L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

Aurreko artikulua— Susa-17 (1986-apirila) —<susa1515>




 

 

Motxilako biblioteka

 

Mikel Antza

 

                Albaceteko Barcarola aldizkaria

                85eko maiatza

                18. zenbakia

        Adiskide baten bidez iritsi zait Albaceteko udala eta diputazioaren babesean argitaratzen den aldizkari mardul hau. Egia esan, sekula ez nuen izan orrialde kolore auniztun aldizkari honen berri, eta azalaren itxura posmodernoak ere ez ninduen hasiera batean gehiegi kilikatu. Gero, patxaraz hartu eta artikulu nahiz kreazio lan interesgarririk topatu dut.

        Deskripzio axalekora igaroz, esan behar poesiari nahiz narratibari atalik eskeintzen diotela, bai eta itzulpen argitaragabe eta lan monografikoei ere; horiekin batera dossier batek eta elkarrizketa batek osatzen dute aldizkari mardul (berrehun orrialdetik gora) eta merke (250 pezeta besterik ez) hau.

        Artikulu nahiz lan interesgarrienen goraipamena egitera pasa aurretik maketazio zaindua dutela orrialdeek esan behar; aipaturiko orrialde koloreztatuek aldizkariaren sail desberdinak banantzen dituztela esateaz gain (lau kolore desberdin erabiltzen dituzte zuriaz aparte), tarteka ilustradore zenbaitzuri lekua egiten diete.

        Atsegin izan zaizkidan zeren artean, Angel Aguilar Bañon, Gianna Prodan eta Ana Rossettiren poemak destakatuko nituzke. Narratiba mailan, Umbral enplegu-auniztunaren artikulu deplorable bat alde batera utziz, Elisabeth Mulderren Sol y el niño izeneko ipuina iruditu zait salbagarrien.

        Dena dela, itzulpen argitaragabeen artean eta lan monografikoetan agertzen dira aldizkariaren baliorik kuriosoenak. Itzulpenei dagokienez, Haiku izeneko japoniar poemen lan interesgarria agertzen da, zeinetan Ricard Jordana eta Junichi Matsuurak, bost haiku itzultzeaz gain, hauen idazmolde (kangi, hiragana eta katakana), zeinuen jatorria eta irakurketa nahiz konstrukzioari buruzko ohar apurrak agertzen dituzten. Hurbilketa gisa, zinez egokia. Bestalde, Jorge de Sena (1919-1978) poeta portugaldarraren biografia eta poemak eskeintzen dira César Antonio Molinaren eskutik. Itzulpenekin jarraitu aurretik, esan behar da, itzulpenaren azpian kasu guztietan jatorrizko bertsioa eskeintzen dutela, neurri onuragarria oso deritzodalarik. Samuel Taylor Coleridge poeta ingeles erromantikoaren Kubla Khan poema artximitikoa ere badakar aldizkariak, poema horri buruzko iruzkinekin, nahiz Coleridgek egindako esplikazioarekin. Atala hau amaitzeko Pierre Gamarraren poema selekzio bat eskeintzen dute.

        Monografikoetan agertzen da euskaldunoi, ziurki, interesgarrien zaigun artikulu bat Krutzwald y el grito de la literatura estonia izenburupean, lana Esther Bartolomek izenpetzen duelarik. Interesgarria diot, Sobiet Batasuneko hamabost Errepublika Sozialistetariko bat bait da Estonia, 45.215 Km kuadrokoa, milioi t'erdiko biztanleria duena eta Hikmet poetaren hitzetan munduan gehien irakurtzen duen herrialdea dena (datu gisa, artikulugileak prosazko liburuek hogei-hogeitamar milako tirada, eta poesiazkoek zortzi-hamar milakoa dutela dio). Artikuluak, estoniar literaturaren sortzea eta ondorengo garapena aztertzen du, bertako poesiaren eta garapen horren aitapontekoa iragan mende hasieran jaiotako mediku bat izan zela azpimarratuz. Kreutzwald izeneko hau izan zen bertako aho literatura eta folklorea hartuz, bultzada ederra emateaz gain Kalevipoeg izeneko poema nazionala idatzi zuena; germaniarren Nibelun genlied, anglosaxoien Beowulf, frantziarren Chanson de Roland eta bestelakoen gisara idatzia. Bereizgarritasuna, noski, 1850 urte inguruan idatzia izana. Ezin hemen artikulu interesgarri hori guztiz aldatu, baina, ez nuke aipatu gabe utzi nahi estoniar literatura gisako adibideak eta kasuak aztertzea, apika, guretzat interesgarriagoa litzatekeela, beste zera «handiagoei» begira egotea gabe.

