Inkesta-galderak:
1. Zer egiten ari zara itzulpen arloan? Zergatik.
2. Zeintzuk dituzu eragozpenik nabarmenenak:
hizkuntza aldetik,
merkatu gorabeheren araberan,
etabar.
3. Ze leku behar du itzulpenak euskal literaturgintzan?
4. Zure itzulpenakzein helbururi jarraitu nahiko lioke? Zergatik.
5. Euskal itzulpen politikaz hitz bi.
Josean Ormazabal
1. Erdal liburuak eta ipuinak idazten dihardugu. Arlo honetan ikastoletan hutsune nabaria ageri zelako hasi ginen langintza honetan duela bost bat urte. Gaur egun ere zulo hau erabat betetzeke dagoenez, itzulpen lanak ez ditugu baztertu nahiz eta haserako erritmoa pixka bat jaitsi.
2. Hizkuntzari dagokionez, eragozpen ugarirekin topo egiten dugu. Gure liburuak gehienbat eskoletarako pentsatuak daude. Liburu hoien hitzez hitzeko itzulpena eginez gero, askotan, irakasleek esan izan digute euskara aldetik «elebatuegia» dela. Eta hor ibiltzen gara euskara erraza eta aberatsa elkarrekin ezkondu ezinik. Dena dela, gure itzulpen batzu leialak dira eta beste zenbait libreagoak.
Merkatuari begira, argi dago itzulitako liburu batzu besteak baino gehiago saltzen direla. Baina bilduma baten barruan batak besteari bultza egiten dio eta esan dezagun frakasatu behintzat ez dugula egin. Itzulpenak daukan eragozpenetako bat zera da, itzulitako liburuetan gastuak ugariak izaten direla: itzulpena bera, eskubideak, zuzenketa lan penosoa etab. Honek, askotan, liburuak guk nahiko genukeen baino garestiago saltzera behartzen gaitu.
3. Itzulpenak badu bere garrantzia euskal literaturagintzan. Edozein naziotan irakur daitezke itzulitako liburuak. Auzokoen edo urrutikoen literatura ezagutzea ez du inork kaltegarritzat jotzen. Euskal Herrian, batzuren eritziz, iztulpenak itzal egiten dio bertako sorkuntza lanari. Gainera, euskaraz idatzi behar duenarentzat, itzulpenak (onak baldin badira) baliagarri gerta daitezke, itzulpenen bidez askotan euskarari bide berriak irekitzen zaizkiolako.
4. Nik dihardudan sailean egiten diren itzulpenak helburu hauek betetzea litzateke nahiko nukeena;
edozer gauza ez itzuli. Aurrez aukeraketa ona egin.
itzulpen zientitikoaren bide estutik ez ibili.
norbaitek itzulitako liburu bat irakurritakoan esatea: «hau ez da adaptazio bat, hau itzulpen bat da eta ongi egina».
5. Kriterio batzu finkatzea beharrezkoa da. Zein itzulpen moeta nahi duen alor bakoitzean erabaki beharko luke argitaletxe bakoitzak sakon eta serio. Ordaintzeko garaian ez litzaioke begiratu behar orrion kopuruari, itzulpen horrek itzultzaileari eman dion lanari baizik. Oinarrizko hizkuntzatik itzuli beharko lirateke liburuak.
Aita Onaindia
1. Bakoitzak izan ohi ditu bere helburuak. Nik ere bai nereak lan egitean. Itzulpen lanari emana nabil aspaldidanik. Eta ez arrazoi gabe: euskerari eutsi nahi diot, euskal irakurleak ugarituz. Gure hizkuntza edertu mundu zabaleko literatur gairik bikainenak euskeraz jantzirik. Horrela euskeraz eman ditut Virgilio, Homero, Horazio, Dante, R. Tagore, Santa Teresa, Goethe ta besteak, beren lanik ederrenetan. Eder zait literatura, eta nik, komentuko beste lan askoren artean, erraz dagidana.
2. Hizkuntza aldetik: Gurasoek irakatsirik ikasi nuen euskera, dakizkidan beste hizkuntzak, ordea, kopetako izerdia tantaka ixuriz, ekinaren ekinez. Umetatik nekiana hobetzen ari izan naiz beti, irakurri eta idatziz.
