegoen beste lekutatik ere, eta ez dakit momentu hartan zenbateraino pentsatuko zen komunikabideetan, seguraski bai, komunikabideetan ere jadanik pentsatzen hasita zegoen, ze, telebistaz eta hitz egiten hasita zegoen. Orduan, sortu zen premia horiek betetzeko, geroztik beste bide batzu ere sortu dira, horien alor batzuri erantzuna emateko, administrazioarena batez ere, baina, sortu, horretarako sortu zen. Eta sortu zen baldintza batzurekin, esate baterako, Euskaltzaindiak utzi eta Euskal Gobernuak hartu behar zuela. Eta, hasi ginenean, gorabehera handiak izan ziren eta horren ondoren sartu zen krisian. Gero, beste problema zen zein baliapide zeuden orduan eta hor badago garai hartan bertan egindako inkesta bat, "Euskera"n argitaratua, nahiko ongi erakusten duena zein egoeratan geunden. Ez dakit zenbatek, baina hogei bat euskara-itzultzailek edo erantzundako inkesta da, eta zer prestaketa edo zeukaten galdetutakoan, oso oker ez banago, bakarra zen hiru liburu irakurritakoa itzulpenari buruz; beste pare bat zen liburu bat irakurritakoa, Mounin-ena, eta gainontzeko guztiak, batere ez. Beraz, sena eta aurrera. Alde horretatik, eskola hasi zen lehendabizi materiala biltzen eta berehalaxe ikusi zen materiale hori egon ere asko-asko ez zegoela, oso formalizatuta behintzat ez, ez zegoela itzulpenaren zientzia bat.

        — Esan duzu hogeiren bat itzultzaile bazirela momentu hartan, alegia, itzulpenak egindakoak zirela haiek. Eta euskal literaturaren historian itzulpen asko dira; horiek ere kontutan hartu zenituzten hasiera batean?

        — Hasiera-hasieratik hartu ziren horiek kontutan. Lehendabizi bildu, eta gero interpretatu ea zein joera izan diren bitartean. Bazegoen horrelako azterketa jeneral xamar bat, baina ez oso zehatza, ze, azterketarako baliapide eman behar zuen teoria —eta nolabait estiloak eta definituko zituena— ez zegoen batere landuta, bazeuden Ljudskanov-en lan batzu eta horrelakoak, baina gauza askorik ez. Horrek badu horrelako teoriatxo bat, itzulpenean zein aro izan diren eta abar agertzen duena. Orduan, planteatu zitekeena zen ea hemen ere zein aro izan diren, eta geroztik konturatu gara horren azterketa Alemanian Herder-ek eta egina zutela, baina hori orain agertu da batez ere, Frantzian, testologiaren aldetik. Baina garai horretan, oraindik, itzulpenaren historia aztertzeko ez zegoen horrelako aparato teorikorik, orduan, zer egin? Ezagutu, konparatu testuak, nola jokatzen zuten batek eta besteak eta piskat imajinatu zein egoeratan itzultzen zen garai haietan, zenbat itzultzaile zeuden, zenbat itzuli zuen bakoitzak, ze, itzuliz ere eskola asko egiten da, guk egin dugun bezala, itzuliz egin dugu eskolaren parte handi bat. Beraz, zenbat eta gehiago itzultzen zuen, zenbat eta inguruan itzultzaile gehiago zeukan, seguraski itzulpenan buruz eztabaidatzeko posibilidade gehiago zeukan eta pentsatzeko posibilidade gehiago.

        — Euskara berezia da. Elkarpuntuak askoz ere ugariagoak izango dira euskara-frantsesa edo euskara-ingelesa edo euskara-espainola aztertzen bada baino...

        — Problema bat da. Teorikoek, gehienbat, jokatzen zuten antzeko hizkuntzekin edo: frantsesa eta alemana, frantsesa eta ingelesa eta gero horietatik ondorio batzu ateratzen dituzte. Teoriko nahiko inportanteak ere izan dira —eta seguraski gehien aurreratu dutenak— Errusian. Gero problematika handia sortu da hizkuntza bereziekin, hain zuzen ere hebraiera eta aramierarekin; itzulpenaren teoriaren parte inportante bat Bibliaren itzulpenaren inguruan egin baita. Hemengo gaur egungo itzulpena aztertzeko, beste problema batzu ere badaude, ez baitira bi hizkuntza bakarrik aztertu behar, baizik eta itzultzailea eta hizkuntza horien erabiltzaileak zein egoeratan dauden. Esate baterako, euskal itzultzaileak erdara kurioso xamar ezagutzen du, eta euskara ere bai, eta nahiko txikitatik biak, baina seguraski hausnarketa handirik ez du egin, bien arteko konparaketa zehatzik ez du egin eta euskara eta erdara kutsatu egiten dira era nahiko nabarmenean.