        Amaitzeko Carlos Bousoño poeta asturiarrarekin egindako elkarrizketa, eta Diderot frantziar pentsalariaren heriotzaren urteurrena (1784ean itzali zen) profitatuz moldaturiko dossierra.

 

 

                Maiatz aldizkaria

                85eko abendua

                10. zenbakia.

        Beteranotzen ari den aldizkaria dugu Maiatz. 85 urte amaierarako kaleratu ziguten 10. zenbakian (beltza beste guztiak bezala) eskeintza zabal eta askotarikoa eskuratu ziguten ohi duten lez. Gustoak eta apetak norberaren kontu, edonork aurki dezake Iparraldeko idazle zenbait (dinamikoenak seguruenik) biltzen dituen aldizkarian poesiarik, narratibarik, itzulpenik, nahiz saio ttipirik.

        Txinar literaturari eskeintzen diote zenbakiaren zentrala, Itxaro Bordak sarrera baten ondoren poeta txinatar andana baten poemak itzultzen dizkigularik. Garai guzitako txinatar poesiaren antologia bat egitea ez da erraz, eta bilduma horrek agian hori du motz, askorenak, baina bakoitzarenak gutti. Gozagarriagoak dirateke Marcel Etchehandyk itzuli eta zerbitzatzen dizkigun txinatar ipuinak: motz, piper eta ziztagarri (Mirandek egin ohi zuen legez).

        Borda ere beti bezain prolifiko: itzulpenez gain, Witing for the sun izenburua ezarri dion ipuin apokaliptikoa; orainartekoak baino askoz gehiago gustatu zaigun poema sail bat (Dean Moriarty-ren orroimenez eta Kanibalismoa batez ere); eta bi saiotxo: bata umoretsu, ez bait zen Tom Simson Aubisque mendian asfixiatu; eta beste gogor eta analitiko, Eredu literarioen transmizioa E.H.an aztertuz.

        Poemen artean, bestalde, Gotzone Sestorainenak irakurri ditugu gustora eta harriduraz. Auxtin Zamora eta J.L. Davantek ere beren lanak agertarazi dituzte.

        Narratibari dagokionez, Mikel Dupakek Añarrosa nobelaren azken entrega egin digu; Pelotek bere landa den zientzia fikzioa lantzen jarraitzen du Aire izeneko ipuin llabur krudelean; eta Lucien Etxezaharretak, Kronika aberezale horien segida gisa-edo, Hiriburuko zakurra-ri kantatzen dio.

        Bai Sarrionandia eta bai Peillenen presentzia ez da berria aldizkari literario honetan. Oraingoan elkarrekin datozkigu. Peillenek Sarrionandiaren Ni ez naiz hemengoa liburuak sortu dizkion oharrak bildu ditu alde batetik; eta bestetik Sarrionandiaren ipuin argitaragabe bat itzuli digu zibererara Tzakur apaltien orhitze gisa izenburua ezarriz, ipuina Matalazen inguruko hipotesietan dabilelarik.

 

 

                «Aurora»

                Eñaut Etxamendi

                «Maiatz» batasunaren Uhargi sailaren 4.a.

        Bo!, esan zezakeen Iparraldeko norbaitek Etxamendiren lan honen erreseina modukoa idazten hasterakoan. Guztiz liburu estrainoa gertatu zait niri delako Aurora hau. Kalifikazio eta klasifikazio zailekoa da. Badu poesiarik (kantak) eta badu prosarik, prosa poetikoa eta beste prosa biziago bat konbinatuz. Hegoaldekoentzat liburuaren hastapena apur bat maldan gora gerta dakieke, batez ere hiztegia dela kausa, nahiz eta Maiatz-ekoek eragozpen hori salbatzeko orriska urdinska batetan hiztegia ezarri. Narrazioan aurrera abenturatuz gero, kontaera gozagarriagoa egiten da, eta zenbait pasarte guztiz atsegin gertatzen dira.