Merkatu gorabeherak? Ez diot horri egundo ere jaramonik egin. Berrogeitabost bat liburu dauzkat idatzi, argitaratu ta salduak. Ez naiz ibili liburu saltzen nere gelatik kanpo; hoietatik gehienak, azkenengoak ezik, salmenta ederra izan dute. «Milla Euskal Olerki Eder» eta «Las cien mejores poesías de amor de la Literatura vasca»>, bigarrenez ere argitara emanak izan dira, eta «Euskal Literatura» agortua. Egia: urte batzuk behar dira denak saltzeko.
3. Munduko, hizkuntza gunietan gisa horretan jokatu dute, itzulpenak eginez, beren literatura ugaldu, aberastu eta eder-hazteko. Geroago aipatu ditudan idazleen lanak literatura guztietan dauzkate itzulirik. Guk, zergatik ez? Hor nere asuro berezi bat itzulpenei ekitean, Zaitegik, Andimak, Lauaxetak, Orixek... eta beste hamaikak egin zigutenen antzera. Guk oraindik itzulpenak oparotu behar ditugu geure literatur arloa aberastuz, mila ideia bihurri ta bihozkada naspiltsu euskeraz ere adierazi ahal izateko. Geurea, dana dalakoa, eder ta galant ikusi ta eduki nahi dugu.
4. Euskera edertu ta erakusteari. Hona kasu hauek: 1963-an Itxaropenak argitaratu zidan R. Tagore-ren «Iru poema» liburu txanbelina; behin ni Zornotza-tik Donostia-ra nijoala, Zumaia-an neskatila bat treneratu ta nire alboan eseri zan; handik hiru bat minutura bere kolorezko ziskutik liburu bat atera ta irakurtzen hasi zan: «Iru poema» idaztia zan. Benetan poztu nintzan, eta liburu hura atsegin zitzaion nik galdetzean, «atsegin aundia» ematen ziola erantzun zidan.
Beste arratsalde baten, Bilbo-ra joanik, Verdes liburu dendan sartu nintzan, beti bezela nolako liburuak zeuzkan ikusi ta erosiz. Gizon txiki bat zegoen bertan irakurtzen. Zer irakurtzen? Nik argitaratu berri nuen Virgilioren «Idazlanak osorik». Ulertzen ote zuen galdetu nion. Eta harek: «lenengotan ez ainbeste, baiña orain erreza ta atsegiña zait». Arratiar honek gero Antton Landajuela zan, euskal idazle eginik, hainbat lan argitara eman zizkigun euskal egunkari ta aldizkaritan. Gazterik hil zan damurik!
5. Itzulpen asko egin da gaur; baina liburuxka gertatu dira gehienak. Olabide, Orixe, Zaitegi, Palgida Muxika, Andima Ibinagabeitia, Berrondo, neronek eta beste honako batzuk osatu duten itzulpen-lana, goi-mailako literaturaren itzulpenik ez dut ezagutzen.
Hau ez da, egia esan nahi ezkero, neke gabe ateratzen dan lana: hiztegiak, euskal aditzak, ideiak berak (illunak diranean) badituzte beren koskak, beren matazak eril-gaitz diranak; eguneroko ekinaren ekinez, baina, denak gainditzen dira; eta azkenez, atsegina ere ekartzen du lan honek. Itzulpen-lana baliteke sorpen-lana bezain neketsua izatea, baina atzenez poza dakarkigu. Jostea ere lehendabizi zaila zaizu, gerora berriz laket zaizu kanea, artaziak eta jostorratza erabiltzea.
Imanol Tapia
1. Literaturako kolekzio bat daramat aurrera, Elkar argitaletxean, eta bilduma honetan, euskaraz sortutako idazlanekin batera, itzulpenak sartzea ere erabaki genuen hasiera-hasieratik. Honen arrazoia edo zergatia garbi dago; euskara espresio hizkuntza bezala desarroilatu nahi badugu, beste alorretan bezala literarioan ere bultzakada handia eman behar diogu eta horretarako, inguruan ditugun hizkuntzekin parekatzera joan behar dugu itzulpenaren bidez. Beste alde batetik, pedagogia alde batera utzirik, guztiz interesgarria zaigula, pentsatzen dut, autore amerikano, ingeles, frantses etab, obrak irakurtzea, eta, jakina, itzulita irakurri behar badira, besterik gabe euskaraz irakurriko ditugu.
