Motxilako biblioteka
Mikel Antza
«Miranderen lan kritikoak»
Jose Maria Larreak paratutako edizioa.
PAMIELA argitaletxea, 1985.
«Pamiela» argitaletxearen Saio sailean agertu da liburu guztiz beharrezko hau. Mirandezale gero eta gehiago direnentzat zerbitzu paregabea, hortik zehar banandurik, sakabanaturik eta eskuragaitz zeuden zenbait idazki biltzen bait ditu. «Gernika», «Elgar», «Irrintzi», «Egan», «Enbata» eta «Igela» aldizkariak izan ziren Miranderen lumak maizenik bisitatu zituenak. Beti kritiko, askotan zorrotz, umoretsu eta ironiatsu zenbait pasartetan, bere idazlan horiek oihartzunik gabeko deihadarrak izan ziren. Eta lan horietan zehar ere mingoztasun progresibo bat nabari da. Itxuraz jarrera defendaezinak defendatzen zituen Mirandek, baina ez zuen putxing egokirik topatu bere kolpeei erantzuteko, ez behintzat garaiko euskal munduan. Kronologiari jarraikiz, gutxi gora behera, apailatu dizkigu Larreak lan horiek; eta begiradatxo bat emanez argi ikusten da 50 urtetako hasieran eta 60 urtetako hasieran argitara eman zirela lanik gehienak, tartean eta ondoren isilune luzeak zabaltzen direlarik. Zail da jakitea zenbateraino diren horiek Miranderen kritika lan guztiak, eta ez ote diren hortik zehar gehiago izanen berak menderatzen zituen beste hizkuntzaren batetan idatzi eta argitara emanikoak. Dena dela, Larrearen bilduman euskaraz, espainolez eta frantsesez idatzitakoak agertzen dira, eta Jon Miranderen pentsamoldearen berri egoki asko ematen dute. Iturri urrunak hurbiltzea du bilduma honek baliorik handiena. Baina, edizioari kasu eginez, badu akatsik ere. Lehen artikulua, edo hobe esan gutuna, erreprodukzio gisa argitara eman da, eta tamalez guztiz irakurtezin gertatzen da; horren traskrizioa egitea ez dirudi lan latza zitekeenik... Bestalde, itxuraz txukun badago ere, erruz josia agertzen da liburua, orrialde bakoitzeko baga. Eta horrekin batera, zenbait data eta ohar gehitzea ere ez legoke txarto. Hauek, halabaina, erru ttipiak dira lanaren balioarekin alderatuz gero.
«Ordu alferren segida»
Jon Casenave
«Elkar» 29. zenbakia; 1985
Poesia atalpean ezarria izan arren, Casenaveren lan berri hau ez da poesia soilik, edo poesia izanik ere, beste zerbait ere bada. Aurretik ere ezagunak dira Casenaveren lanak, «Ustela» sailean argitara emandako «Zutaz amoroski» esaterako (nahiz eta «Elkar»ek egindako argitaldiari honen solapan «Iadanik argitaratutako liburuak» ezarri ondoren hutsune beldurgarria agertu. Casenavek erregearen kortean eta erresumako bide eta ibaietan gaindi ibilitako olerkari baten autobiografiazko apunteak eskeintzen dizkigu, olerkari zaharraren gogoeta patxadatsu eta harat-hunatkoaren bidez. Casenave olerkariak alter-ego bat sortu du, olerkari zaharra, bizitzaren azkenean mendi bazter batetara igo eta heriotzaren zai dagokion bitartean iragandakoaz oroitzen solastatzen dena. Bizitzan zehar botatako bertsoak non, noiz eta nota jaulki zitzaizkion oroituz. Bere memoria ahulari lapurtuz. Hala izanik, maiz, olerkiak edo bertsoak baino bere bizitzaren garai desberdinetako zertzeladak oroitzen zaizkio, bidenabar, autokritika gaitzetsi gabe ene orduko bertsoak lantuak ziren, dotoreak eta... ospetsuak nolabait erraiteko. Hiru partetan banantzen da oroitzapena: erregearen gortean iragandakoa; handik ihes bidetan erromes gisa ibilitakoa; eta azkenik azken egoitza hautatutako mendian igarotakoa. Bizi-filosofia esperientziak antolatutako bat erakusten digu olerkariak. Inguruneari so egiteko modu bat. Olerkien bidez ingurune hori atxemateko moldea. Iragandako denbora baten kronika eskeintzen digu Casenavek, baina agian gaur egunekoari buruz zerbait esan nahiez. Kea eta burrunbatik urruti dabil Casnave liburu honetan, zelai baten erdian jezarrita paisaiari so eginez, eta gogoeta eginez... Erabilitako hizkeraren bidez arras ongi pasarazten duen garai erdi-mitikoa.
