L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-7 (1983-otsaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Jainkoa lagun

 

Josu Landa

 

(I)

Parrokiaren aurrean zegoen plaza zabala zeharkatu aurretik alde batetara eta bestera begiratu zuen Anttonik, eta inor ez zegoela agerian ziurtatu bezain pronto, besotik zintzilik zeraman poltsa baten barrua begiztatzeko keinua egin zuen. Beso batekin euskarriak helduaz, bestea poltsan barrena sartu zuen, barnean zegoen estatuatxo bat leunki eta samurtasunez laztanduaz.

        — Lasai, ene maite, dena ongi aterako zaigu eta...

        Berriro poltsa itxi eta behingoz plaza gurutzatu zuen, aurrekaldeko espaloiraino ailegatu, eta eliz atariko eskilarak igotzen hasi orduko, taupadak ere azkartzen hasi zitzaizkion. «Lasai, maite, lasai, ikusiko duzu nola dena aterako den ongi, lasai» errepikatzen zion behin eta berriz bere buruari.

        Ate pisudun hura ez zegoen, alajaina, ongiegi lubrifikatua, hura zarata zabaltzerakoan, baita bere atzetik itxitakoan ere. Arratsaldeko erdiluna atzean utzi zuen iadanik.

 

(II)

— Ave María Purísima.

        — Sin pecado concebida, Anttoni, ongi etorri aspaldiko —ahotsean ezagutu zuen bera zela.

        — Bai, arrazoin duzu, aspaldikoa, bainan badakizu ongi aski ez dela borondatezko ausentzia nirea...

        — Beno, beno, ongi da, aitzaki gutxiago eta goazen harira, zertara etorri zara hona, bekatari hori?

        — Begira, ez da propio bekatuak aitortzeko, badakizu nire bizitza guztian behin edo bitan besterik ez dudala horrelako aitorkuntzarik egin, bainan egia esan behar badut, nire hogeitamar urte hauetan lehenbiziko aldiz duda gogor batek eraman nau Jainkoaren beldur izatera.

        — Esaidazu bada, Anttoni, ikusiko dugu...

        — Ikusiko duzu, Don Juan, zerorrek dakizun bezalaxe, txikitatik oso fededun izan naiz, nahiz eta elizara gutxitan etorri...

        — Azken hori behintzat egia borobila, bai...

        — Bai, bainan gaur egun ez nago seguru ez ote naizen bekatu handiegi batetan erori... Beno, esan dezadan behin betirako —esku batetaz poltsa barnekoari kariziak ematen zizkion bitartean.

        — Beldurrik gabe esan ezazu, Anttoni... —bion artean zegoen zurezko saretik gero eta gertuago zegoen Don Juan.

        — Ba hori, Jainkoaz maitemindurik nagoela, eta ez dakit nire harekiko amodioa ez ote den mingarria izango harentzat...

        — Nola bada mingarria, Anttoni, hori besterik ez digu eskatzen Jainkoak...

        — Bainan ez da zuk pentsatzen duzuna, Don Juan, gertatzen da nire amodioa benetakoa dela, ez fraternala deituriko horietakoa, bestelakoa baino. Begira... etxean estatua batzu ditut, tamaina eta forma desberdinetakoak, eta... beno, ez dakit esan ala ez... beno, bai, ba hori... haiekin lizunkeriarik kontaezinenak egiten ditut, senar eta emazteen artekoak osea...

 

(III)

Anttonik ez zuen jarraitzeko ahalmenik izan estatuena esan ondotik. Sutan baino sutanago jarri zitzaion Don Juan, eta desdeluego, hori baldin bazen bere maite kuttunaren bidalia gizakiekin kontaktutan ipintzeko, berarekin bederen jai zuten, ez zegoen prest, roilo paternalista eta moralistak entzuteko. Mila aldiz madarikatu zuen hara joateko erabakia hartu zuen mementua, mala aldiz mila. «Hobe dun hireari jarraitzea, besteei kasurik egin gabe» eta ukabilak arrabiaz hersten zituen horretaz pentsatzen zuen bakoitzean. «Gure ama zenak ongi aski erakutsi zigun anai-arreboi hori dena, apaizak aldarean eta norberaren garbantzuak lapikoan». Etxera heltzerakoan, hozkailuaren gainean utzi zuen estatua, Bihotz Sakaratuaren estatua, eta sukaldetik atera baino lehen musu bat bota zuen airean hari zuzenduta. «Oi, zer nolako buruhausteak ematen dizkidazun...» eta atea itxi zuen.

