Bernardo Atxagaren (orainarteko) antzerkigintza:
Inkurtsio berritzaileak
Mikel Antza
Bernardo Atxaga idazleak badu antzerkigile arloa; hasera haseratik esango dut: nahiko arlo berezia. Arrazoi askorengatik berezia; alde batetik, eta nolabait adierazgarri da, ez dira bere lan guztiak argitaratu argitaratu direnetatik ere bide arruntetatik at argitaratu direnak badira. Honek obra batzuren ezaugarri bat adierazten du, irakurtzeko ez izatearenak. Bestalde, zail da obra hauen artean parekotasun argirik aurkitzea; estilo bateratsu bat atzeman badaiteke forma ezberdin askoren azpian bilatu behar da.
Ohian basati bezala begiratu daiteke Atxagaren antzerki produkzioa, norberak Lope de Agirre senti dezake bere burua antzeslanen basoan barrena abiatzean... bainan ez, esango ditudanak ulerterrezak izan daitezen nahi dut. Banan-bana izendatuko ditut Atxagaren lanak, bakoitzaren lehen hurbiltzea eginaz. Horrela agertzeak dakarren astuntasuna gaiaren berritasunak gaindituko duela espero dut. (Hurrengo batetarako utziko ditut bestelako azterketa sakonagoak).
"Borobila eta Puntua" (1)
Antzerti hau Bernardo Atxagak argitaratutako lehen lana da. Obra sinbolista bat da:
"Bigarren kontalaria: (...) Hau, puntu zuria da eta edozein gauza izan daiteke, adibidez:
Puntu zuria Euskal Herria da edo
Puntu zuria printzesa bat da edo
baleike
Puntu zuria puntu bat besterik ez izatea."
Baina nahiz eta sinboloen erabilpenak ondorioz hitzaren garrantzi nagusia ekarri, Atxagak elementu orekatzaile bat ipintzen du. Hau koreografia da, eszenaren estetika, mugimenduen bidez osatzen den estetika. Aktorearen hizjario sinbolista eta aktore berorren mugimenduen arteko desoreka, obra guztiaren mugimenduaren bidez konpontzen da: borobilak bere mugimenduarekin eta puntuak bere ezmugikortasunean lortzen dituzten marrazkien bidez.
Ezaugarriekin jarraituz eta klitxeak ezartzen hasiz gero, obra "popularra" dela esan daiteke; antzerkiaren tradizioarekin errotzen dena (koru herritarren agertzea adibidez); eta baita didaktikoa ere. Puntu hau diskutigarri izan daiteke, didaktismo berezia bait da "BOROBILA eta PUNTUA" obran agertzen dena. Baina esangarria da obraren amaiera:
"Lehen Korua: (...) PRINTZESA HIL EGIN DA:
Berriz biolina entzuten da.
Susmurrak, batez ere 'ai lehenago mugitu izan bagina. Berandu ailegatu gara' esan beharko du. Azkeneko bi koruko denak, eszenarioan aurre aurrean jarrita 'ETORKIZUNA GAURKO ARAZOA DA' oihuztatzen duten bitartean, teloia eroriko da".
Aditzera eman dut dagoeneko Atxaga ez dela testoa idaztera murrizten, bere interesak areago jotzen du, eszenografia, koreografia eta baita aktuatze eretan kezkatzeraino. Aktuatze eran, itxuraz behintzat, haserako Atxaga gehien kezkatzen duena ahots kontua da (keinuaren ardura ere ageri da zenbait obratan). Eszenografian, ezaugarririk nagusiena sinpletasuna da, baina sinpletasun zaindu bat, teatro txiroan erori gabe, sinpletasun estetikoa.
"Antzerki Minimum Bat" (2)
Bigarren lan hau Atxagaren antzeslanetatik txikienetakoa da, baina badu garrantzirik. Publikoaren tratamendua da garrantzitsuena. Badirudi obra honen helburua publikoa iraintzea:
"Lehen hizlaria: Bainan horiei zer inportako zaiek nundikan axola honera etorri baino lehen espiluaren aurrean bularrak tentetzen ihardun duen andere horri zer adieraziko gure itxugoak zein/ze galtza jantzi erabakitzen aritu diren gizonei ere ja ja jaaa esan ezaidak lagun zer inporta zaiek".
eta gogaitea dela:
"Bigarren hizlaria: Bai, hala da gu ez gara ezer gu ez gara inor.
