Gaur izan da leherketa
Joakin Balentzia
Gaur izan da leherketa
iratzeak, mendi gorriska, begi astunak,
eguzkiaren besta udazken iheskor honetan.
Suge ezkutatuek ez zekiten zer egin,
edo bihotzean sartu edo aizkora inguratu;
errekak mugatzen zuen aukera zaila
amets sentikorrak igarriz.
Suizidioari buruzko solasa
irain huts bat zirudien honelako egun batean,
hiltzeko eskubidea, bizitzeko ezina;
zianuroa eta akabo, eskatu omen dute
zenbait estatu batuar gaztek
bukaera nuklearra baino lehen. Bapo,
zain ilunak moztu eta hegan egitera.
Usoak, tiroak, zeru haserrea,
eta barnean ardoa. Urtxintxa barre eginez,
zuhurra, ehiztariez hunkitzen da funtsean.
Eta nik, ikuskizun guzti honen aurrean,
harrapatu nahi dut hezetasun distiratsu honen zentzua,
hartzen desagertzea eta
haur ametsen zergatia.
|