Ai gureak balira!
Esan baietz
Platerak garbitzen ari ziren; andreak garbitu eta berak lehortu egiten zituen. Aurreko arratsean berari tokatu zitzaion garbitzea. Ezagutzen zituen gizonezko gehienek ez-bezala, berak benetan laguntzen zuen etxean. Entzuna zuen ilabete batzu lehenago nola emaztearen lagun batek zorionak ematen zizkion halako jator portatzen zitzaiolako senarra, eta bere artean egiten zuen: saiatu egiten naiz, behintzat. Platerak garbitzen laguntzea zuen, hain zuzen, bere jatortasuna erakusteko modua.
Honetaz eta hartaz ihardun zuten eta nola ez zekitela, zuriek beltzekin ezkondu behar ote zuten eztabaidatzen ari ziren aurki. Berak esan zuen ez zitzaiola, alderdi guztiak kontutan harturik, burubide zuzena iruditzen.
Zergatik? galdetu zion andreak.
Zenbaitetan emazteak halako aurpegikera erakusten zuen, kopeta zimurtu, beheko ezpainari kosk egin eta begirada lurrerantz tinko. Hala ikusten zuenean, bazekien isiltzeko tenore zela, baina ez zen inoiz isiltzen. Egia esateko, gehiago hitzegitera bultzatzen zuen horrek. Aurpegikera horixe zeukan oraintxe.
Zergatik? galdetu zuen berriro andreak, eta eskua katilu batean sarturik gelditu zen, ur gainean eusten ziolarik, garbitzetik geratuta.
Hara esan zuen berak. Ni ibili nintzen eskolan beltzak zeuden eta beltzekin lanean ibilia naiz eta haiek bizi ziren kale berean bizi izan naiz, eta ondo konpondu gara beti. Ez etorri, beraz, orain aditzera emanez arrazista naizelako konturik.
Nik ez dut ezer aditzera eman esan zuen andreak, eta katilua garbitzeari ekin zion, eskuan bueltaka erabilirik, forma ematen ari balitzaio bezala. Esan nahi nuena zen ez dakidala zer daukan txarrik zuri bat beltz batekin ezkontzeak, besterik ez.
Beste kultura batean haziak dira. Entzun besterik ez daukazu, hizkuntza ere berezia dute. Niri oso ondo iruditzen zait, gustatu egiten zait haiek hizketan entzutea (egia zen; auskalo zergatik, atsegin gertatzen zitzaion beti), baina desberdina da. Haien kulturako pertsona batek eta gure kulturako batek ezin dute inoiz benetan elkar ezagutu.
Zuk ni ezagutzen nauzun bezala? galdetu zion andreak.
Bai. Nik zu ezagutzen zaitudan bezala.
Hala ere, elkar maite badute... esan zuen andreak.
Orain azkarrago garbitzen ari zen, berari begiratzeke.
Orain ere badugu, pentsatu zuen berak.
Ez da nik hala diodalako esan zuen. Hortxe dauzkazu estadistikak. Halako ezkontza gehienek porrot egiten dute.
Estadistikak esan zuen andreak. Arrapaladan ari zen platerak xukagailuan pilatzen, zatarra ganoragabe pasaz. Askok koipea gaizki kenduta zeukaten, eta janari hondarrak geratzen ziren sardesken hortz tarteetan. Ongi da, eta zer gertatzen da atzerritarrekin? Gauza bera pentsatuko duzu noski atzerritar batekin ezkontzearen gainean.
Ba bai esan zuen berak, halaxe da. Nola irits zaitezke beste giro erabat desberdin batetik datorren norbait ulertzera?
Desberdina esan zuen andreak Ez giro berekoa, gu biok bezala.
Bai, desberdina esan zuen berak, andrearekin haserre, bere hitzak itsusi edota hipokrita ziruditen moduan errepikatzeko joko gaizto hartaz hala baliatzeagatik. Hauek zikinak daude esan zuen, eta zer guztiak atzera harraskara bota zituen.
Ura arre zegoen, aparrik gabe. Andrea harixe begira geratu zen, ezpainak estuturik, eta gero brasta sartu zituen eskuak.
Oh! oihu egin zuen, atzerantz salto eginez. Eskuin eskumuturrari beste eskuaz heldu, eta hantxe jasota eutsi zion. Erpurutik odola zerion.
