L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-14/15 (1985-uztaila) —Hurrengo artikulua




 

 

Omar Navarroren tematikan barrena

 

Josu Landa

 

        Poeta berria eta hitzjario handiko gizontxoa dugu Omar Navarro. Lehenengoaren froga, poemez zirriborratutako hamaikatxo koaderno, hainbat literaturazko aldizkaritan agertu izan diren poemak, eta aurton argitara eman berri dituen bi liburuak: Pamielaren «Alkoola poemak» eta Susaren «Itxastxorien bindikapena»; Egin-ek antolaturiko Etxebarrieta saria irabazi duela ahantzi gabe. Gure Omarrek hitzei hartzen dien gustoa zalantzarik gabea da literatur zein kaleko giroan ezagutzen dugunontzat. Horregatik, ez zaigu batere zaila izan idazlanetan erabili ohi dituen gaietan barrena murgiltzea. Batere oztoporik ez digu jarri horretarako. Ondokoa lekuko.

        — Tratatu nahi genuke, hasteko, «Itxastxorien bindikapena» liburuari buruz, gaien asuntoa. Liburu horretan inportantea da hori, zatiak berak, lehenengo zatia, panteista edo, itxastxorien inguruan, gero alkohola, alkohol odola eta gero tristurarena, sentimentala. Gai horiek zer suposatzen duten zuretzat izango litateke, beraz.

        — Bueno, Ibarrezkerrean bizi nintzen, hori Euskal Herri barruan beste mundu bat da, hor ez dago jakiterik non hasten den fabrika non herria, eta mundu hori laberinto bat da. Eta niretzat badago hor roilo sakratu bat, ibaia, laberintoa zeharkatzen duen ibaia, Nerbioi ibaia, eta neure buruari esatea, hor Portugaleten, ibaiari begira, hitzetan hartu behar dut. Hor hasi zen sortzen ibaia, ibaiaren ingurua, laberintoa, gaua, iluntasuna, gaixotasuna, eta ibaian gora halako errito iniziatiko batetan legez —horretaz gero konszientea ere banintzen— gorantza joatea eta laberinto hori zeharkatzea ibaian gora eta hor ikustea pertsonen bidez izan barik, gauzen bidez eta itxastxorien bidez, gaisotasuna, heriotza, heria, beherantza doala, hilen roilo bat dela eta gorantz. Eta gero, hor pasatzen zen Altos Hornosen zehar, Arenala, zubia, San Anton, gorantz gorantz, ibaia bera hilda dago, txoriek ia ez dute ispilurik aurkitzen ibaian eta eskapareteetara doaz, eskaparateak dagoz hor eta gorantz, eta gorantz gorantz, heltzen naiz Zornotzara eta hor dagoz trenak, poesian hainbatetan erabilia izan den gaia, ematen dituen ikuspegiengatik, erritmoagatik eta, trena eta gero Gernikara heltzea, eta Gernikara heltzean badago usoaren roiloa, zelan erabiliak izan diren, erabiliak eta prostituituak, eta gero agertzen dira berriro kalatxoriak edo itxastxoriak... Beste animalia batzu, Picasso, koadroa eta agertzen dira nire obsesioak, nire obsesioak pinturan Bosco, Goya, Van Gogh, beti zoramenaren muga, hor zoramenaren mugan beti. Poetak ere, Pablo Neruda, César Vallejo, Federico García Lorca, Lauaxeta hor agertzen zaizkit eta ikusten dut gaurko Gernika desolamendua dela, ez garela libreak. Hor poeman azkenean berriro itsasorantz abiatzen naiz, Mundakara. Ikusten dut itsaso aurpegi bikoiztuna: batetik, itsasoa bada lirismorako gaia, baina itsasoak jan egiten du eta hil egiten du; itsasoa da batetik gozamena baina bestetik beharra, premia, landu egiten den eremua, eta eremu hori bizirik dago eta horrek jan egiten du jendea. Niri lagun bat ito egin zitzaidan itsasoan, beste mundakar batzu ere ito egin dira eta hor ikusten nuen ispilu batetan hondoa, hondoan gorpuak, eta ispilu hori ezpata bat bailitzan eta bestetik itsasoa gauza libinala bezala, bizitza, itsasoa, ura, askatasuna da, utopia da, itsasoan begiak galdu egiten dira zeru muga barik, haruntz, haruntz, eta itsasoa beti da ametsa, itsasoa beti da askatasuna. Kontraesan horren barruan mugitzen da nire pertsona, batetik itsasoaz poema liriko bat egin, eta bestetik itsasoak hil egiten du, hemen istorioak ez dira batere samurrak, ez dira batere bigunak, gogorrak baizik.

