Argizagia bera bezain ederra
Iñaki Uria
Lehengo batean, sirimirizko baserdi eta baserdien artean, kanpotik bezain bustirik ginela barnetik, altxa egin zuen eguraldiak, eta han agertu zitzaidan begien aurrean, argizagia bera baino distiratsuago, lanbroek hestalia zidaten andere zoragarri hura.
Ilargia bailitz geratu nintzaion begira tonto-tonto eginda.
Ze arraio ari haiz begira?, galdetuko zidan seuruasko, ze ilargia begira nengoela uste baitut erantzun niola.
Jesus aditu nion hi bezalako mutil-zahar bat eta hire hogeitamar urteekin ilargia begira? Nahiko denbora ez al duk euki hura begiratzeko?
Lainoak fuerte korritu zuten, eta berriro hasi zuen sirimiriak goitik behera, egarriz ginela gogora arazi nahian bezala. Ardo gorrizko ttantta finez busti genituen ezpainak eta barneak, bion arteko bidetxigorrak gero eta labainagoak bihurtu genituelarik. Hilbehera eta hilgora osatzen zuten ezpain gorriztatu haiek ene lanbrotatik gora.
Hitzegiten hasi ginen nonbait. Han agertu ziren bidaiak elkar irristatze bati elkarrizketaren jantzia eman nahiko baliote bezala. Udazkena zen.
Italiako mutil ederretaz aritu zitzaidan, ez zela harritzekoa han, marmorezko hainbeste monumentu izatea, azal lehunezko hainbat eredu bizidun eukita. Greziako gau eta itsaso urdinetaz, hango ardo txuriaz. Guztiak ikusiak zituen uda horretan.
Urrunago joan nahi nikek dena den?
Nora? galdetu nion Arkupeta, Aralar eta Erniope baino urrunago ezagutzen ez nuen neronek.
Ez zekiat bainan urrunago.
Atertu zuenez, taberna hartatik, Mendauretik, laister kaleratu ginen Erniope bidean ez bustitzearren. Han zegoen ilargia lanbrogune hartan.
Hik ilargira joan nahiko dun esan nion txantxetan.
Hori duk. Ilargira. Beste galaxia batetara.
Adiorik esan gabe aldegin nion urrengo kale kantoitik. Nori burura dakioke tabernarik ez dagoen toki batera joatea? Joan zedila bakarrik!
Hau duk hau mutil zaharraren arraiokeria! Hogeitamar urte, eta argizagia... begiratu besterik ez!
|