        — Tradizionalki latinetik izan dira itzuliak testu asko.

        — Bai. Eta gainera latinetik itzuli zuten euskal itzultzaileek latinez bazekiten, baina latina zekiten beren karreratan informazio asko latinez jasoa zutelako, beren ikasketak eta beren jakintza mundua, puska handi batean, latinez egin zutelako, baina beste puska handi batean gaztelaniaz edo frantsesez, eta gurea erdaraz da, eta euskarazko itzultzailearen mundu literarioa ere bai. Gero, sarritxotan ahazten da, baina baita euskal idazlearena ere. Orduan, hemen problema asko dauzkagu, alde batetik, euskara eta erdara oso ezberdinak direlako, beste aldetik, egoera ezberdinean daudelako. Pentsatu orain dela 20-30 urte zer nolako gorabeherak izan diren, ez hatxearen edo aditzaren kontura bakarrik, baizik eta hitz inportazioa eta maileguak eta horiek, zenbat gauza sartu diren batera eta euskararen barnetik bertatik zenbat aldaketa, golpetik, horiek denak asimilatu dira? Horiek denak zabaldu dira? Zer nolako irakurlegoa daukagu baita ere? Irakurlegoaren egoera ere desberdina da, euskal itzulpenaren irakurlegoa ea nolakoa den, ohituta dago itzulpenak irakurtzera? Ohituta dago euskaraz irakurtzera? Sinplifikazioa ez den pentsamendura? Zenbait autore moderno euskararen hainbat profesionali zaila egiten zaio...

        — Azkenaldi honetan itzulpenak ugaritu egn dira. Hamar urte pasatu dira, eta zer alde nabarmendu da?

        — Teoria gehiago ezagutu dira eta batzu baliagarriagoak, eta hemendik kanpora ere material dexente agertu da hizkuntzak konparatuz, ez hizkuntzak baizik eta hizketak konparatuz. Orain, esate baterako, jendea konturatu da gramatika klasikoarekin ez dagoela euskara eta erdararen komunikazio funtzio dinamikoen korrespondentzia-sistema bilatzerik. Orduan, jendea hasi da jadanik diskurtsoaren gramatika aztertzen, nola jokatzen duen, editen duen, nola eratzen den diskurtsoa euskaraz. Esate baterako, esaldiaren ordenari buruz tesi bat badago eta beste hainbat jende hori aztertzen. Seguraski hori da gairik inpontanteenetako bat, seguraski hor dago euskararen karakteristika bereziena; karakteristika bereziena esatea beharbada asko da, baina hor badaude hainbat baliapide itzulpena bideratu dezaketenak, eta itzulpena hobetu dezaketenak. Orduan, aurreratu da asko? Ba, seguraski, ari diren itzultzaileen artean gai hauek oraindik nahiko berriak dira, oso zabalduta ere ez daude eta lehen bezalatsu jarraitzen dugu, ez gaude askoz ere hobeto. Beste hainbat prolema baditugu, nola pilatzen den esperientzia, baldintza organizatiboak, bakoitza bere aldetik ari baita, asko eta asko komunikazio funtziorik betetzen ez duten testuak itzultzen. Beraz, inolako kontrasterik ez dute. Itzulpenak badauka tranpa bat, mortala, eta euskal itzultzaile asko eta asko erortzen ari da bertan; hau da, itzulpenean ari denak testu bat itzultzen duenean, beste testu bat sortzen du sorburuko hizkuntzan, baina oso abilidade handia behar da hura kontrolatzeko. Itzulpena egitean, lehendabizi bi, hiru edo lau aldiz irakurri behar izan du jatorrizko testua, lehen irakurketan ez da jasotzen itzultzeko behar den informazio guztia, orduan, bi, hiru edo lau aldiz irakurrita, buruz ere errepikatzen da berriro, orduan, sortu duen testua nahiko gaizki egonda ere, jatorrizko testua gogoan du, eta ulertu egiten du, eta komunikazio funtzio hori betetzen ez badu, inor ez da saiatuko testu hura ulertzen, inorentzako kontrasterik ez du testu hark eta poliki-poliki itzultzaile horrek soziolektoa ez, monolektoa sortuko du: berak soilik ulertzen duen hizkuntza. Zenbait alorretan hori gertatzen ari da: monolekto dispertsio bat. Hori itzultzailearentzat oso peligrosoa da, ikaragarri traidorea.