Ez mugitu, Ann esan zion. Gelditu hortxe.
Eskaileretan gora lasterka ekin zion. Bainugelara sarturik, alkohola, kotoia, eta tirita bat bilatu zituen botiken armairutxoko gauzen artean. Sukaldera itzuli zenean, andrea hozkailuari helduta zegoen, begiak itxita, artean ere eskuari lehenean eutsiz. Eskutik oratu eta kotoiaz garbitu zion atzamarra. Odola geratuta zegoen. Zanpatu egin zuen, zauria sakona ote zen ikusteko, eta odol tanta bakar bat jaulki zen, dardarati, distiratsu, eta lurrera erori zen plaust. Atzamarraren gainetik, begiratu akusatzaile bat luzatu zion andreak.
Axalekoa duzu esan zuen berak. Biharko gogoratu ere ez zara egingo.
Jakingo ahal zuen aintzat hartzen nolako azkartasunez abiatu zitzaion kontu egitera . Andrearen on behar hutsez jokatua zen horrela, ezeren ordainik espero izateke, baina detaile polita izango zela iruditu zitzaion orain atzera lehengo hizketagaiari ekingo ez balio, gogaiturik baitzegoen jadanik.
Neuk bukatuko dut hemengoa esan zion. Segi esertzera.
Ongi da esan zuen andreak. Nik lehortuko ditut.
Berak ontziak berriro garbitzeari ekin zion, kontu handia ipiniz sardesketan.
Hortaz, beltza izan banintz ez zinen nirekin ezkonduko esan zuen andreak.
Jainkoaren izenean, Ann!
Zera ... horixe esan duzu, ala?
Ez horixe. Barregarria da kontu guzti hau. Zu beltza izan bazina, seguru asko ez genuen elkarren ezaguerarik egingo. Zuk zeure lagunak izango zenituen eta nik neureak. Benetan ezagutu dudan neska beltz bakarra eztabaidataldean egokitu zitzaidan kide bat izan da, eta ordurako zurekin ateratzen ari nintzen.
Baina, hala ere, guk biok elkar ezagutu eta ni beltza banintz?
Orduan zu seguru asko beltz batekin ateratzen ariko zinen.
Xaboia kentzeko dutxa hartu zuen eta ontziak ureztatu. Netalea urdin argi jarri zen, hain zegoen bero ura, eta gero zilarraren tonura etorri zen ostera.
Eman dezagun ez dagoela halakorik esan zuen andreak. Eman dezagun ni beltza naizela, eta ez dudala konpromezurik, eta elkar ezagutu eta maitemintzen garela.
So egin zion andreari. Berari begira zegoen, begiak ñir-ñir.
Hara esan zuen, zentzuzkotasunez jantziriko tonuan, honek ez du ez buru eta ez hankarik. Beltza bazina, ez zinateke zeu izango. Esateaz bat erreparatu zen guztiz egia borobila zela. Ezin zen inolaz ere ukatu beltza izatezkerotan ez zela bera izango. Etaha laxe errepikatu zion: Beltza bazina, ez zinateke zeu izango.
Badakit esan zuen andreak, baina eman dezagun hala dela.
Arnasa hartu zuen, sakon. Bere alde erabakita zegoen auzia, baina ihesbiderik ez daukan ehiza bezala sentitzen zen, haatik.
Eman dezagun hala dela zer?
Ba beltza naizela, eta artean ere ni neu naizela, eta maitemindu egiten garela. Ezkonduko al zinateke nirekin?
Pentsati geratu zen.
Eta? esan zion andreak, hurreraturik. Begiek ere dirdai biziagoa ageri zuten. Ezkonduko al zara nirekin?
Pentsatzen ari naiz esan zion berak.
Ez zara ezkonduko, badakit. Ezetz esango duzu.
Ez gaitezen azkarregi ibili esan zuen berak. Gauza asko hartu behar da kontutan. Ez dugu gero bizi guztian damutuko zaigun pausorik eman nahi noski.
Ez pentsatu gehiago. Bai ala ez.
Horrela planteatzen baduzu...
Bai ala ez.
Jesus, Ann. Konforme. Ez.
Eskerrikasko esan zion andreak, eta sukaldetik alde eta egongelara joan zen.