(Jende guztiak aldegin arte errepikatzen arituko dira)".
Badauka didaktismo berezi bat honek ere, nahiko sarkastikoa: bi hizlari itsutuen betebeharra jendeari beraien kasu tristea kontatzea da, ez daitezen haiek erru berdinean eror.
Antzerti esperimentala, nahiko deprimentea eta aurrekoa baino soilagoa. Hiru pertsonaia estatiko eta hizjarioa. Eszenako koloreek kolore itsusiak, pertsonaien ezmugikortasunak, eszenatokiaren hustasunak, denak eramanarazten du atentzioa, desgogora oso, funtzionari gisa aritzen diren Alferrikal duen Erakunde Nagusia.ko (A.E.N.) itsutuek diotenera.
"Herri beltz Herri txuri" (3)
Antzerki hau Asteasuko antzerki taldeak 40ren bat aldiz antzestu zuen. Testoa galdutzat jo daiteke...
"Bilintxi omenaldia" (4)
Theatro (sic) hau "Ziutateaz (1)" lanaren baitan argitaratu zen eta honen garrantzia idatzia dagoen eran datza, ez bait daiteke idatzia dagoen bezala antzestu. Antzerki baten esplikazioa da, Scardenalli pertsonaiak Antonin idazkariari kontatzen diona.
Eragin aitortu nabarmena dauka obra honek, Antonin Artaud eta honen krudeltasunaren teatroarena:
"konprenitzen zaitut, baina nik ez dakit noraino den komenigarria horrelako elementu bat sartzea (labain bat); jendea ez dago ohituta, ez dakit holakorik onartuko duten...
onartzen ez badu hobe, antonin... ez ahal duk garbi ikusten... zeren tentsioak onarketa hori jalo arte iraunen bait du... ez?... oso zahartua gelditu haiz teatro kontuetan". (83 o.)
Antzerki honen helburua Loiola, antzerkian Bilintxen papera jokatuko duena, hiltzea da, eszenan hiltzea hain zuzen:
"El teatro sólo podrá ser nuevamente el mismo, ser un medio de auténtica ilusiôn, cuando proporcione al espectador verdaderos precipitados de sueños, donde su gusto por el crimen, sus obsesiones eróticas, su salvajismo, su sentido utópico de la vida y de las cosas y hasta su canibalismo desborden en un plano no fingido e ilusorio, sino interior". (*)
Antzerki honen eszenografia txuribeltzak, eszenan ageri diren espilua eta panpina (maiteñoa) zintzilikatuari eranstean, dramatikotasuna areagotzen du.
"Borobila eta Puntua"n bezala honetan ere ageri da korua, Bilintxen esaldi famatua garratz eta krudel bihurtzen duelarik: "triste bizi naiz eta hilko banintz hobe" edo "... hilko banintz ere".
Gaiak Bilintx bere logelan ipintzen digu panpinarekin maitasuna entsaiatzen eta koruak zuzendariaren laguntzaz desesperazioan murgilduko du...
Noizbait antzestuko balitz, abentura polita izango litzateke aktoreentzat, obra bat antzestera doazen pertsonaien izaera ere landu beharrean aurkituko liratekeelako. Antzerkiaren barneko antzerkia, antzerki doblea, gero ere Atxagak erabiliko duena, "Evatxo Peron"en hain zuzen.
"Prakaman" (5)
Bip, bip,... Azken orduko berria: "Prakaman" antzerkiaren testoa Bernardo Atxagak idatzia da... bip, ip.
Bip, bip,... Azken-azken ordukoa: SUSA 5eko erredakzioa itxi dute... bip, bip.
Bip. bip,... Azkena, hau bai, azkena: tipo estraino bat ikusia izan da prakadun gizonak bahitzen kontxako pasioan. "A: Prakaman, harrapatu haut" garraisi egiten omen zuen eta gero "kontatu argumentoa" mehatxu eginez urruntzen omen zen, polizia eta abar, eta... bip, bip... Bik.
