L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa0900>— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez gaude udaberriaren esperoan

 

        Heldu da negua. Gau hotzean idatzi eta su bazterrean irakurtzeko sasoia. Aittonak postura hartu du jada sukaldeko bere aulkian, udaberria ailegatuko zaiolaren esperoan, edo, azkena duela jakinaren gainean, ateari begira elurrarekin batera isiltasun zuria bila etorriko ote zaion.

        Mutilkoxkorrak aldiz hor dabiltza bihurrikeriatan iji ta aja, kontua gora eta kontua behera. Hotzik ez hauek! Pikardia gaixtoena egin (maliziarik gabe noski) eta inork berotu ez ipurdia. Inoren dalefuerterik jaso gabe oraindik.

        Hau ez da serioa jaunak!

        Serioa da SUSAk orain eman duen pausoa, SUSA liburu saila argitaratzea alegia. Hau bai dela serioa: liburugintzan fenizioak eta judioak nagusi diren herrian poesia eta antzeko bitxikeriak trafikatzea.

        Edozer gauzari deitzen diogula poesia? Profesore, dotore, vascologo eta euskaltzaintituluak ere ez al zaizkio edonori atxikitzen?

        Esanak esan hor dauzkazu kalean Montoia eta Gorka-Eneko-Maripi-Ramonen bi liburuak. — Zer moduz hago Maripi? Bueltatu al zain konortea? Atera al haiz ixtripuaren ondoko koma horretatik? Eta eztinagu bisitarik egin hil ala bizi hagoen gartzela (barka, klinika) horretara. Akordatu bai, akordatzen gaitun, premiak agintzen duenean akordatzea zaila baldin bada ere.

        Serioa da baitare SUSA taldean gertatu den aldaketa: gauez biltzen ginen lehen eta bazkalorduan orain. Ondorioa zeuek atera.

        Farregarria, literatur aldizkaria oraindik arruinatua ez egotea da (zure laguntzari esker hain zuzen ere. Bai zurea; erosle eta irakurle zarelako; askatasuna zer arraio izan daitekeen somatu gabe ere bere usaien bila gabiltzan bezalaxe, literatura zer den jakin gabe literatura egin nahi duten batzurengan konfiantza daukazulako).

        Aitonentzat geratzen Udaberriaren zain egotea.

        Guk, egunak argitu dezan oilarrak kukurruka jotzen duen legez, geure orrialdeak eskaintzen dizkizugu nahi duzuna erditu dezazun. Benetan. Ez lotsatu. Eskriburen bat baduzu bidali. Aterako dizugu!

 

"Jaio ez den belaunaldia hilzorian dago"

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.