Hitz lauz
Eustakio Mujikaren atzazalak
Karlos Linazasoro
1991ko "Gabriel Aresti" ipuin lehiaketan akzesita
... bai, Patxi, bai, oraingo honetan ederki igo gaituk Belamenditarrak, aparra bezala, ziri bat ez litzaioke gure aitari ipurtzulotik kabituko nola gauden jakingo balu gizonak, amak berriz zer esanik ez, hori duk karreroia egin diaguna hori!, Sailburuarengana ere iritsi omen dituk nere azken betekizunaren oihartzunak, bai, moteil, bai, ezagunak omen gaituk oso Lakuan eta Ajuria-Enean, bai, iturri onetik zekiat, Patxi, Gabiriko axeriak jarri omen zigutek motea, ez duk-eta gutxiagorako, amak esaten zian, eta izeba Trinik ere bai, akordatuko haiz, mutill hoik axerik dittuk, axerik!, eta guk barre egiten genian ahizpen ateraldi haiekin, baina ederki hartua zigutean haiek traza eta sena eta nondik norakoa, eta nork pentsatu, e, Patxi?, nork pentsatuko zuen garai hartan Zumarraga eta Tolosako Ertzain-Buruak izaten bukatu behar genianik?, nik ez behintzat, eta hik ere ez noski, goardiazibilen kontra harrika ibiltzen ginuztean-eta!, haiek sasoi eroak haiek!, gero burua asentatu eta urak iturrira bueltatzen dituk, hori izaten duk legea, badakik, Patxi?, oraingo honetan isilarazi dizkiat hainbat esames eta adrausi, bai kolpetik eta bolara luze baterako isildu ere, inbidioso urdekume horiek!, kanpoan nahikoa etsai eta putaseme ez bagenu bezala barruan ostiakeriatan iharduteko, gardamua duk hori, Patxi!, zarama eta jendeari potroak bihurritzeko gogoa, bagenuela Belamendi anaiek entxufe franko Partiduan eta etzekiat ba zenbat ergelkeria gehiago entzun behar izan nizkian egun partetxarreko batean, eta horregatik geundela geunden tokian, nondik bestela ba?, baina orain fnogatu ziet ederki beraiek bainoago ernea naizela ni laputa!, ahoa bete zimaur utzi dizkiat-eta erokirten inbidioso horiek!, ez duk irabazi txarra, ba al duk orain astirik, Patxi?, bai?, beno, orduan kontatuko diat, ez duk azken egun hauetan ahotsa behar bezala entzuten, igoal pintxatu egingo zigutekean, ederki emana!, Ertzaintzari telefonoa pintxatzea!, aunke, Patxi, ez hadi fio, Madrildik ez zegok gauza onik, informazioa lortzeagatik bere ama ere salduko lukete, aluak!, baina tira, noan, noan harira, joan den larunbat goizean gizon bat atxilotu genian, Antonio Peñón, hik ere ezaguna izango duk, Patxi, orain urtebete-edo Zumarragan ganadua lapurtzen harrapatu zenuten berbera, bai, horixe bera, Espainiako Poliziaren IBM guztietan azaltzen omen duk urdekumea, batean atrakoa dela eta bestean lapurreta edo droga edo larrujotze zikina, bai, ez duk sosegu onekoa berau ez!, eta nora itzuli behar eta Tolosara itzuli zen orain lau bat hilabete, sobera jendaila ez balebil lehen ere!, bada esaten nian bezala, ni neroni eta beste bi numero goiz guztia ibili gintzaizkioan atzetik, paisanoz jantzita, Zerkausira zela, taberna batera edo bestera zela, Justizi Plazara zela, noiz profitatu aukerarik onena berau atxilotzeko, edozeinen aurrean atxilotu ezkero igoal jarriko diate-eta sekulako sesioa, herri honetan badakik nola dauden gauzak, Patxi, hormetan-eta asko akordatzen dituk gure amarekin, en fin, askori muturra ez txikitzeagatik, beno, bada azkenik San Frantzisko elizaren atzeko horretan jo eta atxilotu genian gaizkilea, ea zergatik berak, eta nik, kotxepatruilara sartzen genian bitartean, hilketa baten akusaziopean atxilotzen genuela eta isilik egoteko, bere kontra erabil zitzakeela justiziak handik aurrera esandako hitzak eta irribarre egin nioan, berak, Antonio Peñonek, leihatilatik begiratu bat egin eta kabroiak bota zian ozen, nahiz eta esposatua joan errespetoa sortzen zian haren begiradak, ez pentsa, Patxi, nola ote duk