Ustela
1975-1976
 


"Literatura bait da herriaren boza: gizarte-aldaketan lagungarri denez, beste Euskal Herri baten lorketa lagundu behar du euskaldunon literaturak. Laguntza hau exkaxa ta ahula izanen da noski, literaturak zerbait aldatzekotz sentsibilitatea aldatzen bait du, ta ez besterik". 1975eko urtarrilean Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak (J.M. Susperregiren argazkiez) argitaratutako Panpina Ustela aldizkariko "Ez dezagula konposturarik gal, halare" manifestuaren lehen lerroak dira horiek, garaiko giroa astintze aldera idatziak. Panpina Ustela Izagirre eta Atxagaren testuez osatua zen osorik; aldizkariaren hasieran bi hil-oharren bitartez aitortzen zuten nork zer idatzi zuen; amaieran zetorren elkarrekin sinatutako manifestua. Epailearen aginduz Poliziak bahitu egin zuen Panpina Ustela, "por injurias a la Iglesia y al Estado". Ustelaren bigarren zenbakia, Zorion Ustela, 1976an agertu zen Pasaian (Junta de Obras del Puerto); edizio arduradunak Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria ziren, partaideak Bernardo Atxaga eta Xabier Olarra; Juanba Berasategirenak irudiak eta maketa. Hirugarren alea eta azkena 1976koa da baita ere: Mermelada Ustela; Joxan Elosegi, Iñaki Badiola eta Joxean Muñoz ere batu dira taldera. Aldizkaria isildu zen, baina Ustela izenak jarraitu zuen 1977an Koldo Izagirrek Ustela Saila argitaletxea abian jarrita, Joxemari Olaizolarekin batera (19 liburu 1983ko abendua bitartean).


Literatur Aldizkarien Gordailua