L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-7 (1983-otsaila) —<susa0711>




 

 

Latadian

 

Eneko Olasagasti

 

aspalditik neure burua argi sentitu dudan unean

 

Latadiako herri mugalarian bolada bat pasatzen egon nintzen, gauza gutxi zeuden herri hartan, nahiz haranburua izan, bainan beste guztien gainetik nere gustokoa zen bertan zegoen liburudenda zahar batetan aurki nitzakeen paper horixken artean ibiltzea. Han aurkitu nuen irukurriko duzuen hau. Don R. Menendez Pidalen liburu baten barnean, «Flor nueva de Romances viejos», 1943ko publikapena zen. Liburuko lehen orrialdean izen bat zegoen idatzirik Neol Suquilbide, Latadiako Lasaitasunerako Egoitza.

        Geroago jakingo nuen lasaitasunerako egoitza Zoroetxe esateko eufemismo bat besterik ez zela eta Neol bertan zegoen gaixo baten izena.

        Idatziarekin batera beste paper batetan bi poema puska zeuden.

                La unión clandestina ocupa un lugar

                a que no llega la unión posible y manifiesta,

                Es un placer marcado de precaución

                como el andar por medio de las dunas.

                ...

                ¿O podrá acaso el destino hacerme retroceder hacia mi amada...

                ...

                El amor, dueño mío, me dejó tan extenuado,

                que no pueden verme los ojos de quienes me visitan.

                ¿Cómo se las arregló el amor para llegar

                a quien es invisible para todos?

                El médico se ha aburrido de intentar curarme,

                y hasta mis émulos sienten piedad de mi dolencia.

Ibn hazm de Córdoba (994-1063)

        Nekatua nago, bai, aspaldi ez naiz hain nekatua sentitu. Bainan lasai nago. Azken hamar urte hauetan ez naiz hain lasai inoiz sentitut. Lehenengo aldiz nonbaitetik ikusten dut zer ikusia, azken urteetan nere gordeleku izan den Lasaitasunerako Egoitza honen, ja, ja,... orain grazia egiten dit, eta une honetako nire egoeraren artean. Asesinaketa baten ondoren igar daiteken sensazioa jasotzen dut. Ene sendiak hemen sartu ninduenetik ez dut orain bezalako argi unerik izan. Eta urduri nago bestalde, ideiak ezin ditudala papereztatu ulergia. Une batetatik bestera gela hotz batean egongo naiz, galderaz josiko naute berriro, inkisidore irudia ematen duten sasimediku guzti horiek, zuzendaria eta bere zerbitzari pare fidel horiek nire inguruan izango ditut, galdera etengabe batetan murgilduko naute. Galduko dut bart bizitako, bai esan dezaket bizi, gauaren oroimen..., dardar ta apal uzten nauen oroimen hau. Nire istorioa orain hamar urte ez dut oso ondo gogoratzen, bainan uler dezazuen, ahal dudana, kontatuko dut.

        Zoroa nengoela esaten zidaten, kaka! Hori besterik ezin nien esan, ze... ez zuten, ez zidaten ezer ulertzen. Orduan egun baino agresiboagoak ziren nire jarrerak eta erantzunak, Egoitza honetan pasatako denborak edo, bestela zer edo nor, medikuek lasaitu naute. Ni ez nengoen zoratuta. Oraingo joera, une honetakoa, zen nagusi niregan, gerora zoratu naute. Badirudi hamar urte ta gero, gau honi esker, nireganatu ditudala argitasunak. Ez, ni ez nengoen erotuta, nire pekatu bakarra bakarrik sentitzearena zen, eta gainetik adierazi egiten nuen, hori zen gehien kezkatzen ziena. Ez nuen jaramonik egiten diruarekin, eta bakardadearekin jolasean batzuetan, bere aurka borrokatzen bestetan, horrelaxe gastatzen nituen xoxak. Nabardurek ez dute, gaur, garrantzirik. Latadiako Lasaitasunerako Egoitza honetan lurperatu ninduten, medikuak kontrako agindua eman bitartez. Ez dute sekula santan eman. Eta nire indarrak Egoitza honetako lau horma zaharren artean makaldu dira.