posible hainbeste malezia, hainbeste basakeria jesus!, eta behin komiaeldeglen gela batean sartu eta hantxe eduki nian zain, badakik, platerak eta ontziak bezala piska bat beratzen, menpekoei esan niean nik neronek eramango nuela galdaketa baina bada ezpada ere prest egoteko eta talaian, peligrosoa zela gizon hura-eta oso, hala sartu eta lehen unetik bertatik argi erakutsi nioan nork agintzen zuen han eta ez nuela gainera batere presarik, zu al zara orduan Antonio Peñon famatua?, esan nioan salutazio gisan, banuen zu ezagutzeko gogoa, bai, hemen jendea asko ezagutzen omen zaitu, eta nolaz bada berriz zure jaioterrian?, norbaitengandik ihesi, akaso?, eta berak, zigarro bat eta abokatu bat nahi dut, zigarroa neronek piztu eta ezpainetan ipini nioan, abokatua ere laster hemen izango duzu, alferri ordea, oraingoan ez duzu irtenbiderik, Antonio, eta aurrez pentsatu bezala, Patxi, Omega estrategiaz baliatu ninduan kasua aurrera enamateko, barre egiten al duk?, bai, Patxi, bazekiat, hi eskola zaharrekoa haiz, ni ere ez nauk oso berrizale, ez pentsa, aukera ordea primerakoa huen kurtsilo, seminario eta mandanga horietan erakusten dizkiguten teknika berriak aproban jartzeko eta horixe egin nian, Remigio Cortés Morón hiltzeaz akusatzen zaitugu, joan den osteguneko gauerdiko hamabi t'erdietan, Mirandan, El Ruiseñor tabernaren inguruan, eta berak, seko harriturik, nik ez dut halako gizonik ezagutzen eta ni ez naiz sekula Mirandan izan bota zuen haserre, nik orduan patxada ederrean bere konfesioa nahi nuela adierazi nioan, nik ez dut zer konfesaturik!, abokatu bat nahi dut!, izango duzu, izango duzu, baina oraingoan zureak egin du, Antonio ze broma da hau ordea!, putasemeak!, zu urkamendira kondenatzeko behar adina froga dauzkagu, begira, lau lekuko behintzat badauzkagu gau hartan El Ruiseñor tabernan Remigio Cortés Morónekin iskanbila bizian ihardun zinela aitortu dutenak, horrez gain tabernariak berak pistola bat eskutan ikusi omen zintuen handik irteten, eta minutu eskas baten buruan tiro eztanda bat entzun zuela aitortzen du, hori gezurra da!, ni ez naiz sekula Mirandan izan!, nik ez dut halako gizonik ezagutzen!, eta nik, Patxi, lasai baina bizi-bizi estutzen nian madarikatua eta eskua gainean jarri gabe, e!, sikolojiaz, Patxi, Hill Street-ekoak bezalatsu, begira, Antonio, nik ez dut presarik, egun osoa dut aurretik, soilik jakin nahi nuke zergatik hil zenuen, badakizu, nere txostena borobiltzeko, tira, zergatik garbitu zenuen Remigio Cortés Morón?, eta orduan berak chivo expiatorio moduan hartu genuela esan zidakean, erredun bat behar duzue eta ni harrapatu nauzue, putasemeak!, baina koartada bat badut nik esan zian bareturik, koño, koartada bat al duzu?, non izan zinen ostegun gauean?, zinean?, lagunen batekin?, edo, afaltzen?, edo ostegun gauez ez zeunden Mirandan, Madrilen edo Tolosan baizik?, ez Antonio, ez, oraingoan ez zaitu inork salbatzen, frogak dauzkagu, begira egunkari hauek, eta orduan, Patxi, Omega estrategiak eskatzen dian letxe, hainbat egunkariren fotokopia faltsuak eskuratu nizkioan, ikus zezan hilketaren asunto guzti hura benetakoa zela, asesinado en Miranda un hombre llamado Remigio Cortés Morón..., zapatero asesinado de un tiro en la nuca el jueves hacia la madrugada..., según testigos presenciales se sospecha de un hombre de mediana edad..., baina ni ez nintzen ostegun gauean Mirandan izan!, nik ez nuen gizon hori ezagutzen, hau guztia hankasartze bat da!, gero eta larri eta asaldatuagoa gizona, Mirandakoaz erabat sinestuta, begira, Antonio, ni ez nauzu engainatuko, zure konfesioa besterik ez dut nahi, ulertzen?, xehetasun guzti-guztiak dauzkat, zergatik hil