|  
              
               
 
 
Hitz neurtuak
 
 
 
Larrosak, noizean behin
 
 
 
Jon Iriberri
 
 
 
 
 
Azken benetako amodio poema
 
 
 
Gizonak
 
mahai gainean uzten du edalontzia; 
 
biluzik, 
 
patrikaren hondoan arakatzen du, 
 
harrotuz
 
amodio zaharren hautsak, aspaldian hotzak.
 
 
 
Bistatik
 
arrapala batean pasa zaizkio:
 
begiak, 
 
ipuin eske zebiltzan ezpain umelak, 
 
lepoak 
 
beso lagun batzuren behar gorrian, 
 
bidaiak, 
 
behebarruak, parkeak, gutun bigunak.
 
 
 
Gizonak
 
aspaldi ez du galderik ispiluarentzat; 
 
erlojuari samur so egin ondoren, 
 
azken poema hauxe izkiriatzen du.
 
 
 
 
 
 
 
Lehen adbokazioa
 
 
 
Zain itzan heure larrosak:
 
urezta itzan ur gardenez 
 
ilunabarrero
 
eta behatz punttekin 
 
xamur zipristinddu 
 
hosto, lore, arantza eta ernamuinak.
 
 
 
Gorde itzan heure larrosak 
 
eguzkiaren astunak 
 
ez ditzan ximel galdu 
 
hatzapar hori goriez;
 
 
 
estal itzan heure larrosak 
 
satiroen mihi, begi zorrotzetatik 
 
beira zabal, ilun, lotsakor batez.
 
 
 
Zain, gorde, estal itzan 
 
heure larrosak;
 
eta ez hadi larregi kezka 
 
neguaren ezinbesteko etorreraz;
 
 
 
ez hadi larri
 
hosto, lore, arantza eta ermuin 
 
hutsaren hurrengo izango badira 
 
denbora ankerraren 
 
oinots azkar isilen 
 
iragan ostean.
 
 
 
 
 
 
 
Bakarkako lana
 
 
 
Bakarkako lana da bizitza.
 
 
 
Bakarrik noizean behin 
 
larrosaren bat opa digu patuak
 
begira
 
mira
 
desira
 
dasta dezagun, 
 
eta une batez aserik 
 
bidera lasai itzul gaitezen.
 
 
 
Bizitza bakarkako lana da; 
 
baina, inoiz edo behin, 
 
binaka jartzen gara 
 
argazkiarendako.
 
 
 
Esperentzat
 
 
 
 
 
 
 
Ez dut besterik oroitu behar:
 
 
 
gaua
 
muga ezagun bariko laberintoa zen, 
 
noraezean norbera ate bila galdurik, 
 
itsastxoria armairu ispiluan bezala, 
 
Grezia zaharrean sonbreiru baten tez.
 
 
 
          Gero
 
oroitu behar ez dudana:
 
 
 
begiak ixtean argia egiten zela; 
 
arrotz usain harek nerea zemala; 
 
piano beltz hura
 
haginka zebilela argia puskatzen; 
 
munduaren gunea 
 
ezagutzeaz harro dauden behatz hauek 
 
jolasean galdurik zure adats beltzez.
 
 
 
          Gainontzerakoaz,
 
ez dut ezer oroitzen, ez naiz gogoratzen.
 
 
 
              
              |