L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-1 / Suizidioa (1984-azaroa) —<porr0107>




 

 

Lettres Persans LXXVI
(1.715)

 

Montesquieu

 

euskaratzailea:
Mikel Azurmendi

 

        «Bihotzean odolik ez daukate Europa-ko legeek, inork bere burua hiltzen duelarik, berriro bizia kendu egiten diotela esan liteke, lotsaren lotsez kalez kale erabili, izena zikindu eta ondasunak kendu egiten baitzaizkio.

        Legeok guztiz injustu direla uste dut, Ibben lagun hori. Min bizi batean nagoenean, zain txarreko edota inoren bihotzeko ez naizenean, zergatik ez didate neure oinazeei lur ematen utziko? eskutan daukadan erremedioa zergatik kendu behar didate?

        Opa egiten ez didan gizartearen alde zergatik nahi dute lana beltz egin dezadan? Zertarako eutsi beharko nioke ni gabe egin den tratuari? Elkarren artean bata besteari probetxuzko garelako oinarritzen da gizartea; baina probetxu hori kalte bihurtzen bazait, hari uko egitea nork galeraziko dit? Mesedetzat eman didate bizitza; mesedegarri ez zaidala eta, bueltan atzera eman dezaket: kausa bukatzean, ondorioa bukatu egiten baita.

        Beraiei lotuta beharko ote naute agintariek, loturatik ezer probetxuzkorik ateratzen ez badut ere? Herrikideek hola eska diezadakete honen itxuragabeko banaketa: beraientzat utilidadea baina neuretzat hondamendia? Ongile guztien azaleko ez den Jainko horrek nola behartuko dit, ba, zanpa zanpa uzten nauten mesedeak hartzera? Legepean bizi naizelarik, legeak bete beharrean nago, bai. Baino gehiago bizi ez naizelarik, nola lotuko naute?

        Jainkoaren eskubegia hankaz gora botatzen ari zara, esango dit zenbaitek. Geure arima-gorputza batu egin ditu Jainkoak, ez itzazu zedorrek eten. Haren asmoen kontra ari zara, aurpegia ematen ari zara.

        Zer adierazi nahi du honek? Jainkoaren asmoa aldatu egingo nukeela, materiaren berezko aldaketak neronek aldatzen ditudalako, adibidez, mugintenduaren funtsezko legez borobila zena (hau da, kreazioak eta irauteak borobila egin zutena) neronek koadratua egingo banu? Zihur ezetz; eskeini zaidan eskubidea neure gain hartu besterik ez dut egiten; eta zentzu honetan, Naturaleza osoa alda nezake nere aisiara, Jainkoaren asmoen kontra noala esan gabe. Mundu zabalean ordenarik gutxiago eta nahas mahas gehiago ote dago, arima eta gorputza etenik dauzkadalako? Konbinaketa berri hau bestea bezain perfektoa ez ote da? Munduko lege orokorretatik iheska ote dabil? Munduak zerbait galdu egin duenik uste ote duzu? Jainkoaren ekintza kaxkartu egin dela, diozu, edo ttipitu behintzat?

        Galburu, ahar edo belar bihurtu berri den nere gorputz hau Naturekintza itxurosokoa ez dela uste al duzu? eta neure arima, lurtiar zeukan hartatik etenik, gorentasun tipiago duenik uste duzu?

        Eritzi hauek, Ibben lagun maite hori! gure harrokeriaren iturriari dariote: ez baitugu gure ttipitasuna sentitzen, eta oso ttipi izanik ere, Munduko auziaren iltzea izan nahi genuke, itxurazko eta hots handikotzat jo gaitzaten.

        Gu bezain izaki perfekturik deuseztatzeak Naturaleza hondatuko lukela erizten dugu eta ez zaigu bururatzen munduan gizaki bat gora behera —zer, bat?— gizakiak oro hartuta ere eta honoko mundu bezalako beste ehun miloi mundu ere atomo kaskar eta eten bat besterik ez direla eta Jainkoak ohartzen baditu, guztiz asko ezagutzerik ba duelako da».

(Hemen azaltzen diren argudioak berak erabiliko ditu HUME-k)

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.