"Jimmi Pottolo eta Zapataria" & "Logalea zeukan Trapezistaren (sic) kasoa" (6) (7)
Haurrentzako (Larogeitapiko urtetarainoko haurrentzako) bi obra hauetan nabarmentzen dut Atxagaren teatrogintzan ezberdintasun nagusiena.
Publiko ezberdin bati zuzentzen zaio obra hauekin, eta honek, obra hauei, ezaugarri berriak ezartzen dizkie. Pertsonaietan denbora gehio eramaten du Atxagak, hein handi batetan obra hauen habe funtsezkoenak pertsonaiak direlako; behintzat haurren atentzioa erakartzeko elementurik argienak.
Imajinazio koloretsuari leku handiagoa egiten dio aurreko eszenatokien txuribeztasunarekin kontraste eginaz.
Orainarte aipatutako lanetan ageri zirezi ezaugarri batzu finkatzen dira hauetan, baina beste itxura bat hartuz, beste erabilpena egiten du Atxagak. Adibide gisa, bertsoegitea ipiniko nuke; Atxagaren umorearekin parez pare doan elementua dugu. (Nahiz eta antzesteko asmoz idatziak ez izan, haurrentzat idatzirikoak direnez, "Nikolasaren Abenturak eta Kalenturak" eta "Ramuntxo Detektibea" irakur daitezke aurrekoa egiaztatzeko).
"Jimmi Pottolo..." da bietan sinpleena. Argumentu erraza eta idurikorra. Testu eskergarria da, antzestean aukera ederrak eskeintzen ditu, edo hobe, eskeiniko lituzke. Abentura kutsua da garrantzi handiko elementua, haurraren parte hartzea buruan bait dauka Atxagak. Zapataria, Askodakiren laguntzaz, zapata handi eta fuerte batzuren bila abiatzen da, bestela Pottolok belarriak kenduko dizkio eta. Panpinentzat eta hezur-haragizko pertsonaientzat idatzia dago, baina ez daukagu testoa besterik eta beste dibagazio batzu egiteko aukera ere ez ondorioz.
"Logalea zeukan..." obrak aurrekoak bezala funtsezkoa du haurren parte hartzea, bestela porrot egingo bait luke, baina hau landuagoa da. Eszenatoki aldetik berrikuntza handi bat proposatzen du, hain zuzen, bi eszenatoki ezberdin ipintzen ditu eta tartean ikuslegoa. Istorioak berak antzesteko arazorik badakar eta Atxagak hiru irtenbide eskeintzen ditu. Alde horretatik, Atxaga eszenografia arazoetan asko arduratzen den egilea dugu. Honetan ere panpinak (era askotakoak) eta aktoreak tartekatzen dira. Lehen aipatu bezala koloreekin ardura berezia hartzen du Atxagak. Ironikoki esan daiteke Bernardo Atxagak gehio zaintzen duela haurrek osatzen duten ikuslegoa. Sinboloak mozorroztuagoak ageri dira, baina hau ere Atxagaren konstante bihurtu da. Atxagaren akotazioa OFF ahotsa dela eta:
"...Azken finean OFF hori Guraso erritagilearen arabera moldatua dago, sinbolo mailan (kontzientzia gisa edo). Teatralki zirkuetako pailazo zuri edo jakintsuaren arabera jokatzen du."
Istorioa polita da, ametsaren eta errealitatearen arteko muga ezkutu horrekin jokatzen du, azkenean, haurren laguntzaz, irtenbide musikala proposatuz, tronpeta tuboskapean sartzean honen zarata galerazteko.
"EVATXO PERON (No llores por mi Euskalerria)" (8 )
Obra honi buruz ezer esan baino lehen "apunte" batzu direla azpimarratu behar da, nahiko apunte landuak, hori bai.
Azkenean zenbait flirten buruan Atxaga euskal antzerkiaren erroetara bueltatzen da: Ia egile guztiek insinuatu dutena argi-argi ematen digu Atxagak: pastuala!! Atxagaren lanik bikainena da, bai teatralki hitzeginaz eta baita gaiari begiratzen badiogu ere. Teatralki, azken lan honetan, "Bilintxi Omenaldian" nolabait aditzera ematen zena argi-argi azaltzen delako, antzerki barneko antzerkia, edo hobe, antzerki barneko pastorala, Centro Vasco de Buenos Airesek Joan Domingo Peroni omenaldia egitea erabaki du, omenaldi-afaria nola ez, euskaldunak izanik. Afari amaieran, postretan, Eva Duarteren bizitza eta mirakuluak pastoral moduan eskeintzeko asmoak dituzte. Beraz, pastorala baino gehio pastoral horren entsaioa litzateke, musiko eta guzti.
