Gutxi falta denean
F.J. Mendiguren
Damu dut esatea besterik ez duk. Ez duk hain
zaila; kontura hadi, gutxi falta duk eta. Laister etorriko dituk, haina ahantz
dezagun orain hori eta entzun iezadak: beharrezkoa duk damutzea eta ene baitan
ziur naiz dagoeneko damutu haizela. Ez izan lotsarik, gutxi falta duk, laister
etorriko dituk. Etzak jar hoztasun aurpegi hori bostajola balitzaik bezala,
ni hemen laguntzeko nauk. Begira nazak: hire laguna nauk, ez hadi izu. Bazekiat,
hik ez duk aitortu nahi haina nik bazekiat esku lagun baten beharrean hagoela,
denbora gehiegi daramak bakar-bakarrik. Orain iritsi zaik aukera. Ez hago bakarrik.
Ez hadi oskol gogor horretan sar, ireki ezak bihotza ongarri izango zaik eta.
Gutxi falta duk. Arima garbitzeko premi izugarri nabaria duk eta ni horretarako
etorri natzaik. Aurki hemen dituk. Hitz egin dezagun: atera hadi mututasun aldakaitz
horretatik: esan ezak zerbait, ez hadi beti horrela egon ukabilak belaunetan
eta burua makurturik. Burua altxatu beharra duk, lasai geratu: esaidak damu
dut. Ixilik, beti ixilik, ez duk ezer konpontzen ixilik egonez, gauzak okerragotzea
besterik ez duk lortuko, areago oker badaitezke behintzat. Judizioan ere beti
ixilik egon hintzen, hire temari eutsiz, eta etzak muzin egin epaiketa aitatu
dudalako, horrela baldin bahago hargatik dela gogoan euki behar huke eta gainera
gutxi falta duk, berehala hementxe dizkiagu, hementxe dituk. Epailariak «errudun»
esan zianetik hala hago: begi lausotuak deusezan finko, hortzak estutuz eta
goiko ezpaina apur bat dardarka, inori inolako jaramonik egiteke. Bide horren
inoratasunaz ez al haiz oraino ohartu? Damutze soilak emango dik ustekabean
espero duan bihotzeko lasaitasun hori. Egoskorra haiz, zinez: ixiltasun egoskor
hori... epaiketan bertan defendatzaileak ez zekian zer egin hire kasuaz: ez
huen ezertan laguntzen, ez huen ezer esan nahi, hor konpon. Baina kaltea hiretzat
bakarrik duala ez al duk ikusten? Bueno, hiretzat bakarrik ez: hor zegok hire
emazte atsekabetua, negarrak itoa, leherzorian. Zer izango ote da gizaixoaz!
Hain gaztea, berriki ezkondua eta halakoak jasan behar. Errukigabea haizela
pentsatu beharko niake, baina hik ere izango dituk esatekoak: zerk bultzatu
hinduen? Zer gertatu zitzaian hori egiteko? Gutxi falta duk, nahiko gutxi falta
zaik, zergatiak azal iezazkidak; esazak damu duala hori bait da beharrezkoena
uneotan. Begitarte goibel horrez begiratzen nauk eta ez duk ezer erantzun nahi,
judizioan bezalaxe, labana ibaira botatzen ikusi hindutenen testigantza entzun
eta hi han, hau niri ez doakidan gauza da pentsatuko bahu lez. Eta seguru egon
zeredozer esan izan bahu epaia ez zatekeela bera izanen. Baina hori alferrikako
gauza duk, orain geratzen zaiguna damutzea duk eta lehenbaitlehen egin beharko
duk laister etorriko zaizkik bila eta. Arren, otoi, kanpoan negarka dagoen hire
emaztearen zoriontasunagatik besterik ez baduk, damu hadi, emaztearen zoriona
zerbait inporta bazaik gutxienik, eta ez iezadak gorroto begi horiez beha, emaztearekiko
aingeru saindua bahintz antzo: labandegiko saltzaileak ibaia dragatu ondoren
aurkitu ziaten labana hiri saldutako bera huela esan zianean emaztea oihuka
eta aharrantzaka hasi huen eta hi ordea beti mutu, ezer ihardetsi gabe.
Emaztearen ohore eta lasaitasunagatik edo iskanbila hura eta kazetarien zarata
baztertzeagatik besterik ez balitz ere hobena aitortu izan bahu, oso gutxi falta
duk. Ez ezak azken instant horretaraino itxoin oraintxe egin dezakeana egiteko:
damu hadi. Ez duk hain zaila, nik laguntzen diat, horretarako negok hemen, hirekin.
