Kabinatik
Utretx
Konferentzi erdi aldera hizlariak imintzio gogaitu batez begiratu zuen kabinarantz. Kabinan, traduktore simultaneoak trago azkar bat jo zion insalus urari, eta hizjarioari ekin zion: Hizlariak, hamargarren folioa apartatu zuen eskuin aldean pilaturiko beste bederatzien gainera.
...«puntillismoa lizateke paisajeari orratzak sartzea»... itzuli zuen traduktoreak, zentzua piskat traizionatuz, eta orduan, zaztada batek jo zituen entzule kaskodun baten belarri biak. Kabinara begira jarri duk!, esan zuen berekiko traduktoreak. Kontuz!, ea gezurrak kontatzen dizkiodala pentsatren duen. Erne ez banabil, kaskodunen zalapartak hizlaria bera ere esnatuko zidatek!
Baina folio bi pasata gero, asperraren asperrez, edozer esaten hasi zen traduktorea. Ia ez bakarrik gezurrak, zegoeneko bere interpretazio hutsak botatzen zizkien tinpanoetara. Eta halere, publiko konplazituak, kaskodunak eta hainbakoak, hamairugarren folioa jan zuen inolako enpatxurik gabe. Hizlariak bazeuzkan oraindik postrerako gordeta beste zenbait konklusio teoriko paisajearen estetikaren gairean. Paradisu teoriko batean aurkitu daitezkeen fruitu imajinarioak bezain umotuak eta diztiranteak. Oso kontutan hartzekoak eta azpimarratzekoak, haren hitzetan.
Nola baina, soportatuko zuen traduktorearen zerebelo erdibituak halako jargoi idorra pitzatzeko arriskurik gabe? Ziztadak eta durundio obsesibo bat hasi zitzaion lehenik; gero mailuotsa edo antzeko zerbait lokietan. Eta ezin izan zuen gehiago: kaskoak kendu eta mikroa itxi zuen. Belarriak minduta zeuzkan kaskoen presioagatik eta oraindik ere urruntzen doan trenaren burrunba bezalako bat entzuten zuen. Begiratu zuen kristaletik eta kaskodun guztiak ikusi zituen adi, ez ostera hizlariari, berari baizik. Denak zeuden ahozabalik, begiekin galdezka, eta zeozer esan behar zien derriorrez, gutxienez atxakiren bat; tripalak edo txixalarria edo amnesia bapateko batek hartu zuela. Eta ez zen ordea, mikroa irekitzera ausartzen. Izerditan jarri zen. Gero arnasa moztu zitzaion. Entzule batzuek kaskoak kenduta zeuzkatela ohartu zen, eta horietxek ziren gainera insistentziarik zorrotzenaz begiratzen ziotenak. Aulki jiratorioan batera eta bestera mugitu zen urduri. Ez zekien zer egin.
Orduan berariz mugitu zitzaizkion begiak hizlariarengana; hark, badanik ere ez, erritmo onean jarraitzen zuen bere lanean. Kaskodunen ondoezaz konturatzeke. Silaba bakoitzari are eta enfasi monokordeagoa ezarriz, ahobeteko zitak eta aipuak eginez, arnasa hartzeko ere astirik gabe. Momentu labur hauetan ordea, agian kaskorik gabe hobeto entzuten zuelako edo, hizlariaren ofizioaz liluratu zen traduktorea. Hain fin kunplitzen zuen bere lanarekin, hain eruditoki moldatzen zituen sententziak eta pazientzia, hain, hain... ze, kurioski, momentu batzuk aurrerago sentitutako lanialdia ere ahaztu egin bait zuen.
Eta lasaitasun arraro batek hartu zuen bete betean. Ezer gertatu ez balitz lez. Eta, edozein palkotan eserita legokeen ikusle-entzule patxarosoa sentitu zen liluraldi hari esker. Ez zitzaion ez gutxi ez asko inporta kaskodunen erreakzioa. Zelogreban deklaratu zen automatikoki. Gutxienez, harik eta hizlaria isildu arte.
Orduan, satisfazioz arnasa hartu eta kristaletatik zehar paseiatu zuen begirada; kaskodun bakanen bila zebilen. Eta begira nondik, oh! harridura, bat bera ere ez zegoen kabinara begira. Konprenitzen ez zuten hizkuntzako jargoi hura entzuten zeuden, oso gustora antza, jartzen zuten aurpegikera intelijentetik juzkatu zuenez traduktoreak. Eta paisaje bati begira zeudela imajinatu zuen. Paisaje teoriko bati. Eztulik ere ez zitzaien ateratzen, eta oker ez bazuen kontatu, aretotik ez zen inortxo atera. Gaitzerdi. Eskerrak. Hizlariaren paisajean murgildurik zeuden denak.
