L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Pott bandaren braga (1979-martxoa) —Hurrengo artikulua




 

 

Frai Hapistoren kronika beltzak

 

Frai Hapisto

 

Zirko beltza

 

Hau Zirko Beltza duzu. Gu gara. Eta zuek ere!

        Musika!!! Espektadoreak agurtzeko!!! Besta on!... Ongi jin! gure zirko beltzera! Beltzetatik beltzenera! Hola!!!

        Lehen artista: Biba! Ezpataren puntaren gainean bularrean sostengatzen da ekilibrista, oi ikusgarria!, ez sostengatu bakarrik, ezpatatik behera jeisten da gorputza zulaturik baina ezpata artez pistan!!!

        Odol putzua erretiratu eta hona hemen bigarren ikusgarria: lehoiak eta tigreak... Lehoiek domadorearen zangoak hartu dituzte!!! Tigreak beste puskekin irtetzen dira. Agudo elikatu eta erretiratu dira gaur!!

        Hona hemen hirugarrena, trapezista! Herioaren saltoa!!! Bi dira. Laban bana eskuan. Orain. Salto. Mortala!!. Aidean. Aidean sartzen diote batak bestari labana biotzaren toki exaktoan. Pistaren erdi erdira erortzeko!!! Bale!!!

        Hilotz puskak bildu ondoren, hona hemen laugarren aktuazioa. Paiasoak. Hiru clown sinpatiko. Negar kanta xarmangarri bat entonaturik, pozoina dakarte poltsikoetan, ahate beltz bi eta neskutsa bat ere bai. Ja, ja. Pozoindu egin dituzte hirurak, barre algara artean. Xaloak hauei ere!!!

        Magoak orain: oi espektakuloa! Beren buruak hiltzen dituzte!! Ze artista miresgarriak Xinpart ikusgarrien artean hiltzen dituzte beren buruak! Biba magoak! Eta biba Zirko Beltza!!! Xaloak!!!

        Eta hemen bukatzen da, zirkoaren amanteok, funzioa!

        Haur eta zaharroi batez ere, guztioi adio!

        Takilan irten hala hilko zaituztete.

        Ez irten bultzaka denontzat dago eta!!

        Adio! Betira arte!!! eta biba Zirko Beltza! Behin baino ikusi ezin ez dena!!!

 

 

Maitasunezko aholkua

 

Ene senarra biziki maite dut eta ez naiz sekula eragozpen bat izan beretzat. Aholkurik ere ez diot egundo eman nahi izan, bakoitza bere buruaren jabe baita. Baina negualdi hontan oso arduraturik nau. Eguraldiagatik da agian. Hotzak, guztiok dakigun bezala, gogortu egiten ditu zainak, zurbildu aurpegiak eta dardaerazi gorputzak. Horregatik da, segur. Nik ezagutu nuenean beti zeraman kutxiloa saihetsean eta aurtengo udan ezkondu ginenean ere hil egin zuen hoteleko mutila gure deira berandu iritsi zelako. Baina sekula ez da ihardun negualdi hontan bezala. Urduri dabil etengabe, alde batetik bestera uneoro. Esku bakoitzean laban bat daramala paseatzen da. Bere haurtzaroko lagunen zerrenda bat du eta banan banan guztiak hiltzen ari da, eta gure kalean sartzen den oro ere akabatu egiten du. Nik ez diot gaizki egiten duela esan nahi izan. Honela jarraituez gero adiskiderik gabe geldituko dela esan diot bakarrik. Berak begiak izugarriki ireki ditu, ohera etzanik lotu nau eta labana zorroztera joan da, laster itzuliko dela adierazirik. Maite dudala esanen diot hil nazanean ere.

 

 

Peatoi karneta

 

Azkenaldian agrabatu egin da espaloietako trafikoaren arazoa. Istripuak ugaldu egin dira eta derrigorrezkoa da irtenbide bat bilatzea. Herenegun, esate baterako, berrogei pertsona eraman zituzten hospitalera eta bostek holitzik ingresatu zuten. Atzo hiru pertsona bilutsik heldu ziren beren etxera, traje berrirekin irten zirenak. Eta ume bat barrabil batzu eskuan zeramazkiela agertu zen ustekabean atasko baten ondoren, ia norenak ziren galdetzen. Baina istripurik handienak eta ugarienak adelantamenduekaitik, belozidadeagatik eta ukalondoaren gaizki erabiltzeagatik dira. Hainbat peatoik seinalizatu gabe adelantatzen dute, eta hartzen duten belozitatea (20 k/orduko) gehiegi da, itsuak baldin badira bederen. Badira espaloian zutik loak hartzen dituenak ere eta gauez bat ere argirik gabe dabiltzanak, istripua konbokatzen ari bailiren. Peatoiak zenbait espezietan banatzen dira, bada peatoi ostikopetzailea, peatoi atropeiladorea, peatoi zarrapastatsua, peatoi bultzatzaile, peatoi krudela eta enparauak. Honela ez da posible trafiko eroso bat, ez da posible bizimodu desente bat, beharrezkoa da araudi zibil bat espaloitik seguru eta erraz ibiltzeko. Honez geroztik derrigorrezkoa izanen da, beraz, peatoi karneta edukitzea kaletik ibiltzeko. Behin betirako espaloia peatoi karneta dutenena eta ordenarena izan dadin.