zenuen jakin nahi nuke soilik, badakigu non erosi zenuen pistola, zure hatz-arrastoak Remigio Cortésen gorpuan argi eta garbi azaltzen dira, badakigu RENFE-ko geltokian igaro zenuela gaua eta 6,30etako trena hartu zenuela Tolosarantz, hamabi lekukok zure aurpegia ezagutu du ehundaka argazkiren artean, ostia!, nola esan behar dut!, ni ez nengoen ostegun hartan Mirandan hemen baizik, Tolosan!, ez dakit zertan zabiltzan nerekin baina nik koartada bat daukat!, nik ez nuen tipo hori hil!, putakumea gero eta asaldatuagoa, Patxi, beldur piska bat ere ematen zidaan, haiek oihu eta begiratuak, dios!, ia hiru ordu, Patxi, eta kabroiak ez zian hitzik luzatzen, oraindik ordea azken karta gelditzen zitzaidaan jokatzear eta kalipuz ekin nioan berriz ere erasoari, bien, Antonio, bukatu dira jokoak, ez duzu aitortu nahi?, bada ez aitortu, bakarrik gauza bat esan nahi dizut, Remigio Cortés hiltzeko erabili zenuen pistola ere azaldu dela, jakingo duzu non, ezta?, ez ezetzik esan, moteil, hantxe, bota zenuen errekan bertan, Mirandako goardiazibilak atzo hots egin zidan, zure hatz-seinaleak nahikoa garbi azaltzen omen dira uraren eraginak zertxobait ezabatu dituen arren, eta berak orduan, Patxi, bere onetatik seko irtenda, hura guztia gezur eta muntai handi bat zela oihukatuz hasi zitzaidaan, putaseme madarikatuak!, ni ez nintzen Mirandan izan!, nik ez dut inor garbitu!, ni gau hartan Tolosan nengoen!, hori al da zure koartada guztia, Antonio?, gau hartan Tolosan zeundela?, lan handi izango duzu koartada ahul horrekin epailea komentzitzen, ez duzu uste?, ba horixe da egia, bai, ostegun gauez ni Tolosan nengoen, inspektore, sinestu egin behar didazu!, eta nik, Patxi, gupitu itxura jarri eta konfiantza pitin bat eman nioan, badakik, behinkoz hitz egin zezan, bota, Antonio, zure gezurren zain nago, ea zen asmatzen didazun oraingo honetan, eta berak, Patxi, estrainekoz izua begi-ninietan agerian ziala, korajez eta nahas-mahas adieraziko zidaan guztia, begira, inspektore, ni ostegun gauez Tolosan nengoen, horixe da egia, eta nere testimonioa froga dezaket, sinetsi egin behar dit!, ni ez naiz sekula Mirandan izan!, zure egoera larria da oso, Antonio, zure hitzak haizeak eramaten ditu, ez, itxaron, inspektore!, bi lekukok behintzat egiazta ditzakete nere hitzak, Afrodita pubeko kamareroak, bai, han egon nintzen goizalderarte, berak ongi ezagutzen nau, eta Eustakio Mujikak ere bai, inspektore!, nerekin izan zen goizeko laurak alderarte, ni baino lehenago irten zen pubetik baina zalantzarik gabe akordatuko da, adiskide handiak gara, gau hartan seko mozkortuta zegoen baina akordatuko da, bai, hots egiozu oraintxe, berak nere hitzak froga ditzake!, lastima harramazka horiek, Antonio, ez zenuen gizona behar adina mozkortu, baina zer diozu?, zertan zabiltza orain?, zuk, Antonio, ez zenekien Eustakio inuxentea aguante handiko gizona zela, hura ez zela dozenerdi whiskyrekin mozkortzen, eta gogor egin zizun kontra dadoetan irabazitako hogeimila duroak lapurtzeko intentzioz segika joan zintzaizkionean, baina zu erotu zara!, ze broma zikin da hau!, ez, Antonio, hemen ez dago bromarik, eta orduan, bai egon hadi lasai, Patxi, oraintxe bukatzen diat-eta, urdekume hari begietara zorrotz eta hotz begiratu eta irribarre maltzur bat ipini nioan, gizon gogorra zen hura, Antonio, nik piska bat ezagutzen nuen, bai, ederki sartu zizkizun atzazal luze haiek masailetan, makilaz?, edo burniz?, burua txikitzen zenion bitartean, bazekien Eustakio gizarajoak bere mozkorrean zer egiten zuen bai, hantxe daude odol arrastoak, Antonio, atzazal luze haietan, joango gara ikusi nahi badituzu, legeak ematen dizu hainbeste eskubide...
|