L I T E R A T U R   A L D I Z K A R I E N
G O R D A I L U A

 

 
 

                   - Orrialde nagusira itzuli
                   - Susa aldizkaria
                   - Ale honen aurkibidea

                   - Ale honi buruzkoak (azalaren irudia eta fitxa)

<susa1700>— Susa-19 / Future-NoFuture (1986-azaroa) —Hurrengo artikulua




 

 

Ez dago itzultzerik

 

        Ez eta ere gelditzerik Etorkizunaz nahiz Etorkizun-ezaz eztabaidatzen oraina alferrik galtzen. Ordua zen SUSA 19. hau plazara ateratzeko.

        Arrazoiaz, liluraz, adostasunaz... gure erraiak hustu eta gizabanakoaren pake akomodatura eraman nahi gaituztenen aurrean; arrazoi-gabeziaz, desliluraz, erraz... gizartearen eta gizabanakoaren porrota baino oihukatzen ez digutenen aurrean: gorrotoa, maitasuna, grina eta ekina aldarrikatzen ditugu, gizabanakoaren nahiz gizartearen zorion eta aurrerabiderako.

        Itaca-ra iristea baino itsasoan galdurik ibiltzeaz aberri egin duten Kavafis guztien aurrean; denbora futuroa eta pasatua, biak agian presentean konteniturik daudela zioen T.S. Eliot guztien aurrean; gizona eta giza-tzarraren artean funanbula baten gisan gabiltzala dioten Nieztsche guztien aurrean, speed pittin bat eskaini nahi dizugu azken urteotan bizi dugun muermoa astintzeko eta apalanke honekin behin betirako bukatzeko.

        Jakinduria nahiz zoriona patrimonio edo altxor bezala ulertzen dutenen aurrean; kulturaz bizibide edo ihesbide egin dutenen aurrean; irudimenaren eta borondatearen indarrak barreiatu nahi ditugu, bestela literatura, ez baldin bada etorkizun proiektu baten iragarle eta gaurkotasunaren igarle, unibertsitari eta aditu batzuren kontsolagune baino ez bait da bilakatzen.

        Kritika eta arrazoiketa gizartearekiko aldentze modura darabiltenen aurrean; idazketa plazer bakarti edota katarsi pertsonal bezala bakarrik ulertzen dutenen aurrean; konpromezua deklarazioetan besterik praktikatzen ez dutenen aurrean; garenon artean, eta guretzako, ez Premio Nobel batetarako edota Literatura Unibertsalerako, guretzako, sormenaren garrantzia erreibindikatzen dugu euskaldunon literaturaren aterabide sozial bakar bezala.

        Ez gara idazten, irakurtzen, ikasten, argitaratzen ari, egunen batean «Geroak erran beza: herri bat izan zen». Ez da nahikoa euskaldunei eta euskaldunberriei «kultur produkto atseginak» eskaintzeko helburuaz aritzea. Euskal literaturari, nahiz gainontzeko kultur produzioari eransten ari zaion komertzialkeriaren erizpidearen, eta jarrera nihilista eta indibidualisten aurrean, ezinbestekotzat jotzen dugu beharrezko azpiegitura sortzea, kultur erizpide aurrerazaleak erabiltzea eta jarrera gizartekoiago bat itsastea gure artean eta gure inguruan.

        Helburua lortu arte ihesaren tentazioa uxatzeko itsasontziak erre zituen Hernan Cortés baten moduan gabiltza; Itacarako bidaian Ulises adina biziko dugunaren esperantzan eta Lope de Agirreren moduan akabatuko ez garelakoan.

 



Literatur Aldizkarien Gordailua Susa argitaletxearen egitasmoa da.