Alfabetizazioaren aurka
Joseba Sarrionaindia
Kang Hie negarrez egoten zen gauetan kondatzen da xinar ipuin zahar baten hasieran eta negar egiteko arrazoiak bazituen. Kang Hiek eskritura asmatua zuen. Zergatik damutzen zen eskrituraren asmatzailea? Xinar ipuinak ez du zergatia argitzen, XVII. mendekoa da, eta ordurako agian ahantzirik zeuden arrazoiak...
Baina egiptoar ipuin zaharrago bat ezagutzen da, argigarriagoa, oroimina eta jakintza tratatzen dituena. Thenth jainkoak geometria, dama jokoa eta eskritura asmatu eta Thamus erregeari eskaini omen zizkion. Thenth jainkoak eskritura oroimenaren eta jakintzaren bidea dela esatean, Thamus erregeak honela erantzun omen zion:
Oi, Thenth zuhur hori, badakizu arte berriak asmatzen, baina ez dakizu beren alde on eta txarrak kalkulatzen. Zuk ez dakizu eskriturak zer ekarriko duen, eta tronpatzen zara. Eskriturarekin aisago ahantziko dira gauzak, oroimena deskuidatuko delako. Idazten dakitenek, eskrituraz fidaturik, azalez, eta beren baitandik lekoreko markez ikasiko dituzte gauzak, ez beren barrurako. Orduan, jakintza itxura hutsa bilakatuko da, zure ikasleak erudito eta jakintsu itxurako izanen dira, baina ez dute deusere jakinen. Heurekin egotea ez da atsegina izanen, sasijakintsu izan eta beren burua jakintsutzat hartua ukanen dutelako.
Egiptoar mitoaren arauera eskritura kalte bat da oroimenarentzat eta jakintzarentzat. Oroimenari dagokionez egia frogatua da oroitzeko ahalmena ahuldu egiten dela ahozko kulturatik eskritura kulturetara. Duela denbora guti ere, bertsolaritza munduan esate baterako, behin soilik aditu eta makina bat bertso gogoan gordetzeko gai zen bertsozale ugari.
Eskritura, historiari dagokionez, erlazio hestuan bilakatu zen boterearekin eta politikarekin. Eskritura noiz sortu zen? Gizarte handiak, klasetan eta hierarkikoki finkatuak, eta zentralizatuak fundatzean ezarri zen eskrituraren nagusigoa. Mesopotamia, Egipto edo Xinako zibilizazioan estatu buruen azpian eskriba burokrazia bat zegoen, jende xehearen gainean hain zuzen.
Asurbanipalen Bibliotekako tauletan iskribu hau irakur daiteke:
«Asurbanipalen palazioa, bera bait da munduko erregea, Assur jainkoaren lurraldeko erregea, Assur eta Bêlitek babestua, Nabu eta Tashmetumgandik belarri luzeak jaso dituena, begi zorrotzak jaso dituena, eta eskribaren artearen tesoroa jaso duena, arte hau, ene arbaso erregeetan inork ere ez bait zuen ezagutzen. Naburen zuhurtzia, eskritura, nik ahalik eta gehien izkiriatu dut, bildu eta antolatu, ikusteko eta irakurtzeko, eta ene palazioan lekutu ditut izkribuak, nik, Assur jainko guzien erregearen argia ezagutzen duen printze honek. Taula hauek ohostuko dituen edozeinek, izkiria beza bere izena ene izenaren alboan, eta Assur eta Bêlitek, erneguz eta gorrotoz, suntsi bezate, deusezta bezate bere izena, bere hondar oro lur gainean»
Egiptoar gizartean, Mesopotamiakoan bezala, estatuak espazio handia okupatzen zuen, Elefantinatik Mediterraneora Nilo behere guziko Inperioa sostengatzeko beharrezkoa zen burokrazia itzelarekin. Estatu hipertrofiatu haretan funtzionarioak, legeak, inbentarioak, informeak, tituloak olagarroaren hatzaparrak legez zabaltzen ziren. Estatua eta kultura ofizial guzia bi oinarriren gainean altzatzen zen: kontabilitatea eta eskritura. Eta letratukrazia guzi hura esklaboen eta laborarien bizkar bizi zen.
Analfabetoaren izena irakur daiteke testu zahar batetan ez da ezagutzen, asto baten antzera doa kargaz beterik alfabetatuaren ikuiluaren aurrean.
