L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-13 (1984-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Goiz-ibilaldia

 

Juan Luis Zabala Artetxe

 

Jimi Joe Rapid ahoan iragan gauean loak hartzerakoan erre zuen zigarroaren hondakina zuelarik esnatu zen. Hondakina zolura bota eta kapela beltz zabala kendu zuen keinu nagi batez arpegi gainetik gorputza ohe ttikiaren maindire tzarrapatenetatik aldentzen zuen bitartean. Egun batzutako bizar latza hatz egin zuen ahotik aharrausi bat ateratzen zitzaion bitartean. Gela ziztrinari gainbegiratu azkar bat egin zion. Zolua erabat beterik zegoen gisa guztietako gauzez, baina gainbegiratu laburrean batik bat aurikularea aparatutik zeharo aldenduta zuen telefonoan erreparatu zuen. Bazterreko hozkailura abiatu, atea ireki, bertatik esnez betetako katilua atera eta bat bateko dzangada azkar batean hustu zuen. Gelaren leiho bakarretik behera pix egiten hasi zen ezkerreko besoa aho-ezpainetatik, esnearen aztarnak garbitzearren, pasatzen zuen bitartean. Pix egin ondoren, gerrikoaren ezkerreko aldean pistola zaukala egiaztatu, makurtu eta zolutik zigarro bat eta poxpolo kaxa bat jaso, zigarroa piztu eta gelako aterantz zuzendu zen. Atea ireki, gela lardaskatua desgogoz gainbegiratu berriro eta kanpora irten zen.

        Eskaileretan behera zihoalarik besapean ogi bat zeraman erabat beltzez jantziriko andre batekin topo egin zuen eta bi tiroz bertan utzi hilda, arpegia odoletan blai. Pistolaren kargadorean unanpraka ilunen atzeko sakeletik ateratako bi bala berri sartu eta eskaileretan behera segitu zuen, hil berri zuen emakumearen gorpuaren ondoan igarotzean ez zapaltzeaz arduratuz.

        Bebarrutik atera baino lehen kanpoan ile zuridun gizontxo bat ikusi zuen lohikartzeko oliotsu batez jantzita aurreko karrika igarotzen. Eskuineko eskuan boltsa zuri zimur bat zeraman eta ezkerrekoan berriz, bi ardo botita, beltza bata, bestea gorria. Ikusi orduko pistola gizonaren bururantz destatu eta tiro egin zuen zuriaren erdian jo eta gizona bertan hilez. Bebarrutik atera eta sekulako garrasi eroak aditu eta zenbait jende kotxeen atzetan ezkutatzen, beste batzu dendetako ateak hersten eta beste batzu lasterketa urdurian ikusi zituen. Zigarroa ahotik aldendu, kea bota astiro, pistola gerrikoan sartu eta ezkerrerantz jo zuen.

        Zigarroa azken punturaino erre zuen arte pauso makalez segitu zuen bere bidean besterik gabe. Zigarroaren hondakina bota ondoren ingurunea arakatu zuen astiro. Bat batean pistola gerrikotik atera zuen esku ezkerrez eta gero pistola bi eskuekin eusten zuela eta besoak luzaturik, aurrez aurre hogeitamarren bat metrotara mutil batekin hizketan ari zen neska gazte bati kopetan eman zion bete-betean tiroa. Neskatoaren gorpua berehala erori zen behera eta mutila izuturik geratu zen, Jimi Joeri begira ikara urduri batean. Jimi Joek ordea, bere eskuinerantz biratu zuen goiz-ibilaldi lasai hura segitzeko asmoz.

        Ibiltzea utzi gabe, bala gehiago sartzen ari zen pistolaren kargadorean kotxe batetik bi polizi jeitsi eta dei egiten ziotela entzun zuenean.

        — Zaude geldi eta bota pistola behera, ze bestela bertan hiltzen zaitugu —oihukatu zion polizia batek.

        Jimi Joe geldi-geldi geratu zen baina ez zuen pistolarik utzi.

        — Egin esandakoa, ez pentsa txantxetan ari garenik —entzun zuen berriz bere atzean.