2. Hasiera-hasieratik argi eta garbi aitortu behar dugu euskara oso atzeratua dagoela inguruko hizkuntzekin konparatuz, nahiko litzateke itzulpen arloan jardun izan duen edonorekin hitzegitea, honetaz jabetzeko. Eta, hain zuzen ere, arazo hauek gehienbat lexiko aldetik eta joskera edo sintaxia aldetik jotzen dute. Sarri gertatzen da adibidez, jatorrizko orijinalean hamar lerrokadako esaera luze bat aurkitzea; jakina, esannahia transkribatzea erraza liteke, baina puntuekin moztuz, eta hori itzultzailearentzat originalaren erritmoa puskatzea irudituko zaio...
Bestalde, ez dago Euskal Herrian itzultzaile onik, itzulpenak urtetako artesau lana eskatzen bait du, eta eguneroko disziplina, beharrezkoa den gimnasia edukitzeko. Itzultzailearen kasuan askozaz garbiago ikusten dut profesionaltasunaren beharra, sorkuntza lanean baino gehiago.
Eta azkenik, esan dezadan itzulpenak ez daukala arrakasta handiegirik euskal irakurleen munduan. Edozeinek sortutako obrak oihartzun gehiago jasoko du, nahiz eta erdipurdikoa izan, itzulpen txukunenak baino. Agian, oraindik aukera gehiegi eskeini ez delako izango da..., eta kosto handiak ditu. Itzultzaileari folio bakoitzeko kopuru minimo bat ordaindu behar zaio, eta lana bukatu ahala sorketan, saldu ahala ordaintzen dira eskubideak, eta horrekin batera, autore modernoa bada, gutxi gora behera %7 ordaindu behar izaten da, eta kontratua sinatu aurretik.
Honez gain, esan beharra dago Eusko Jaurlaritzak, euskal liburugintzari emandako laguntzetan, itzulpenak indize txikienetakoa duela.
3. Nire ustez handia; kontutan har dezagun euskaldun irakurleak oso gutxi garela, eta are gutxiago idazleak, beraz kalitateari begiratuz, normala izango da eukaldunen artean hiru idazle on sortzen diren momentuan, munduan hirurehun egotea. Herrialde guztietan dauka itzulpenak garrantzi handia, nahiz eta bertako hizkuntza oso zabaldua eta desarroilatua egon, ingelesaren kasuan bezala.
4. Lehenengo esateko, hizkuntzaren aberastearena, nire ustez euskal idazleek noizik eta behin itzulpena tartekatu beharko lukete, Joxe Austin Arrietak Hadrianoren Oroitzapenekin egin duen bezala, bere teknikak zabaltzeko eta lexiko mailan ere ikerketa lanak egiteko, azken finean mugak zabaltzeko.
Bigarren, esan beharra dago sortutako obra eskas asko argitaratzen direla. Oso idazle gutxik esan ahal izango dute, nobela batekin edozein argitaletxetara joan eta publikatu ez diotenik. Hala, itzulpenak ondo pasatzeko, literatura ona (ondo aukeratu bada eta itzulpen egokia bada, noski) irakurtzeko balio ahal izango du besterik gabe, sortutako obra onak despreziatu gabe, jakina.
5. Nolabaiteko planteamendu bat egin beharra dago itzulpenaren alorrean, argitaletxeak, idazleak, itzultzaileen eskola, eta entidade publikoen artean. Bestalde, momentuan, laguntza berezia egon beharko luke, itzultzaileak bere lana egokiro egiteko moduan, hori bait da modu bakarra kalitatea exijitzeko.
