| 
 
 
Cretan ohosturiko poema slovaniarrak
 
 
 
Violet Font
 
 
 
        Joan den urteko abuztuan Cretarantz abiatu ginen Bartzelonako lagun bat eta biok, han lagunak zituela eta. Paleiochora-ra heldu ginenean zai genuen Veronika. Bere etxea Mediterraneoko etxe zuri horietakoa da, handia eta kanpotik tapizez apaindua. Hantxe ezagutu nuen Karel Raab; oso tipo alaia, argala eta beltzarana. Veronikak «idazten eta horrelakotan» ibiltzen zela adierazi zidan afal ondoren. Hondartzan igarotzen genuen egun osoa hango ortze konpaktuari behaka, sor; eta gauez sua irazekitzen genuen keak agian lainotuko zuelakoan. Egunsentian hare epeletan itzartzen ginen eta gauerarte isiltasunean iragaten, suaren gorritasunak aurpegiotan irribarre egin arte. Poema batzu ohostu nizkion behin; karpeta urdin batetako paper mordoxka bat, eslovanieraz idatziak. Karel 1961. urtean jaio zen Yugoslavian. Hegazkin istripu batetan galdu zituen gurasoak hamazazpi urte zituela. Hiru anai-arrebak Marsellara joan ziren osabekin eta handik itsasontzi batetan ihes egin zuen. Sidneyen ezagutu zuten elkar Karel eta Veronikak; eta ez dakit ezer gehiago, hondartzako sutondoko ixtoria dardartiz at. Opio pedo luze baten letargo eguzkitsu bat bezala gogoratzen dut egotaldia (itsasoa bare eta oskarbiegia). Eta poemekin (ez dakit poesiak ote diren ere) egundoko burruketan ibili ondoren hor dituzue batzuren ene itzulpen inposibleak... Eta barkamena Kareli (auskalo non hagoen oraingo honetan) bere idazlantxoei Donostiaraino hega egiten irakasteagatik.
 
 
 
* * *
 
 
 
«Irtetean, kristal eta zilarrezko edifizioek, buruen gainean okerturik, ilgoraren gisara, osta zastakatzen zinaten. Eta gorri, astiro, odoletan gatzatzen hunan oro. Egunsentian eguzkiak, suak ezkoa bezala, urtu nindinan. Zementu artetik, oskorritasuna imagina subliminal baten antzera desagertzen dun: hiri puzkertiak infernutako zirko torturatzaileen olana gris, beltz eta zuriak eskekitzen dizkinanean kafetetxe ilun batetan sartuko haiz. (Beti zegon tokia). Jazza entzungo dun hatz beltzetan, ia urduri. Eta kalearen kiratsean, burruka etengabean, amerikar eta indioen arteko gudutik zaparrastaz galduriko gezi edota lantza batek zaurituko hau. Zorionez bizirik gelditzen bahaiz, biharamunean, ke urdin artean berriz ekingo diotenean, Siberiako tigrea haizelakoan ehizatuko haute olanek. (Ez haiz inolaz jarkiko). Orduan, dirudunen baten basoko lorartetik ihes egin nahiko dun, kafetegira, iagoitikoz, erdilo, violoncelloz jazzean, mesto, pianissimo, smorzando, ia ad li b i t u m.»
 
 
 
* * *
 
 
 
«Sumatrako tigrearen begi beilegiez itsuturik,
 
junglako landarezko tuneletik zehar etxeko kumunera
 
bajoari ekitera bidaliko nindiotekela banekien.
 
Eta hire betaurreko punky beltzak jantzi nizkian putada hura ukatu nahiean;
 
eta hik esan bezala, bost dukateko globo gorria puztu nian
 
sudurpunta zorrotzaz lehertu arte:
 
sans-culotten haragi torturatuez diamant eta esmeraldak fabrikatu
 
eta musei titiburuetako kakalardo erdigogorbustiak arrankatzen zizkieteken
 
teloi granatearen bestaldean;
 
eta bahekien torerook urrezko jainkosa haiek antsiaz desiratzen genizkiala;
 
bahekien nire ahoko espata dirdiratsuek
 
bular gazte hobenge haiek koskatuko zizkiatela ijoputak antzo;
 
eta ezpainetatik odol epela jarioko zitzaidaanean tertzioa saludatuko niala;
 
eta kakalardodun esku boteretsua jeitsi
 
eta bost dukateko globo gorriak eztanda egingo zidaala aurpegian;
 
(eta danborren erredobleetaz berandu konturatuko niñuala).
 
 
 
Eta jadanik (indarge?)
 
termidorianoen gilotinako bizarlabantzarrak bixigu arrosetan dakuskit;
 
eta sagu korbatadunetakoa haizela entzuten diat,
 
orain, toreroaren potroez alabastros lortzen ari haizenean,
 
kaleargi beltz ugertuen argi hilduek loak hartzen duten abar tartetik
 
ilargiaren arrasto heze lanbrotsuak,
 
Florentzian kupula hondatuko den eran,
 
giroa busti xahutzen duenean,
 
eta hotz,
 
oso hotz,
 
lepoa erdibitzen did
 
DZAST!!zueneann».
 