        — Nola jakin dezakegu, jatorrizkoa ezagutu gabe, itzulpena ona ala txarra den?

        — Itzulpen bezala ongi dagoen ala ez, ez dago jakiterik. Jatorrizko testuarekin konparatu behar duzu, orain txarra dela sospetxa hartzeko oharpenak badaude. Jatorrizko testua definitzen duten berezitasunak puntuz puntu, lehendabizi testua egiteko modua, eta gero testuak segmentu bakoitzean dituen konnotazioak, lokuzioak, konparazioak eta elementu guztiak ea jasota dauden ala ez. Irudi horietako asko eta asko informazioari dagozkionak dira, baina informazioak badu egoera bat testuan. Informazioa izan daiteke argia, irakurterraza, eta ez bakarrik honi, baizik eta askotan begiratu behar da jatorrizko testuaren nolabaiteko kontzeptualizazio ordena ere, alegia, txistean gertatzen dena, txisteak, aldrebes kontatuta, ez daukala graziarik. Askotan erlatibo txar batek txistea hondatu egiten du, kontzeptualizazioaren ordena aldatu egiten duelako. Hori dena, jatorrizko testuarekin konparatuz begiratu beharko da. Harekin begiratu beharko da, baita ere, jatorrizko testua nola definitzen den bere garaiko literaturaren barruan, nola isladatzen duen haren konplexutasuna, haren sinpletasuna. Badaude estilo batzu askoz ere hizkuntzari atxekiagoak direnak kontzeptualizazioari baino, orduan hori ere begiratu egin behar da, eta jatorrizko testuaren arauera bakarrik jakingo duzu. Non dago, esate baterako, Mitxelenaren adibidea, betikoa, beti esaten dena: "hauetxek dira bila nenbiltzan adibideak", nenbiltzan euskaraz ez dago, baina zentzuz, auditorioko inor ez da konturatzen, zergatik ez? "Lo que bien suena, bien está gramaticalmente", eta gero hortik aurrera gramatikalarientzako problema izango da, ea zergatik dagoen ongi eta hizkuntz perfekzioaren fenomenologia aztertzen dutenek esan beharko dute zergatik dagoen ongi. Dena den, nik beti izango dut eskubidea, euskarazko distortsioz beteta dagoen testu bat, seguraski itzulpen txarra dela esateko. Esate baterako, Faulkner-ek ez zukeen hain nekoso idatzi..., seguraski. Hala ere, beti eduki ditzakezu sorpresak, esate baterako, Joao Guimaraes Rosa-k, "Primeiras Estorias" bere liburuaren gaztelaniazko itzulpenaren sarreran esaten du frantsesek eta ingelesek gehiegi argitu dutela bere testua, berak ez zuela hain garbi hitz egin nahi, ez zuela hain arrazionalki hitz egin nahi, orduan, hain arrazionalki hitz egin nahi ez bazuen eta itzultzaileek arrazionalizatu egin baldin badiote testua..., kasu horretan, aldrebes da; itzulpen hobea ematen duena, beharbada, txatxoagoa da, isladatzen ez duelako autorearen hitz egiteko modua. Baina hori da gutxien gertatzen dena, gure hemengo itzulpenetan, tamalez, alderantziz gertatzen da; beti dago ihesbidea, beti egongo da arrazoi bat ihes egiteko: euskal irakurlea ez dago preparatuta halako testuak euskaraz irakurtzeko edo euskara ez dago preparatuta hain ongi emateko, sortu egin behar dira elementuak.

        — Garbi dagoena, beraz, itzultzaileak aldez aurretik ezagutu behar dituela —eta behar bezala— autorea, obra, eta abar; baina ez dut uste hori hemen gertatzen denik...

        — Seguraski ez da hori gehiegi gertatzen inon, hori da desideratum-a. Nolanahi ere, nik ez dut uste euskal itzulpenaren kalte eta gaitzik handiena hori denik. Niri gehiago iruditzen zait euskal itzultzaileak, bataz beste, erredaktore den aldetik duela akatsik handiena, eta, hortaz, itzultzaileak gehiago idazleak baino, jatorrizko testuaren eragina duelako. Itzultzaileak etsai du testua, idazleak ez du testurik, testua berak sortzen du, hizkuntzarekin batera. Itzultzaileak testua badauka, mezua definituta dauka, bere eduki eta maila guztietan; hor dago aldea. Baina hemengo problemarik inportanteena, nire ustez, erredakzio problema da. Besterik ere badago hemen: oraindik euskararen erabilera heraldiko bat, eta nahikoa da euskaraz idaztea eta k edo z-z betetzea edo x-ez eta betetzen duten papera, Errusiako almirante bat txapaz bezala, dena medailaz.