        Guztiok nahi eta uste baino azkarrago pasa ziren urteak, eta Anttoni eta Don Juanen arteko iskanbila horren oihartzuna denboran galdua gelditu zen; Don Juanek ez zuen aurrerantzean Anttoniren berririk izan, ezta azken honek bestearena ere. Galdera eta inbestigazio labur batzuren ondorioz, Don Juanek jakin zuen nonbait Anttoni hiriaren beste auzo batetara mudatu zela, ez zela inguru hartan bizi dagoeneko, eta gehiago jakiteko grina asetu gabe gelditu bazitzaion ere, handik aurrerako historia guztia bere komenientziarako moldatu zuen eta akabo.

        Makina bat urte pasa ziren ia konturatu gabe, egutegiko orriak joan, orriak etorri, eta ohiturak aldatuaz joan ziren heinean, baita Don Juanen ideiak eta ohiturak ere eraberrituak suertatu ziren bere feligres guztien begien aurrean.

        Hilabete mogituen poderioz usarioak etabarrekoek beste itxura bat hartu zuten beraz, apaiza langileen uhina, konpromezu sozialaren ordua, etabar, etabar. Don Juan ere, eta ordurako berrogei urte inguru izan arren, ez zen atzera gelditu eta apaiza eta fraile gazte eta progreen gurdira igo zen azken orduan, egia esan ezin jakin ingurugiroak bultzatuta edo komenientzia propioek eraginda. Zeren eta garai hartan bertan egin bait zuen Don Juanek —Juanito garai hartarako— bere hankatarteko tresna tentekorraren deskubrimendua, eta bazegoela gaixotasunetako sukarretaz aparte bestelako kalentura ere.

        Apaiza progre, langile eta liberatua, enfin, gure Don Juan edo Juanito hau. Garai hartakoa ere izan zen Juanito apaizaren bizitzan izugarrizko pisua izango zuen jazoera bat. Herrialde hartako apezpikuak erabakita, inguruko errelikiarik baliotsuena Juanitok errejentatzen zuen parrokiara trasladatua izan zen: Santa Luziaren gorpu ustelgabea. Zeremonia berezia, palioa eta guzti, egin behar izan zuten hura ekarri zuten egunean, meza kontzelebratua, pazkoko zuzia, eta intsentsua jo eta ke. Aldare berezi bat ipini behar izan zuten hain ornamendu bikaina zuen hilkutxa parrokian kokatzeko.

        Bainan aurrerago esana dagoen bezala, gizaki sexuduna bilakatu zen Juanito, eta hasera batetan onanismoarekin konformatzeko lain ateratzen bazuen ere, mementu batetara iritsita kanpaina jotzea ez omen zitzaion aski itxuraz, eta etapa berri baten atarian igarri zuen bere burua egun batetan ideia batetaz erditu zenean.

        Urtebetea burutua zegoen harrez gero Santa Luziarena bertan zetzala eta bere beatifikazio agirian esaten zenez, birjina omen zen. Juanitoren imajinazio berantiar bainan aktiboak ideia hori tinkatu zuen buru erdian eta denbora dexente pasa zuen burutik ezin kendu. Gau batetan, eta tentaldiari ezin kontra egin, Santa Luziaren hilkutxaren estalkia altxatu zuen eta lehen aldiz haren gorputz lirain eta mantxagabea ikusi ahal izan zuen.

        Egun hartan honela idatzi zuen bere egunkari intimoan: «Konklusio batetara iritsi naiz. Garai hartako gizonek arrunt tontoak behar zuten izan horrelako emakume puska birjina uzteko. Tontoak edo inuxenteegiak. Bigarren hau ere posible daiteke». Egun hartatik aurrera egunoro egiten zion bisita Juanitok Santa Luziaren aldareari.

 

(V)

Egun batetan, eta ohizko erritoak eta gero, hor abiatu da Juanito —edo Don Juan, batzuk oraindik deitzen zuten bezala— Santa Luziari gauoroko bisitatxoa egitera, eta egunorokoak ematen duen abileziaz estalkia kentzera doanean, horra hor non ikusten duen kutxa gainean egunkarietako tipo moztuetaz eginiko nota anonimo bat. Guztiz ikaratuta geratu da notak dioena irakurri duenean: «Santa Luziaren gorpua sekuestratu egin dugu. Kieto kallao oraingoz berri zehatzagorik jaso arte». Dena zegoen zegoenean utziaz hara hor hasten dela Juanito belauniko barkamenak eskatzen, ez duela hainbesteko zigorrik merezi, etabar, etabar.