Gorpu hila ikusi nianekoa gogoratzen diat oraindik: zirraragarria, benetan.
Baina ez zegok dena galdua, damutzea duk bidea, ez haiteke horrela geldi. Ez
ezak gorrarena egin, zentzumenak oro gogortuak bahitu bezala: badakik ez dagoela
irtenbiderik eta horregatixe estuago lotu beharko hintzaioke damutzearen aukerari:
begira ezak, horren zai zeudek neska hilaren gurasoak, hire famili osoa eta
batik bat emaztea. Hark sofritu behar izan duen kalbarioa jakinen bahu: kazetariei,
epailariei, gizarteari hiretzako barkamena eskatuz eta hire aldetik esker gaiztoa
besterik ez dik jaso. Zoramen une soila izan huela esan bahu, eroaldi iragankorra,
nahiz eta hori nahiko sinestezina izan anitz jendek Eliren etxearen inguruan
eta hura usu agertzen zen tokitatik ikusi hinduela testifikatu bait dik. Neskaren
hilotz hura nik bezala ikusi bahu: larru txuriaren gainean zulotzar gorriztatuak,
amabirjina sastatua zirudien, eta etzak nazka aurpegirik erakuts orain; perfidotasun
neurtuaz ari haizela sinetsiko niake batzutan baina bazekiat ezetz; hain gutxi
falta duk, ezer ez duk irabazten horrela segituz, ala zer nahi duk? Bide honetatik
abiatuz gero zerbaiten zai edo ez ote hagoen ez zekiat. Ken itzak burutik uste
horiek: erremediorik ez zegok. Laister atetik sartu eta eramango haute. Bazirudik
horixe duala nahi duana, irrikitan hagoela. Susmo merkea duk baina hire portaera
aztertu ondoren bururatzen zaidana: hi ez haiz inoiz tontoa izan; egin huena
zergatik egin huen ez zekiat baina tontoa ez haiz, eta haatik afer guzti honetan
arrastoak lagatzea besterik ez duk egin: begibistan ibili hintzen neska hori
segika, aide misteriotsuaz eta denen begiak hireganatuz joan hintzen labana
erostera, jendeak istiluak entzun zizkian eta hi ingurutan korrika eta ibaira
zerbait jaurtikiz argiki ikusi, inolako koartadarik ez... Poliziarentzako ume
jokoa izan huen. Nik ez haut tenteltzat jotzen eta poliziak harrapatuko hinduela
bahekien ezpairik gabe, eta hala ere etxean gelditu hintzen, esperoan edo, poliziak
atea jotzerakoan jauzi txotxolo bat egiteko leihotik, harrapatzea ezinbestekoa
huelarik eta ihesketa inposible batetan sinetsi gabe, Dios, oraintxe bertan
hementxe izango dituala bezain egia duk hori: apropos ibili haizela ez zegok
beste esplikaziorik, aitor ezak, zergatik ez didak deusik erantzun nahi? Burua
hil nahi bahuen bide errazagorik eta hainbeste min eta kalterik egingo ez zukeenik
baduk. Orain damutzea beste biderik ez zaik geratzen, azkar egin dezagun gutxi
falta duk eta. Zergatik egin huen? Emazte zoragarria huen, bizitza naharoa begiaurrean,
hi ez haiz mixerable bat. Momentutik momentura larriago sumatzen haut, izerdia
dariola hasi zaik kopetatik behera, baretzen saia hadi, nik lagunduko diat baina
damutzeak bakarrik kenduko dik pixu ikaragarri hori bizkar gainetik, damutzeak
utziko hau trankil. Kontzientziarik baduk behinik behin, kontura hadi: egin
huena... deabruek esku artean hartu hautela ematen dik, ez hiri ez inori sekula
kalterik egin ez zioan neska hura, eta hire emaztearena, trajeria bat bizi izan
dik, deus ulertu ezinik, iraindua, errukarria! Ez duk ia ezertxorik falta: azken
momentu honetan besterik ez bada aitormena egin ezak guztien lasaitasunerako
eta minbizi honen zorna buka dadin, damu hadi hire arimak atsedena izan dezan.