Felipe Juaristi
1. Nere buruarekin egiati edo sintzero izateko, esan behar dut orain momentuz ez naizela ezer egiten ari. Bukatu berria dut Breyten Breytenbach Hegoafrikako idazlearen ipuinen itzulpen bat. Idazle horren poema batzuk ere itzuliak dauzkat. Orain, prolektuak besterik ez dauzkat. Alde batetik, aspaldidanik daukat Andre Gide-ren «L'inmoraliste» itzultzeko enkargua. Pentsatzen dut laster hasiko naizela. Bestalde, Juan Benet-en ipui batzuk itzultzeko gogoa dut. Seguruaski biak egingo ditut, denbora apur bar lortu ezkero.
2. Beste egunean Argia aldizkarian irakurri nituen horri buruz Joxe Austin Arrietaren deklarazioak. Guztiz ados nago berak esandakoarekin. Pentsatzen dut hizkuntza arrotz eta landu batetik euskara itzultzerakoan arazoak handiak direla, batez ere hinkuntza arrotza landua delako eta euskara maila berean ez. Hiztegi arazoak izan daitezke nagusienak maila handi batetan, baina badaude beste arazoak ere, joskerarenak. Oso zaila da hau laburki esplikatzen. Itzultzen hasten den edozein saiatzen da erraz eta ulertzeko moduan itzultzen. Baina itzultzen ari dena ez bada erraza eta ulertzeko modukoa, zer egin? Joskera eta sintasiaren arazoan, erlatiboaren erabilerarena aipatuko nuke. Dena den, pentsatzen dut arazo hauek landu behar direla eta hobeto aztertu. Orain idazten dudana ohar bezala besterik ez dut botatzen.
3. Itzulpenak garrantzia badu mundu honetan egokitzeko lanagatik du. Badakit itzulpenari buruz eritzi oso ezberdinak eta kontrajarriak daudela. Batzuek ez diote itzulpen lanari inportantzia ematen, beraientzat aberasgarriago da obra original bat, nahiz eta mediokrea izan, itzulpen lan on bat baino. Ez naiz eritzi horretakoa. Ez dut esango itzulpenak bide berriak irekiko dituenik euskal literaturan, ez bait da euskal literatura, baina lagun diezaioke euskarari, berau lantzen duelako. Eta itzultzea traizionatzea dela esaten duenak, itzulpen bat egitea ez dela kreatzea, oso nahasturik dago. Itzulpen on bat, itzulpen landu bat, beti kreazioa da, birkreazioa hobe esateko.
4. Nik itzulpen bati ekiten diodanean, itzultzeko asmoa dudan nobela, ipuin edo bestelakoa gustokoa dudalako ekiten diot. Itzulpena plazerra da niretzat, atseginezko lana. Itzulpen batek, bestalde, asko laguntzen dit euskara bera ezagutzen, batez ere hiztegi aldetik, egiturak egokitze aldetik. Saiatzen naiz itzulpen rigurosoak eta landuak egiten, eta era berean ulerterrazak. Ez dut kontzesio gehiegirik egiten itzulpen lanean. Hala ere saiatzen naiz testuari estuki ez lotzen. Lehen aipatu dut itzulpena bi aldiz sortzea dela.
5. Itzulpena bultzatu behar dela garbi dago. Beste gauza bat da itzulpena eta kreazio propioa maila berean jartzea. Hau esaten dut geroko hipotetiko politika baten aurrean. Subentzio eta beste parafernalia guzti horren aurrean. Konturatu naiz zenbait jende ez dela propioki poema propio, ipuin propio bat sortzeko, baina bai oso trebea besteen gauzak euskaratzeko, eta oso jator gainera. Jende hori aprobetxatu behar da. Euskara lantzeko beste modu baten aurrean gaude eta.
J.L. Agote
1. Oraintxe itzuli berria dut «Equus» teatro-lana, eta mementu honetan aski luze joko didan itzulpen bat egiten ari naiz: Bergarako UNED-eko irakasleak Euskal Herriaren Historia-ri buruzko ikerketa sakon batzu egiten ari dira, eta ni Aitzin Aroari dagozkion testuak etab. itzultzen ari naiz. Hala ere, esan nahi dizuet horiez eta lehenago itzuli nituen bi teatro-lanez gainera ez dudala egin ezer aipatzekorik eta, beraz, amateur bat baizik ez naizela euskal itzulpenaren munduan. Gainera, aurten egingo dut Itzultzaile Eskolako azken ikasturtea eta, han ere, izango dut zer ikas eta galdeturik franko. Guzti honekin adierazi nahi dut ez naizela profesionala, ezta gutxiagorik ere, eta nire esperientzia laburragatik erantzunak emateko egokiena ez naizelakoan, nire orain arteko irudipenak azalduko dizkizuedala.