        Hemen pasatako denboran irakurri besterik ez dut egin, eta zenbaitetan

nire burua, giltzapetutako Kixote baten modura ikusi dut. Azken boladan Erromantzeak leitzen galdu ditut orduak, amodiozko erromantzeak, printzesa moru dorreztatuak, brodatuen artean usteldutako neskato zurbilak. Nire burua Mantxako gizonarena baino beroagoa zegoen.

        «Ez du aurreratzen», zioten galenoek, «irakurtzen pasatzen du libre duen denbora», zinikoki, «ez dakit ez ote diren bere kalterako izango hainbeste eta hain luze jotzen duten irakurraldiak». Lotsagabeak! Bai, lotsagabeak! Zer egitea nahiko dute? Ez, ni ez nago erotuta, bainan hemendik irteteko esperantzak galdu nituen aspaldi. Zerriak! Gaur pastilaz josiko naute, eta biharamonean ez dut kasik ezertxo ere gogoratuko: Denborarik galdu gabe, nire pozaren arrazoiaren berri emango dut paper honen bidez. Horrela behintzat, bere ahaleginak dena ahanztarazteko alferrik izango dira. Idatzitakoa irakurtzerakoan, berriro bururatuko dut gertatutako guztia.

        Ohiturak, bidezkoak diren ala ez, ezin baieztatu, bainan leku guztietan ematen dira, eta Latadiako L.E.n zintzo eta egunero betetzen direnak daude. Bazkariak, lo kuluxkak eta ikerketa Medikoa aparte, egunero ordu betez kaleratzen gaituzte. Paseo bat ematera irteten gara zaindari bat eta bost gaixo herriko kaleetatik, ilun ta hezeak neguko zazpiretan. Jende gutxi ibiltzen da, eta guregana hurbiltzen direnak gutxiago. Ordu betez herriari bueltak ematen pasatzen dugu eta gero etxera, beste batzuk irten behar dutelako. Gu bertakoentzat arrotzak gara edo halakoak garela esan die norbaitek. Gutxitan zuzentzen digute hitza, bainan gertatzen denean, beti irribarre bortxatu batez. Tontuak! Ez garela enteratzen pentsako dute. Bainan tira hau anekdota bat da, besterik ez. Garrantzizkoena ahantzi behar nuen. Atzo arte, hamar urtetan ez dut inoiz emakume beharrik izan. Janak beti gustu berdina du, bromuroarena, kiloka. Lehenengo bi urteetan arduratu ninduen arazo honek, gaztea nintzen, geroztik, tratamenduek sendatu, ohitu naute gabeziara.

        Irteera hauetan beti berdina egin bide dut, tabernetan ez ginen sartzen alkoholak kalte egiten digulako, bainan bestela beste edonon sar gaitezke, eta ni beti liburudenda zahar batean sartzen nintzen. Hemendik aurrera ez dut gehiagotan sartzerik izango. Hura denda benetan zaharra zen, Gerra zibila ez zen hemendik pasa, eta gerra aurreko zenbait gauza mantendu egin dira, nire liburudenda tartean dagoela. Han aurkitzen nituen bitxikeriak eta baita zenbait gauza berri ere. Han sartzen nintzen eta ordubetea igaro, etxeratzeko unea iritxi arte. Han ikusi nuen bera lehenengo aldiz.