        Orduan Jimi Joe pistola erortzen uzten hasi zen, baina pistolak behea jo aurretik eskuekin jaso eta tximista bezain azkar bira eginda poliziei tiro bana eman zien hauen apur bateko lasaitasunaz baliatuta, bertan utzi zituelarik. Poliki eta kontuz poliziengana hurbildu eta badaezpadan beste bina tiro sartu zizkien gorputzean eta lasai alde egin zuen orduan handik, berriro ere pistolaren kargadorea betetzeko lanari ekinez.

        Karrika batzu aurrerago gosea sentitzen hasi zen. Janari tienda ttiki baten aurrean geratu zen erakusleihoari so. Barnean hizketan ari ziren bi emakumeren arteko solasaldiaren puska bat aditu zuen kanpotik.

        — Ez zen ba gozoa izango hori ere, ez pentsa, ez nuke nahi nik horrelakorik.

        — Ez ez... Eskerrak gauza horiek urruti gertatu ohi diren, ez hemen, gure inguruan.

        Jimi Joe dendan sartu zen pistola eskuan zuela eta bi emakume haiek eta haietako batekin zegoen haurra hil zituen. Ogi bat, ziztor muturra, txokolate tauleta bat eta litro laurdeneko esne potoa hartu, bolsa batetan sartu eta kanpora atera zen dendatik.

        Boltsa eskuan zuela, eta, jakina, pistola gerrikoan, parke publiko batetarantz abiatu zen lasai. Bertara iritsita aulki batetan eseri eta astiro-astiro jateari ekin zion. Esne potoa hustu ondoren jatordua bukatutzat jo zuen. Erretzeko gogoa sentitu zuen orduan. Inguruetara begiratu zuen zigarro bat erretzen ari zen agure zahar bat ikusi zuen arte. Berriro ere pistola atera zuen gerrikotik eta agureari hiru tiro eman zizkion. Aulkitik jaiki eta gorpurantz zuzendu zen. Gorpuaren alkandoraren poltsikoan oraindik ere bi zigarro zituen paketea kausitu zuen. Bat ahoan sartu eta agure hil berriari eroritako zigarroaz piztu egin zuen. Parketik irtetzerakoan, aulki atzetan ezkutatzera antxintxiketan zihoan jendea ikusi ahal izan zuen. Berriro ere pistolaren kargadorea betetzeari ekin zion.

        Parketik hiriko kai aldera jo zuen bere ibilaldian. Bankuetxe baten atariko erlojuaren aurrean igarotzerakoan oraindik ere hamaika t'erdiak ez zirela jakin ahal izan zuen. Kaira iritsi eta itsasoa ikusi bezain laster, aulki batetan eserita, itsasoari begira, Rick Fly Johnny ezagutu zuen, bere txamarra eta betaurreko beltzekin, bere bibote finarekin, zigarro puru itzel bat erretzen. Ixilka, ezkerreko eskua pistola gainean zuela, Jimi Joe Rick Fly Johnnyri hurbiltzen hasi zitzaion hau eserita zegoen aulkiaren atzetik. Kai inguruan zebilen zenbait ibiltarik txundidura erakusten zuen arpegiaz begiratu zion Jimi Joeri, baina Rick Fly ez zen ezertaz ohartzen. Zegoeneko hamarren bat metrotara zegoenean —ordurako ezin zezakeen hutsik egin baina are gehiago hurbildu nahi izan zuen— ergelki trebukatu eta erori egin zen.

        Rick Flyk behaztopoaren zarata entzun eta bat batean biratu eta sei tiroz josi zion gorputza Jimi Joe Rapidi berehala.

        Rick Fly Johnny aulkitik altxa eta pistolaren kargadorea betetzen hasi zen. Kargadorea bete zuenean inguruetara begiratu zuen, telefono kabina baten atzetik jakinminez burua agertzen hasi zen mutil gazte bat ikusi eta tiro batez kopeta zulatu zion arte. Unanpraken atzeko sakeletik bala berri bat atera, kargadorean sartu, pistola gerrikoan kokatu, eta zigarro bat piztu ondoren hiri barrurantz abiatu zen astiro-astiro Jimi Joe Rapiden gorpua, erabat odoleztatua, bertan utzita.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.