        — Aipatu duzun euskararen erabilera heraldikoa, batez ere, administrazioan gauzatzen da, eta beste arlo batzutan ere bai, noski. Baina literaturan, eman dezagun, euskal liburu erosleak eskatzen du nolabaiteko kalitatea, ezta?

        — Ni ez nago hain konbentzituta, nik uste dut prejuizio mordo bat dagoela. Lehendabizi egoeraren definizioa bukatuko dut.

        Euskal itzultzaileak itzultzen du bi hizkuntza oso ezberdinetan beti, eta nahiko modu onean ezagutzen ditu biak, baina bi hizkuntza horiei buruz erreflesio askorik egin gabe, ze, sozialki ez da egin hausnarketa hori; hau da, euskara eta erdararen arteko konparaketa. Orduan, bere ikasketan ez du konparaketa sistematiko hori egin, eta hori pagatu egiten da. Geno, gainera, testuak ez du askotan komunikazio funtzio hori betetzen; eta nolako testuak! Zuk itzuli ezazu euskarara "Vizcaya es el territorio sobre el que menudean en abundancia más escasa las referencias de época romana", hau da, "menudear en abundancia" bale, baina "escasa", ¡y todavía más!; ea nondik heltzen zaion, eta horrelakoak parra-parra. Edo, "los caminos de acceso están poblados de exhuberante vegetación matórrica"... Era horretako testuak, mordoa tokatzen dira, orduan, testu txarrak dira itzultzeko, ze, testu ona berehala antzematen duzu eta derrepentetik ulertzen da.

        Euskal itzultzaileak itzultzen du, askotan, definitu gabe dauden hizkuntza maila eta teknolektoetara; hau da, bera ari da sortzen hizkuntza mailak. Literarioa, esate baterako, ez daukagu bariedaderik, orduan, guk sortu behar dugu argot bat, geuk sortu behar dugu argotaren islada literarioa, argota egon egongo da, beharbada, baina argota ez da zuzenean joaten letra idatzira edo beste medioetara. Argota ez da agertzen besterik gabe telebistan, agertzen da argotaren islada, argotarekin identifikatzen dena. Orduan, euskaraz, islada hori itzultzaileak sortu behar du neurri handi batean, ez daudelako maila horiek definituta. Azken finean, itzulpenaren bidez ari da, neurri handi batean, definitzen hizkuntza.

        — Badirudi itzultzaileak arlo asko eta askotan aurrea hartzen diola idazleari berari. Hori ez da oso grabea?

        — Bai, hala gertatzen da, eta idazlea ez al da, askotan, esplizitoki itzultzailea, eta beste askotan, inplizitoki itzultzailea? Idazlea, puska batean, itzultzailea da.

        — Idazlea puska batean itzultzailea...?

        — Itzulpen eginkizuna egiten du; ez dut esan nahi itzultzailea denik, baina itzulpen eginkizuna egiten du.

        — Eta alderantziz; itzultzaileak idazlea behar du izan? Literatura itzultzeko, itzulpen ona egiteko, derrigorrez literato izan behar da?

        — Nik uste dut literatoak bi alderdi dauzkala: bata da kontzeptualizazio literarioa eta bestea erredakzioa. Orduan, erredakzioaren sentsibilitate hori behar du idazle bezala. Itzultzaileak jatorrizko testuaren erredakzioan agertzen diren elementu guztiak hartu ohi ditu idazleak apropos egindakotzat; eta askotan ez dira halakoak izango, askotan idazlearen senak hartara eraman dituelako besterik ez da izango erredakzio modu hori. Hau da, halako idazleak nola egiten ditu denborazko esaldiak? Bera igual ez da sekula horretaz pentsatzen jarri, baina itzultzaileak pentsatzen hasi beharko du ea hark zergatik egiten dituen horiek eta erabaki horren parekoa zein den. Alde horretatik sentsibilitate ikaragarri fina beharko du izan itzultzaileak, hau da, nik ez dut itzultzailea ikusten literato bezala, unibertso autonomo batzu sortzen dituen pertsona bezala, hori beharbada ez da, baina bada erredaktorea eta bada estilista, edo izan behar luke, eta gainera zenbat eta egoera horiek definitugabeago egon, orduan eta estilistago. Orduan, euskal itzultzaileak izan behar du, ona izan nahi baldin badu, sekulako estilista, hemen itzulpenak bete behar duen funtzioa beteko badu.