        Atzoko egunak, ordurarte, ez zuen besteengadik berezitasunik izan. Liburudendako atea ireki nuen arte egun arrunt bat izan zen. Normalean ez nuen inoiz jenderik aurkitzen, beti huts hutsik egoten zen. Atzo, berriz, hurbildu nintzenean ateko kristal horien atzetik mostradore aurrean irudi bat antzeman nuen. Irekitzerakoan, hobeki ikusteko aukera izan nuenean, bere plantari begira geratu nintzen. Egia esan lehen begiradarekin eritzi bat atera beharrean, gauza bakar bat erantsi zitzaion nire arretari eta nire buruak oro dardar berri bat jaso zuen, hotzaren dardarrarekin zer ikusi gutxi duena hain zuzen. Bere ilea zen gehien nabari zena, buru erditik ilekorda bat irteten zitzaion, ile txorta handiekin egindako ilekorda alde batetara joaten zen, eskubi aldera, lepoa eutsi nahi balu bezala aurrerantza. Beno eta honetan nengoela, neu ere aurreratzea erabaki nuen unean, berak, nonbait atearen zaratak norbait zegoela abisatuta, burua eskubi aldera jiratu zuen segundu batzutaz begira geratzeko. Ni, pausoa ematera nihoala, planto geratu nintzen. Oso xelebrea egongo nintzela antza, irrifar egin zuen, edo hobe, egin zidan, neu nintzan han zegoen bakarra, eta.

        Bere begiradak niregan lo zegoen zerbait suspertu zuen. Pausu timidoz mostradoreraino joan nintzen, eta besterik egin ezingo banu bezala bere aldamenean zutik nengoen bere soinetik begirada kendu ezinik. Berak beste irrifar bat eginaz kalerako keinua egin zidan. Eta nik, nik, ezin nuen besterik egin, jarraitu nintzaion. Ume baten modura sentitzen nuen nire burua, gaiztakeriaren bat betetzera doanean bezala, poztu nintzen, asko poztu nintzen, lehenengo aldiz bromuroak ez zuen funtzionatzen.

        Kalean ginen dagoeneko, eta zer egin ez nekiela esan nion:

        — Hemendik pixkatera nire bila etorriko dira.

        — Goazen lehen bait lehen orduan —esan zidan berak— zu nire atzetik etorri.

        Kalean behera abiatu zen pausu arinez, eta ni lau edo sei pauso atzetik nihoan. Ezin nuen sinetsi ere, bera zen, nire eromantzeetan azaltzen zen neskato zurbila, ilekorda lepoa inguratzen, bainan ikutu nezaken, pentsamendu honekin batera hotzikara bat sentitu nuen, eta gorritu egin nintzen neu bakarrik.

        Bere ibilkera dudarik gabe printzesa batena zen, inoiz benetako printzesak izan badira, bestela esistituz gero bera bezala ibiliko liratekeela ziur naiz. Bere figura zuzena zen, bazekien nora zihoan, nik ez, bainan burua eta hankatartea berotzen zidan ideiak.

        Herritik irteten hasi eta lekuaren nire ezezaguntasunak, edo debekuaren plazerraren ametsak, gehitzen zuen nire urduritasuna. Zelai artetik ibili ginen, bera nire aurretik, ez nuke jakingo zenbat denbora. Barnerantz farre egiten nuen pentsatuz dagoeneko zoro moduan ibiliko zirela nire bila, eta ideia honek gehiago bultzatzen ninduen aurpegi zuriko emakume haren pausuak segitzera. Ez zen deus ikusten, goiz zen halaere. Herri hauetan gauak hirietan baino luzeagoak dira, eta herritarrak sutondoan pasa ohi dituzte betidanik, jenderik ez genuen gure bidean aurkitu.

        Ez zegoen ilargirik gau horretan, izar asko berriz, bere silueta ez nuen bide guztan bistatik kentzerik izan. Azkenik bidearen errebuelta baten ondoren baserri handi bat azaldu zitzaidan begibistan. Eskualde honetako beste etxeen tankerakoa zen, garai batetan aitunek bizitutako etxe bat, ataria bi arkuren azpian zabaltzen zen, zakurren zaunkak hartu gintuen. Bai, dudarik gabe nire printzesa zen. Haritz ate handiaren ondoan itxaron zuen bere albora iritsi nintzen arte.