 

 

Erregalia

 

Anjelitori pistola hura erregalatu zionean izeba Ebak ez zekien prudente izatea borondatetsu izatearen konplementoa dela. Senitartean zeuden eta izeba Ebak ilusio handiz ikusten zuen Anjelito jolasten eta pistola froga zezala eskatu zion. "Pum! Pum!" egiten zuen Anjelitok eta izeba Eba lurrera zerraldo erortzen zen bitartean "Egiazkoa ekarri al didazu oraingoan?" galdetzen zuen Anjelitok.

 

 

Mierdikozko ipuia

 

Shenif.— Belozidade gehiegiz konduzitzeagatik juzgatzen zaitugu. Bilbon herenegun goizeko bederatzietan izan zen delitoa. Ba al duzu diskulparik?

        Samotht.— Baina ni ez nintzen, herenegun goizean ni Melbournen nintzen.

        Shenif.— Froga bat belozidade gehiegi zeneramala, astiro joan izan bazina ez bait zinakeen goizean helduko haraino.

        Eloiaj.— Arazo hau kafkiano da dudarik gabe. Edozelan ere delitoaren analisi bailistiko zehatz bat egin behar da.

        Rutrep.— Bai, bailatzen ikusia izatea bataioa bezala da delinkuentearentzat. Delinkuentea bailatzen ikusi nahi dugu!

        Abebea.— Baina ezin diezaiokegu analisi bailistiko bat egin ahal, prozesatuak ez baitu zangorik!

        Lejnah.— Ah! Orduan mierdikoarengana joan dadila!

 

 

Xano gorritxo autentikoa

 

Xano Gorritxo neskato dotore eta xarmangarria amonarengana bidali zuen bere amak tarta bat eraman ziezaion. Xano Gorritxok ez zuen bere amona ezagutzen eta pozik joan zen oihanetik barrena. Amona bakarrik bizi zen mendialdean, herritik hurruti, eta Xano Gorritxo ilunabarrean heldu zen. Amona ohean zegoen eta bere figura zimurtu eta jipoinduaren aurrean, bere letagin eta atzazal izugarrien aitzinean, Xano Gorritxo harriturik gelditu zen eta haurren jakinmin eta ardura bereziarekin hasi zen galdetzen:

        —Ze sudur luzea, amona! Zertarako da hainbestekoa?

        —Zuri hobeto usain hartzeko!

        —Ze begi handiak dituzun, amonatxo! Zertarako dituzu?

        —Zu hobekiago ikusteko!

        —Ze atzazal zorrotzak, amonatxo! Zertarako?

        —Zu hobeto oratzeko!

        —Ze hagin handiak dituzun, amonatxo!

        —Zu hobeto irentsi ahal izateko!...

        Eta ohetik salto eginik amonak bere loba goxoa tragatu zuen. Tarta ere jan zuen postretzat hainbeste denboran deus ahora eraman ezinez goseak hila baitzegoen atsoa.

 

 

Gure kaxa fuertea

 

Bai. Guk ere kaxa fuerta bat dugu. Izan ere autonomia ekonomiko eta desarroiloaren oinarria kaxa fuerte errespetable bat edukitzea da. Erosi orduko, guri zegokigun modelorik egokiena bilatzen saiatu ginen, inork ez diezagun ohostu. Izan ere lapurreta aurrerapen teknikoez eta zuhurtziaz betetzen ari da eta kaxa fuerte bortxagaitz bat derrigorrezkoa da. Ez dira, hain zuzen, lapurren aurrerapen teknikoa eta zuhurtzia gureak baino abantailatuagoak. Aukera bi genituen erosketan: Kaxa Fuerte Superhertsia eta Kaxa Fuerte Superastuna. Lehendabizikoa giltzadura eta seguru-sarrailez beterik dago, barnean dirua gordetzeko erabili ohi da. Bigarrena da guk erosi duguna, Kaxa Fuerte Superastuna, giltzadurarik ez duenez ez dugu giltzak galtzearen arriskurik, eta gordetzeko dirurik ez duenez lapur posibleak ezin izango du deus eraman ahal izanen. Ongi diot deus ezingo duela eraman diodanean, esan nahi dut, kaxa fuertea bera ere ez duela eraman ahal izanen, hamaika tonelada pisatzen baititu. Hona hemen bada gure tesororik bikainena: gure kaxa fuertea, hutsik egongo denez seguruena.

