Caribeko literaturak:
Jacques Stephen Alexis
Iñaki Iñurrieta
1956an, Parisen ospatu zen Idazle eta artista beltzen lehen kongresuan, Jacques Stephen Alexisek Manifeste du Réalisme Merveilleux delakoa aurkeztu zuen. Ez dirudi harrezpero oihartzun handirik izan duenik, baina izen hori irakurri bezain laster askoz ezagunagoa den beste etiketa bat gogorazten du: errealismo majikoa aiegia, nobela hegoamerikarrarekin eta batez ere García Márquezi loturik munduan zehar barreiatu dena.
Manifestuek, are ausart eta epatanteenak direlarik ere, ezer gutxitarako balio dute obra mamitsu eta aberatsetan gorpuzten ez diren bitartean. Beraz, batere damurik ez txosten hura ez ezagutu izanaz, Alexisen obra nagusia irakurtzeko parada izanez gero: Compere général soleil.
Baina nobelari ekin aurretik, eman ditzadan zenbait argibide egileaz. Jacques Stephen Alexis haitiarra dugu, Gonaives hirian jaioa 1922an. Diplomatiko baten seme, medikuntzan graduatu eta politika eta kulturgintzan burubelarri sartuta ibili zen, 1946an, arrazoi politikoak zirela medio, Frantziara atzerriratu beharra izan zuen arte. 1955ean Compere... argitaratzen da, eta handik urtebetera gorago aipaturiko manifestua. 1959an P.E.P. fundatu zuen. Haitiko Alderdi Komunista alegia. Bi urte geroago, 1961ean Haitin klandestinoki sartzen saiatu zen, borroka bizkortu asmoz, baina Duvalier diktatorearen poliziak atzeman eta torturatua eta eraila izan zen, artean berrogei urteak betetzeko zituela. Aipatuez gainera beste honako idazlanok utzi zituen: «Les arbres musiciens», «L'espace d'un cillement», «Romancero aux étoiles». Baita amaigabe geratu zirenak ere: «L'Eglantine» eta «Etoile absinthe».
Compere général soleil agertu zenean, kritikak hirugarren munduko produkzio literarioaren obra garrantzitsuenetako bat bezala hartu zuen. Bigarren Gerrate Mundialaren ondorengo urteetan deskolonizatze mugimenduak indartuz zihoazen, eta testuinguru honetan Alexisen nobela herri identitate berriaren bilaketa saioa zen, kolonizatzaileen tresna berberetaz (kultur tresnez alegia) baliatuz eta aldi berean haien kontra jarkiz. Gaurregun haitiar literaturan goimailako obratzat jotzen da hura.
Nobelan Hilarion Hilarius haitiar arrunt baten ibilerak kontatzen dira; beste asko bezala, bizitza gogor eta miserable batetara kondenatua, bere bidean zenbait pertsona ongile gertatzen zaizkion arte; hauei eskerrak bere egoeraz jabetzen hasten da, bere pertsona duintasuna deskubritzen. Kontzientziatze prozesu honen buruan heriotzak harrapatzen du.
Nobela pedagogiko baten aurrean gaude, zalantzarik gabe. Eta agian etiketa honek muturra okerraraziko dio norbaiti, literatura zeregin pedestre hauetatik at gorde nahi lukeen baten bati. Gure testuinguru europarrak era honetako aurreritziz hornitzen gaitu, beste mundu eta kultura desberdinei hurbiltzea galerazten digutenak maiz. Dena den, pedagogismo honi egotz dakioke batzutan aurkitu uste dudan errealitatearen sinplifikatze gehiegizkoa; demostratiboegia gertatzen da beharbada zenbait pasartetan; kontalaria bera ere inplikatua dago joko honetan, eta lar eskuhartzen duela esan daiteke; manikeismo errazik ere ez da falta. Halere, nobelaren indar poetikoa eta adierazkortasuna, han-hemenka barreiatutako imajina izugarriak gailentzen dira azken batean. Compere... ez da inolaz errealismo kamuts bat aplikatzearen ondorio. Alexisen literatur sena ukaezina da, eta nobela hau oso urrun dago politikoaren prolongazio huts izatetik.
Nobelaren alderdirik interesgarriena, ene ustez, hasieran aipaturiko errealismo harrigarriari lot lekiokeena da. Esan bezala, Alexisek haitiar herriaren identitate bilaketan dihardu eta horretarako elemendu exotiko ugari eta desberdinen sinkretismo baterantz jotzen du: hor ditugu afrikar tradizioak, sineste eta ohiturak; hor dugu belztasunari ematen zaion garrantzia; hor, halaber Caribeko natura bere neurriz kanpoko oparotasunean; animismo bizi batek aldez alde zeharkatua... Biziaren gogorra bortizki emana dago, gorri-beltzez tindatua, baina aldi berean une xume goxoak humore liriko apartaz adierazita; maitasuna, zorion izpitxoak,...
Tamalez, guzti hauek esan ondoren, hemen eskaintzen ditugun pasarte euskaratuekin konformatu behar, ez baitago gure liburudendetan nobela hau aurkitzerik. Ez hauek ezta Alexisen beste obrak ere. Nik erabili dudan argitalpena Cuban egina da, «Casa de las Américas»-ek («El compadre general sol», La Habana 1974)
|