        — Jazinta, neskamea, besterik ez dago etxean, eta gorra da, pakean utziko gaitu; lasai, ez du inork jakingo bihar, hemen izan zarenik —esan zuen hitzak begietatik botako balitu bezala. Ez zuen gehiagorik esan. Giltza zerrailan sarturik, gure konplizea zen etxean barneratzeko eskutik heldu ninduen. Zirrara batek astindu bat eman zidan bizkarrezurrean goitik behera. Altxorretik gertuago dagoenean pirata batek senti dezakeenak hartu ninduen. Ume batek jostailu bat desegiten duenean bezala nengoen. Ilunpean ez dakit norantza abiatu ginen biok, oraindik bere argizaiezko eskua nirearekin loturik zegoela.

        Bat batean geratu zen.

        — Gera zaitez hemen, oraintxe abisatuko zaitut —ilunpean bere oinak eskilara batzu igotzen igarri nituen. Bakarrik geratzerakoan beldurra niregan jabetu egin zen eta korrika ateratzeko gogoak sartu zitzaizkidan, eskilaretako goi partean kandela argi batek nire zorabiotik aterarazi arte. Korrika igo nituen mailak, bere aldamenean nintzen berriro; nire erromantzeetan bezala izan zen.

                Le ha cogido de la mano

                y le ha entrado en el camarín;

                sentole en silla de plata

                con respaldo de marfil;

                bañole todo su cuerpo

                con agua de toronjil;

                hízole cama de rosa,

                cabecera de alhelí.

        Ohe gainean netzan, inseguridadearen sensazioa gainetik kendu ezinik. Zer egin behar nuen orain? galdetzen nion nere buruari behin eta berriro, bere eskua nire lepoan sentitu nuenean, leunki pasa zuen eskubitik ezkerrera, kilimak egiten zizkidan. Nire gorputza ez baitzuen hamar urtetan nireak ez ziren beste eskurik ikuitu. Farra ezinbestekoa egin zitzaidan. Bainan farre egiten badut zer pentsatuko ote du berak, agian gaizki hartuko du.

        — Zer gertazten zaizu, ez zara mugitzen?

        — Aspaldian ez dudala egin.

        — Ondo pasako dugu orduan.

        Dagoneko nire zakila lizarra baino gogorragoa zegoen. Ezezaguntasunak ematen duen ausardia nigan jabetu zen. Eta egin behar genuenarekin pentsatzen hasi nintzenean, ezin izan nuen irrifarra ezkutatu. Bera, larrugorri, nire alboan belaunikaturik zegoen, begiratzen ninduen. Irrifar egin zuen. Poliki burua jaitsi zuen gure ezpainak elkartu ziren arte. Bere mingaina izan zen nire aho eta lepoan sua piztu zuen txispa. Burua altxa zuen berriro eta begiratu ninduen, haur batek bere jostailu maiteena bezala. Ederra zegoen, kandela argian bere zurbiltasunak dizdira berezi bat hartzen zuen. Nire eskua hartuz titira eraman zuen, dardarra igarri zuenean farre egin zuen berriro. Bere titi xamurra eskuaz, laztandu nuen, eta batetik bestera gorpu osoa ferekatzen hasi. Zurbiltasuna eta edertasuna ikuitu ahal badaitezke ikuitu egin nituen, ez nuen besterik buruan, eta besoetan bere gorputz luze eta dotorea.

        Maitasunean lotu ginen, ez genuen ia hitzik esan, ferekak eta algarak ziren gure musika bakarra, musuekin askatzen ginen, besoekin lotzeko atzera. korapilo bat egin eta desegin. Nire eskua azal hartan haria oihalean antza zebilen, berea nirean nagusia etxean. Azkazalen arramazkak atsegin nituen, ortzak belarrian maitasuna dastatzen. Luze jo zuen joko honek. Bera zen denbora eta ni erlojua. Gozatu genituen gure gorputzak, txoriak udaberria bezala. Halako batean bere besoek askatu ninduten, zakila heltzeko, lepoa luzatu behar izan nuen, kokotxa altxa. Farre egin zuen eta nik berarekin batera. Zakil puntak bere eskuaren laguntzaz zeozertan aztatu zuen. Bere barnean nengoen, jokua burutzeko, bainan luze jo zuen honetan ere, ez zegoen presarik. Joan etorri batean pasa genuen, gure gorputzei dantza egiten utziz. Larruaren hizkera. Garrasiak, ez garrasiak ezin ditut papereztatu. Lepotik heldu ninduen, nuen eta gozatu ginen bat, bi, hiru aldiz, azkenik nekeak lotan utzi arte, irrifarra ahoetan.