Antzerkiaren bidez eta baita pastoralaren bidez zenbait mito puskatzen ditu, zenbait mitori barre egiten zaio eta orokorki hitzeginaz nahiko gordinki botatzen dizkigu Atxagak. Sinboloak argi erakusten ditu honetan Atxagak eta horretarako muestreo soziologiko bat egingo balu bezala Argentinara garamatza han pertsonaia tipikoenak groteskoki erakutsiz (ezin liteke falta idazle histerikoa).
Lehen aipatutakoagatik, hau da, pastoralaren entsaioarena, inprobisaketarako bide zabalak uzten ditu. Honek eta Centro Vascoan gertatzen dena arrunta izateak arrisku nabarmenak dakartzate errepresentazio orduan, eta hau neurria litzateke. Erraza ikusten dut gisa honetako obra batekin errepresentazio amaiezina, infinitoa gertatzea.
Atxagaren ezaugarriak ere ageri dira hemen, lehen aipatutakoarekin jarraituz, bertsoarena edo errimarena ipiniko dut adibidetzat; obra haseran musikoen elkarrizketa:
"1MUS. me parece mucha presunción hacer como se toca el trombón!
2MUS. si quiere presumir antes al conservatorio tiene que ir.
TROM. pues si yo me voy de la banda, si yo digo agurshito, vos os quedais sin el único navarro de la reunión. ¡Ateneos a las consecuencias politicas!"
Atxagak berak dioenez obraren gaia lokalista da oso eta Euskal Herrian antzesteko pentsatua da bainan eskualde batzutara "egokitzea" ez litzatekeela zaila deritzo; ya que "en todas partes cuecen habas".
Eta nik nere aldetik ondorio gisako hauek atera ditut Atxagaren antzeslanak aztertzean. Atxagaren antzerkia berritzailea da inguru hauetan eta gainera inguru hauetako eraginetatik edaten duena. Batzutan antzerkigintza esperimentala eginez, beti antzerkigintza konsziente bat burutuz. Bernardo Atxagaren antzerkigintza hau oso ugaria ez dela oso argi dago. Noizbehinkako antzerkigintza hau errotuz edo haziz edo bizkortuz, indartuz, ahulduz, tristetuz, alaituz, urdinduz, zabalduz, itxiz, hitzurrituz, hizjariotuz, finkatuz, tinkatuz, garatuz, gaisotuz, gripetuz, gero eta gehiotuz joango dela espero daiteke (ez da hala?) eta ziuraski ordurako, beharbada bai, antzerki asunto hauetan jantziago pasiatuko naiz antzerkigintza hipotetiko horri buruz behar bezala edo behintzat itxurosoki eskribatzeko. Eta bestela josi ditzatela tamarindoz Donostiako parke guztiak! (ez, faborez eta mesedez, eta paorez, EZ!)
1982ko Martxoan
(1): "Borobila eta puntua", Euskal literatura 72 bilduman, Kriselu 24. LUR editoriala, hazila 72.
(2): Antzerki Minimum Bat", Panpina Ustela aldizkarian. 1974, hazilak 25.
(3): "Herri txuri Herri beltz", testoa "galdurik" 75.ean.
(4): "Bilintxi Omenaldia", Ziutateaz I liburuan, 1976, abuztua.
(5): "Prakaman", datarik ez dut. Oker ez banago, 80an Kilikilariek entzestua.
(6): "Jimmi Pottolo eta Zapataria", testoa. Datarik gabe.
(7): "Logalea zeukan Trapezistaren (ekilibristaren gero) kasoa", haur txotxongiloa. Datarik gabe. Bi azkenak "Maskarada" antzerki taldeak antzestu ditu.
(8): "Evatxo Peron (No llores por mi Euskalerria)", datarik gabe.
(*): "El teatro y su doble" Antonin Artaud, 104 orrialdean.
|