Kazetatxoak
Txukadi Pott Ajentzia
Gure anagrama gustatu zaio makina bati, eta galdetu ere galdetu digute ea norena zen eta zer adierazi nahi zuen. Lehen galderari erantzutea ez da batere zaila, egilea, eskultura piska bat ikusi duenak honez gero antzemango zion bezala, REMIGIO MENDIBURU baita. Egin ere, musu truke egin zigun. Musua, jakina, Mary Thurner Amilibiak eman zion, eskerrak horri.
Gure erredakzioan berri izugarri bat jaso berri dugu. Bertan diotenez, bost euskaltzain ikusiak izan omen dira goitik behera larru beltzez jantzita, plastikozko zamarrekin, eta motor-kapela handi horietakoak falta ez zaizkiela.
Dirudienez, Rollin Stones taldeari buruz eztabaida gogor bat eduki ondoren, Laverda motorrak hartu eta Zappa Club aldera joan omen ziren batzuk.
Hau dela eta, publikoki galdetu nahi diegu ea punk, edo ze bestelako martxa daramaten, eta ea bere joera berri honek hitanoaren batasuna ezertan kutsatuko duen.
Gure ustez, ordea, euskara ezin daiteke beatnik batzuen eskutan egon, eta berri hau egiaztatzen bada Euskarazaintzari jarraituko diogula jakin erazten dugu lerro hauen bitartez.
Euskaltzaindia ez da gure gai maitatuena, baina halabeharrez heldu zaigun gutuna transkribitu beharra daukagu. Gutun honetan, ikusiko duzuen bezala, erakunde beneragarriaren matxismoa salatzen da, eta arrazoi osoz gainera. Begira zer dioen gutun honek:
"ene lagun maiteak: sututa izkribatzen dizuet eta ene letra hauk ez badituzue argitaratzen pitoa moztuko dizuet. Emakume bezala, protesta egin nahi dut emakumeontzat mingarria den errealitate bategatik. Dakikezuenez, Euskaltzaindian ez dago emakumerik, eta hau ikaragarrizko arkeria deritzait. Are eta mingarriagoa zaigu egoera hau, Akademiaren fundatzailea andrezko bat izan zelarik, Resurreccion M. de Azkue dama beneragarria hain zuzen. Halako hasierak beste zerbait merezi zuen. Agur bero bat, joxepa".
Zenbaitek batere hedadura eta indarrik ez dugula pentsatu bide du, lau txoro garela. Guri ez digu ardura itsu hauen irizpidea hain okerra izatea, eta gauzak diren bezala ez ba dituzte ikusten, hori bere problema da. Guk ba dakigu zenbait alderdi politikok baino jende gehiago bilduko genukeela inoiz mitinen bat egingo bagenu, baina frogak ematen ibiltzea ahuleziaren seinale denez, patxadaz gelditzen gara etxean. Baina pentsa norainokoa den gure boterea non ezer inporta ez digun Camboya galtzea. Handik gure taldeko Pol Pot jauna bota ba dute ere, inperialistek, zein eskubidekoek zein ezkerrekoek, ez digute hazkurerik ere egiten, beste maila batetan gaude jesuitekin batera.
Luis Cosme Cubas aspalditik ezagutzen dugu Arruga-ko kuba de ron, kuba de ginebra, eskozes eta abar guztik agortzen dituen gaupasetatik. Orain oso liburu apain bat argitaratu du, ES, ESE TIPICO TANGO INTERMINABLE. Bere bigarren liburua da ("Habitaciones vacías" delakoaren ondorengoa). Poemagintza fribolo eta izarreztatua. Liburuaren presentazioa oso ona da, honetan Aurelio Garrotek lagundu diola. Poesiarako gustoa oso pertsonala izaten da, eta gu ez gara hor sartzen, nolakoa den jakin nahi duenak eros dezala, ze letxe. Bilbon barrena ibiliaz gero erreza da Luis Cosmeren enboskada bat jasatea, lotsa patrikan eta liburu bat eros diezaiozun eskatuz. Izan ere, eremuotatik barrena bandolerogaiak dira, patu trajikoz, poetak.
Hogeitabat idazle bildu dira HORDAGO editorialaren deiari erantzunez, eta liburu bat osatu dute, oso bariatua, eta alde hauetatik egiten den literaturaren ikuspegi orokor bat eman dezakeena. Marrazkilariak ere ba dira, Jon Zabaleta eta Juan Carlos Egillor (zeinen dibujo dramatikoak izugarri gustatu zaizkion pertsonalari). Liburuan ez da azaltzen beste baten izena, Mariano Arsuagarena, zeinek egin zuen Bernardo-ren testu aurreko marrazki hori. Idazle asko, gehienak erdaraz. Oso kuriosoa Artzeren lana, asko gustatu zaigu txineraz eta sanscritoz idatzia dagoena, japoneseraz egina dagoenetik aparte (segi dezala bide horretatik, igual emango diote beka bat). Euskarazkoen artean Ustelakoen falta nabaitzen da, eta nik behintzat sentitu dut. Liburua, gure ustez, oso merkea da, 500 pezeta balio du.
Eskaera bat eginez bukatu nahi dugu. Gure aleak banatzeko zirkuito baten beharrean gaude, eta herri handitan behintzat nahitaezkoa zaigu lagun sorta bat Pott banatzeko, eta saltzeko. Bestela, komerzioak ito egingo gaitu. Partaide izan nahi dutenek, izkriba dezatela gure bizitokira, bere datuak emanez (zenbat salduko lituzkeen eta abar adieraziz). Lan honetarako ez da eskatzen D titulorik, guapoa izatea nahikoa da.
|