Raisa
Ilunpetasunaren iluntasunean, nere bihotzeko bizitza besterik ez dut entzuten, neure buruko pentsamentu arraroekin nahasturik.
Ez dakit, gauaz hain bakarrik sentitzea ez litzateke hain txarra izango beharbada... baina goizez, eguzkia ikusten dudanean, gauza berbera sentitzen baitut, ez dakit... hain arraroa ote naiz?
Besteok...
Besteekin hizketan, barrekan, burrukan, besteekin baina beti bakarrik, izakia beti bakarrik izakien munduan, irrazionaltasunaren munduan...
Zer? Ez, eskerrik asko.
Ez ote daki ez dudana erretzen? Betiko galdera. Zigarro bat? Surik ba al duzu?
Ez, ez. Ez dut nahi baina ez dut esaten pensatzen dudan guztia. Zertarako esango nuke?
Zertarako botako nuke neure erroiloa?
Erretzen duzuenek, ez diezue zeuen buruei bakarrik kalte egiten, besteei baita.
Ez duzue ikusten haurduna dena?
Buruko mina. Beti gertatzen zait gauza berbera baina haiei bost axola, TABACALERA ESPAÑOLA, estadoa ordaintzen, eta gero bai, benetako euskaldunak.
Ez, ez. Zer? Ah, Barka, ez nuen entzuna. Bai, goazen. Bi ronda bakarrik ze, joan behar dut. Bai. Aupa! Aspaldiko! Bai, orain azterketan gaude. Ez dakit, batzuek diote ez direla hain zailak izango. Bai, zu ere bai? Denok berdin. Bai, itxoin! oraintxe noa! «Baionan»? Bale! Eta bestela? Pozastik, beti bezala? Ba ez zaitut hortik ikusten. Bueno, egia esateko ni ere ez naiz askotan joaten hortik, ia ez naiz etxetik irtetzen.
Badakizu, batzuetan ikasten, beste batzuetan ezertxo ere egin barik. Baina bueno, tira ba, behintzat bizi gara, ezta?
Bueno ba joango naiz, bestela galdu egingo ditut.
Bale! berdin! Ikusi-arte!
Ez? ez da egia! Non dago nire zuritoa? Ez didazue ezer ere eskatu? Benga, bazenekiten nik beti zuritoak edaten ditudana.
Ba, lehen ez nuen inoiz ere ez zuritorik edaten, beti edo sagardoa edo mostoa, baina zurituak ezin. Gero hasi zen jendea niri adarra jotzen: ah!, zer, alkoholik ez? Ba, ez. Bueno, haundituko zarenean edango duzu, zu oraindik lasai. Horixe esaten zidaten hemezortzi urtetakoa nintzela nire hogei ta zazpi urtetako lagunek. Bai, beharbada ezberdintasun haundia gure artean, baina izan ditudan lagun onenak izan dira, gainera, urteak ez dira ezer. Zer dira? Gizonek asmatutako denboraren zatiketa absurdoa besterik ez. Gizona beti dago bere razionaltasun irrazionala edonon sartzen. Ez, orain ez ditut ikusten, ezin dut. Mugak... beste gizonaren zatiketa absurdoa, espazioaren zatiketa, eta maite duzun jendea, espazio berdinaren beste aldean, espazio berdinaren beste dimensioa. Vete a comprobar este dato. Ixilik. Zer gertatuko da? Bapatean gogoratzen zara argazkiak ere existitzen direnaz. Haiek izan balira? Aquí, no hay nada. Cómo que no? Pues tiene que haber. Pues entonces vete tú a comprobar, ya te he dicho que yo no he visto nada extraño. Pues a mí este jersey me suena. Pasaportearen argazkia begiratzen du eta zure aurpegia inkisidore batek bezala eskrutatzen du. Ba, hemezortzi urtetakoa nintzela, beste lagun batek eta biok, batzutan esne baso bat eskatzen genuen tabernetan edo hobeto esateko, kafetegietan, beste aldean eta batez ere Donibanen, benetako tabernak ez bait daude. Hura bai katxondeoa! Gu, pasatzen. Ez, ez naiz pasota bat baina badakizu, hiztegian ere, guk erabiltzen dugun hiztegian, kriston eragina dago. Ez, ez bakarrik erdaraz. Orain euskaraz nago baina hitz hau baita gure sistemara ere helduko da, berdin da sistema edo norma bada, egia esateko gaur azaldu didate ezberdintasuna baina ez naiz gogoratzen, gauza batzu klasean besterik ez dira erabiltzen. Nik neuk ulertzen dut neure burua eta kitto, hori nahikoa zait ze hori, nahiz eta lelokeria bat iruditu, batzuetan oso zaila izaten da.
Zortzi ta erdiak. Joan zara? Zelan gidatzeko karneta? Mesedez, kontuz ibili oso gaztea zara eta. Zu ere bai? Denok. Ba, ni orduan, ez naiz bakarrik geratuko. Hau da beti gertatzen dena, «les moutons de Panurge», haurtzaroan irakurritako testua bururatu zait bapatean, liburuan agertzen zen marrazkiarekin; itxas-ontzi batetan, ahari talde bat kareltik saltoka. Pertsona, azken batean, aharia bezalakoa da.
Bueno, azken zuritoa hartuko dugu?
Bi zurito, bi gorri eta bi zuri. Zenbat da? Ez, ez, nik ordainduko dut, beste eguneko eskotea daukat.
Ez dit oraindik ezer esan, nabaritzen zaio olinpikoki pasatzen dena nitaz. Baina ba, berdin da. Bueno, ez da berdin baina pasatu egingo zait. Ez da gertatu zaidan lehen aldia, asko maite duzu mutil bat, izugarrizko fantasiak egiten dituzu eta maite duzula ia esateko zaudenean, zutaz pasatzen denaz konturatzen zara. Gero, egun batetan, zergatik eta nola ia konturatu barik, mutil batekin irtetzen ikusten duzu zeure burua. Zer arraroak zareten! Edo ni izango naiz? Bai nik izan behar dut ze jende asko dago hortik maite duen pertsonarekin. Dena da proprosatzea: «querer es poder» . Egia ote da? Apika dateke. Gertatzen dena da, nik iniziatibarik ez daukadala. Kortatzen naiz maitemindurik nagoenean. Eta gero, besteekin elkarrizketak: «A tí lo que te pasa es que eres una romántica, tía. Esos amores ya no existen. Te hablo con más experiencia que tú». Ez nago ziur. Eta egia bada? Lehen, mundu honetan denetarik zegoela pentsatzen nuen, orain, ez nago hain ziur. Eta bera ere horrelakoa bada? Ez dakit, ez dut ezer ulertzen, ez ditut besteak ulertzen, «Sólo sé que no sé nada».
Eta nahikoa bada?
|