        — Sekulako estilista izan behar du; baina nolakoa da errealitatea?

        — Zuk hartzen dituzu haurrentzako euskal testuak adibidez, edo gaztetxoentzakoak, irakurtzen dituzu eta esaten duzu: hau gaizki dago eta hau gaizki dago eta hau gaizki dago. Ez dago gaizki gramatikaren arauera, baina hau ez da irakurtzen erraza, hau gozagaitza da, distortsioa, traba, estorbua eta enbarazua. Orduan, hori hainbeste agertzen dela eta hain segidan agertzen dela..., horiek ez dira euskalkiak, hori da gutxitxo jakitea. Nik ez dut ikusten hainbeste lantzen denik testua euskaraz, behanbada erdaraz ere ez e? Jende asko ari da kexatzen gero eta okerrago idazten dela.

        Hori dena ezin da aztertu gramatikanen aldetik, gramatika guztien bedeinkazioak egingo dituzte baina ez dute etorria eta testuaren labaintasun hori... Begira, hizkuntza alde horretatik, hizkuntzaren pertzepzioa ikaragarri fina da. Nik ez dakit pertsonak, jaiotzen denetik hiltzen den arte, zer egiten duen gehiago, arnasa hartu ala hitz egin; bere buruarekin, besteekin... Orduan, hainbeste erabilitako tresnak egon behar du fin, tarteko distortsio guztiak harrapa bait daitezke. Uste dut arazoa handia dela, baina iruditzen zait sentsibilitate piskat ari dela sortzen.

        — Zer bide aukeratu behar dugu; klasikoena, hizkuntza mintzatua...?

        — Ez dut uste hizkuntza mintzatura bakarrik bueltatu behar denik, ze, mintzatua eta klasikoak, bien artetik atera daiteke. Hizkuntza mintzatuan oinarririk ez daukanak jai du, eta neurria galtzea oso erraza da. Euskara batuago dago espresabideetan —estilistikan alegia— morfosintaxi kontuetan baino. Nabardurak galdu egiten dira eta, gainera, ñabardurak bakarrik ez; pentsatzeko era bat dago hor, erosotasuna ematen diona, erritmo gehiagotan, kadentzia askotan emateko posibilitateak eta horretarako sentsibilitatea behar da oinarri hartu hizkuntza mintzatuan, eta ziur klasikoetan agertzen diren hainbat eta halnbat gauzatan, baina gehientsuenak, hizkuntza mintzatuan entzuten dira. Gero, zeuk hartuko dituzu poliki-poliki klasikoen baliapideak, zeuk sekula hartzerik pentsatzen ez zenituenak.

        — Zer erizten diozu momentu honetan Euskal Herriko argitaletxeek daramaten itzulpen politikari?

        — Argitaletxeek orain artekoa egingo dute: datorkiena hartu, beraiek piska bat programatu; uste dut batez ere umeentzako programatzen dutela, umeentzako elementu salgarria programatzen dute eta fuera. Hau da, nik ez dut sinisten, esaten badidate ere, ez dut arrazoirik sinisteko beste gauzarik egiten dutenik.

        — Beste sail batzu ere badaude, umeentzako ez direnak...

        — Bai, baina hori programatuta dagoenik ez dut askorik sinisten nik eta, itzulpena argitaratzen dutenagatik, zenbat argitaratzen dute? Oso gutxi argitaratzen dute itzulpena, beraz, gutxi argitaratzeko politika, gutxienez txikia da, gutxienez. Orain, zer hartu beharko litzatekeen kontutan? Alde batetik iruditzen zait nahiko arrazoi praktikoak badaudela esateko ba, erdaraz martxan dagoena ez dago zertan itzulirik, baina badaude bi arrazoi kontrara ere, hori nolabait matizatzen dutenak: alde batetik, badaude hainbat obra euskaraz eduki, eduki behar direnak, nahiz eta erdaraz eduki, oinarrizko jakintza unibertsala direlako. Obra horiek, normalean, klasikoenak dira. Eta erdaratik itzuli behar da beste arrazoi batengatik: guk literatura gehiena gaztelaniaz edo frantsesez jaso dugu, badator jende bat hori euskaraz egin lezakeena, eta komeni zaigu jende hori lantzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.