L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-9 (1983-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Kristalezko kanika baten zehar
edonork ikus dezake autopista bat

 

Eneko  Olasagasti

 

Itxaroten irakurtzeko

 

Neskatoa eserita dago. Eskuak bata bestearen gainean, bata bestearen gainean dauden ixtarretan ezarriak dauzka. Begiradarekin alde batetik bestera dabilen zuri beltzezko irudia jarraitzen, zerbait bilatzen du. Begiak ez ditu pertsonaia mugikorretik kentzen. Zerbaiten beharra baino premiaz. Zai pasatzen diren une guztien antzera.

        Neskatoa eserita dago kafetegian zuriz margoturik dauden burnizko aulki batean. Parean era berdineko mahaia eta gainean itxaronaz hoztu den kafesne katilu erdia, azukrerik gabe. Buru erdian duen erretenatik bi aldetara, ile beltz eta zimurtu gabea bakantzen da, begien parean eta belarriruntz gantxo batekin eusten duela. Jende baten aurpegian zaila da batzuetan bi perfiletako ezberdintasunak asmatzea, eta neskatoaren aurpegian antzeko zerbait gertatzen da. Bestetik begirada alde mugikor batetara zuzentzen du ia denbora guztian, kamareroak aide batean daraman bandeja begiratzen. Besoa goian jendeak, mahaiak, eta aulkiak sortzen dituzten oztopoak salbatuz. Begirada bandejan isladatzen du, ertzean, etengabe, eskaparate baten aurrean jostailu preziatuena begiratzen den bezalaxe. Erregeen zai dago, eskutitza eta erantzunaren zai.

        Neskatoak ordu asko pasatzen ditu aulki xurian eseririk, mutilaren etengabeko joan etorriak zaintzen. Plazere berezi bat somatu daiteke bere aurpegian mutiko-kamareroa gira bat aprobetxatuz begiratu eta irrifar egiten dionean. Horretaz aparte beste ezer egongo ez balitz bezalaxe. Inork ez du erreparatzen bien artean sortzen den konplizidadeaz. Kristal hotsak noizbehinka hausten duen zurrumurru bat besterik ez da entzuten. Atetik barrena mutikoaren silueta galtzen doa aurkitzen ez duen babesaren bila. Burua jaitsi egin behar du orduan eta magalean dituen eskuekin ohartuz, behatzekin ez dakit zer kontatzeari ekiten dio. Zazpi kontatzerakoan burua altxatzen du berriro eta zai geratzen da ate aldera begira.

        Bainan oraingoan ez da aurkitzen esperotako irrifarra, eta beti bezala ezkerraldetik, bera eserita dagoen lekutik hasi beharrean eskubirantz jo du zeozer ezkutatu nahiko balu bezala. Neskatoak berriz ez dio begiradarik kentzen, eta orain ez du bandeja begiratzen, aurpegia bilatzen dio interes bereziaz. Azkenik eta mahai guztiak serbitu ta gero beregana hurbildu eta espresio ilun batez kafesne bat luzatuz ahopeka esan dio:

        — Nausiak esan din hau dela azken kafea, hire azken kafesnea hemen!

        Zer galdetzeko denborarik gabe, mutikoak berehala eman du buelta, bi mahai pasa ta gero atetik desagertzeko. Neskatoak burua jaitsi egin du berirro eta hitzak kontatzen hasi. Zazpigarrenera inoiz baino lehenago iritsi eta burua altxa kamareroaren irudia noiz azalduko den berriro zai.

 

 

Neskatoak eskuak magalean ditu bainan orain ez du ezer kontatzen eta malko bakarra kontatu daiteke bere ezkerreko masailean, kafetegi aurrean dagoen bankuan eserita. Denbora osoz ikus dezake mutikoaren irudia, urrunago, bandeja goian daramala mahai batetik bestera. Oraindik ere bueltak aprobetxatzen ditu ñabardurarik gabeko irrifar apalago bat zuzentzeko. Neskatoak orain, begiradak zenbatzen ditu eta noizbehinka alboko Aurrezki Kutxako erlojuan hamabiak arte falta diren minutuak ere. Hamaikak eta hamar dira.

 

 

Neskatoa eserita zegoen. Esku bat goian zuela alde batetik bestera zebilen kamareroaren arreta bilatzen zuela. Kamareroaren buelta bat profitatuz nabarmenagoa egin zuen deia eta honek bazihoala adierazi zion. Beste mahai batetik pasa, serbitu, eta hurbildu zitzaion.

        — Zer hartu behar duzu?

        — Kafesne bat mesedez.

        Nik hogei duro poltsikotik atera eta mahai gainean utzi nituen. Aurrezki Kutxako erlojua begiratu nuen. Hamaikak ziren. Idoia gaur ere ez da zitara azaldu. Kristalezko kanika eskuan gordez etxerantz abiatu nintzen.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.