L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa0800>— Susa-8 (1983-ekaina) —Hurrengo artikulua




 

 

Irauteke

Eneko Olasagasti

 

Gaueko laurak ordu aproposa izango litzateke obra hau antzesteko.

        Hasieran eszenarioa bonbila batez besterik ez da argituko, eta taula gainean ez dago ezer. Erloju batean laurak jotzen dute, ia segidan hiru tinbre, ondoren korrika eta presaka pertsonaia sartuko da. Lehenego unetik publikoari hitzegingo dio.

        AKTOREA.— Uf! (erlojua begiratuz) Justu, baino iritxi naiz. Eta badirudi ni izan naizela lehena. Bestea ez da oraindik etorri, ez? Ez seguro ezetz. Ni baezpaere denbora pixkatekin nentorren, zeozer prestatu behar bazen edo. Esan ziguten ez genuela ezer beharko, zuzendariak esan zigun, bainan ni ez nintzen gehiegi fidatzen, horregatik nekarren aurrerapen txiki bat, bainan lagun batzuk aurkitu ditut, tropa bat hartu behar genuela enpeinatu dira eta nola esan ezetz, gero, azken, momentuan korrika eta presaka. Bueno baino hemen nago ez? Hori da importanteena. Eta bestea? Zer egingo zuen besteak? Biok egon behar dugu, egin behar genuenerako beharrezkoa zen. Horrela esplikatu zuen behintzat direktoreak. Ta ez dakit. (geldiunea). Bueno gutxienez argi gehiago beharko dugu. (Argiak pizten dira). Eta zerbait esertzeko ere, bila joango naiz. (Bi aulkiz sartzen da berriro). Horrela hobeto. (Esertzen da) (Isilunea) Zerbait gertatuko zitzaion, ziur, bestela ez da posible bera beti oso puntuala izan da, bai, ziur aski berak ere baten batekin topo egin du eta despistatu zaio ordua. Bai ezin du bestela izan. Begiratuko dut ea norbait dagoen. (Aulkitik altxatzen da). Eh! Ba al dago inor?... Eeeeeeeh! Inor ba al dagoen? (Etsiz) Ez zela inor egongo esan ziguten, bainan gezurren bat izango zela uste nuen, gu engainatzeko eta hobeki zaintzeko gure mugimenduak. Eta nonbait egia da, ez dago inor. Ba, ez dakit. Itxarongo dugu pixka bat gehiago. Ez dakit zergatik atzeratzen den hainbeste. (Esertzen da). (Irrifar behartu batez) Barregarria da ezta? Ni hemen tontu modura zai, eta zuek ere nire zai. Zeozer egitea espero duzue gainera, ja, ja, ja. Bueno barkatu, ez zen nire asmoa zuetaz farre egitea, barkatu. Bainan ulertuko duzue nire egoera arraro xamarra dela. Gauza polit bat egin behar genuen. Gure buruekin jolas moduko zerbait. Geronen papera jokatu, nik neurea eta besteak berea. Biok egon behar genuen hemen lauretan, bai, ordua ere arraro xamarra da bainan joku barnean zihoan, errealagoa egitearren. Agian zeozer esplikatu beharko nizueke. Eta bestea esplikatzen ari naizen bitartean azaldu egiten bada, guztia bidaliko nuke pikutara! Bueno, bainan bagenekien denbora gutxi izango genuela. Bai esplikatuko dizuet, azken finean, hau ere joku barnean egon daiteke. Eta egia esan ez dut oso argi ikusten zer den interesgarriagoa joku bera edo honetara eraman gindun burutazioa. Bai, hitzegingo dizuet, gainera nitaz zeozer espero duzue, edonola erantzun bat eman beharrean nago. Etorri behar duena eta ni aspaldiko lagunak gara, bai elkarrekin ikasi duten hoietako batzuk gara, eta ez ikasi bakarrik, askotan mozkortu gara, eta gaueko azken ordu piloa eraman ditugu guiskiaren lurrunak eragiten dituen bizitzaren ikuspegietan miatzen. Eta noski mundu guztiak egiten duen bezala gure lanari buruz asko eta luze hitzegin dugu ere. Gu biok, bueno bestea eta ni aktoreak gara. Pentsatuko duzue, nola hain lagunak izanik beti