Zergatik ari naizen itzulpen horiek egiten? Ba, teatrokoei dagokienez, aski itzulerrezak direlako itzulerrezik baldin badago, behintzat eta Atxagaren laguntzarekin kontatzen nuelako; bestetik, egin dizkidaten eskeintza bakarrak izan dira.
Testuak, berriz, Mendigureni deitu ziotenean, hark niri eskaini zizkidan eta, batzu oso zailak diren arren, esperientzia neketsua baina interesgarria izango zelakoan onartu nituen eta gainera Itzultzaile Eskolako irakasleen laguntza ere badudalako.
2. Guztiak. Lehenik eta behin, geure hizkuntzan eta hizkuntzaren barnetik egindako hiztegirik ez izatea eskerrak horretan ari den Ibon Sarasolari, guretzat premiazkoa eta ezinbestekoa izango bait da bere hiztegia. Aitzitik, baditugu zenbait erdara-euskara eta euskara-erdara-koak eta, horietan, erdarazko hitzaren parean euskarazko bakar bat ematen zaigu batzutan gehiago eta, beharbada, denak sortu berriak; aldiz, beste baten parean soil-soilik erdarazkoa eskainiko zaigu mailegatuta, euskarak berak anitz baliabide baditu ere hitz hori euskaratzeko. Honen aurrean itzultzaileak berak hautatu eta erabaki beharko du zein den hitz jakin horren baliokidea, eta horretarako, kontuan edukiko du norentzat den itzulpena eta zer testu-mota den. Hala bada, bi hizkuntzen artean hitzek ez dutenez gero elkarren parekorik eta erabateko baliokiderik gehienetan, hiztegigileek eman dezatela bederen hitz-zerrenda luzeagoa norberak aukera dezan nahi duena, zeren hitzen arteko baliokidetasuna testuinguruak agintzen bait du askotan hitzak berak baino areago. Hala ere, berriro diot, guzti hau euskaratik eta euskaraz egindako hiztegiak bakarrik konpon dezake. Hitz bakoitzaren hedadura semantikoa mugatu eta finkatu gabe dagoenean, eta aditzaren erregimenak nork bere erara erabiltzen dituenean, eta hain modan dauden linguistika-ikasketak zuzenean eta gupidarik gabe erabiltzen direnean hitz eratorri eta beste sortzeko eta, gainera, itzultzaile gehienok gure ikasketa guztiak erdaraz egin ditugunean, geratzen zaigun panorama aski desolagarria da.
Aspaldi ez duela, euskal eta euskalduntzeko aldizkari batean irakurria dut «kulturkiak» kulturalak adierazteko eta, jaunak, ez gaude hipermerkatu batean hitzak horren ajolagabeki usatzeko.
Eguneroko bizitzaren inguruko testuak aise itzultzen dira gehienetan, egoera horiek euskaraz ere ezagunak ditugunez gero eta, hala eta guztiz ere, komeriak izaten ditugu zenbait klitxe etab. itzultzeko.
Baina hizkuntzaren alor berri batean ari garenean edozein garaitan azalduko zaizkigu mintza-molde berezi batzu, erdaraz irakurri orduko, dagozkien kontzeptuekin lotzen ditugunak. Horiek itzultzerakoan bi bideren artean aukeratu beharra daukagu: bata da kontzeptutik abiatuz aise uler daitekeen esamolde bat sortzea; bestea, sorburu-hizkuntzako hitz eta egiturari eutsiz berorien hitzen hitzezko itzulpena ematea. Lehenengo bidea da dudarik gabe egokiena baina testuinguruaren eta aldamenean egokitzen hitzen arabera hasieran sortutako esamoldea egokituz eta berrituz aritu beharko dugu eta, hori, erosoa neketsua ere bada, zeren erdarazko esaldiaren egitura nahitaez aldatzera eta bihurritzera eramaten bait gaitu sarritan. Eta bigarren bidea aukeratzen dugunean bi arazo sortzen dira: batetik, ea hitzez hitzeko osaketa hori irakurtzean kontzeptuarekin lotzen dugun, eta bestetik, ulertzen baldin badugu ez ote dugun ulertzen erdaraz dakigulako eta alderantzizko itzulpena egiten dugulako.