        — Alkoholaren gaiak ere berez hartzen du pisua zure lehen liburu horretan...

        — Alkoholarena zera da, konturatzea izakia —eta beharbada hori oso roilo filosofikoa da— ez dela bere muga fisikoetan amaitzen den zerbait, baizik eta hedatu egiten dena, kanporantz hedatu, pertsonengan luzatu, abotsengan, paisajean eta denetan, eta kanpokoa ere norberarengan sartzen dela, bai jatekoa adibidez eta bai droga. Horrek, drogak, aldatu egin dezake norberaren egoera psikikoa, jakina, eta herri honetan droga alkohola da batez ere. Orduan, batzutan mozkor ondoren batetan edo alkoholaren eraginez sortzen zen alkoholaren roiloa, konturatzea guk hartu egiten dugula kanpokoa eta kanpokoa eta geu bat garela eta hor prozesu psikosomatiko bat dagoela, hori ere badela poesia egiteko gaia. Bueno poesia ez omen da ezagupidea edo azterbidea, nire ustez poesia hitzen bidez eta irudien bidez sakonago heltzen da batzutan zientzia baino. Asmatu, igarri egiten du azpian dagoena eta era mitiko-formal-arketipiko edo ez dakit zelako batez eman egiten du flashaldi batetan ordurarte ikusi bakoa, eta esaten duzu, «koño egoera psikiko hau neuk izan dut, honek idatzi du eta orain idatzita ikusten dudanean konturatzen naiz pentsatu egin dudala, eta ikusi arte ez dut ezta pentsatu dudanik ere pentsatu egin». Alkoholak kristoren garrantzia dauka eta badago baita droga horretan desegitea, ezabatzea, hor ketan edo ke bat balitz bezala geratzea. Kanpoa gure barruan sartzea da eta gu ere kanporatu egiten gara, neu historiko hau... Ni neu naiz, ni naizena naiz, baina ni harreman bat naiz, gertaera historiko bat eta prozesu dialektiko bat, prozesu dialektiko horretan kanpoarekin erlazio bat gara eta erlazio hori ere mundu bat da eta nitasuna, edo neutasuna edo ego hori luzatu egiten da, hedatu kea hedatzen den moduan. Hori zen alkoholarena.

        — Behar bada merezi du tristurarena gai bezala aipatzeak, apur bat liburu horren hirugarren partearen ezaugarri gisa.

        — Nik elektronika eta zientzia ikasi ditut. Konturatu nintzen hor deformatu edo itxuraldatu eginez gero, hizkera zientifikoak baduela toke edo ikutu poetiko bat. Orduan esaten duzu, bi kilo patata, edo bi frasko txanpu; esaten baduzu bi frasko tristura, eta esaten baduzu hiru zotinetako dezibelioa, beste ikutu bat ematen diozu eguneroko hizkerari, eta tristuraren inbentarioa sortu zenean, konturatu gabe, apur bat biografikoa sortu zen, baina poema irakurten bada, badago dendara joatearena, erosi behar diren gauzen zerrenda egitea, baina itxuraz aldatua. Gero ere ba dago herri poesiara hurbildu nahia, zortziko txikiaren edo zortziko handiaren posibilitatea ezagutzea, ze hor, gure burua ez dago historiatik aparte, hor sartu beharra dago, batez ere Lauaxeta edo Lizardi, Mirande edo halako jendea irakurri ondoren nik pentsatzen dut badagoela harrobi bat eta ezin daitekeela esan «poesia neurtua popatik hartzera», ikusi egin behar dela eta hori ere landu.

        — Liburu horretatik «Egutegi esperimentala»ra dagoen pausua zein da?.