        Eskatzen —edo erregutzen hobe esanda— zuen gauza bakarra jende gehiago ez enteratzea zen, eta hori hala suerta ledin astebete pasa zuen otoitz etengabean, barautan eta odolaren bidezko mortifikazioak erabiliaz, zilizioak eta guzti. Azken urteetako bekatu guztiak odoldu zituen bertan.

        Bi aste pasatu ziren berri gehiagorik jaco gabe, eta inor ez zen konturatu, antza zenez, errelikia falta zela. Dena den, Juanito apaiza moskeatzen hasia zen dagoeneko eta horrek gaizki bukatu behar zuela susmatzen zuen nolabait.

 

(VI)

— Pentsatzen dut jakingo duzula, Don Juan, zergatik deitu zaitudan nire aurrera agertzeko —esan zuen Apezpikuak poliki poliki ahoskatuaz.

        — Egia esan ez dut garbi ikusten... berorrek esango du —arrapostu zuen Juanitok ahal neurrian disimulatu nahiean.

        — Irakur ezazu iritsi zaidan nota hau... beno, neronek irakurriko dut bestela. Hala dio: «Don Juan apaizari beste baten bidez adierazi genion bezala Santa Luziaren errelikia sekuestratu genuen aldaretik bertatik, eta hauek dira gure kondizioak bueltan emateko: apaiz dozena bat erahil eskarmentu gisa, eliz dozena bat hondatu exenplu gisa, eta apezpiku jauna larrugorritan agertzea plaza erdian espektakulu barregarri gisa. Bestela, Santa Luzia ez da gehiago birjina izango —Don Juanek honez gero tramite hori bete ez badu behintzat—, eta bere gorpua ultraxatua izanen da. Hilabete batetako epea duzue. Epea beteta sententzia eramango da aurrera, baita asuntoa komunikabideetara zabaldu ere. Adio». Eta hori da guztia.

        — Nire lehen notiziak dira —erabat gorriturik zeukan arpegia—, ez dakit zer esan...

        — Dena dela, eta asunto honen detaile txikiena ere kaleratzen bada, errespontsabilitate guztiak zureak izango dituzu, era berean gaztigu guztiak zuregana zuzenduko direlarik...

        — Ez zituen berorrek hor esaten diren gezurrak sinetsiko noski...

        — Nik ez dut ezer sinisten Jainkoagan ez bada, hemen ebidentziek bakarrik dute hitza.

        — Hori ebidentziatzat jotzen badu berorrek...

        — Ixo! Ez dut hitz gehiagorik entzun nahi. Hau da nire azken hitza —eta kolpe batetaz zutituz behatzeko eraztuna eskaini zion musuka zezan.

 

(VII)

Sakristiako ate guztiak giltzapean ipini zituen goiz hartan, eta hurrengo egunean etorriko zen erretore berriarentzat mahain gainean utzi zituen giltza guztiak. Bere gauza guztiak barnean zituen poltsa hartu eta elizan zehar abiatu zen azken agurra emateko atzeneko pausuak agortzeko prest.

        Bazter guztiak banan banan xurgatu zituen begietaz, detaile bakoitzean erreparatuaz, oroimen bakoitzari jaramon eginaz. Mundu eta bizitza oso bat bizkarretik lurrera eroriko balitzaio bezala sentitu zuen. Egunkarietan etabarretan biztutako eskandaloak horretara bultzatu bazuen ere, halere pentsatzen zuen ezin izango zuela gehiegi iraun postu horretan. Lehenago edo beranduago erretore kargu hura utzi behar zuela. Are gehiago duela denbora dexente utzia behar zuela pentsatzen zuen, eta haraino agoantatu bazuen hainbeste urtetako ohizko lanarekin puskatzeko beldurragatik izan zitekeen. Beno, dena den ongi egina zegoela ikusi zuen, eta azkeneko begirada orokorra bota ondoren, poltsa eskuan estutu eta elizatik ateta zen kanta alai bat txistuaz joka.