        Laborarien mundua agertzen zaigu, laborarien behar eta nekeekin, baina narrazio edo ipuin luzeska honen erdigunea Irabiako festetara abiatzen diren gazte batzutan dugu, horietako batek Aurora izeneko neskatxa bat ezagutzen du; eta handik aurrera amodio platoniko baten agerpena azaltzen zaigu, gazteak laborantza ikasketak egitearren herritik aldegin eta berriro Aurora ikusteko unea itxaroten duen bitartean. Istorioak ez du korapilo handirik, sotila da zenbait unetan, eta ederra bestetan. Narrazio moeta barnekor eta intimoa erakusten digu Etxamendik hizkuntza eta hizkera goxatu eta gozatuz. Patxaraz, denboraz eta gela bakarti baten babesean zigarreta bat errez (erretzen dutenek) edota patxaran kopa bat edanez (patxarana laket zaienek), musika klasikoa entzunez (musika moeta hori maite dutenek) irakurtzeko modukoa.

 

 

                «Biharko Oroitzapenak»

                Mayi Pelot

                «Maiatz» batasunaren Uhargi sailaren 5.a.

        Irrika biziz itxaron izan dut nik behintzat liburu honen argitaratzea, beronen berri jaso nuenetik. Bi arrazoin nituen irrika hori justifikatzeko. Alde batetik zientzia fikzioa deritzona lantzen zuelako Pelotek, eta bizpahiru perla, nire aburuz ez oso gustagarri kenduta, euskaraz ezer gutxi aurki daitekeelako jenero honen gainean idatzirik. Beste arrazoina, ez dakit zenbatkarren Maitatz batetan, Pelotek argitaraturiko Telelaberintoa izeneko narrazio luzea ezagutu eta bikaina iruditu zitzaidalako.

        Liburuaren aurkezpenari buruz zerbait esan behar dut, agian arlo horrekin maniatiko xamarra naizelako. oso kaskarra eta zaindugabea iruditu zait; letra molde desberdinak erabiltzen dituzte Maiatz-ekoek, eta aldizkari batetarako egoki dirudiena, ez da horrela gertatzen liburu batetan; bestalde testuen zabalerak ere ipuinetik ipuinera aldatu egiten dira, zutabe okerrak aurkitzea zail gertatzen ez delarik. Hori alde batera utziz.

        Eta mamiari helduz, lorpen desberdinak topatu ditut liburuko sei ipuinetan zehar. Hala ere, esan behar dut, ene eritziz, Maiatz-en agertutako Telelaberintoa hori dela lortuena. Liburuan agertzen diren lehen hiru ipuinek, aipaturiko horri bidea zabaltzen diote, nolabait nobela motxa osatzen duen Telelaberintoa girotuz. Miren, Boga boga eta Feed Back ipuintxoek gerora agertuko zaigunaren obertura edo preludioa egiten dute. Eta Peloten lorpenik haundiena ene aburuz, etorkizuneko mundu bat osatzean datza, esan nahi dut, munduaren (lurraren) banaketa politiko bat egiten du, non etorkizunerako hipotesi bat agertzen den eta non gatazka eta konfliktoak isladatzen dituen.

        Ez naiz ni delako jenero honen maitale porrokatua, batez ere esperientzia txarra izan dudalako jenero honi hurbildu natzaion bakoitzean, errealitatetik ihes egiteko moduan ikusi izan dudalako edo aurkeztu izan zaidalako irakurri ditudan nobeletan. Ez dut horrelakorik somatu Pelotengan, ez bada liburua ixten duen Harremana izeneko azken ipuinean, baina horretan ere zoriona eta hartuemanen gainean egindako erreflesio bat somatzen da, ez ihesketa. Plis Plast izeneko ipuina da ilunena, ez da mundu berri hori oso argiki deskribatzen, eta irakurlea mundu horretako kaletan zehar ibiltzeko maparik gabe suertatzen da (ni behintzat horrela ibili naiz).

        Orohar saiaketa itxaropentsua Mayi Pelotena, eta amaiera gisa, ipuin guztiei komik estiloa nabaritu diedala, komik gisa agertzeko guztiz aproposak direla eritziz.

 

 

                «La senda del perdedor»

                Charles Bukowski

                «Anagrama» argitaletxearen Contraseñas sailean (1985).

