L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Pott aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<pott0501>— Pott bandaren praka (1979-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Kazetatxoak

 

Ajentzia Pottentzia de Matxakito

 

Pott bandaren Braga atera ondoren, Pott bandaren Praga-ri ekin genion, ziutate horri diogun kariñoa adierazteko eta, ahal ba zen, gure irakurleei kariño berbera injektatzearren. Baina udazkenerako utzi dugu, uste baino ezjakinagoak garela deskubritu baitugu (Kafka, Brod eta Rilke ezezik beste idazle asko sortu eta bizi izan zen han) eta denbora gehio sartzea nahitaezkoa baitzaigu. Gainera, ondo pentsatzen jarrita, ezin gintezkeen Praga-ra braga hutsetan joan, ez litzateke dezentea izanen, eta horregatik eskutan duzuen Praka hau bota dugu estraina. Azken finean, oso modoxoak gara, beldur gara konpostura galtzeaz; ai ama, ez dakizu ondo noraino garen zure sabelokoak. Eta erne egon, zeren eta bandakook ale horren aurkezpen berezia egitea erabaki baitugu, eta enamoratuak salbu beste jende klase guztia gurekin izatea gura baikenuke.

 

Euskadi Sioux izkutatu omen da betirako, hori esan digute gaur kalean; beste porrot bat gure herriaren kolkorako. Goian bego. Alde batetik triste, ezin kita genezake, bestetik, halako poxa gure baitatik, gure izenak adierazi pesimismoa irmotzen ikusteak ekartzen digun poxa, hain zuzen. Maldoror konteak untzi bat itsasertzean hondoratzen ikusten zuenean harrika eta maldizioka hasten omen zitzaion, ahalik eta lehenen hondora zedin. Krudeltasun berberaz agur egiten diegu indixu hauei, agur, agur, ondo izan ixiltasunean.

 

Azken uneko oharra: Ale hau inprimategian dugularik, Joxe Mari Aguirre Alcalde-k (E. Sioux-eko Lehen zuzendaria, beste gauzen artean) bere burua bota egin duela jakin dugu. Ikaragarria, hemen pasatzen ari dena. ERE eta MUGA izenez kaleratuko omen dira bi aldizkari berri, hala irakurri dugu egunkaritan. Batzuk lurrera eta besteak mahaira. Jendeak ez dakiena —propagandarik ez dugulako egiten— zera da, hirugarren bat ere irtetekotan dagoela. Entzun dugunez españolista hutsak omen dira, eta hori dela eta ia euskara hutsean ihardungo omen dute.

 

Feminista batek pasadizo hau konta dezagun eskatzen digu. Ba omen zegoen neska hau beste adiskide batekin Durangon edo hor nonbait, eta bi mutil inguratu omen zitzaizkien. Eta betiko zer moduz-zu hor eta ni hemen-gora euskadi-bai eguraldi ederra gaurkoa eta abarrak esan ondoren lanari buruz hitzegiten hasi omen ziren. Gure lagunak —oso gaiztoa da, bai— zera esan omen zien lasai lasai, Las Cortes-en egiten zuela lana. Orduan izan omen ziren komedik. Mutiletako bat kabreatu egin omen zen zeharo, eta hala esan omen zion: ixilik egon hadi, ze, brometan esateagatik bakarrik belarriondoko bat emango dinat eta!... euskaldun batek ezin din toki hortan lan egin eta!!

        Eta ez pentsa mutil hori txapela eta praka milrayas batekin ibiltzen diren hoietako bat zenik, bai zera, iraultzaile bat omen zen.

 

Ba dugu beste lagun bat bazkaltzera joaten den bakoitzean «geroarte bada, gerrara noia» batez despeditzen zaiguna. Hasieran ez genuen arrazoia ondo konprenitzen, baina tabernara behin lagundu genionetik ez daukagu bere esaldiaren exaktitudeaz inongo dudarik. Ailegatu ginen eta gure lagunaren kontseiluei segituz bizardunez betetako mahain baten ondoan eseri ginen. Zopa ekarri zigutenerako gaiean sartuta zeuden, nola ez, politikaz baietabaidatzen (esan nahi dugu ez zirela eztabaidatzen ari, konforme zeudela hasieratik bertatik). Zoparekin erori ziren bost bat (kitarraz hiru eta petardoaz bi) «ese cabrón» «aquel enemigo del pueblo» eta antzeko esaldien laguntzaz. Indabekin beste hamar bedeinkatu zituzten, eta bost etxe lurrarekin berdindu, horretarako artileria mota guztiak erabiliz. Xerrada jatean, bakeunea eskaini zioten etsaiei (goxoa baitzegoen haragia, eta haginka egin beharra bai zeukaten hoztutzen utzi gabe) eta postrearekin batera —aterruneaz geroz, ekaitza— Normandiako inbasioa ttiki uzten zuen maniobra baten berri eman ziguten, hango tiroak, jauna, eta hango kañonazoak... eta ze orruk!!!

        Tabernatik atera eta babestoki atomikorantz abiatu ginen. Emozio bortitzen zaleak, ba dakizue.

 

TXAK edo CACH deitu talde batzuren behar handia dago. TXAK (Txorakerien Aurkako Komandoak) edo CACH (Comandos Anti Chorradas) hoietara apuntatzen dena hitzaldietan edota aldizkarietan infiltratuko da. Exenplua ematearren hementxe bertan hasten gara aktibismo berri hau praktikatzen.

        Begira zer esan omen zuen (Linboko Argiak dixit) JA Arzek bere liburu gipuzkoano hori dela eta: «Faxistek eta alderdi politikoek Herria ume bat bezala kontsideratzen dute. Nik hori ez diat onartzen. Horregatik, irakurleak ere liburuan zerbait berea izateagatik, egin diat honela», horregatik egin duela numeroekin, alegia. Bueno, bada tokatzen zaigunagatik esplikazioak eskatzen dizkiogu. Ez, ez gara sartzen liburuaren planteamendu literarioarekin, hor konpon Joxe Anton. Guk esaldi horren gorabeheraz galdetzen diogu, zer esan nahi duen gonparaketa horrekin, ia esan nahi duen, esate baterako, egin diren liburu gehienak faxismo moeta horretan partaide direla, eta berea bakarrik salbatzen dela. Mihina irristatu egin zaioia pentsatzen dugu, erroskilak ipurdiarekin nahastu dituela. Erretrakta dadila eskatzen diogu.

        Gainera, begien bistan dagoen zerbait adieraziko diogu: Faxistek ere zuk eskatzen diozun proporzio berbera eskaintzen diote herriari, hori da, eskaintzen diotela lan egitea, eta por-zierto ez beti aldez aurretik ordenaturiko, zuzendutako eta taxututako numero batzuri segitzea bezain lan mekanikoa.

 

Maiatza bukatzen ari da. Kalea ia ezin dugu buruta, soportatu. Txiste hartaz gogoratzen naiz: gizon batek estazioko leihatilan, «txartel bat, mesedez» eta enplegatuak «nora?» eta besteak «Urrutira». Eta txiste horrek (Andalan errebistan azaldua) nire sentimendua ezerk baino hobeto adierazten duela pentsatzen dut.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.