 

(VIII)

Denborari denbora emanaz, hor sartu da Juanito alokatutako pisu batetan, eta une honetan lista zahar bat ari da begiratzen. Emakumeekiko grina oraindik ez zaio itzali nonbait, eta izenak, zuzenbideak eta telefono numeroak birbegiratzen ari da ohean etzanda, argi motel baten azpian.

        Errepaso orokor bat ematen ari zaio zerrendari, eta banaka ikusiaz batzu aukeratu, besteak dudoso eta azkenik beste batzu erabat bazterrean uzten ditu. Bukatu du dagoeneko zerrendatze lana, eta mesanotxe gainean dagoen telefonoaren aurikularra esku artean hartuta, hoska hasi da hautatutakoen artean ea inorekin zitaren bat lortzen duen. Zaharra izanik —hala ikusten du bere burua behintzat— gauza txiki batekin ere konformatu beharko duela garbi dauka bestalde.

        Lehenbizikoa Pepita da. Neskazaharra eta behin lantokitik ateratzean ezagutu zuena. Oso roilo azalekoa izan zen, baina tira, deitu dio, eta itxuraz ez dago etxean. Bigarrena, Iñasi, alarguna bainan izugarri bizia eta itxurosoa. Desliz txikiren bat ere izan zuen berarekin senarra oraindik bizirik zuela. Deitu dio eta deiaren bidez enteratu da duela urte erdi bat hil zela istripu batetan. Aurikularra kolgatzerakoan, ulertu du Juanitok hori ez dela metodoa, eta zerrendan hurrengo guztiak kenduaz, posibleen bezala jotzen zuenari deitu dio azkenik, Martari hain zuzen. Kafetxo bat hartzeko gelditu dira iluntzean, bainan Martaren tonoari itxura hartu dio kasu handiegirik egin nahi ez ziola edo, bainan beno, azkenean iritsi du baten batekin hitzegitera, eta ez da gauza makala hasteko bederen.

 

(IX)

— Ez Patxi, ez —poliki bainan tono biziaz hitzegiten zion Juanitok—, ez dut oraindik estabilitate bat arkitu. Ez dakit zer dudan faltan, bainan sotana zintzilikatu nuenetik zerbait falta zaidala sentitzen dut.

        — Ba zer nahi duzu esatea, badakizu nire teoria zein den, gorputzean zer edo zer gaizki doala sentitzen duzunean ia ia seguru emakume prolema dela; kasu guztien erdia bai gutxienez.

        — Ba, ba, beti esajeratzen, gauza guztitan ikusten duzu sexoa, Freuden semea dirudizu...

        — Eta dudarik ez izan; nik haseran ez nuen horrelakoetan sinisten, bainan azkenean emakume batekin erlazio estable bat lortu ahala, arazo guztiak konpondu zitzaizkidan. Nire ustez horrelakorik egingo bazenu, askoz hobe ibiliko zinateke.

        — Ez, Patxi, ez, nire asuntoa bestelakoa duzu. Hainbeste urte apaizgoan sartuta egon ondoren, pentsa ia hogeitabost urte izan direla, orain kristoren hutsunea sentitzen dut...

        — Zuk kasoa egidazu, Juanito, emakume bat bilatu ezazu...

        — Ez pentsa, bilatu, bilatu dut, bainan arkitzea zailago da; inork ez du zahar batekin harremanetan sartu nahi.

        — Orduan, badakizu, Juanito, putetara edo bakarkako kontsolamendura...

        - Ba, ba... tira, tira...

 

(X)

Langile auzoetako abantaila handi bat putaetxeak bertan egotea da. Hautatzeko aukera ere ematen du batzutan. Hala dela entzun du behintzat Juanitok, eta auzoan bertan non arki daitezkeen jakin ondoren, hor abiatu da kaleetan zehar gorputzaren aginduez.

        Oso puta berezi bat zegoela gremioan esanda entzun zuen inon, eta zehaztasun handiagoak bildu eta gero harengana joatea erabaki zuen. Alde batetatik, eta berarekin ibilitako guztiek ziotenez oso joera mistikoak zituelako, eta beste alde batetatik, hain arraroa baldin bazen, erridikuluaren arriskua apur bat txikiago zela iruditzen zitzaion. Lehen bider horrelako intzentzio bat erabakitzen denean estutasun bat sentitzen da bihotzean, bainan dirua poltsikoan sartuta, kalera irten da Juanito, paper batetan apuntatutako zuzenbidea bilatuaz. 8, 10, 12 eta 14, «hemen da» pentsatu, eta barrura sartu da besterik pentsatu gabe.