 
 
* * *
 
 
 
« papuen soak solstizioko diskorantz
 
erabat beilegituriko aurpegitan
 
izpi zorrotzen ziri metalikoek
 
ediporen begi zastakatuak malkotu dizkiete
 
eta lumazko oihanetan
 
larrutako kolpeak ttanttaka oihartzuntzean
 
eguzkituen kezko azaletan erotzen dira
 
hegazti nabarren isladak
 
gauak kokatuko zaizkie energia garaian
 
eta sudur betondo eta ezpainak
 
hileroko horigorriz gantzatzean
 
arotzen belarritako lapitzen antzeko
 
adarrak haziko dituzte artez
 
bekokitako ilbete itzel tartetik
 
pawah-pawahtan iratze
 
tropikalak ernetzen zaizkiela
 
zementuzko etxez zetakatzen diren
 
zuhaitz gorri eta goibelpetan
 
jadanik inglesen auto beltzak ibiliarren
 
ginea berriko kostaldetan
 
hondartuko ahal haiz buke!
 
papuek lepamoztu nazaten
 
baina sidneyraino gidatuko gaituk ostera
 
hire marinel eskizofrenikook
 
operako esfera zatikatuen hormigoi
 
zurizko maskorretan surf egin dezagun
 
eta mila pisutako edifiziotan julistuko nauk
 
eta jotabez mozkortuko ondoren
 
fenizioen belerotik (itsas hotsa kulunka)
 
fireworksak harrapaka»
 
 
 
* * *
 
 
 
«sua darion herensuge edota
 
zerbeza botila apartsu bat izan nahi duen
 
zaldizko almohada gainean hagoela
 
oilar txinar gorri bat buztantzen dun
 
izara zuritatik gora
 
ia-ia arranoak eklipse garaian ohi ditunan eran
 
eta nykwisten kuadrotako balusezko
 
neskato batutsiaren ditiburuak isladatzen ditun
 
nikietan antzo
 
ispiluaren beirari beren erliebe
 
jostagarriak inprimatu nahiz
 
eta hireak
 
bi elektrodo bailira
 
hatzez heltzen ditunala
 
etamine grisezko kanapea odoltzen dun
 
izter barnetako zauriaren jarioaz
 
zetan zabiz violet
 
marcel proust irakurtzen
 
biluzik               bai               a»
 
 
 
(Idatzi berria zen poema hau, eta zenbait hitz tatxaturik zegoen: "zakil bat izan nahi duen", "masturbatzen ari hintzela", "aitaren errebista pornoko", "udako menstruazio", "antsiatu", "eta hezeak", "zoratzen haiz haurrek egosten dituzten sugandilak bezala", "eta suaren atzean bularrak erretzen zaizkio..." amaieran.)
 
 
 
* * *
 
 
 
«Bonbilatatik ihesiko den argi zulatu ebakorrak belarri politeneko diamantean printz egitean, plastikozko bi miloi gezur Montmartren lepamoztuko dituztelako, Parisko izar zuri sargoritsupetan ustel desobituko nau Luis erregek. Eta gauez, purpurinazko gurditzar txairo eta odoltsutik irteten diren gortelari martzulek beren panpinen diti eme antsiatsuak esperma gisako champagne apartsuz bakarrik busti ahal izango dituzte komediako hasperenez. Sortilki bular maitagarritara plazer burbuiltsua izurtzean, balusetan gorputz guztitik aurpegiraino barreiatuko diete hatzetako muin hezea, sabel lodipetako pittilin zizaretuen nokutasuna krabelinetan dantzatzen den artean.
 
Azarez jazoko da oro. Ez du ezerk zentzurik. Inflazio garaian amets eta betiro iturri zikin batek bezala ziprizinka pix egiteko desioak buruhiltze kolektiboa eragingo du haragikerizko gau arrosa honetan. Paris brontze eta atxabitxizko condotiero arrotzez birrindua izango da. Birus hilurranen usaina du, jaitsapen dotorezko udaberitzarrarena.
 
(Eguzkirik gabeko zuhaitz biluzi urreztatu tartetik lote usaingeak aieneka zimurtzean, plastikozko bi miloi gezur Separen urertzetan itoko direlako, Paris lanbrotasun gris goibelpean ehortziko dute taupadez berriz. Eta gauez, ilargi kalertzetsuko ezpain idor lore-loredun printzesa hautseztatuak inoiz edan nahi izan ez duen esperma gisako zerbeza botila zutunduko aparta miazkatu behar izango dio nardaz nigarrez. Zirtzilki ahotxo maitagarrira plazer koipatsua kolpeka isurtzean, kontrako zulotik sartuko zaio ttuzko gorroto zitaldua, sabelpeko zainezko mamu zaurtzaile napalmtsua odoldu arte horzkatzen duen artean.Ezerkzentzurik ez duenez oro azarez jazoko dela
 Veronika). » 
 
 
* * *
 
 
 
«aire barean,
 
                     xori eta gizon torturatuez eginiko
 
                        harrizko hegazkintxoen antzo,
 
flavio anfiteatroko munera gladiatoria batetako iugulak ziruditen
 
                 aralde hizugarriaren ankerkeria zenentzuten.
 
                                         aho hotzean,
 
               haur eiharrek tiratakoz ehizaturiko
 
                      sagar borobilen eran, ttanttaka,
 
             hortza zuriak kriskitin kraskaka lehertu eta,
 
         zuena ez den irri batek erraietatik irtetzean,
 
     eztarriaren urraketa lazgarriak oihuska etsitua eman zuen.
 
                                           hiletamartxan
 
                    greziar falangeko gudugizonek,
 
              haragizko puxika eme eta gorriekin,
 
                      bonba nuklearra egurastuz,
 
          odolezko diti epel hegalarien modura, noraezean,
 
        haize mutuen doinuan soraioki dantzatzen zuten
 
             aranondoen lore zuriz estalitako lur hezetan. »
 
 
 
              
             |