Eguzkia elurgainean begiratzeko gafa beltzak
Allepuntako Joxe
Telebisiotik esan dutela eta, sinistu egingo duk hik gizona ilargira ailegatua dela! altxa zuen boza Joxe Zaharrak, bestaldera daraman muinoan biloba zaindurik, begirada oraindik bizi batez.
«Lurgain» baserriko atarian azken tragoskada eman zion Joxek sagardoari. Egutera, goiko leihoaren pareraino, itzal bat baino ez zen zegoeneko. Eguzki printz epelduek teila gorriak eta pareta zuriaren zati nimiño bat besterik ez zuten argitzen. Nahikoa mendi apalez inguratutako etxea berde gero eta ilunagoaz nabarmentzeko.
Muino gainean biloba ilargi beteari begira. Arrastiriaren betetasun zirarragarria dastatuz aidea biriketan sartzerakoan.
Armstrong astronautak zapaldu zuen lehen aldiz ilargia saiatu da andereñoa mutikoen buruetan sartzen, azken lerroko mahaian Josetxori atentzioa deitu diolarik leihotik begiratzeagatik.
«Nacionala» deitu eskolan lantegiko sirena hotsa entzun da. Bazkalordua. Kearen arrastoari jarraiki, aidean gora, «Lurgain» bestaldean uzten duen muinoa dakusa Josetxok.
Gora begira Josetxo, mutikoari dagokion legez. Ez ordea ilargia handiegi bait da horretarako muinoa baizik.
Joxe Zaharra apenas jar daiteke zutik ilunabarrean. Begiak lurrean dituela, makuluaren laguntzaz besterik ezin da iada zutitu.
Joxe Gaztearen biriketako kea zigarroarena «Lurgain» inguratu duen ol-kea bera da azken finean.
«Gaurkoeta» herrian bertatik bertara begiratzea baino ez dago. «Zorokale»ko zazpigarren C etxebizitzako leihotik, aurreko etxearen horma grisa besterik ezin ikusi Joxek.
Behin ilargia eta beste behin «Lurgain» begiratu zituen Joxe bera, piskanaka ordaintzen ari den telebista begira dago orain. Zuzen, begien parean bait dauzka orain ilargia eta «Lurgain» bere leihatila elektronikoan.
Joxe-txiki atean dago. Atzera begiratu eta bere aita, Joxe dakusa telebisioari begira. Ez du ezer jakin nahi. Badoa. Ez du ulertzen telebisioaren beharra izatea norbaitekin egon ahal izateko. Ez da bera izango pelikula bat egingo duena aitak telebisiotik ikusi ahal dezan.
Ez daki gizona nola iritsi den puntu horretara, baina ez du horrela bukatu nahi.
Ilargia «Lurgain»en, «Gaurkoeta»n antenak.
Joxe-txikik atea itxi eta prakak kendu ditu komunean. Kaka, txisa, bomituak... narda guztia botako luke. Bota nahi du.
Bota du.
Lagun baten bila doa Joxe-txiki kalean barrena. Hala uste izan du berarekin topo egin eta mozkorrak hizketan hasterakoa. Ispilu batean bezala aurkitu dira, eta gezurra badirudi ere, nahi izan dutenaz egin dute farre; komuneko bonba tirata gero hartzen den lasaitasun horrekin, barrua leher eginda dagoela konturatze arren.
Eta beste zerbeza bat edan dute, tripako mina sendatzeko behar dutenaz farre eginez.
«Baina ez da erraza lagun bat bilatzea Joxe-Txiki, dio mozkorrak Nork esan dik hiri gizonak ilargian bilatu zuena hik hemen aurkituko duanik? Nork esan dik hiri gizona ez zela hara joan higandik aldegiteko? Zergatik ilargia begiratu huen eta joan hintzen «Lurgainetik»? Zergatik «Lurgain» begiratu eta utzi huen aita telebisioaren aurrean «Gaurkoeta»n?».
Elur gainean Eguzkira begiratzeak erre egiten du, egiak adina kasik.
|