«Berengela izeneko Otarantza baten ibilketak eta biribilketak» eta
«Maiatza zorabiatuaren pastorala»
Manuel María
«Antzerti» 72.a; 1985
Galizako idazle garrantzitsuenetako baten bi antzerkitxo itzuli dizkigu Koldo Izagirrek, oso oker ez banago idazle horri euskaratu zaizkion lehen lanak direlarik. Xose Estevezek argitalpenari egiten dion sarreran ikus daiteke Maria-ren obraren garrantzia, eta bai eta ere Euskal Herriarekin dituen loturen berri izan. Itzulpenari eta argitaratzeari buruz hitz bi; lehenik Izagirreren lana txalotzekoa izan dela. Alde guztitatik nabari da Izagirrek duen euskararen ezagutza, eta nabarmenagotzen da argitaratze elebidun horretan, argitan geratzen bait da bertsozko eta prosazko zatien aldatzean egin den esfortzua. Xinpleak eta ederrak bi antzerki lanek, herri tradizio eta alegiekin lotura handiak dituztenak. Lehenak, «Berengela izeneko...», Otarantzaren ibilketak erakusten dizkigu, bere izateagatik sofritzen dituen agintaritzazko egiturei kritika gardena egiten diona. Bigarrenean herri ohitura bat hartzen da oinarritzat, eta gaur egunera erakartzeko saio biziki interesgarria egiten du Manuel Maríak.
«Izuaren aurpegia»
Dario Fo
«Antzerti» 71.a; 1984
Dario Fo antzerkigile eta antzezlea mundu osoan ezaguna da. Duela ez askodanik hona Euskal Herrian ere bere antzezlanen muntaiak ikusteko aukera izan dugu, bai gazteleraz («Muerte accidental de un anarquista») eta bai euskaraz («Pistolaren begi zuri-beltzak»). Antzerki lan hau ere, gazteleraz eta Madrileko talde batek antzeztua ikusteko aukerarik izan da Euskal Herrian. Eta aurten Dario Fo bera izan zen Bilbon bere «Misterio Buffo» antzezten. Beraz, gutxiasko, antzerkizaleek ezagutzen dute Fo eta bere lana. Gai politikoak eta sozialak tratatu ohi ditu bere antzezlanetan, eta horien gainean erreflexio egiten du (Bilbon antzeztu zen «Pareja abierta (casi de par en par)» bere azken lanean bezala, bikoteari buruz diharduelarik). Erreflexio horretan umoreak jokatzen duen papera oinarrizkoa da. Fo-k gai serioak barrearen bidez tratatzen bait ditu, baina desdramatizazio horren helburua arestian aipatutako erreflexioa da. «Clacson, trombette e pernacchi» («Izuaren aurpegia» Xabier Mendigurenek euskaratua) honetan Aldo Mororen bahiketa eta ondorengo heriotza ez daude oso urrun. Fo-k hain maite dituen bikoizketa horien bitartez nahasketa sortzen du bahitua izan behar zuen industriagizon eta bere langile baten artean, obra guztian zehar mantentzen duelarik nahaspila hori, bide batez, estatuaren eta bere indarren jokatzeko moldea bistan utziz. Gaia, dena dela, irristakorra, eta Carla Matteinik egindako hitzaurrean ematen da Italian obra honek sortu zuen iskanbilaren berri, espektro politikoaren aldetik jasandako kritika parlamentuan eginiko debate batetara iritsi bait zen. Pena da Matteinik hitz aurrean aipatzen duen Fo-k lan honetarako eginiko hitzaurrea argitalpen honetan ez agertzea; bertan adierazten bait zituen Fo-k bere gogoeta eta zalantzak terrorismoaren gaia tratatzerakoan.
«Locos de amor»
Sam Shepard
«Editorial Anagrama», «Contraseñas» saileko 72.a; 1985
Azken aldi honetan modan dagoen idazle arrakastatsurik badago hura Sam Shepard da. Iparramerikarra, gaztea, antzerki idazle, antzezle. Batzurentzat Tennesse Williams-en ondoren EEBBtan agertu den dramaturgorik garrantzitsuena. Wim Wendersen azken «Paris-Texas» horregatik ezagutzen du jende askok. Baina, bestalde, antzerki obra hau jadanik estatu espainolean muntatu dute, eta Frantziako errepublikan ere bere poematan oinarritutako muntaiarik burutu dute. Laster estreinatuko da antzerki lan honetan bertan oinarritua dagoen «Fool for Love» filmea, Roben Altmanek zuzendua eta Shepard berak antzezten duelarik pensonaia nagusiaren jokoa. Idazle honen lanetan ez dago heroerik, pertsonaiak galtzaileak dira, baina bai eta ere galduak, ezintasun lazgarri batez inguratuak. Motelak, distantzia luzeak, basamortuak, sartalde urruneko epopeien ondorengoak dira Sheparden pertsonaiak, eta batez ere zentzu poetiko sakonez inguratuak. Bere antzezlanen egitura ez da klasikoena, zurruna, estua; aitzitik absurdoa landu zuten antzerkigileekin zerikusi gehiago izan dezake. Maitasuna da antzerki lan honen azaleko gaia, eta bertan pertsonaiak zuzenki mintzatzen dira, gordinki. Joan etorrian dabiltzan pertsonen istorioak dira, lekua, kokalekua galdu dutena. Badirudiguke, historiari agintzen duela haiengan, eta horren aurrean ezdeus direla, zehazki antzerki honetan agertzen diren May eta Eddie. Esanguratsua liburuaren aitzinean ezarritako aipamena: maitasunari eman dakiokeen erantzun egokia onartzea da. Ez dago zer eginik.
