L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Porrot aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Porrot-2 / Pereza (1986-abuztua) —Hurrengo artikulua




 

 

Ama naturaleza

 

W. Fernández Florez

 

euskaratzailea:

Martxelo Otamendi

 

        ...Insektu, hegazti, kuadrupedoen kumeek ez dute kokalekua aurkitzeko zailtasunik. Gizaki orok —politikoen semealabak salbu— derrigor kezkatu behar du bere familiaz. Eta horretarako, jakina, lan egitea ezinbesteko da. Ez dago munduan gizabideak aina lan egin duenik, hau da, burutapen lana ez baino arte eta zientziek gidatutako lanaz ari izan nahi genuke. Zoritxar honi birtute kategoria eman dion gizarteak alperren jazarkundeari ekin dio eta denbora asko ez dela, filosofo baten bidez jakin ahal izan dugu, luze baino lehen alper guztiak gizartetik egozteko duen asmoa.

        Baina nola moldatuko ote da biharko gizartea gu kanporatzeko? Eta kanporatzekotan, nondik? eta zein lekutara? Europatik Afrikara edota Ameriketatik Ozeaniara eramatea, benetan egoztea dela uste ote du? Leku aldaketa baino ez denez, lau axola. Madrilen legez egingo dugu lo Kolonbian, eta itxura bera izango dute gure besoek Txipren zein Australian nagiak uxatzerakoan. Baina beste planeta batetara eramatekotan, zertan izango litzateke biharko gizartea gu gabe?

        Iparramerikarra omen da tiporik util eta probetxugarriena. Baina zertan datza iparramerikarra? Kaleetan zehar korrika ibiltzeaz gain, tranbiara igo, automobilean hegatu, lurrazpiko trenean hondatu, ferrokarril aereoan ibili, presaka jan, telefono gorgarriaz belarriak txikitu, ziztu batetan oheratu, lokamutsak izan eta urgentziaz jaiki behar izaten duen gizaki abaildu bat litzateke iparramerikarra. Ez du bizia profitatzen, eta alperrak ez bezala, ezin du, Naturaren zikoiztasuna gorabehera, luzaz gozatu ezta dastatu ere. Hau da egia eta gero eta gehiago dira horrela pentsatzen dutenak. Politiko frantsez batek, pakea sinatu eta handik bi urtetara, mundua alperkeria uhin batek hartua izan zela esan zuen. Zergati kutsatu zituen gizakiak uztasun honek? Seguraski gerla eta bere ondorioen erreakzio bat izango zen. Gizakiari, esportzu hutsa besterik ez den zibilizazio baten izenean, bere indarrek erantzun ezin izan duten sakrifizio handia eskatu zaio. Trintxerak duten disziplina tiranikoa utzi eta hausnartzeari eman zionean, ideia nagusi bat subkonszientaratu zitzaion gizakiari, alegia, zibilizazioak ez diola sakrifizoa beste abantaila ematen. Jaio bezain fite nagusitu zaizun zibilizazio berak jartzen zaitu lanean; egunak eskolan, bulegoan, tailerrean, gabinetean botarazteaz gain, besteak hil edota espedienteak betetzera behartzen zaitu. Oso goiz deitzen gaitu ohatzera eta biharamunean ostera maindire artean leher eginda jausi arte ez gaitu pakean utziko. Areagotzen dihoa zibilizazioari aurre eginez honako galdera hau planteiatzeko irrikia duen jendea:

        —Eta noiz bizi?

        Berehalakoan ihardesten du zibilizazioak.

        —Igandeetan.

        Gizakiak, ordea, gainontzeko egunetan ere bizi nahi luke. Lana jasangaitzegia da, eta koskol honetara luma estilografikoa, mailua edo bisturi baten euslearena egitera etorri ote garen pentsatzera behartzen gaitu. Ondorioz, tresna guzti horiekiko gorrotoa sortzen da eta jenderik serioenari eguzkitan jarri, errekastoetako ura edan, bihi eta zainez elikatu eta animalien larruazalez jaztea otzen zaio.

        Munduan, bere aurrerapenen arrasto bat bera ere laga gabe modu misteriotsuan betirako izkutatu diren zibilizazio asko izan dira. Aristotelesek bera esana da: «Zientziak eta arteak behin baino gehiagotan galdu dira». Nola jazo ote zen? Eginahala guztia ihardun zuten; urrutitik elkar hil, laino artean alperrik ibiltzen ikasi zuten. Filosofia eta Soziologiari buruz guztiz desberdinak ziren hainbat tratatu idatziak zituzten eta zurbildura eta zimurrek hartuta zeuden.

        Eta egun batetan brastakoan, oldoztu zuten: zertarako ote da guzti hau?

        Arrotza zitzaien egongela batetan itzartea bezalaxe izan zen. Lana bere horretan utzi, alperren eguneroko bizimodu logikora itzuli eta aurreko guztia atzendu egin zuten.

        Lanerako jaioak ez garela dakien gizasemearen protesta da alperkeria. Garbi asko dioskute liburu sainduek ez gintuela Jainkoak ezta egunean sei ordutako lana paira genezan sortu, eta geroztik aldezko egoera honek izan zuen bilakaera gu Adanen pertsonarengan madarikatuak izanatik dator. Baina mundua ahituta, zaharkituta eta goibel aurkitzen da, errua jada sobera ordainduta duela uste du. Eta beso erorien grebari ekiten dio madarikazio honi aurre egin nahiz.

        Alperra zeharo profitagarria dela esatera ausartzen naiz, gainera. Alperra kendu orduko izkutatuko dira kasinoak, kafeak, ministerioak eta legebiltzarrak oro; domino fabrikek porrot egingo dute eta animaliarik estimatu eta xarmagarrienak galduko ditugu.

        Denbora alferrik galtzea litzateke Humanitateari gizaki maratza zein kaltegarri zaion frogatzea, begi bistakoa da. Hausnarketarako gonbideta egin nahi nizueke, ez ote da gizaki maratza produktuak garestiru eta bizitzaren zailtasunak areagotzen dituena, edota sekulako istiluak sortu, berak horren azkar iragaiten duen kalera igorri, itxaronaldirik gabe trenek ordu jakin eta aldaezin batetan atera behar dutelako ohitura ezin nardagarriagoa ezarri duena... Alperrek, segur egun, ez genukeen sekula horrenbesteko eragozpenik sortuko.

        Aitzaki eta estakuruz baliatu eta babesten da gizartea gure alperkeria galerazteko. Aurre egitera ausartzen den batek itauntzen dio:

        —Zer dela eta behartzen nauzu lanera?

        Eta gizartearen ihardespena:

        —Zu bezelakoei zure lana baliagarri izan dakien.

        Baina hau ez da horrela. Milaka pertsonek ekiten diote lanari, nahiz eta beren nekeak inorentzat probetxugarri ez izan...

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.