        Charles Bukowski idazle polemikoaz makina gauza esan izan da, eta esan daiteke. Aitortu behar dut Bukowski lehen aldiz euskaraz irakurri nuela Xabier Montoiak haren poema batzu euskarara aldatu eta SUSA aldizkariaren 4. zenbakian argitara eman zituenean. Gerora bere nobela eta ipuinen gaztelerazko bertsioak suertatu izan zaizkit eskuartean (Cartero, Mujeres...), bai eta berarekin eginiko elkarrizketa desmitifikatzaile eta luze baten argitalpena (Lo que más me gusta es rascarme los sobacos izenburu komertzial pean, zeina, bide batez esan dezadan, ez zitzaidan piperrik ere gustatu). Bukowskiri filmeak egin dizkiote (Historia de ordinaria locura); Bukowski idazlearen bidez, Bukowski galtzaile, mozkorti eta anderezalea, Bukowski pertsonaia ezaguna eta ospetsua bilakatu da. Pentsa daiteke berak hain garratz, zuzen eta naturalki kritikatzen duen «amerikar ametsaren» lainotan harrapatuak daudenek ere gustu eta apeta morboso batek eraginik irakurriko dituztela Bukowskiren zertzelada eta kritikak, literatura delakoaren babesean atrintxeraturik.

        Hain zuzen (edo hain oker) ere, EEBBtan «irabazle» izateak horrenbesteko garrantzia duelarik, paradojikoa edota ironikoa da «galtzaile» batek, bere «galtzailetasuna» deskribatuz eta bilutsian agertuz, «arrakasta» lortzea. Eta horretan datza Bukowskiren kontradizio alderaezina. Jakina bait da gizarte, burjesa esango dut postmodernoen eta ez hain posmodernoen begirunea galtzeko arriskutan, burjesak beraz, jarrera ikonoklasta eta apurtzaileak bereganatu eta irensteko duen abilezia aparta (adibideak metaka eman daitezke eta guztion ezagunak dira, hippyak, punkiak, e.a.).

        Baina, hala ere, Bukowskik berean jarraitzen duela konstatatzea ez da zaila; behinik behin idazteari dagokionez. Horren adibide argia da aitzakitzat hartu dudan Ham on rye jatorrizko izenburua daraman liburu hau. Iparramerikarrari irakurri diodan libururik bikainean.

        Bertan, bere anti-heroea den Chinaskiren haurtzaroa, nerabetzaroa eta gaztaroan zehar garamatzala, kontzesiorik gabeko lehen pertsonan narratzen dizkigu «galtzailearen xendra»n zehar jazo zitzaizkion desgrazia eta desbenturak, bidean familiari, estatuari, erlijioari, ejerzitoari eta, hitz batez, «american way of life» deitutakoari aizkorakada kupidagabeak emanez.

        Bukowskiren sarkasmoa premeditazio gabekoa da itxuraz, bere heroe malapartatu horren bizitzan gertatzen diren pasadizoak era kasual batetan aurkezten dizkigu. Baina horren azpian, idazle baten teknika heldua eta zalantza bako jakinduria literarioa atzematen da. Liburua bizitza bezalakoa dela esatea topiko itzela da, eta ez dut esango, baina bai esango dut liburu hau EEBBko distira brillantinazkoa koipeztatzen duen birao botalarritsua dela. Liburua irakurtzerakoan gorputzean hazkurea sentitzen duzu, aurpegian granorik atera zaizun ikusteko komunera joateko tentaldia sortzen zaizu, hozkailura zoaz garagardoren bat egongo den esperantzaz, eta zigarretak bata bestearen atzetik pizten dituzu...

 

 

                Armiarma sarean

                «Simioa»

                Wu Ch'eng-En

        Kantzontziloak behar nituela eta, aitonaren armairua hasi nintzen errekistatzen. Amaraun zabal batean harrapatua hanka ortopedikoa, ez dakit zein karlistadatako sable hautseztatua, eta La Madelón diska zaharra iltze herdoil batetik zintzilik.