«Atseden laburra»
Gudmundur Steinsson
«Antzerti» 83. alea; 1985
Jon Kortazarrek ematen digu idazle islandiar honen berri. Nobelagile eta antzerkigile dugu Steinsson, Kortazarrek dioskunez bere herrian eta ingeles hizkuntzako herrietan ospetsu egin dena. Antzerki lan hau irakurriz argi geratzen da Steinssonek dehumamizazio prozesuen salaketan bide teatrala saiatu duela Kortazarrek esan bezala. Eta komunikabidez inguraturik bizi den sendi baten barnean gertatzen den inkomunikazioa. Gaia oso gaurkoa du «Atseden laburra»k, eta ekitaldiak etendura batek bestearen atzetik osatzen dituzte, telefono deia, telebista. Egitura zaila du antzerki-lan honek, baina ongi erakusten du gizarte aurreratuetan bizi den problema larri hori, komunikazio zailtasunarena. Kortazarrek sarreran aipatzen du belaunaldi desberdinen hitzegiteko moldeak bereizten saiatu dela, eta hein batean lortuko zuen, baina itzulpenari buruz zer esanik frango badago. Hasteko, eta lehenik, hiru belaunaldiei naturaltasuna falta zaie hitzegiterakoan. Agian jatorrizkoan ere inpresio hori eman nahi da, baina ez nago oso ziur hori izan denik Steinssonen asmoa. Gauza kuriosoak agertzen dira. Adibidez, batean poltsa agertzen da eta bi lerro aurrerago boltsea. Ortografia hutsak ere larregitxo dirudite: orixe, biotza. Eta gramatikazkoak: Beste guztien zain egon behar ditugu, Pentsatzen dut ez zinela jaten hasi ezta? etabar. Eta azkenik akats tipografikoak edo, testu guztian gailen ageri dira. Guzti horrek itzulpena kaskarregia egiten du.
«Kontuak»
Pablo Sastre
«Elkar» «Txinparta saila 5.ena» 85
Azken urte hauetako idazle jorienetakoa dugu Sastre, bere produkzioak dagoeneko hiru nobela eta iruzkin gaitzat dugun ipuin liburu hau hartzen duelarik. Garapena ere eskatzen du horrelako produkzio batek eta «Mugarria» eta «Hotel Majikoa» irakurri dituenak erraz nabari dezake hori. Oraingoan mundu arras diferente batetan barneratu zaigu Pablo, ipuinenean, eta emaitza ere askotarikoa da. Hamar kontu eta «Hamaikagarrenez» izeneko azken apunte bat eskeini dizkigu, norberaren gustoen arabera desberdin apaitu daitezkeenak. Liburuaren aitzin-solas gisa Mikel Etxebarnek egiten dio lehenengo kritika Sastreri, idazlearen zenbait iturri eta inspirazio gune agerian utziz. Ene gustorako hasierako eta amaierako ipuinak dira eskasenak. Zabalegiak edo indargeak. «Igandea», «Muskilda» eta «Pierres eta Jean Jaques» ipuinei buruz ari naiz. Baina badira lau ipuin, beren desberdintasunean lorpen betea eskeintzen dutenak. «Makalo kimua», «Etxea», «Maite minez» eta «Ivan Gosevitx» izenekoak dira horiek. «Muñekoa» eta «Ama» izenekoak ez naute desgustoan utzi, baina ez naute zoratu ere. «Kontuak» izeneko liburu honetan Pablok, bere nobelek ezkutuan uzten duten errekurtso ugaritasuna agertzen du, umorea, ironia eta krudeltasun harrigarri bat agertzen da, ipuin desberdinetan. Froga zelai bat izan da liburu hau ene ustez Sastrerentzat, eta zenbaitetan helburua erdietsi du eta bestetan huts egin du; baina, oroz gain, idazle baten manerak erakusten ditu, bilatu nahia, hizkuntzaren menperatze trebatua eta bilatuz aurkitzearen ekite eskergarria. Amaitzeko liburu amaierakoan ezarritako «Hamaikagarrenez» horri buruz, zera esan nahi nutre, nik izugarri maite dudala. Egunkari moduan idatzitako zera horretan agertzen den samurtasuna .... Etxebarnek ongi dioen bezala liburua espanturik gabe uzteko modukoa.
|