 

 

Drakula kontearen kexua

 

Geroago eta zailagoa da bizimodua guretzat. Gaztelu edo ostatu pare bat alkilatuak izanez gero lehen lasai bizi nintzen. Loak harturik egoten ziren oro gauerdirako eta gustora xupatzen nien lepotik odol goxoa. Horrela heurek egunez ipuiak egiteko gaia ere bazuten. Baina orain dena dago endregaturik. Sartzen zara ziutatera (iadanik inor ez baita gaztelutan ostatutzen, katuak ezik) eta guztia da iskanbila eta problema, ez da posible lasai aritzea. Galdu egiten naiz eta hegatsez hasten naizenetan ere kableetan gelditzen naiz eskegia. Poliziaren kontrolekin ere maiz kausitzen naiz eta korrika eta deiadarka ihes egin behar izaten dut, horregatik nago zuloz beterik, baina zer eginen dut ene dokumentazioa zortzi mende direla kadukatu baizitzaidan? Baina ez da hori bakarrik. Edonorengana sartzeko portero automatikoa jo behar dut eta nik Drakula kontea naizela diodanean ez didate sinisten, egungo ziudadanoentzat ni fantasia bat bainaiz, eta atarian iragan behar izaten dut gaua... Atea jotzen diet eta ez naizela esistitzen eta broma besterik ez naizela esaten didate. Hau izugarria da, imajinatu zaitez zuri ere ez zarela esistitzen esan eta esistituko ez bazina bezala portatuko balitz mundu guztia. Terrorifikoa da bizimodu hau. Dardaraka bizi naiz eta goseak hila. Maiz pena santitzen dut ene biktima ustezkoen aurrean eta haien matraila zurbilen gupidaz manta bat gehiago jartzen diet ohean. Beste batzutan erne daude insomneen antzera eta esaten didate: "Baina Konte Jauna! Donatu dut iadanik aski Odol Donatzaileen Elkartean!".

 

 

Ehiztari urbanoari

 

Thomas, ehiztari urbanoa, aunitz estimatzen zaitut. Beti esan dut zure adiskidea naizela. Aintzinatean dinosaurioak, historian zehar elefanteak eta far-westean bisonteak zelatu eta ehizatu zituztenen leinukoa zara segur. Baina badakit orain gauzak ez daudela hain erraz, konprenitzen dut zure problema. Ikusi zintudan iragan astean zure zakurrarekin mikrobusei begira, hartzak bailiren. Ohartu nintzen zure bizitzaren oinazeaz, Bacon-en kuadro betetatik aterea zirudizun. Iadanik ez dago ehizarik. Ikusi zintudan animali domestikoak eta granjako abereak persekutatzen eta tirokatzen. Enteratu naiz, halaber, iragan igandean bisita izan zenuela eta bazkarirako ehiza gabe zeure zakurra kozinatu zenuela. Gonbidatu nauzunean hontaz pentsatzea otu zait. Esan nahi dizut konformatzen naizela perdigoi egosiekin. Erregutzen dizut alegia ez dezazula senitartekorik ehizatu eni bazkaria prestatzeko.

 

 

Fines Jaioleren hiztegia ttipia

 

Fines Jaiole (1.960-1.962) hizkuntzalari ezagunaren lan postumo bat aurkitu dugu eta euskarazko hiztegigintzari eginen dion aportazioagatik bertoko hitz batzu transkribituko ditugu hemen:

        Negarra eritasun intermitente baina zendagaitza. Zerraldoa gutxi higitzen diren batzuentzako gela bakarreko etxea. korreroa giza harremanetan oinarritzen den hogibidea. Ezkertia ezkerreko eskuaz kutxiloa trebekiago maneiatzen duena. Antropofagia antropologiaren sail bat. Kazetaria kategoriako hizkimizkilaria. Miedikoa paziente nagiak beren kamiletatik espantatzeko erabiltzen den mamua. Filosofoa inondik inorako esploradorea baina bueltako biderik ez dakiena. Hiltzailea fetxa fatidikoen sortzailea. Asesinatoa heriotza ilegala. Urtea 365 heriotz egun posible. Kultura ur kultoa, unibertsitateetako lababoetakoa adibidez. Agintea hagin eta hatzaparrez heldu eta eusten dena. Filantropoak atsegina gauzarik nazkagarrietan hartzen dutenak. Kriminalak heriotza inebitablearen aurreratzaileak. Poliziak desordenaren zaintzaileak. Gilotina tortikulisaren erremediorik arradikalena. Ur katua gorbata eta guztiz hiltzen dena. Afusilatua tiroaldi bakar baterako baino erabiltzen ez den blankoa. Suizidak polizia eta jujeen langabeziaren lehen erresponsableak. Banpiroa odol donazio naturalaren sinboloa. Politika desgraziaz polito mintzatuz beste politikoen irudian aritzearen artea. Komikoa bere umorearen merkataria. Sendatzea heriotzlarritik probisionalki libratzea. Hiltzea heriotzlarritik definitiboki libratzea. Eta abar.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.