        CNT sigladun bufanda nire belarritakoarekin katiatu, eta askatzeko burrukan ari nintzela liburu mardul bat erori zen nere oinean —behatz ttikia apur-apur eginda utzi zidan eta—. Ostia txarrean hartu eta balkoitik behera bota behar nuenean titulua irakurri nuen: Simioa. Tituloak atentzioa deitu eta lehen orri horizta hatzen artetik irristatu zitzaidan, honako hau irakurtzen utziaz: «Udaberriko loreak komunako mutil katxarroenari». Segituan nire aitonaren hippy garaia etorri zitzaidan burura, berak hala esanda.

        Beste zer eginik ez nuela eta, poliki-poliki hasi nintzen irakurtzen, biharamonaren poderioz noski. Egilea Wu Ch'eng-En omen zen, eta geroago enteratu nintzenez, liburu klasikoa dugu hau Txinan. Harri batek erditutako simio baten gorabeherak kontatzen dira. Nola errege bihurtu eta hilezkortasuna bereganatu zuen, zeruetako jauntxoei egindako desafina, eta Budarekin aurrez-aurreko burruka, finean galtzeko. Egindako guztiengatik zigorturik —Budak mendi batean espetxeratzen du— Indiarako bidean doan erromes baten zai geratzen da, beronek askatu eta laguntzaile bihurturik izkribu zaharrak eramaten laguntzen dio, beste batzurekin batera.

        Hainbat herensuge eta demonioren kontrako burrukaz josita, maitasun eta gorrotozko porrusaltsa aparta.

        Estilo zuzen eta atsegina mesedegarri izan zen —kontutan hartu nire sikikoa— eta ipuin baten modura dugu kontaturik. Hitz gutxitan esateko abentura liburu bat da, baina mundu mistiko-filosofiko batean murgildua, ekialdeko muermoan erori gabe.

        Eta orain amonak aitonari bereak eta bost botatzen dizkion bitartean —dedikatoriaz ohartu zen nonbait— txina bat erretzeari ekin diot, liburuak merezi dik eta!

Kartxi

 

 

                «Karteroak beti deitzen du bi aldiz»

                James M. Cain

                «Elkar» argitaletxearen 30. zenbakia.

        Azken aldian, nabari da euskal literatura munduan, eta batez ere argitaletxe mailan «literatura beltza» deitu eta gaizki definituriko gurdira igotzeko premia larria. Literatura beltza, literatura poliziakoa, garai dokumentatuagatik, antzuak berpizteko arriskua dago. Nahaspila horren artetik zerbait da nabari, krimena, intriga, polizia, gauza ilunak eta suspensea ageri diren produkto literarioak modan daudela. Gai horri buruz, oso oker ez banago Mikel Hernandez Abaituak argitaratu zuen artikulu interesgarriren bat.

        Dena dela, Euskal Herrian horrelako zerbait landu dutenak ez dira falta (Loidi ezin ahantzia, Miranderen zera batzu, eta batez ere Gereño eta Garate, azkenaldian maniobra komertzial baten bidez Ta marbuta gisako txitxarroak ere zaku horretara sartu nahi izan digutelarik), nahiz eta, nik dakidala, fruitu mardulik ez den ondu gurean; polizia asko eta kokagune egokirik (Bilbo) falta ez bazaigu ere.

        «Literatura beltza»ren arrakasta irakurterraza eta bizia izatean datzala argi dago, eta horretan maisu iparramerikarrak agertu izan dira (Himes, Chandler, Hammet). Oraingoan, aproba eginez edo, nobela artxiezagun bat aldatu du euskarara Xabier Olarrak. Artxiezaguna behin eta berriro aipatu eta goraipatzen den nobelaren bigarren (edo hirugarren?) bertsio filmatua dela medio (Nicholson eta Jessica Lange). Horrexegatik, ziuraski, ez du merezi gehiegi nobelaren haria nondik norakoa den aipatzeak. Agian bai merezi du gertaerak ingurune ez hiritar batetan gertatzen direla azpimarratzeak, eta nobela basatia eta sexuz tindatua agertzen dela.

        Itzulpenari buruz zerbait esan behar da, Olarrak lan txukuna lortu duela, hikazko formak egoki erabiliz; eta irakurtzeko orduan enbarazurik ez sortzeko moduko itzulpena dela.

        Agian, liburu honek jenero horretako beste batzuri emango die bide. Ez legoke gaizki, baina beti ere, plangintza ezaren eta arrazoin literarioak alde batera uztearen arriskuen kontu izanik.