 

(XI)

Txirrinaren soinua entzun zuenean, ohetik jaiki zen Anttoni, auzoko putarik famatuena, baita bitxiena ere eritzi guztien arauera behintzat. Ateko zulotik begiratu badaezpada polizia zen, eta nor zen ikusi bezain laster saltoka hasi zitzaion arima.

        — Mementu bat itxoin, berehala irekiko dizut atea —esan zion piska bat itxoinarazteko.

        Juanitok minutu erdi bat itxoin zuen ate aurrean, eta etxe barnean soinu desberdin pilo bat sentitu eta gero, atea ireki zen eta azaldu zen emakume nahiko gazte bat, bera baino askoz gazteagoa bederen, solapan gurutze bat bordaturik zeukan bata batetaz jantzirik, eta detalle xelebre bezala arpegia mozorro batetaz estalita. Azken detaile hori ez zion inork kontatu bainan berdin zitzaion. Benetan harrigarria iruditu zitzaion Juanitori putaren gela, Anttoniren gela, bere ainitz gurutze eta estatuarekin, garizuma garai more guzti haiek, etabar. Juanitok dirua atera poltsikotik, eta zerbait esaten hasi zen.

        — Ez, ez, —moztu zion haserako mementutik— lehen aldiz datozen klienteei debalde egiten diet, eta zu halakoa zara uste dudanez.

        Horretaz ere ez zioten ezer esan bainan erokada guztiak hura bezain errentableak baldin baziren berak nahiago zituen erotutakoak sanoak baino.

        — Kondizio bakarra jarriko dizut, larrua joka aritzean, besoak hegalen modura mogitu behar dituzu. Hori izango da nire sari bakarra.

        Azkeneko hura ez zitzaion batere atsegin gertatu, baina tira, debalde izateko, horretatik ere pasa behar.

        Azkenean, biluztu, garbitu eta oheratu ondoren, egitekoari ekin zioten biok, Anttoni azpian ipiniaz eta Juanito goiean. Aurrekorik gabe, Juanitok zakila barneratu zion Anttoniri, eta mementu hartan hasi zen azken hau errezoka, goikoa besoak mogitzen zituen bitartean. Nahiko zaila suertatzen ari zitzaion hasera batetan, bainan segituan hartu zion trukoa.

        Halere, ez zuen ezer konprenitzen bainan nahiago zuen ezer ez konprenitu.

        Berak plazerraren bilaketari ekin eta akabo, bost ajota gainerantzeko dena.

        Behekoa gero eta errezo ozenagoak, estasis mistiko batetan sartzen hasiko balitz bezala, goikoak bazetorkiola sentitzen hasi zen bitartean. Bat batean Anttoni hasi zen garrasika:

        — Azkenean! Azkenean! Jainkoak nire erreguak entzun ditu eta Izpiritu Saindua bidali dit, gure arteko amodioaren lekuko gisa. Jainkoa dago nigan! Ni naiz historiako bigarren Amabirjina!!

        Juanitok erretolika harekin hartu zuen sustearen bitartez, koitoa eten zitzaion, bat batean azpian zegoena nor zen konturatu zenean. Arpegia estaltzen zion mozorroa kendu, eta ahoa ezin zabalago zuela, hitz motelka hasi zen.

        — Anttoni... bainan zer...

        — Don Juan, Don Juan, zu ere toki hauetatik... Azkenean ardi guztiak itzultzen dira Aitaren artaldera.

        Bat batean lotsatu egin zen Don Juan, edo Juanito, edo dena den, eta haserako kortea pasa ondoren hitzegitera ausartu zen.

        — Orduan, Izpiritu Sainduarena txantxetan izango zen jakina...

 

(XII)

Istorio honek bukaera desberdinak izan ditzake. Bata Juanito Anttoniren txulo bezala gelditu zela elkarrekin biziaz. Bestea Juanitok irabazitako diruaz Anttoni hain ofizio makurretik libratu eta berarekin ezkondu zela.

        Hirugarrena, eta hau fidagarriena, berriro separatu zirela eta ez zirela beste inoiz berriro elkartu.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.