        — Bueno, «Egutegi esperimentala»n dagoen lehen pausua da, berriro ismoena. Momentu batetan, goiz batetan, Martxoak 3, alabari gutun esperimental bat idazten diot goiz batetan. Segiduan, gauza konpultsibo bat legez, mahaian jezarri eta idazten hasten naiz Martxoan 3an neuk izandako inpresio batengatik, poema ireki bat egiten dut, esperimentala ze irakurleak parte hartu behar du, zabalik dago obra, behar bada itxita ze beti itxi egiten dugu, eta norberaren erara molda daitekeen roilo bat. Sonetoek badute pisua, ze gustatu egiten zait nire buruarekin horretan kristoren erreierta edo pelikula bat edukitzea, eta sonetoak egiten segitzen dut eta gero urtean zehar, ikastaroetan eta, Otxandion nago, Lakuntzan nago. Lakuntzak adibidez erabat eragiten nau; hor aurkitzen dut Larraña deritzon toki bat eta gero badagoela arraina, Larraña eta hortik itsasoa eta hor giro erdi surrealista bat edo nahiko onirikoa, eta idatzi egiten dut. Otxandion ostera ikusten dut herri urbano bat, txikia, baina oihartzunez beteta, historiaz beteta, eta beti izan dut gogoan, Otxandioko bataila, eta Aramaiona han eta Gasteiz hain hurbil eta pentsatzen eta idazten hasten naiz Otxandioko roiloa be gauero idazten. Orduan «Egin»en sariketa hori ateratzen denean argi eta garbi pentsatzen dut poeton edo idazleon patua beti ezezagunak izatea dela eta ezagutarazteko bide bat ikusten dut. Orduan hasten naiz pentsatzen zer daukadan eta konturatu egiten naiz Otxandio irailan, Lakuntza abuztuan eta Sollube urtarrilean eta Derio urrian, konturatu gabe banoa lotzen urtaroa, giroa, paisajea, eguraldia eta nere barruko kexak istorio hau oso antzinakoa da poesian, kanpokoa eta barrukoa lotzea, eta orduan egutegi bat egitea pentsatzen dut. Egutegiari batasuna emateko beste obsesio bat errefrauak, atsotitzak eta esaerak dira. Hile bakoitzaren izenarekin errefrau bat egiten dut batasuna emateko. Era horretan sartuta paisajearekin lotzen dut, eta hile bakoitzean gertaerekin eta ditudan beste gauzekin sartuta denetarikoa egiten dut. Hor badaude datak gogoan izatekoak, beste poema batzu gaiagatik sartu egin ditut urtaro batean edo hile batean edo bestean. Badoa roiloa batasun bat hartzen eta hor barruan badago heriotza eta bizitza, eta orduan, apurka apurka urtean zehar heriotzaraino noa eta konturatu egiten naiz gaien aldetik ere badagoela halako batasun bat, behar bada irakurtzen jakin behar dena. Hasieran batasuna zen euskaraz loa eta herioa biak direla aktiboak: loak hartzen gaitu eta herioak hiltzen gaitu. Gure amomak historia batekin adierazten zuen hori. Gogoratzen naiz hauxe zioela: bera loak hartuz gero heriotzak eramango zuela. Pertsonaje aktiboak beraz eta hor hasten naiz konturatzen geure barruan ere gertaera abstraktoak (Herio, logurea, maitasuna, ametsa, nahia, gutizia, mina) barruko paisaje batetan fisiko bihurtzen direla. Orduan barruko paisaje hori lantzen hasten naiz. Hori, literaturaren historian zehar, beti egin izan da, gure burua eremu bat da eta hor paisaje bat osotzen da eta paisaje horretan pertsonaiak agertzen dira, euskaraz gainera hori aktiboa da, loa dator eta loak hartu egiten gaitu, Herio dator eta Heriok eraman egiten gaitu. Ametsa dator eta ametsa zer da: hor behar bada zaldun bat, behar bada ume bat. Baina badago paisaia bat eta pertsonaia batzu. Hori barruan gorpuzten hasten da. Momentu batzutan nire barruan sumendi bat izaten dut, nire barrua momentu honetan ur jauzi bat da, uholdeka doaz ideiak, kanpoko paisajea sartu egiten dugu eta hor kokatzen ditugu pertsonaiak. Ez dakit, egutegiaren bidez heriotzea, hilerria, roilo guzti hori batzen dut, paisaiak ere urtaroak ere eta nire barruko kezkak eta gero pertsonaiak. Gero ere konturatzen hasten naiz (eta orain horretan nabil) badagoela pertsonaje historikoen eragina neuregan edo irakurri ditudan pertsonaiena. Beste eremu bat ere badago lantzeko: poesia erdi filosofikoa edo historikoa, eta hasten dira neure barruan pertsonajeak sortzen, aintzinatik daukadan Galileo bat edo Servet edo Matalaz edo halako pertsonak hasten dira forma hartzen. Tortura bideak ere, nola izakion historian zehar, ideietan edo bilakatu egin da, torturabideetan edo heriotz bideetan ere aurreratu egin dugula, eta munduaren historia badela heterodoxia eta ortodoxia. Ortodoxiak heterodoxiarentzat beti eraiki ditu urkamendiak, urkamendiak izan dira, soka, fusilak, gillotina, zer nahi, beste hori garrote vil eta guzti hori.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.