        Gaur, ume oihu batzuk esnatu naute, ez egunak. «Señora! Señora! zoroetxetik zoro bat eskapatu omen zen atzo, Señoral». Begiratu dut señora, mutikoak dei bezala, lo zegoen. Musu bat eman diot ezpainetan, irrifar triste bat aginaz. Ez da esnatu, ez nuela esnatuko erabaki dut. Ohetik altxa eta poliki jazten hasi naiz, noizean behin nere printzesaren loa begiratzen nuen. Bere eskuak, musuak, amodioa egiteko era, bere gorputz zurbila ezin nuen burutik kendu, ez dizkiot begiak ikusi, eta baz ere ez nizkion ikusi. Zapatak ez ditut jantzi ez dezan zaratak esnatu. Azken musu bat emanaz kaleratu naiz, nire atzetik aterik itxi gabe. Kalean eguzkitsu zegoen.

        «Hor dago!, hori da!» entzun diet umeei korrika jartzen ziren momentuan, lasaitasun arrotz batek gaineraso nau. Ez dakit ongi zergaitik, bainan herrirantz abiatu naiz. Etxeak hasi baino lehenago dagoen zubian nire zain zeuden.

        «Tonto puta hau!». Ikusi gabe pasatako gauean enfermeroak ez direla xamurtu antzeman diet. «Ez duk sekula ikasiko ezta? kaskagorra! Liburu zahar horiek berotu ziotek honi burua!». Herriko kaleetan zehar jendea kortejoa ikustera hurbiltzen zen. Bi enfermero haien artean egonik ere, ezin izan dut nire gozaldia ezkutatu. Harro sentitzen nuen nire burua. Ez nituen aditzen herritarrek esandakoak, eta kasik hobe. Arriskua pasa izan balitz bezala, herriko jendea espektakulua ikusita, lasai etxeratu da. Nire ahotik ez da hitzik irten, ezta irtengo ere. Ixiltasunean, hemendik aurrera nire betirako izango zen presondegira iritsi gara.

        Bertako nire kide guztiak, bere gelatan entzerraturik zeuden, ez da inor harrera egitera azaldu. Egoitzako pasiloak inoiz baino ixilagoak zeuden, beste mundu batetako ixiltasuna zabaltzen zen, gela eta korredoreetatik. Nire gelaraino lagundu naute, «itxoin ezak hemen», esan didate, gero giltza zerrailan sentitu dut eta pausuak urruntzen.

        Orain berriro pausuak sentitzen ditut, hurreratzen. Nire bila datoz. Ez da etxe guztian zaratarik entzuten. Bai, nire bila datoz. Denbora gutxi geratzen zait, bainan uste dut nahikoa izan dudala, eta nire kontakizuna, hemen bukatzera doa. Bere ahotsak ate atzean aditu ditut, gutxienez bi zaindari eta zuzendaria. Sartu dute giltza zerrailan...

(hasieran) (Neol Suquilbide, Latadiako Lasaitasunerako Egoitza

1945, Ilbeltza, 7

        Egoitzako artxiboetan, ez dago daturik. Azkenak urte berberako udakoak dira. Herriko zahar batzuk diotenez «Zoro iheslaria» desagertu egin zen eta inon ez dut aurkitu bere berririk. Sendiak ere ez zuen jaso. Izenburua neronek ipini diot. Askatasun hori hartu dut. Nonbait bizirik jarraituko balu barka iezaidala ausardia.

 

website free tracking



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.