Bizpahiru ohar Cardenal-i buruz
Ernesto Cardenal
euskaratzailea: Mikel Antza
Ernesto Cardenal nicaraguarraren epigrama hauek Tusquet argitaletxearen Marginales saileko 52. zenbakian agertu zen «Epigramas» liburutik itzuliak izan dira. Bertan aditzera ematen zaigunez, Cardenalek, liburu horretan agertzen diren epigramak, 1950 eta 1956 urte bitartean idatzi zituen, monastegi trapense batetan sartu aitzin.
1925ean jaioa dugu Cardenal: poeta, Anastasio Somoza diktadudaren aurka borrokan aritua, 57an erlijioaren bidea hautatu zuen monastegi batetara erretiratuz. Apaiztu eta, berak fundaturiko kolonia batetan bizi izan zen, Solentiname izeneko lekuan. FSLNri laguntza emateagatik atzerrira jo behar izan zuen ostera. Orain, apaizgoari uko egin gabe, Sandinisten gobernuko partaide da.
Argitara eman dituen liburuen artean «Oración por Marilyn Monroe y otros poemas», «En Cuba», «Vida en el amor», «Hora 0» eta «Homenaje a los indios americanos» aipa daitezke.
Epigramak
Bestetzuk diru ugari irabazi ahalko dute
baina nik diru hori sakrifikatu dut
kantu hauek hiri idazteko
edo hire ordez kantatuko diodan beste bati
edo inori ez.
Nik hi galtzerakoan hik eta biok galdu dinagu:
Nik hi hintzelako gehien maite nuena
eta hik ni nintzelako gehien maite hinduena.
Baina biotatik hik galtzen dun nik baino gehiago:
nik beste batzu maite ditzakedalako hi maite hindudan bezainbeste
baina hi ez hau inork maitatuko nik maite hindudan bezainbeste.
Noizpait bertso hauek irakurxi eta hunkiturik
poetarekin amets egiten duzuen neskatxok:
jakin ezazue zuetako batentzat egin nituela
eta alferrik izan zela.
Hauxe izango da nire mendekua:
Egunen batean poeta ospetsuaren liburua eskutan hartzea
eta egileak hiretzat idatzi zizkinan lerrook irakurtzea
eta hik ezer ez jakitea.
Beste batekin maitemindurik hengoela esan zidaten
eta orduan nire txabolara joan nintzen
eta artikulu hori idatzi nuen
preso nadukan Gobernuaren aurka.
Tiroak entzun dira bart.
Hilerri aldetik entzun dira.
Inork ez daki nor hil duten, nortzu hil dituzten.
Inork ez daki ezer.
Tiroak entzun dira bart.
Hori da dena.
Bada leku bat Tiscapa zingira inguruan
banku bat quelite ondo baten pean
hik ezagutzen dun (bertso hauek idazten
dizkiodan horrek, jakinen du beretzat direla).
Eta oroitzen ditun hik banku hura eta quelite hura;
Tiscapa zingiran isladaturiko ilargia,
diktadorearen jauretxeko argiak,
zingiran behean igelak kantuan.
Oraindino argi berberen distira;
Tiscapako zingiran ilargia isladatzen da, edo gu ez garen beste bikote bat egonen da.
(Corn-Island)
South West Bay-ko ura zerua baino urdinagoa da
baina hire begiak South West Bay baino urdinagoak ditun
eta Brig Bay-ko kobazuloan piraten altxorra dago,
baina hire adatsak Brig Bay-ko altxorrak bainoago balio din.
Apirileko matxinadan
haiekin hil banindute
ez hindudan ezagutuko:
eta orain izango balitz apirileko matxinada
haiekin hilko nindukete.
Ametsetan egin hidan bisita
baina aldegiterakoan utzi huen hutsunea
egiazkoa zen.
Nigandik hurbilen dagoen pertsona
hi haiz, eta hala ere
duela hainbeste denbora ikusten ez dudana
ametsetan baino.
|