Hala irauteak ez dik zentzurik, zeren zai hago? Jaungoikoaren eskua ez duk hire
alde mugituko. Burutik jota hagoela pentsa zitekeen baina defendatzaileak hi
erotuta hengoela frogatu nahi izan zianean -astakeria hura ez bait zezakeen
pertsona normal batek burutu, eta gainera gormutuarena eginez egon judizioan
zehar-, psikiatrek zoramen arrastorik ez duala agertzen eta hire buruak taxuz
eta argiki funtzionatzen diala ederki erakutsi ziaten hitaz arduratzen ginenon
azken esperantzak deuseztuz. Buruz sano bahabil orduan non zegok koxka? Hi ez
haiz inoiz gaiztoa izan: famili barnean mutil zintzoa hintzen; eskolan, prailetan,
ume fintzat hinduten, adiskide artean motiko jatorra, lanean ere laguntzarako
gertu, ezkonberria, zoriontsu antza omen buen, irripar mingotsa agertzen didak
baina bihotz eta suerte onekoa hintzela esango niake, eta egin duana hortxe
duk ostera: nondik justifíkatzerik ez zegok, odola zuriezina izan ohi
duk eta oraingo honetan areago: gauez, aldez aurretik mamitua eta sarraskian
atsegina hartuz. Inolako sasiarrazoibiderik ez ezta esplikatunahirik ere. Bazetozek:
arren, damu ezak, azkar, jaungoikoagatik bederen, hire arimarengatik, oraintxe,
damu hadi, otoi, emazteagatik, damu, damu!.
* * *
(Ipuia amaitu da; nahi izanez gero peroratio hau ere irakur daiteke:)
Eli M. gau batez bere etxeko atarian aiztokadaz zeharo josia azaldu zen. Handik astebetera, ihesketa saio labur baten ondoren Alex A. atxilotua izan zen. Kalean bizi zen presioaren kariaz zortzi egunen buruan judizioa muntatua zegoen. Honek hiru egun besterik ez zuen iraun gertakari, arrasto eta testifikazio guztiek Alex A. hilketaren egiletzat erakusten bait zuten, akusatuak, mutuarena eginez, ezer esan nahi ez zuen bitartean. Epaia zorrotz eta kategorikoa izan zen: heriora zigortua. Sarraski izugarritik hasi eta epaia burutu arte prentsan leku nabarmen eta berezia izan zuen kontu honek. Senitartekoek, mendeku gose, eta zenbait aldizkarik punizioa berehala bete zedin eskatzen zuten bitartean defendatzaileak, hiltzailearen zoramena aitzakitzat hartuz, apelatu egin zuen; hala ere ez zion ezertarako balio izan espezialistek haren osasun mentala ziurtatu eta garantizatu egin bait zuten. Ondoren kondenatuaren emaztea, Cosima, izan zen zarata ederra atera zuena froga berriak zituela esanaz eta prentsa sentsaziozalearen oihartzunaren bidez entzunaraziz baina laister jakin ahal izan zen guzti hori ezinbestekoa zen hura beste hilabete batez atzeratzea besterik lortu ez zuen iskanbila hutsa zela. Azkenik, humanitarismo eta gizabidearen izenean mintzo ziren ahotsak ixilerazi eta gero, igande goiz batetan, injekzio pozoinduaren bidez Alex A. hiltzailearen bizitzari bukaera eman zitzaion, epailearen esana betez. Alex A.ren kasua hil eta bost hilabete t'erdira kaleratu zen berriro, Cosima emaztea Alex izenaz bataiatu zuen semeaz erdi zenean, erruduntasun osoa bere buruari egozten bait zion deklaraziotan. Egunkariek ezer interesgarriagorik ez zutelako edo, ixtorio harrigarri bat zabaldu zen, Cosimak txalo, negar eta txistuak jasoz nonahi aldarrikatzen zuena: horren arabera Alex A.k aspaldi batean Eli M. maite izan zuen eta Cosimari kondatu zionean, honek, jelosiaz gaindi, Eli akabatzera behartu zuen senarra, bestela alde egingo zuelakoaren mehatxuz, eta Alexek, maitemindurik nonbait, agindua txintxo-txintxo bete zuen. Cosimak asasinatzearen bultzatzaile bezala juzkatua eta zigortua izan nahi zuen, senarrari jarraiki berak zioenez, baina inork ez zion jaramonik egin, prentsa folletineskoak baizik, hain zen sineskaitza eta funtsik gabekoa esaten zuena. Psikiatrikoren batetan ere egin zuen egonaldi labur bat. Bakardadean galdurik eman zuen bizitza gainerantzean, kontu zahar hura eta bere izenak, boladaka urteurrenetan baizik agertzeke, guztiz ahaztuak izan ziren arte.
|