 

 

                «Endrike VIII»

                Willian Shakespeare

                «Antzerkia» 78. zenbakia.

        Antzerki klasikoaren munduan izen ospetsu eta prestijiodunik badago, hori Shakespearerena dela zalantzarik ez. Eta itzultzerakoan bertsio, arazo eta kalapita gehien sortu duena ere ingeles hori da. Espainolerako itzulpenetaz arduratzeko institutu berezi bat dago Valencia hirian, zeina, bertsio guztiak oinarritzat hartuz, lan txukun eta zabal bat egiten ari den. Euskaraz ere badaude dramaturgoaren lan guztiak itzulirik. Hain zuzen ere, horren berri ematen digu Antzerti-k egindako argitalpen honen itzultzaile izan den Xabier Mendigurenek, bere hitzaurrean. Larrakoetxearen lanari erruak eta aziertoak aurkitzen dizkio Mendigurenek, batez ere bizkaiera berezi samar batez dagoela idatzirik.

        Orain, ETBk BBCri erositako produkzio sorta baten eraginez, ETBko eta Antzerti-ren arduradunek telebistarako bereziki sortuak argitaratzeari oneritzi diote. Mendiguren bera bere lanaren ahultasun horretaz jakitun da, eta desenkusak aurretik botatzen ditu. Jatorrizko banda bisualak ezartzen dizkion hesien barruan aritu da itzultzerakoan, eta zinez, horrek ez dirudi Shakespeare itzultzeko egokierarik onena. Mendigurenek ongi irabazia dauka itzultzaile fin denaren titulua, eta badaki lanak txukun egiten; baina, hain zuzen ere berak botatako arrazoinegatik itzulpen hankamotza dugu hau. Hizkera aldetik gertaerak jazotzen diren garaiei egokitzeko saio estimagarria dago, hala ere.

        Obra berari buruzko aipamentxoa egin aurretik argitalpena txapuza hutsa dela esan behar da: erruz josirik agertzen da, eta pernila txorizoaren hestetan sartu digute. Erakunde publikoek edo iniziatiba pribatu literaturzaleek pentsa beharko lukete Shakespeareren lanen itzulpen oso eta egoki bat egitea, Mendigurenek ondo dionez aldian aldiko giztaldeek beren premia eta ikusmoldeen arabera berregin behar dituzte testuok.

        Endrike VIII ez batera eta ez bestera doan obra dramatikoa dugu. Shakespearek, historia kontutan hartu behar zuen, baina historiari drama itsatsi behar zionez, txertaketa kasu honetan ez zitzaion oso fin atera; bere beste zenbait lanetan bezala, agertzen diren jarrera eta izaera pertsonalak analizatzen trebea dugu, baina osotasun aldetik galdu egiten du obrak, askotan indargea eta interes gutxikoa suertatzen delarik.

 

 

                «Mirande eta kristautasuna»

                Joxe Azurmendi

                GAK-1978.

        Saiakera edo saiogintza krisian dagoela, errentagarritasun eza dela eta... (horretan antzerkia eta poesiaren ahaide), garai batean dexente eta modu onean landutako literatur moeta genuen. Horren lekuko gisa Azurmendiren hau genduke. Idazle honen beste lan batzuk izan zuten oihartzunik ez du izan saio interesgarri honek (agian argitara eman zen garaian Mirande berreskuratu gabe genuelako...).

        Oraindik ere ez dugu behar den moduan berreskuratu, hitzez eta pitzez ez bada, insignia gisa, eta lagunekin dotore gelditzeko ez bada. Horregatik (eta oraintsu irakurri dudalako) iruditu zait interesgarri Azurmendiren lan hau berreskuratzea.

        Azurmendik kristautasuna hartu zuen aitzaki gisa Mirande den hezur zurrun horri kosk egiteko orduan. Aitzaki gisa diot, zeren eta argi agertzen bait da horixe izan zela; hastapenean eta amaieran egiten dizkio egileak erreferentziak gai horri, baina tartean, gaiak ihes egiten dio eta zabalkiago aztertzen ere. Miranderen inguruan sortutako mamuak desmitifikatzeari ekiten dio, horretarako bere idazlanak kontraste gisa hartuz. Mirandegan biltzen ziren kontradikzioak azaltzen ditu, askotan eztabaidagarri diren hipotesi edo aterabideak agertuz. Baina, agian horrexegatik da interesgarri lan hau, norbere buruari galderak egitera behartzen duelako, eta zalantza piloa planteiatzen duelako.