Bestalde, maiz azaltzen zaizkigu hain ezagunak ditugun «La conquista de Aquitania por César» bezalako edo antzeko esaldiak erdaraz. Honelakoak itzultzerakoan, itzulpena dela-eta, «Caesar-en Akitaniaren Konkistatzea»> edo gisa horretako esaldi bihurriez eman behar ditugu ala, izenburu gisa eta argigarritzat usatu ohi direnez gero, gure sintaxiari hobeto dagokion esamolde batez, hura hain trinko eta dotorea ez izanik ere. Gure hizkuntzatik bertatik alor desberdinak ondo eta serioski lantzen ez ditugun bitartean eta hori, alor horretako profesionalek eta adituek egin beharreko lana da itzultzaile arruntok, erreferentziarik gabe egonik, behin-behineko irtenbideak eman beharrean aurkitzen gara, baina gaurkoak ez al dira izango behin-betikoak. Gainera, kontutan hartzen badugu profesional askok dotorezia eta beste zenbait arrazoirengatik beren lanak erdaraz egiten dituztela, eta gero itzultzaileari ematen dizkiotela, lehendik ere erdararen zama ia uzkaltzekoa bazaigu kale horretatik barrena atzerabidean goaz ezinbestez.
Itzulpenak mesede egiten dio hizkuntzari beronen baliabideak bortxatzen eta aberasten dituelako, baina itzulpena askotzaz ugariagoa denean sorkuntza baino, hizkuntzaren beraren jatorrizko egiturak gutxitan eta gero eta baino gero urriago azalduko zaizkigu; «Dabilen harriari etzaika goroldiorik sortzen» baina goroldioak hartua daukan harria nekez hasiko da ibiltzen, behintzat ez bazaio bidea egiten. Bide hori egiteko itzulpena da modu bat, ez ordea bakarra, eta are gutxiago hizkuntza normalizatzeko.
Bestetik, aditza aspalditik finkatua dago baina hitanoa ere hor daukagu oraindik batzekotan eta eredu garbirik gabean, eta guztiz premiazkoa dela uste dut ze jeneroa bereizteko aukera ematen du, eta argota ere bide horretatik lantzea edo bultzatzea egokiago dela iruditzen zait. Nik egokiera dudan guztian sartuko dut hitanoa nire itzulpenetan.
Sintaxia aldetik uste dut oztopo handiak izanda ere ia edozein egitura itzul daitekeela, baina askotan gertatzen da erdarazko esaldiei petoki eutsiez gero, erdaraz aise irakurtzen den pasarte bat euskaraz poliki-poliki eta ia aztertuz irakurri behar izaten dugula, buruhauste ugari sortzen dizkigularik; eta nekagarria den testua oso gogokoa ez bada jeneralean utzi egiten dugu eta, hori ere, kontutan hartzekoa dela uste dut itzultzeko testua aukeratzerakoan aukerarik badagoenean, noski.
Oztopoak merkatu gorabeheren araberan. Nik ez dut oraindik batere izan, egin ditudan lanak bila hasi gabe etorri zaizkit eta, beraz, ez daukat galdera honi erantzuteko erreferentzia askorik.
3. Galdera honi erantzutea ia ezina da. Eredu literario eta linguistiko batzuren aurrean norberak uste eta ahal duen bide egokienari eutsi behar dio, eta bide horretan koerentzia eta borobiltasun bat lortzen badu bere itzulpenak mesedetako izango dira. Gauzak dauden bezala zaila da toki hori non dagoen asmatzea. Garrantzia handia duten idazle kanpotar askoren lanak itzuli beharrean gaude eta obra horiek lehenbaitlehen behar ditugu euskaraz, baina gaurko joerek eragina izango dute gerora zuzenak edo okerrak izan. Euskarazko sorkuntza urria da eta oparoa behar luke izan bide batzu agintzeko.
