Baina ez al dituzte ba zaldiak ere hiltzen?
Felipe Juaristi
Koldo Etxabe *
«Gizonek heriotzaren beldurrez,
elkar hiltzen dute».
Lucrecio
Horace Mc Coy-k bere nobela bat horrela titulatu zuen: «Baina ez al dituzte ba zaldiak ere hiltzen»: Zinemazaleok bera pantallan ikusi ahal izan genuen «Dantza, dantza egin madarikatuok» titulupean. Zaldiak, abereak beren lanetarako ezdeusa direnean hiltzen dituztela frogatu dute gure begiek hainbat eta hainbat pelikula eta errealitate ikusi ondoren. Graziazko tiroa eta bakeroaren bakardadea. Edo zakur ezinduak akatzeko pozoina, medizin asmakizunak, edo bortxakeririk zakarrena zakur deslaiekin bukatzeko. Animaliak direlako gizonek erabakitzen dute haien fina eta azkena. Bizitza zorigaizto bati loturik ez dezatela sufritu. Ez bait dago gauza latzagorik animalia baten oinazea baino. Izugarria benetan, bihotzaren arrailgarri. Gizonok! Lehen aipatu dudan nobelan protagonistak bere lagunari laguntzen dio honek bere burua hil dezan. Pistola tiro bat disparatzen dio, besteak hori egiteko eskatu diolako. Izugarrikeria. Inor ez da gai justizia bere esku ttipiez hartzeko. Horrela dio gizarteak. Eta protagonistaren desilusioa. Eutanasia abereei bai baina ez gizonei ohartzeaz. Baina hori suizidioa zen eta ez eutanasia. Suizidioa eta eutanasia arteko mugak horren definigarriak balira bezala. Badago bizitzeaz gaixo, erremedio, esperantza gabeturik dagoena. Hauentzat beren burua hiltzea hemengo sofrikarioekin amaitzea, behin betirako terapia da. Baina hori ezin daiteke. Jainkoak agintzen duenean, ez lehenago, norberak hil behar du. Horrenbeste katramila mundu honetatik aldegiteko! Hona etortzeko sikiera galdetu izan baligutel Baina horrek ez du erremediorik. Sortzen gaituzte eta hor konpon. Joaneko txartela bakarrik. Sortuak izan garen lekura itzultzeko eskubiderik gabe, geuk nahi izanez gero. «Gizonaren deliturik nagusiena jaiotzea da» (Calderon dixit). «Jaiotzea eragozpena da» (Cioran, noski). Baina (gizarteak dio) inork ezin du Jainkoaren aurka altxatu. (Zaude lasai Sisifo). Gizona Jainkoaren lana denez, inork ezin du lan hori bere kasa bukatu. Aitzaki makala Erruduntasunaren Kulturan. Errudunak kosta ahala bizitzen jarraitzeagatik. Lotsatuak bizitzeagatik. Lotsaren Kultura. Lotsa gizona izateagatik. Animaliei ez zaie sufritzen uzten. Greziarren garaiean, Euripides, Arquilocorentzat arriskutsua zen zoriontsu izatea. Jainkoen pareko izatea bezala. Oraingoan zoriontsu ez izatea. Kondenatuak gaude zoriontsu izatera (1) (a tope buana). Denak horretara bultzalzen gaitu. Gizarteak horregatik laguntzen digu (tururu). Jainkoaren pareko izatea bizitza honi uko egitea. Horregatik, beharbada, dago hain penaturik suizidio eta suizideei laguntzea.
«Hala ere gizonak ez dira zoriontsuak» (Camusek zioen). Eta gizarteak galdu du gizonak aintzinean zuen sinplezia eta ez du eutanasia onartzen. Onartu eta onesten du heroismoa. Termopiletako heroiak, hil arte bizitza eman zutenak. Gerlari bakartiaren sakrifizioa, zauriturik egonik atzean geratuz, lagunek ihes egin dezaten. Termopiletako heroien sorterrian zaharrak sobran zeuden. Dekretoz hiltzen zituzten gaixo, elbarri gerrarako ezgauza guztiekin batera. Hitlerrek ere horrelakorik agindu zuen. (Hitler gorrotatua izan da. Berea aberekeria gisa kontsideratua. Denok horrelakorik gerta ez dadin espero dugu). Inork ez zien hildakoei kontsultatu. Seguruasko asko bizi pozez zegoen artean. Inork ezin du beste inor bere borondatearen aurka hil. Eta egunetik eguneratzen garen bitartean hiltzeko makinaria sendoago, aurreratuago, sofistikatuago. Inork ez zien Hiroshimakoei hil nahi zuten galdetu. Inork ez die kondenatuei hil nahi al duten galdetzen. Bizi nahi duenari bizitzen utzi behar zaio?
Eta heriotza nahi duen batekin zer egin? Freskoa dago oraindik amerikar elbarri baten kasua. «Altzairuzko birika» deitzen den aparatu bati loturik betirako egonik, eskatu zien juezei (Justiziari) ken ziezaioten bizitzari hain artifizialki atxikitzen ziona eta hiltzen utzi. Ezetz. Gurasoek onartua zuten. Hona ekartzeko errespontsabilitatea zutenen baimena zuen.
Mediku gehienak ere eutanasiaren aurka daude eta hala ere beldur gara medikuaren eskuetan jarri behar badugu. Ezertxo ere ez eduki (Lasai, hau berehala sendatuko dizugu) eta kanposantura (Konplikazioak, txo!). Eutanasiaren aurka daude, baina eutanasia praktikatzen da, aktibo edo pasiboki. Erremediorik gabeak, hiltzorikoak ia beren etxera eramaten dituzte hil daitezen, elefanteak beren hilerrietara joaten diren hezala. Aktiboki. Ospitaletan ehundaka jende hiltzen da. Kasualitatez jaiotzen gara, baina ia inor ez kasualitatez hiltzen. «Ezin izan dugu ezer egin» horren atzean zer dago? Nola jakin arima eskuzabal hatek kasu desesperatu bati betirako lasaitasuna eman ez diola? Ez da gehiegi behar gaiso, zahar bati bizitza kentzeko. Beste batzuk hor ibiltzen dira ospital bazterretik ospital bazterretara, minez eta dolorez, irrikitan bizitzatik aldegiteko. Horiek ez dute suertea izango. Justiziarentzat eta gizartearentzat erailketa da hori nahi dutenei laguntzea. Medikuak eutanasiaren aurka daude. Bakarrik Frantzian lortu da eutanasia legeriaren aldetik zilegi izatea. Kasu hauetan:
Sofrikarioa jasanezina bada.
Hiltzeko desioa definitiboa bada. (Ez daitezela gero erreklamatzen etorri).
Bere egoera klinikoa, pertsonala ezagutzen badu.
Beste pertsonei kalterik egingo ez badio hiltzean.
Esperto, tekniko ekipo hatek bermatzen badu.
Mediku batek praktikatu beharko dio.
* Nire aita zenari dedikatua
(1) Zoriontasuna dekretoz indarrean ezarriko balitz bezala.
«Je declare l'etat de bonheur permanent».
|