Eskritura ez da sakratua
Fikzio eskribidore eta eskriba frankotiradoreak tuxé-ezin bihurtu dira dagoeneko euskal literaturaren Parnasoan, esgrimako dueloak ofizialki debekatu zituztenetik Biltzarrean; gisa honetan, betidaniko treguari persekulako jarraipena ematen segitzeko, dentifriko irribarrea ezpainetan.
Ordenadore, idazmakina elektriko eta bestelako tramankuluz idazketa negoziotan dihardutenak marfilezko dorretara igo dira honezkero, kostaldeko guardaplaien antzera, eskritura sakratua deneko kuentotxino zaharraren salbabidasa lepotik zintzilik. Intelektualitatea zerbitzatua dago jadanik, zebrazko bainujantzi antigualetan eta ez horixe presidiario pijamaz.
Okerrena, tankera honetako jarrera floristeroak oso kontagiosoak direla, eta ez dirudiela birusari aurre egiteko botikarik geratzen denik. Kristo guztiak kuentista ospea erosi nahi du dirulaguntza boladatan; guardaespalden itxurako liburuak nolanahi plazaratu... literatura enlatatuz, zirriborro biziak bibliotekatan fosilizatzeko zorian. Ez diagu eskriturarekin elizetako eskultura eta makina bat errelikia zizelkatu beharrik, ezta presazko ardo italiarrak bodegaratu ere. Ea adulterazio hauek eragindako tripako-minak sendatzeko laxanterik asmatzen dugun mottelak!, graffitiz besterik ez bada, arraioa!
|