        Hain modu kaskarrean modan jarri zaigun Miranderen lan zabal baten esperoan (Arestiren kasuan bezala Lan guztiak argitaratzearen zai gaude), Azurmendiren hau, nik ezagutzen ditudanen artean, egin den lan zuzenena iruditzen zait, desmitifikatzaile eta kilikagarri.

        Mirande, bere produkzio ez oso oparoa eta guzti, harrobi aberatsa dugu, biografia baten zai dagoena (ez biografia nobelatua mesedez!) eta esan bezala bere lan guztien argitalpen ez-dispertso baten zai dagoena beste hizkuntzetan idatzitakoak barne).

        Ez zaizu izango oso erraza liburu hau topatzea, eta agian horrexegatik ez legoke gaizki berrargitalpen bat egitea. Hori bai, bibliografia bat erantsiz eta liburuan zehar erabili diren iturrien argibideak emanez, hori bait da Azurmendiren lanak duen errurik nagusiena: gaiaren antolaketa.

 

 

                «Lau Teatro Arestiar»

                Gabriel Aresti

                «Lur» argitaletxeko «Kriselu» saileko 26.a (1973).

        1985 urtean zehar Gabriel Arestiri hainbat omenaldi eskeini zaio; bere inguruan, bere idazlanak aitzaki, bere pentsamoldea aztergai, bere baloreak laudoriotuz eta bere erruak kritikatuz, mahai-inguru eta hitzaldi andana antolatu da. Baina Aresti idazleari parentesi haundi bat egin zaio, Aresti dramaturgoari ez zaio izan zuen garrantzia nagusirik eman. Eritzi publikora iritsi diren balorazio eta berrietan behintzat ez da horrelakorik azpimarratu. Eta azpimarratzekoa da, Aresti Euskal Herriak izan duen dramaturgo bat izan dela. Dramaturgo bat. Eta hori ez da gutxi Euskal Herrian.

        Hutsune hori nolabait gainditzeko ez da ariketa txarra 73an argitara, baina 60etako hamarkada hasieran idatzi (edo behintzat Egan aldizkarian agertu) ziren Lau Teatro arestiar horiek irakurtzea. Saizarbitoriak eginiko hitzaurrean zioen legez Aresti, bere obra kuantitatiboki behatuz, poeta baino areago teatrogile da-eta.

        Bi teatro popular eta Bi teatro kristau izenburupean bildu zituen Arestik antzerki obra horiek, gaiari kasu eginez egindako klasifikazio batetan. Ez da hau antzerki-lan horiek xeheki aztertzeko lekua, baina orokorrean esan daiteke, egile baten tamaina ematen dutela, identifikatzeko moldeak badituztela laurek. Ironia eta umorea, oso popularra edo herrikoia, askotan nabarmenki agertzen da elkarrizketan oinarritzen diren obra hauetan.

        Ez dira mugimendu askoko obrak, guztiz alderantziz baizik; hitzak, elkarrizketak du pisurik haundiena dramaren haria ehuntzerakoan. Obra horietan kritika bat dago, baina egileak ez du partidu argirik hartzen, edo agian bai, baina modu oso apokaliptikoan, batera eta bestera banatuz zaplastadak.

        Ageri da, Arestik garaiko antzerki baliabideak zituela gogoan eta konplikazio eszeniko haundiko obrak idatzi zituela, baina bestalde, garaiko ikuslearentzat minak zitezkeen gaiak tratatzen zituela enbarazu haundirik gabe. Europar anterki joerak ere nabari daitezke, baina esan bezala luze joko liguke horrek (dena dela, luze joko digun arren azterketa sakonago hori agintzen dut).

        Azkenik, galdera bat bururatzen zait: nolatan ez ditu inork azken une hauetan eszenaratu Arestiren obrak? Agian erreparo gutxiago dugulako atzerriko antzerkigileak eszenaratzen, nahiz eta beren ideologiarekin ados ez egon, gureak baino, beren ideologiarekin ados ez gaudelako...



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.