Susa sei
Presaka eta korrika; bildu nahi eta ezin. Bildu, eta datorren asterako, hau ta hori ta bestea. Hurrengo astean, Hi, hau geratzen duk!, edota, nik ez diat bukatu.
Denbora pasa eta ezin gurpil zoro hori gera erazi, ezin zakurrari buztana ahotik kendu.
Ezin patxaran eseri eta, hi, nik hau irakurri diat eta zera iruditu zeidak, esan. Ezin literatur eta ideien korronteei buruzko azterketarik egin geure artean. Ezin ailegatu.
Halabainan, uste dugu, egiten dugun katxarro honek, SUSA
honek, baduela bilera eta taldea biltzeko haina garrantzia.
Aspergarria da askotan, bainan, inguruko jende mordo bat idaztera, edota, beren gauzak argitaratzera bultza dugunean, pozik sentitzen gara SUSA kalean ikusirik.
Badakigu ateratzea, bakar bakarrik ateratzea, ez daitekeela geure helburua izan. Badakigu mila arazo dagoela eztabaida dezagun. Izango dira garai hobeak! Ezin da dena batera egin. Edo bai. Teoria eta praktikaren arteko borroka dinamiko hori. hori izango litzateke azkenean: orain gehiago primatzen du praktikak geure artean.
Besteak..., eztabaidak, tirabirak, korronteren batekin identifikatzeak, hausturak... etorriko dira. Etorriko dira eszisioak.
Izango dira garai hobeak SUSAL-herrian!
Bitartean, hona hemen zertara iritsi zen SUSABERO bat euskal literaturaz, literatur giroaz, eta euskal gauzataz erreflexionatzen jarrai zenean:
Besterik ezean,
Idiarena jo dezazun,
zainetan, odolik ere gera ez
dakizunean
pottoa gogor dezazun,
MARRUA
MARRUA besterik ez,
MARRUA geratuko zaizu.
Hori ikusi zutenean beste guztiok, bilerak jada kutsu trajiko
eta ilun bat bazeukan ere, SUSA SEI kaleratzea erabaki zuten, nahiz eta SUSABEROk, erabakitaz bakarrik ulertzen zutela eta ezarteaz, behin eta berriro errepikatu.
Okerrena ez da hori ordea. Okerrena da, SUSABERO ez zela suizidatu... eta SUSASEI kalean dagoela!
Kalean dago eta OH! PERFIDIU5 DANDELION!, badirudit baldarka datorrela ene bila, zimur zimur eginda, Botila kraskatuaren ertza zorrotzek, ene begiak zulatzen dituzte farolargiaren disdiraz. Erotuta bezala heltzen dio SUSASEI-k lepotik botilari, SUSAL-HERRIA ez dago hilda, ez dago hilda, bai zea! kantari datorren bitartean.
Odol tantak dakusatzat gorri gorri ene maindire txuritan. Ene bila dator SUSASEI.
Maindire artean...
SUSAna
|