Handik gutxira aldizkari baten orriak pasatzen entzun zuen. Bazekien haserreegi zegoela irakurri ahal izateko, baina ez zituen orriak zirti-zarta pasatzen, berak egingo zuen bezala. Astiro-astiro pasatzen zituen, hitz bakoitza aztertzen ari balitzan. Bere indiferentzia agertzen ari zitzaion andrea, eta hark nahi zuen eta berak ondo zekien efektua zuen jokabide horrek. Min ematen zion.
Bere aldetik ere indiferentzia berdina agertzea beste aukerarik ez zuen. Isil-isilik, konturik handienaz, geratzen ziren ontziak garbitu zituen. Ondoren, platerak lehortu eta gorde egin zituen. Sukaldeko mahai gainean zapia pasa eta linoleumean eroritako odol tanta ere garbitu zuen. Hartaraz gero, zoru guztia garbitzera deliberatu zen. Bukatu zuenean, sukaldeak berria zirudien, etxea erakutsi zieteneko itxura bera zuen, bertara bizitzera etorri aurretik.
Zakar-kuboa jaso eta kanpora atera zuen. Oskarbi zegoen gaua, eta izarren batzu ikus zitezkeen mendebal aldera, hiriko argiek izkutatzen ez zituzten lekuan. Kaminoan, arin eta monotono zihoan autoen ibilia, ibai baten antzera patxadatsu. Lotsatu egin zen andreak halako muturjoka bateraino eramaten utzi izana . Handik hogeitamarren bat urtera hilda egongo ziren biak. Zer axola orduan hura guztia? Elkarrekin bizi ziren urte mordoaz pentsatu zuen, zein batuta zeuden eta zein ondo ezagutzen zuten elkar, eta korapilo bat egin zitzaion eztarrian, arnasa hartzen ere nekez uzten ziona. Halako pirpir bat somatu aurpegian eta lepoaldean. Berotasun halako bat zeukan bihotzaren lekuan. Hantxe geratu zen piska batean, sentsazio haiek gozatzen; gero, kuboa hartu eta jardineko atzeko atetik irten zen.
Kale muturreko bi txakur xixtrinek behin berriro iraulia zuten kubo kolektiboa. Bietako bat lurrean ihauska zebilen eta besteak zerbait zeukan ahoan. Marmar eginez, airean bota zuen eta jauzi batez harrapatu; gero marmar egin zuen berriro eta buruari eragin alde batetik bestera. Gizona hurbiltzen ikusi zutenean, hanka egin zuten txakurrek, pauso laburrez. Normalean harrika ekingo zien, baina oraingoan joaten utzi zien.
Etxea ilunpetan zegoen atzera sartu zenean. Andrea bainugelan zen. Ate aurrean geratu eta hots egin zion. Fraskoen talka hotsa entzun zuen, baina erantzunik ez.
Ann, benetan sentitzen dut esan zuen. Konpentsatuko zaitut, agindu egiten dizut.
Nola? galdetu zion andreak.
Ez zuen galdera horixe espero. Ahotsaren jiteagatik, ordea, lasaitasuna eta deliberamendua baitzerion tonuari, zegokion erantzun justua aurkitu behar zuela konprenitu zuen. Atearen kontra jarri zen.
Ezkonduko naiz zurekin xuxurlatu zuen.
Ikusiko dugu esan zuen andreak. Segi ohera. Berehalaze naiz zurekin.
Arropak erantzi eta ohera sartu zen. Halako batean bainugelako atea ireki eta atzera izten entzun zuen.
Itzali argia esan zion andreak sarreratik.
Zer?
Argia itzaltzeko.
Eskua luzatu eta ohe ondoko mahaitzoko lanpararen kateskatik tira egin zuen. Ilunpetan geratu zen gela.
Listo esan zuen.
Zain egon zen, baina ez zen ezer gentatu.
Listo esan zuen berriro.
Orduan mugimendu bat entzun zen gelan. Ohean esertzera egin zuen, baina ezin izan zuen ezer ikusi. Isilik zegoen gela. Taupaka hasi zitzaion bihotza, elkarrekin pasa zuten lehenbiziko gauean bezala; ilunpetan hots batek iratzarri eta berriro entzun zain geratzen zenean bezala... etxean barrena mugitzen zen norbaiten hotsa, arrotz batena.
|