Ana Oiharbide
Ez nuen uste zerua lainotuko zenik, baina zer ajola zitzaion pertsianaren zulotxotik eguzki ñirñirrak argitzen zuen bitartean. Despetadoreak zortzirak direla adierazten zuen, jeikitzeko ordua, bilerara joateko. Anttonekin geratu zen bederatzietan autobus geltoki parean. Jantziak, gabean utzi bezala, alki gainean zeuden, zapatak ikustean, ahaztezinezko goiz hura etorri zitzaion burura. Ez zuen zapata soka aurkitzen, ez zekien non sartua izango zuen, behin eta berriz gelaren bazter guztiak begiratu eta ez, alperrik!, ez zuen inon ikusten etsi etsian ohe azpian begiratuko zuela pentsatu zuen, ez zegoen han ere, baina eskua pasatzerakoan, hauts artean bereiz ez zitekean zerbait ikutu zuen, oh! botoi bat, botoi xuri mate nakarrazko polit nat ikusi zuen, zein polita! izugarri ederra iruditzen zitzaion begiratzen zuen bakoitzean. Sokaren falta bete ahal izango zuen pentsatzen saiatu zen, baina ez zuen hartarako balio, ala ere eginkizun bat aurkituko zion, politegia zen lau zulotxoz zauritutako nakarrezko botoi hura bazter batean ahantzi edo eta mahai gaineko hautsontzian, ileak lotzeko erabiltzen zituen gantxo bitxien artean uzteko. Bazekien, Gorkari oparituko zion, Gorka, zuela hamabost egun biltokian ezagutu zuen mutil hura, gustatzen zitzaion, bazuen halako zerbait, definitzerakoan ezinezkoa gertatzen bazitzaion ere, orain oroimen triste bat besterik oz zuen gordetzen... eginkizun bat aurkitzen bazion ere, maitasun muestra bat bezala hartuko zuen. Hau ez zen horrela izan eta argi ikusi zuen. Gorkak, "nere lagunari maite osoaz" zion papera kendu eta botoi arrunt hura ikustean, ez zegoen burutik sano, adarra jo nahi ote zion? konturatua zen jadanik arin xamarra zelaz, nola esan ahal izan zion bestela, ez zela bera maite zuen bakarra. Baina gustatzen zitzaion Nekane, bere gauzak esateko era agian, gauzak gehiegi gustatzen ez bazitzaizkion ere, bere espontaneitatea, ez zekien. Nekanek mutil bat baino gehiago maitatzea, ordea, onartezina zitzaion, horrela esan zion guztia hurrengo larunbatean biltokian ikusi zuenean. Gauzak ezin zitezkeen hala izan, nolabaiteko zihurtasun bat behar zuen. Orain Nekanek gertaera triste bat legez oroitzen zuen. Eztabaida gogor hartan, bere burua, bere idei, asmo, pentsaera, gauza maitatuenak pakete batean sartu, zinta lila hestu batez bildu eta, Urumeara botatzen sumatu zuen, ahaztezina zitzaion gau hartako lokamuts samin hartan bezalaxe, eta ondoren sentitutako huts, hotz, bizi zentzu galtze hura berpiztu zitzaizkion barnean, ez zuen horrelakorik egingo, maiteegiak, bereegiak zituen gauza guzti haiek. Atzo Ion, Suen eskutik ikusi zuen kalean, pozik zirudien. Zortzi t'erdiak ziren, dutxa bat hartu eta lasterka gosaltzeko denbora bazuen oraindik, bilera interesgerria izango zen. Antton, geltoki parean zain izango zuen.
|