4. Bada, jatorrizkoan azaltzen den guztia modu atseginean emateari eta haren estiloaren dotorezia eta ezagugarriera ordaina egiten duen beste bat lortzeari, ezinezkoa bada ere. Beste era batera esanda, gaitasuna lortu nahi nuke era askotara idazteko eta jatorrizko nire ustez hobetoen dagokiona aukeratzen eta borobil ematen jakiteko. Uste dut hori dela itzultzailearen funtzioa; kontua da nork bere parametroak, usteak eta gustoak dituela eta haien arabera bideratzen duela bere lana. Lan beraren bi itzulpen desberdin izan daitezke onak biak, estiloz eta itzuleraz oso desberdinak izanik ere; hala ere, bata bestea baino askotzaz gustokoagoa izango dugu norberaren gustoen araberan.
5. Ez nago euskal itzulpen-politikaren jakinaren gainean, baina garbi ikusten dut askoz probetxuzkoagoa izango litzatekeela literatura itzultzeko jendea prestatzea, eta hauei kanpora joan daitezen eta hizkuntzak ikas ditzaten modua egitea, inork irakurriko ez dituen administrazioko txostenak itzultzen hainbeste diru gastatzea baino. Bestetik, lan batzu itzultzeko bekak ematean beraiek arduratu behar lukete autorearen baimenak lortzeaz eta ez itzultzaileak, azken aldi honetako baldintzetan eskatzen zuten bezala.
Carlos Aiestaran
3. Gaur egun ez duena eta eman ez dioguna. Aitortu beharra dago euskarazko literatur lan interesgarriak sortzeko gai diren idazleak uste baino gutxiago direla. Idazle kopuru mugatu honek dituen bizitza-esperientziak, bizikizunak, ikuspegiak eta idazkera besterik ez balitu ezagutuko euskarak, euskara bera pobretuko litzateke. Euskarari berari, euskaraz egiten duenari, irakurtzen duenari, ezagutzen edo bizi ez ditugun esperientziak eman behar zaizkio, hauxe baita euskara aberasteko modu bakarra. Bestela, inongo eta inolako harreman esperientzia, bizikizun-elkartrukerik gabeko hizkuntza hau ghetto literario bilakatzeko arriskuan dagoke.
Baldin eta euskara literatur mailako hizkuntza bihurtu nahi badugu, kategoria hori lortu duten hizkuntzetan dauden literatur lan adierazgarrienak berak bereganatu behar ditu, gure hiztunei ahalik eta espektro literariorik handien eta osatuen eskain dakiekeelarik.
5. Gaur egun ez dago eta egin beharrean aurkitzen da. Azken urteotan zenbait itzulpen burutzeko luzatu diren laguntzek ez daramate inora ITZULGINTZA, baldin eta beraien atzetik politika eta plangintzarik ez badago.
Politika hori eratu nahi izanez gero, honako hauek lirateke edo dirateke, nere ustetan, aztertu eta kontutan hartu beharreko puntuok:
a) Lehentasunak:
Beste herrialdeetako hizkuntzetan literatur bitxitzat joak izan diren lanak.
Literatur kategoria handiko lanak izanik, gaztelaniaz inoiz argitara eman ez direnak.
Jatorrizko hizkuntzetatik egindako itzulpenak. Jatorrizko hizkuntza ezagutu eta menperatzen duen itzultzailerik egon ezean, beste hizkuntza literarioetan egindako itzulpenetatik euskara daitezela.
Euskal literaturari kontzeptu eta espresabide berriak eman diezazkioketen lanak.
b) Itzulgintzarako Aholku Batzordea:
Izen honekiko Batzordean parte hartu ahal izango lukete:
Itzultzaileen Eskolak
Euskal Idazleen Elkarteak
Euskal Editoreen Elkarteak
Filologia katedradunek, zenbait hizkuntzatan.
d) Irakurlegoaren gustoko literatur joeren berri eman ditzaketen ikerketak.
e) Euskaraturiko literatur lanek izan duten arrakasta ala porrotaren jarraipena, alperrikako lanetan ez iharduteko.
f) Euskaraz idatzirik eta arrakasta handia lortu duten lanetatik beste herrialdeetako hizkuntzetara itzuli.
|