L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Nagiaren aurpegi zikina

 

Mikel Azurmendi

 

        Nola imajinatzen duzu nagia? Baratz txukun, zaindu eta emankor bat ala baratz narrats belar gaiztoz betea? Etxean jana sobrante daukana ala zer janik ez duena? Larrutan egiteko gogorik gabea ala larrutarako beti prest duzuna? Zer lore litzateke berea, larrosa ala arbilorea? Zer kolore, beltza ala zuria? Zer landare, garia ala kainabera; zer belar, alpapa ala asuna? Gauzak honela ipiniz geroz, ez legoke zalantzarik, iturburu berdineko kultura-semeek antza handiko erantzuna emango bait dute. Erantzun zien por ziento euskalduna nolakoa ote den zaila da jakitea, latineraz, kristau erlijioaz eta zientziaz kutsaturiko kulturen artean alferrari buruz gauzak oso tajutuak eta argiak izan direnez gero. Eta aspaldidanik; ez pentsa, gero, atzo goizeko kontua denik. Alfer eta ibiltari guztiak Nafarroatik ateratzea erabaki zuen Iruineko Errege Batzordeak, 1553 urtean, bertan geldituko zirenei ehun zigorkada emango zitzaizkiela mehatxatuz. Alperra belar txar bat da eta belar gaiztoak zuztar luze; ondo ondotik ateratzen ez baduzu, ugaritu egiten da. Lar txarra, belar gaiztoa, imajina aurkeztua dago.

        Nafarroako agindu hori baino bederatzi urte lehenago, 1542. urtean alegia, Pedro de Mejiak Lecciones diversas idatzi zuen, eta, bada bertan nagikeriari buruzko kapitulu bat. Soro alperraren metafora erabiliaz salatzen da nagitasuna: hamaika belar inutil eta gaiztoz beteko zaizu soro alperra, nekazari! —esaten digu Mejiak— labratu eta erein ezkero berriz soroa txukun eta emankor edukiko duzu. Aspaldian Bibliak horrelako zerbait esana zeukan: «Iragan nintzen gizon nagiaren landatik, eta ero gobernu gabearen mahastitik eta guztiak ziren asunez, elorriz eta belar gaiztoz beteak» (Prov. 24). Belar-metafora horixe bera aplikatzen dio gure adimenari Montaigne eszeptikoak ere 1572 urtean, bere Entseiu-tako «De l'oisiveté» izeneko kapituluan: baldin zerbaitetan okupatzen ez badugu eta zerbaitetara behartzen ez badugu, gure adimena hamar mila fantasi, amets eta erokeriez beteko zaigu («...ainsi est-il des esprits —dio Montaignek—. Si on ne les occupe à un certain sujet, qui les bride et contraigne, ils se jettent déreglés, par-ci par-là, dans le vague champ des imaginations... Et n'est folie ni réverie qu'ils ne produissent en cette agitation»). Gure adimena ere alor bat bezala omen da, soro edo baratz bat: geldirik, belar gaiztoz betetzen da, dispersatu eta deskontrolatu egiten da. Eta alderantziz, belar edo hazi mota bat erein; helburu bat garbi, norabidea zehatz: horixe dateke gure adimenaren jokabidea, soroaren utilidadea den bezalaxe. Eta Lukanok idatzi zuen hura gogoratzen digu Montaignek: «variam semper dant otia mentem», nagitasunak adimena sakabanatu egiten omen du, alegia; eta jakina, nonahi dagoena ez dago inon ere: «quisquis ubique habitat, nusquam habitat» (Martial-en epigrama batek dioenez).

        Baratz landu gabe eta alperraren kontra atera zituen bere ezten gaiztoenak Axularrek ere bere Gero liburuan (1643); eta lekuko, hortxe dituzu hiru kapitulu zuzen-zuzen nagikeriaren aurka. Baratz geldi eta landu gabearen metaforarekin batera («nagiaren landatik eta gobernu gabearen mahastitik iragaitea da presuna alferraren eta antsikabearen bizitzearen eta ioan-ethorrien kontsideratzea, eta hetan, landa iorratu gabean bezala, anhitz hasuin eta belhar gaixto...») Axularrek bi landare jipoitzen ditu bereziki: asuna eta kainabera. Asunak «signifikatzen du nagitasuna: baldin malguki, leunki, emeki, nagiki eta balakuz bezala hazkatzen, ferekatzen eta erabiltzen baduzu, erreko zaitu». Eta kainabera, «nola baita zuhaitz alferra, fruiturik iasaiten eztuena, eta barrenean ere hutsa, signifikatzen du presuna alferra». Bata, emankorra ez izateagatik, eta bestea, leun-leun egin eta erretzen duelako: hara hor kristau-duen imajin aszetiko eta utilitaristaren adibide bi, guregan lanerako grina pizteko eta bizitzaren neke-sofrimenak onets ditzagun.

        Bi baratz-irudi horien hirugarren aurpegia puritanismoa da: leunki eta emeki zerk harrapa gaitzake haragiaren atzapar lizuna baizik? «Haragiaren bekhatutik begiratzeko erremedioa: ez alfer egoitea» deritza Axularrek bere liburuaren kapitulu gogorrenetako bati. «Trabailla zaite, egitekotan ibil zaite, zerbaiteta enplega zaite, alfer egotetik begira zaite, eta halatan begiratuko zara emaztekin huts egitetik ere. Zeren alferkeriatik heldu da amurusia, emaztetako gogoa, orhoitzapena». Hitz gutxitan esanda: izorra zaitez lanean, eta ez duzu inor izorratzen lanik izango; honelako zerbait da kapituluaren mezua. Eta Freud-ek baino askoz ere lehenago formulatzen da bertan super-egoren sublimaketa: «hartzen baduzu estudioa fintki, utziko duzu emaztea laxoki». Lana libidoren kontrako botikarik onena, omen. Zihur aski baserriko esaera zaharra ezaguna izango zuen Axularek, aipatu ez bazuen ere: «gizon alperraren etxean, behiak antzu eta andrea ernari».

        Halere, euskal pentsaeran badago berezitasun bat behintzat, alperra janari-fantasmari lotuta egotea, alegia; jan eta lan bait da baserriko legea. Nondik lan, handik jan. Sardin erdi bat lan, sardin erdi bat jan, esan ohi den bezala. Lanik ez, janik ez. Horrexegatik dago Pernando Amezketarraren grazia alperrak jateko asmatzen duen maliziaren inguruan borobilduta. Lan ihesi auzora, han ere jatena ez dator ahora.

        Lanari beharra deritza bizkaieraz, jatea behar bat den bezalaxe, edota harnas hartzea. Eta baserritarrari nekazari izendatzen zaio, etxeko beharrak beharraren (nekearen) bidez hase ohi direla adierazi nahiean, nonbait. Lan asko egiteari, lan beltz egitea dela esan ohi da. Zuria, beraz, nagiarena: esku-zuri, ipurtzuri, lan zuri alferra adierazten duten euskal epitetoak dira. Eta zeuk asto bezala lan egin zenezake, edota idiaren modura, ugari eta serio ari zindezke; baina alferra bazara, asto zuria eta idi zuria zarela esango dizute.

        Baratzen artean zerriena zara, nagia, zerrikerrietan prestoena (tu ne penses qu'à ça), ilunena da zure kolorea, abereen artean ohi ez den aberea zara. Zure antza duenari, arbilorea baino alperrago dela esango diote. Ispilu aurrean nork nahiko du bere burua zuregan errekonozitu?

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.