Zigarro bat piztu zuen orduan, eta segidan botila hartu eta ur txorrotada bota zuen basora. Ura eta kea nahasteak nonbait izugarrizko biokimika prozesoren bat sortarazi zuen traduktorearengan, ze kolpera eta inolako esplikaziorik gabe, sekulako adorea etorri bait zitzaion. Publikoa dominatzeko kapaz sentitzen zen. Zerbait esan behar diet bururatu zitzaion, ikusiko dute oraingoan. Kaskoak altzoan eukita ere, entzungo didate boza iztarretan marmarka, eta berriz ipiniko dituzte. Entzungo didate, bai horixe!
Eta entzun zuten:
«...Barra, barra, barra, pit,... klap! Piloto gorria piztu dut panelean. Lasai egon. Ez kezkatu. Parkatu. Ez kabreatu. Jaun andereok, entzun eta lasai egon. Irrati interferentziak sartu zaizkigu. Teknikoaren ustetan normala da honelakoak gertatrea. Ez kezkatu.»
Kaskodunak bekokia tximurtzen hasi ziren.
«...Sondikako weathereporteroek diotenez, ezin da esplikatu ari duen euritea, zientziak ez bait du esplikaziorik. Beraz, Santabarbarari nobenak egitea da bururatu zaien neurri bakarra...»
Atsozahar kaskodun batek errosarioa atera zuen kokodrilozko poltsatik.
«...Bilboko ura ez da potablea deklaratu zuen alkateak txanpan kopa altxatuz, Osasun Publikoaren arduradunen txostena irakurri ondoren. Bestalde, bere txoferrak jakinarazi digunez, 'Oi ur, oi ene lur, luperatua...' tarareatuz egin omen zuen etxerainoko bidea...»
Hirugarren hiladako laugarren butakan zegoen neska kaskodunak enpeinu handiz ekin zion hatzazalak jateari.
«...Gaur goizean, lendakariak aditzera eman duenez, orain denok dakigu zer zen IZB planaren funtsa: untzigintza birmoldatzeko asmoz eta hiritar naufragoak salbatzearren, injenieritza nabalaren ohizko diseinoak aldatuko dira eta txapeloker flota berriak fletatu. Txapeloker untzi modelo berri honek jarraitu zuen, abantaila handiak eskaintzen dizkigu, modelo zaharrak ez zituenak, zeren hiru branka izatean hiru direkzio simultaneotan nabiga bait dezake...»
Kaskodun gehienek irribarreari eutsi zioten, lehendakariaren deklarazioak txistea zirelakoan.
«...eta orain entzule maiteok, estudioko bigarren kabinatik koneksio zuzenean jarriko zaituztegu benetan aparteko pertsonalitate birekin...»
Helikopteroko kabinako panelean piloto gorria piztu zen simultaneoki.
«...Maiestate agurgarriak, atrebentria gehiegi ez bada, zelako paisajea ikusten da hortik goitik?»
Errege jaunak eta erreginesa andereak kristaletatik zehar begiratu zuten. Paisajea lur koloreko aintzira bat zen handik goitik. Eta euria ari zuen oraindik atergabe.
«...hemendik goitik katastrofikoa baldin bada, nolakoa ote da hor behean... zaudetenontzat...»
Eta piloto gorria itzali zen bapatean. Gero trumoiotsa. Moztuta zeuden linea guztiak. Kaskodunak belarriei igortzika zeuden, eta kabinatik ikusita bazirudien trumoiotsa eta interferentzia absurdo haiek uxatu nahirik zebiltzala oraindik. Hizlariak ia desgogora agurtu eta eskertu zuen publikoa, folioak biltzen zituen brtartean. Gero, portafolioan konprimitu zuen bere konferentzia. Aldegin zuen. Publikoak ere aldegin zuen. Eta traduktorea geratu zen bakarrik kabinatik sala hutsera begira. Ez zuen bere publikoarekin atean topo egin nahi. Horregatik zegoen itxaroten, denak joan arte. Ur guztia edan zuenean, butakazko paisaje hartara azken aldiz begiratu eta kalera atera zen. Kanpoan euria ari zuen oraindik.
|