L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Ustela aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Zorion Ustela (1976) —Hurrengo artikulua




 

 

Euskarak ideologien, eta batez ere ezkertiar ideologien aurrean izan duen errebalorizatzea, mila faktoreri loturik etorri den gauza izanen da noski. Baina geure lana ere izan da. Batez ere geure lana. Espainiar ezker batetatik datozenek eta bestek, cfr. Azurmendi, onartu egin behar dute gure errealitatea ikuserazi egin zaiela, asko jaso behar izan dugula eskua euskaldunok —pst pst, epa, aqui aqui, look here— errealitate begiragarri bat bihurtzeko. Alde batetatik euskaldunen euskaldun izatea jarraitzeko borondate tematsua, borroka herrikoi bezala manifestatzea, (Barkatua zegok, baina akordatu hadi hi, hor hintzen beti "nacionalista pequeñoburgueska" behatz batekin apuntatuz), eta bestetik, mailaketak beti artifizialak suertatzen badira ere, baste maila batetan, euskal kulturak errealitate objetibo bezala egin duen aldaketa nolabaitekoa... nolabaiteko kaleratzeak, dagoeneko fenomenoa ez ikustea eta isiltzea permititzen ez duena.

        Bai jauna, aski aldatu da gauza baina, eta beharbada horrexegatik, beldur da euskalduna. Beldur da azken uhin estratejiko batek ez ote duen noizbait hondartza ahazturen batetara bazterreratuko. Goottmann-en eskala korrejituan, euskararenganako joera negatiboek ez ote duten inor demokrata bezala deskalifikatuko. Eta beldur horrek bere errealitatea disimulatzera bultzatzen du. Batzuetan desitxuratzera eta mitifikatzera.

        Begira, esaten du pozik eta harro eta ez oso konbentzitua baina tira, egungo euskaltzaleak, begira argitaratu dugun azken liburua, eta balore sinboliko batez aparte beste askorik ez duen tesia, adrilu akademiko edo apunte kolekzio txar bat erakutsiz —izan ere, euskara kultur hizkuntza baita— egiazko errealitatea izkutatzen du, alkandoraren manga gastatuak txaketa barnean izkutatzen diren bezala, eta ez luke nahi inork jakiterik herriko jaien programa euskaratzeko, Lafitte, Batasuna, Axular, Azkue, Zortzi urte artekoa, eta batzutan zerbait aurkitzen baita, Placido Mugica eta Lopez Mendizabalen hiztegiak erabili behar izaten dituela. Gorritu egiten da gizona cómo se dice rodamiento galdetzen diotenean, edo centrocampista, edo afección cardiovascular. Ez luke nahi gure kulturaz kanpo bizi direnek Euskaltzaindian ere analfabetoak badirela jakiterik, edota gure antropologo edo hizkuntzalaririk famatuenetakoak Errioxako ardo merkeak errepresentatzen dituenik. Mitxelena catedrático de Salamanca, esaten du. Eta ez zaio disimulatzeko arrazoirik falta agian.

        Historia honek, ordea, bi alde txar ditu.

        Lehendabizi, oso positiboak izan zitezkeen errealitateak ukatzeko dugun arriskua. Subdesarroiloaren gauza onak, nahi baduzue, baina gauza onak. Subdesarroiloaren belardi eta hibai garbiak.

        Herri bakoitzean, Adria Gual nun zegoen jakin aurretik, Urnietan, Andoainen, Oihartzunen, munduko aktore-biztanle tasa hadienak ematen genituenean, herri bakoitzean teatroa egiten zuten langile talde haik, gero norbaitzuek Adria Gual Bartzelonan zegoela jakin genuenean, teatro popularraz eta eta euskal pastoraletaz pajak egiten hasi eta kaxkar eta parrokial omen zirelako ukatu genituenak. Edo geure subdesarroilo kulturala izkutatzeko adreilu inutil batzuen atzean parapetatu aurretik (alemanezko zitak eta ba ahal dakit nik ba!) kristo guztiak bere bizitza eta problemak konttzeko zuen ahalmena, kultura serioaren izenean likidatu genuena. Kristo guztia da hemen idazle, protestatzen zuen poeta aurrerakoiak. Izan ere, nola erdaratu qué dice este galdetzen zuen kolegari Azkoitiako langilearen poema traketsak. Ideologo ezkertiarrek liluratu, emozionatu, urtu, egin behar zuketen Errioxako ardoen errepresentantea, langilea, estudiantea, eta katedratikoren bat, kultur lan berdinean elkarturik ikustearen espektakuloarekin.

        Baina azken finean, hemen mundu guztiak sinesten du kultura, baina hola, benetako kultura, unibertsitateetan dagoela, eta hil zorian dagoenak apaiza eskatzen du.

        Disimulatu. Askok pentsatzen dute euskarak ez duela balio batxillerra egiteko, gaurkoz esaten oso guti ausartzen bada ere, zertarako iritziak aurreratu. Baina horri Andolin Eguzkitzak Udako Euskal Unibertsitatean Errelatibitatearen Teoria Xuberoko euskaraz irakur dezakeela erantzuteak ez ditu gauzak konpontzen. Orainik ere txokolatea eta ogia eskatzeko balio izateak harritzen gaituela esan behar genieke, eta andregaia desloratu ondoren birjina ez delako abandonatzen duen sizilianoaren txistea kontatu.

        Baina okerrena, beharbada, gure indar urriak batez ere disimulo lanetan inbertitzea eta oinarrizkoak ahaztea izanen litzateke. Eta oinarrizakoa ez da derrihorrez alfabetatze textoak egitea, ez, geure errealitate hau konplejorik gabe analizatzea, aurreiritzi petralik gabe, errealitate honi lotzen zaizkion, errealitate honetan sentidurek izanen duten lanak egitea baizik. Inbentatzea, imaginatzea, eta ez imitaziozko unibertsitateetan edo prestatzen dizkiguten errebistetan, besteek izatea beste erremediorik ez duten errealitatearen imitazio ridikulo bat gertatzea.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.