Bada besle testu egipziar bat are adierazgarriagoa, Duaufen aholkuak izenarekin ezagutzen dena. Duauf delako gizon batek bere semea Liburuen Eskolora daramalarik emaniko aholkuak dira, eta kronika sozial paregabe legez irakur daiteke testua:
«Nik ikusia dut kolpeak sofritzen dituena; bai, kolpeak sofritzen dituena. Zuk liburuetan jarri behar duzu bihotza. Nik begiratua dut bortxa lanetik libratu dena. Hara, ez da liburuena baino zeregin hoberik. Aizenitza liburuak zeure ama baino gehiago maite. Zein ederrak diren, eta hori bai dela ogibidea. Jendeak errespetua dio liburuetan ari denari. Zizelaz ari den artesaua akitu egiten da, gauez ere lanean ari, besoak ahuldurik. Harginak harri gogor moeta guzietan dihardu, lana bukatu orduko besoak hautsi, eseri orduko zangoak eta bizkarra zatitu zaizkio. Laboraria beti ari da nekazaritzan, bera ere dirudien baino nekatuago, eta lehoi artean balebil baino gutiago ateratzeko. Ehunlea bere tailerrean andere bat baino gaisoago, aiderik gabe. Eta arrantzalea, zelan ari den? Ibaian, kokodrilo artean. Begira, ez dago ugazabarik gabeko ogibiderik; salbu eta eskribarena. Eskriba bera du ugazaba»
Eskritura historian barrena nagusitasun tresna bat izan da klase nagusien eskuetan. Hizkuntza arteko gatazka egoeretan are nabarmenagoa da. Alfabetizazioa hizkuntza zapaltzailearen ezarpena delako. Europar kolonialismoaren lurralde afrikanoetan XIX eta XX. mendeetan, esate baterako, alfabetizazioa bultzatu zen, baina mintzaira indigenetan ezik hizkuntza kolonialean eta, sarritan, alfabetizazio kolonial hau mantendu behar izan da independentziaren ondoren. Hala dira inglesa, portugesa, frantsesa eta beste, gaur egun, afrikar estatu askoren hizkuntza ofizialak, hausa, bambara, malinké, ewe, yoruba, xhosa, swahili, sotho eta enparauak izan beharrean.
Mende batzu lehenago, Hegoameriketan, esperientzia desberdin eta berezi bat eman zen guaranien artean, jesuitek antolafuriko Reducciones edo komunetan. Guarania hizkuntza bakartzat bultzatu zuten jesuitek eta, modu horretan, mintzaira indigena mantendu eta finkatu egin zen herri xehearen mintzaira legez, eta oraindik ere Paraguay estatuan guarania da hizkuntza maioritarioa, gaztelania baino askozaz zabalduago, nahiz eta gaztelaniarekiko egoera diglosikoan egon. Baina guaraniaren historian jesuiten alfabetizazioak duen alde lizuna beste hau da: mintzaira guarania hustu egin zen, barruz, kristau kultura eta espirituari lekua uzteko, hizkuntzaren azala mantendu arren, kultura eta espiritu propio eta zaharraren moldeak oro ezabatuaz. Hara zelan ezarri zen boterea.
Euskal Herria, bere botere politiko eta kulturalaz gabetua, herri analfabetoa izan da bere hizkuntzan. Gurean, zerbait izkiriatu behar ukanez gero erdaraz egiten zen eta, harrigarria litekeena, espainiar inperioaren garaian euskaldun jauntxoen artetik erreklutatzen ziren espainiar idazkariak eta kaligrafoak.
XIX. mendean, burgesiaren eta uniformizazio ideien triunfoarekin alfabetizazio zabal baten enpresa obratu zenean, Euskal Herrian alfabetizazioa frantsesa eta espainiera mintzaerazteko eta izkiriaerazteko ezarri zen, uniformizazio eta dominazio estatalaren atal beharrezko legez. Eraztun edo ifarraldeko zenbait herrisketan izendatzen denez antibasque delakoaren bidez eman zigorrek irakaskintzaren egiazko, kulturizazioa ezik, larderia erakusten dute. Hain zuzen «Je suis Français et la France est ma patrie» edota «Yo soy español y España es mi patria» diktatuaz, hizkuntza eta alfabetoarekin batera, estatu eta nazio bat zen inposatzen zena.
Maila primitiboago eta sinbolikoago batetan ere eskritura boterearekin identifikatzen da. Mato-Grosso aldeko nambikwara indioen artean gertaturiko situazio bat badago Claude Levi-Strauss antropologoak kondatu duenez biziki interesgarria: gizon zuriak erregaloekin iritsi ziren indioengana, eta erregaloak eman ahala libreta batetan apuntatzen zuten; indio guziak hasi ziren, heurak ere, idazte keinuak egiten, baina laster aspertu ziren; tribuko buruak, berriz, idazte keinuak imitatzen jarraitu zuen, zurien erregaloak superbisatzen ari balitz bezala; eta berehala, tribuko jendeak buruzagi hura abandonatu egin zuen. Analfabetoak ziren, baina ez xoxoak, eta beren buruzagiaren imintzioak engainua zirela ohartu ziren...
Analfabetoa esan dugu berriro ere. Eskritura ezagutzen ez dutelako, baina definizio faltsoa da. Falta bategatik definitzen dira, alfabetoa falta dutelako, direnagatik edo dutenagatik definitu beharrean. Beren ahozko kulturaren ezagugarriengatik definitu beharrean. Baina alfabetatzaileak analfabetoak behar ditu, eta batez ere analfabetismoa edo kultura faltaren ideia. Alfabetizazioaren teoriaren azpian estatuaren boterea eta ideologia dotrinario bat dago beti.
|