bera aipatzen dudanean bestea esaten dudan. Ba, badago arrazoi bat, ze... bere izenarekin deitzen badiot, bere presentzia faltsuki gehiagotzen da gure artean. Eta ez litzateke benetazkoa izango presentzia hori, nahiago dut horregatik bestea esan. Gure lanak behartzen gaitu beste batzuren bizitza eta sentimenduetan sartzea. Noski zati bat gurea izango da, edo pertsonaia gure barneko zerbaitetik abiatuko da, baina ez da sekula erabat gu izango, gure bizitza eta sentimenduekin. Hortaz ere luze hitzegin dugu, eta zuzendariak proiektu hau proposatu zigunean ideiak erabat harrapatu gindun. Hain zuzen hori zen guk bilatzen genuena. Obraren anekdota oso xinplea zen, egia esan obra baino esperimentu bat zen. Bakarrik egongo ginake, eta ez zegoen ez testorik eta ez entsaiorik, hain xinpleaz era berean oso konplikatua. Hasieratik bukatu arte gauza bakar bat egin behar genuen denbora guztian gu geu izan, geure buruaren papera jokatu, alegia. Hori bai ez zen oso luzea izan behar, gure buruak ez gehiegi baina zeozer ezagutzen ditugu eta ez dut uste zuen arreta denbora luzez mantentzeko interesik izango dutenik. Zorionez edo zoritxarrez arruntak gara. Bai, bai dudarik gabe oso proiektu polita zen. Je, nori ez zaio burutik pasa inoiz denboraz gain irautearen ideia. Era honetara, jokuaz eskuratuko genuke ezintasun hori, iraganaz aparte mantentzearena. Gu aktore bezala pasatuko gara, bainan guk bizi izan ditugun pertsonaiak betirako geratuko dira, norbaitek beste behin bizitza eman arte. Geure buruaren papera jokatzearekin pertsonaiak bihurtuko ginateke. Gure bizitzak, gure sentimenduek, une honetako sentimenduek iraungo lukete. Deigarria ezta? Bainan denbora pasatzen ari da eta bestea ez da azaltzen. Ez dakit, agian une hau aprobetxatu beharko nuke zeozer kontatzeko, bainan orain ez zait ezer orijinala bururatzen. Ridikuloa sentitzen naiz. Asmo ederrak genituen. Geure burura jokatu behar genuen eszenarioan, eta hasieratik hemen nauzue hitza ezin utzi, eta den dena esplikatu behar dizuedanaren sensazioaz (Eskua poltsikoan sartzen du eta karnet bat atera) Hara non azaltzen zaidan orain hau, ikasle nintzen garaietako karneta. Baezpare ekarri dut beste ezer ez ba genuen asmatzen, errekurtsu gisa erabiltzeko. Horrela behintzat urte haietaz mintzatzeko aitzakia ba genuen. Eta orain ez dit ezertarako balio. Gogoeta haiek zentzua hartzen dute bestearekin, biok komentatzen ditugunean. Honela kartoi puska bat besterik ez da, gero liatuko dudan kanutoaren filtroa egiteko. Gaur. Zer egin dut gaur? Ah bai egunkarian zeozer irakurritu dut Iran eta Iraken arteko guduaz. Zeintzuk diren arma saltzaileak, bainan hori teatrora etortzen zaretenok seguro irakurri duzuela eta hori ez bada antzeko zeozer. Egunkariek denetik dakarte, edozein bihotz unkitzeko gaiak aukeran, merkatu txiki bat orrialde batzuetan. Esaten dudan edozer gauza faltsua entzuten dut hemen. Nik gauzak poliki egin behar ditut, eta lehen momentutik denbora oso azkar doala sentitzen dut, denbora galtzen dudanaren sensazioa daukat. Ziur aski bestea ez da ja etorriko. Aulkiak jasoko ditut. (Eszenara itzultzerakoan zeozer esatera doanean timbrea entzungo da eta hasierako bonbila ezik gainontzeko argiak itzali egiten dira) Neure buruarekin pixka bat jolastu nahi nuen, ni neure burua izatera jolastu nahi nuen, eta hau laburregia izan da. (Alde egiten du).

Teloia

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.